49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

13/2023 FORU DEKRETUA, otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ekoizpen ekologikoa eta nekazaritzako produktuetan eta elikagaietan ekoizpen hori adieraztea arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kontseiluaren 834/2007 Erregelamendua (EK) indargabetzen duen ekoizpen ekologikoari eta produktu ekologikoen etiketei buruzko Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamenduak (EB) ekoizpen ekologikoaren oinarriak finkatzen ditu eta ekoizpen horri, zertifikazioari eta ekoizpen ekologikoaren etiketetan eta publizitatean adierazpenak erabiltzeari aplikatu beharreko arauak ezartzen ditu, baita 2017/625 Erregelamenduan (EB) ezarritako kontrol gehigarriei buruzko arauei ere. Aplikagarria da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2020ko azaroaren 11ko 2020/1693 Erregelamenduaren (EB) arabera; beraz, ulertuko da indargabetutako erregelamenduaren erreferentziak erregelamendu honenak izanen direla.

Erregelamendu honek, Batzordearen 2021eko uztailaren 15eko 2021/1165 Betearazpen Erregelamenduarekin (haren bidez zenbait produktu eta substantzia baimentzen dira ekoizpen ekologikoan erabiltzeko, eta zerrendak ezartzen dira) batera, ekoizpen metodo ekologikoen garapen jasangarrirako oinarriak finkatzen ditu, eta, era berean, barne merkatuaren funtzionamendu eraginkorra bermatzen du, lehia leiala, kontsumitzaileen interesen babesa eta azken horien konfiantza ziurtatuz.

Elikagai eta pentsuei buruzko legediaren eta animalien osasun eta ongizateari, landare osasunari eta produktu fitosanitarioei buruzko arauen aplikazioa bermatzeko egiten diren kontrolen eta bestelako jarduera ofizialen inguruko Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 Erregelamenduak (EB) honako hauek ezartzen ditu: estatu kideetako agintaritza eskudunek kontrol ofizialak eta beste jarduera ofizial batzuk egiteko arauak, kontrol ofizialen finantzaketa, estatu kideen arteko administrazio laguntza eta lankidetza, Batzordeak estatu kideetan eta hirugarren herrialdetan egin beharreko kontrolak, hirugarren herrialde batetik Batasunean sartzen diren animalia eta salgaiek bete behar dituzten baldintzak eta kontrol ofizialei buruzko informazioa eta datuak kudeatzeko informazio sistema informatizatu bat ezartzea.

Nafarroan, gai hori Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan nekazaritzako ekoizpen ekologikoa eta nekazaritzako produktuetan eta elikagaietan ekoizpen horren adierazpena arautzen dituen Erregelamendua onesten duen abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretuak arautzen du. Foru Dekretuak finkatu du nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren garapena, antolakuntza, kudeaketa eta eskumenen esleipena, nekazaritzako ekoizpen ekologikoari eta nekazaritzako eta elikadurako produktuetan ekoizpen mota hori adierazteko moduari buruzko Kontseiluaren ekainaren 24ko 2092/91 Erregelamendu (EEE) indargabetuan eta Kontseiluaren ekainaren 28ko 834/2007 Erregelamendu (EB) indargabetuaren xedapenetan ezarritako aginduekin bat.

Erkidegoko Erregelamenduetako arauak zuzenean aplikatzen direnez, beharrezkoa da araudia Erkidegoko arauetara egokitzea.

2

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren (LORAFNA) 50.1 artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateak nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko gaietan eskumen esklusiboa du, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 23.1 artikuluak Nafarroako Gobernuari ematen dio erregelamendu ahala. Xedapen orokorrek foru dekretuaren forma izan behar dute. Horixe bera dio Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 55.2 artikuluak. Azkenik, Nafarroako Gobernuaren eskurantzei buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 7.12 artikuluak honako hau jasotzen du Gobernuaren eskurantza gisa: "Erregelamendu ahalmena erabiltzea, behar diren erregelamenduak onetsiz Espainiako Konstituzioak eta Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak ezarritako eskumen esparruan".

Eskumen horiek erabiliz onetsi zen aipatutako 617/1999 Foru Dekretua. Geroztik, gaur arte, nekazaritza ekologikoaren sektoreak garapen garrantzitsua izan du, bai Europar Batasunean eta bai estatu kide eta eskualde jakinetan, horien artean Nafarroako Foru Komunitatean, erabilitako azalerari eta erregistratutako ustiategi eta langile ekologikoen kopuru osoari dagokienez.

3

Europar Batasunak ekoizpen ekologikoaren ereduaren aldeko apustu irmoa egin du, ez soilik lehen sektorearen ikuspuntutik, baizik eta baita kontsumitzaileei begira ere, produktu ekologikoen kontsumoa sustatzeko eta horien eskaria handitzeko.

2010. urtean, Batzordeak jakinarazpen bat argitaratu zuen 2010eko martxoaren 3an, "Europa 2020: hazkunde adimendun, jasangarri eta integratzaile baterako estrategia" izenekoa, eta lehentasun gisa jasotzen zen karbono igorpen txikiko ekonomiarako trantsizioa babestea eta baliabideak eraginkortasunez erabiltzea.

Hala ere, zalantzarik gabe "Europako Itun Berdea" izanen da gakoa ekoizpen sistema horren garapenean; Batzordearen 2019ko abenduaren 11ko jakinarazpenean garatu zen, Europako Parlamentuari, Europako Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Lantaldeari zuzenduta, klimaren eta ingurumenaren erronkei emandako erantzun gisa.

