49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

34/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 9koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 1eko 134/2022 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, dirulaguntza deialdia onesten da laguntza-produktu teknologikoak eskuratu eta instalatzeko. Produktu horiek zuzenduta daude mendekotasuna duten pertsonen, desgaitasunen bat dutenen eta adinekoen zaintzan, beren etxeetan geratuz gero, laguntzen duten eta zerbitzu horretan diharduten etxeko inguruneko lagunei. Dirulaguntzok honako honi lotuta daude: "Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia". Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, "Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea" delakoaren barruan.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 1eko 134/2022 Foru Aginduaren bidez dirulaguntza deialdia onetsi zen laguntza-produktu teknologikoak eskuratu eta instalatzeko. Produktu horiek zuzenduta daude mendekotasuna duten pertsonen, desgaitasunen bat dutenen eta adinekoen zaintzan, beren etxeetan geratuz gero, laguntzen duten eta zerbitzu horretan diharduten etxeko inguruneko lagunei. Dirulaguntzok honako honi lotuta daude: "Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia". Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, "Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea" delakoaren barruan.

Deialdia kudeatzean, aurkeztutako eskabideak ikusita, deialdiaren hainbat oinarri aldatu behar direla sumatu da, mendekotasuna duten pertsonak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta adinekoak zaintzeko laguntza-produktuak behar bezala diruz laguntzeko.

Diruz lagundu beharreko produktuen katalogoaren barruan, 5. oinarrian (Laguntza-produktu diruz lagungarrien), Mugikortasunerako laguntza-produktuak izeneko 5.5 apartatuan, Hiru edo lau gurpileko motor elektrikoa (Scooter) izeneko C apartatua dago. Aurkeztutako eskabideak ikusita, eta indarrean dagoen araudia kontuan hartuta, unitate kudeatzaileak ondorioztatu du ez dela derrigorrezkoa mugikortasun urriko pertsonentzat, hiru edo lau gurpileko motor elektrikoa erabili nahi badute, A motako gidabaimena izatea.

Horrenbestez, ezabatu egiten da betebehar hori, alegia, desgaitasuna izan eta laguntza-produktu hori eskuratzeko laguntza eskatzen duen pertsonak ez du izanen A motako gidabaimenaren kopia (bi aldeetatik) aurkezteko betebeharra. Eskakizun hori 9. oinarriaren 9.2 apartatuan ezartzen da, aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzkoan.

Audifonoak (moldeak barne) erosteko laguntza emateko irizpideei dagokienez, 5.7 puntuko B.3 apartatuan adierazten den bezala, audifonoak erosteko laguntza jaso ahal izateko, entzumen-desgaitasuna dela-eta jarduerak mugatua egun behar du %25ean edo hortik gora.

Organo kudeatzaileak egiaztatu du hainbat eskabide ezetsi direla eskatzaileek ez dutelako betetzen %25eko edo gehiagoko entzumen-desgaitasuna. Gainera, laguntza-produktu hori oso erabilgarria da, eta garrantzitsua da pertsonaren entzumena hobetzeko eta horrenbestez gizartean bakartzea saihesteko. Beraz, audifonoak eta moldeak erosteko laguntzak eskuratzeko deialdian eskatzen den entzumen-desgaitasunaren maila aldatzea erabaki da.

Eta, azkenik, 24. oinarriak, Diruz lagundutako produktuen lagapena izenekoak, laguntza-produktuak Nafarroako Gobernuari lagatzeko aukera ematen du, jada behar ez direnean. Horrela, berrikusi eta higienizatu ondoren, horiek erabiltzeko beharra duten pertsonei lagako zaizkie.

Kontuan hartuta laguntza-produktu jakin batzuk maileguan uzteko zerbitzu publiko bat sortzea dela Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Agentzia lantzen ari den etorkizuneko proiektuetako bat, oinarri hori aldatzea proposatzen da, dirulaguntzaren %100arekin diruz lagundutako laguntza-produktuak, behin etxean erabili behar ez direnean, Nafarroako Gobernuari lagatzeko eta ondoren berrerabiltzeko, betiere higienizatu badaitezke.

Ikusita Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalaren txostena, laguntza-produktu teknologikoak eskuratu eta instalatzeko dirulaguntza deialdiaren oinarriak aldatzeari buruzkoa (produktu horiek zuzenduta daude mendekotasuna duten pertsonen, desgaitasunen bat dutenen eta adinekoen zaintzan, beren etxeetan geratuz gero, laguntzen duten eta zerbitzu horretan diharduten etxeko inguruneko lagunei), eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantzien arabera, honako hau,

AGINTZEN DUT:

1.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 1eko 134/2022 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, dirulaguntza deialdia onesten da laguntza-produktu teknologikoak eskuratu eta instalatzeko. Produktu horiek zuzenduta daude mendekotasuna duten pertsonen, desgaitasunen bat dutenen eta adinekoen zaintzan, beren etxeetan geratuz gero, laguntzen duten eta zerbitzu horretan diharduten etxeko inguruneko lagunei. Dirulaguntzok honako honi lotuta daude: "Iraupen luzeko laguntzen eta zaintzen plana: desinstituzionalizazioa, ekipamenduak eta teknologia". Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 22. osagaiaren barruan dago, hots, "Zaintzen ekonomiarako talka-plana eta berdintasun- eta inklusio-politiken indartzea" delakoaren barruan. Honela aldatuko da:

A) Laguntza-produktu diruz lagungarrien tipologia izeneko 5. oinarrian, Mugikortasunerako laguntza-produktuak 5.5 apartatua honela idatzita geratuko da:

"A. Mekanismo baskulatzailea duen eskuzko gurpil-aulkia.

B. Mekanismo baskulatzailea duen gurpil-aulki elektrikoa.

C. Mugikortasun urriko pertsonentzako hiru edo lau gurpileko motor elektrikoa (Scooter).

D. Eskuzko gurpil-aulkien propultsio elektrikorako sistema: hand bike-a, propultsio elektrikoko uztaiak...

E. Eskuzko gurpil-aulkirako monitorizazio-sistema, laguntzaileari lana errazteko."

B) Ezabatu eginen da 9.2 oinarriko i) letra (Eskatzaileek aurkeztu behar duten dokumentazioa). Honela zioen: "Hiru edo lau gurpileko motor elektrikoa eskuratuz gero, desgaitasuna duen pertsonaren A motako gidabaimenaren kopia bat (bi aldeetatik) aurkeztu beharko da".

C) 5.7 oinarriaren B.3 apartatuan (Audifonoak erostea, moldea barne), laguntza emateko baldintza honela idatzita geratuko da:

"Audifonoak erosteko laguntza jaso ahal izateko, entzumen-desgaitasuna dela-eta jarduerak mugatua egon behar du %20an edo hortik gora.

Eskatutako gutxieneko entzumen-urritasuna egiaztatua ez dagoen kasuetan, eskatzaileak audiometria bat aurkeztu beharko du (edozein zentro audiologikotan egindako audiometriak onartuko dira), egiaztatzen duena %20ko entzumen urritasuna, gutxienez, baduela. Laguntza Produktuen Zentroak aldeko txosten teknikoa eman beharko du, audiometriaren emaitza berresteko."

D) Honela idatzita geratuko da 24. oinarria (Diruz lagundutako produktuen lagapena):

"1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzetan jasotako laguntza-produktuak bi modutan sailka daitezke: alde batetik, produktu berreskuragarriak, berrikusi eta higienizatu ondoren beste pertsona batzuek berrerabil ditzaketenak, eta bestetik, berreskuratu ezin diren produktuak, hau da, berrerabili ezin daitezkeenak, hala nola obrak behar izan dituztenak edo gailu finkoak eta pertsona bakoitzarentzat banakako egokitzapena behar duten audifonoak.

2. Berreskura daitezkeen laguntza-produktu guztiak, eta horiek dirulaguntzaren %100arekin diruz lagundu badira, behin etxean erabili behar ez direnean, Nafarroako Gobernuari laga beharko zaizkio; hala, berrikusi eta higienizatu ondoren, haien erabilera lagako zaie beharrezko dituzten pertsonei. Lagapen-konpromiso hori laguntza emateko ebazpenean agertuko da.

3. Osorik diruz lagundu ez diren gainerako produktu berreskuragarrien kasuan, etxean behar ez direnean, Nafarroako Gobernuari laga ahalko zaizkio; hala, berrikusi eta higienizatu ondoren, haien erabilera lagako zaie beharrezko dituzten pertsonei.

4. Produktu horiek kudeatzeaz Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntza Produktuen Zentroa arduratuko da. Hain zuzen, mailegu-zerbitzu baten bidez, arautuko du produktuok lagatzea autonomia pertsonalean arazoak dituzten pertsonei eta desgaitasunaren edo mendekotasunaren balorazioan laguntza-produktu horiek erabiltzea agindua dutenei."

2.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera izanen ditu ondorioak, eta ofizioz berrikusiko dira 5.5 eta 5.7 oinarrietako aldaketen ondorioz aldeko eragina jasan dezaketen espedienteak, lehenengo puntuan aipatzen direnak.

3.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

4.–Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Administrazio Aferetarako Bulegora eta Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 7an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2302230