Itun hori hazkunde estrategia bat da, eta haren xedea da EB gizarte bidezko eta emankorra bihurtzea, ekonomia moderno batekin, baliabideen erabilera efizientearekin eta lehiakortasunarekin, non ez den berotegi efektuko gasik igorriko 2050ean. Hausnarketan eta sektore ekonomiko jakinak sakon eraldatzeko politiketan dago oinarrituta, horien artean nekazaritza.

Alde horretatik, nekazaritza sektorearekin lotuta, Itun Berdean landutako ekimenen artean nabarmentzen da "Etxaldetik Mahaira estrategia: elikadura sistema bidezkoa, osasuntsua eta ingurumenarekin errespetagarria". Estrategia horrek ekintzak ezartzen ditu elikadura ekoizpen jasangarria bermatzeko, horien artean hauek: negozio eredu ekologiko berri bat, karbonoa hartzearen bidez; oinarri biologikoko ekonomia zirkularra; pestizida arriskutsuenen erabilera % 50 murriztea 2030ean; ongarrien erabilera gutxienez % 20 murriztea 2030ean; mikrobioen aurkako erresistentzia; animalien ongizatea; hazien segurtasuna eta aniztasuna; eta, nola ez, nekazaritza ekologikoa.

Nekazaritza ekologikoari dagokionez, garrantzitsua da azpimarratzea, ekoizpen jasangarria bermatzeko ekintza gisa, EBk helburu gisa finkatu duela gutxienez EBko nekazaritza-lurren % 25 nekazaritza ekologikoan erabiltzea gaurtik 2030era bitartean.

4

Nekazaritza-politika berriek, emaitzetara bideratutako ereduan oinarrituta, nekazariei lagundu nahi diete ingurumen eta klima errendimendua hobetzen. Estatu kideek plan estrategikoak prestatu behar dituzte nekazaritza-politika berri hauetan planteatzen diren helburuak lortzeko; horrez gain, ingurumen eta klima baldintzetan oinarritutako "ingurumen arkitektura" bat prestatu behar dute, baina baita nekazaritza ekologikoa ezarri eta finkatzea sustatuko duten esku hartzeak ere. Jarduera eredu hori jasangarria izanen da ikuspuntu teknikotik eta bideragarria ekonomikotik.

Halaber, azpimarratu behar da Batzordeak, 2021eko martxoaren 25ean, jakinarazpen bat argitaratu zuela ekoizpen ekologikoa garatzeko ekintza plan bat aurkezteko, produktu ekologikoen ekoizpen eta kontsumoa sustatzeko eta "Etxaldetik Mahaira" estrategian zehaztutako helburuak lortzeko gaurtik 2030era bitartean. Planak 23 ekintza ditu, hiru ardatzen inguruan egituratuak (kontsumoa bultzatzea, ekoizpena handitzea eta sektorearen jasangarritasuna hobetzen jarraitzea), haren hazkunde orekatua zaintzeko. Batzordeak estatu kideak animatzen ditu ekintza plan ekologiko nazionalak egitera, nekazaritza ekologikoaren ehuneko nazionala handitzeko: hori erkidegoen esku jarriko dute.

Testuinguru berri horretan, Nafarroako Gobernuak "Etxaldetik Mahaira" estrategian ezarritako helburua lortu nahi du, eta badaki Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean funtsezkoa dela ekoizpen ekologikoari laguntzeko politikak ezartzea, ez soilik laguntzen bidez sustatzeko (hori ere), baizik eta langile berriei nekazaritza-eredu horretan modu bideragarrian sartzeko aukera emanen dien prestakuntza eta aholkularitza teknikoa eta herritarren artean elikagai horien kontsumoa sustatzeko, sektorea gara dadin.

5

Nafarroako Gobernuak badaki Erkidegoak adierazitako helburu guztiak sistema optimo batean oinarritu behar direla, ekoizpen sistema hori zaintzeko, kontsumoa sustatzeko eta ekoizpen ekologikoak kontrolatu eta ziurtatzeko. Horri esker, herritarrek ekoizpen bereiziko eredu horretan jarritako konfiantza indartuko da.

Azaldutako guztiagatik, Nafarroako Gobernuak, ekoizpen ekologikoaren agintaritza eskudun gisa, ekoizpen eredu horri dagokion Erkidegoko esparru juridikoan oinarrituta, sistema ziurtatzeko kontrol eta zertifikazio sistemak identifikatu behar ditu, eta bidezko ikuskapen ofizialak eginen ditu Elikakatearen Kontrol Planeko (EKPN) auditoretzen esparruan. Halaber, baliabide publikoekiko laguntzak emateko, aipatutako agintaritzaren eskakizunak argi eta garbi bete beharko dira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa oinarri, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako ekoizpen ekologikoaren sustapen, kontrol eta euskarri teknikoaren arloetako erakundeen ekintza koordinatua, eta, beraz, bidezkotzat jotzen da koordinazio organo bat sortzea, horien lana osatzeko eta jarduera koordinatzeko.

Azaldutako guztiagatik, eta, Nafarroako nekazaritzako ekoizpen ekologikoa arautzen duen araudia ekoizpen sektorearen egungo errealitatera eta Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamenduan (EB) eta Batzordearen 2021eko uztailaren 15eko 2021/1165 Betearazpen Erregelamenduan (EB) jasotako aurreikuspenetara egokitzeko xedearekin, beharrezkoa da arau berri bat sortzea eta abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretua indargabetzea.

6

Foru dekretuak honako egitura hau du: sei titulu, horietako bat atarikoa, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

"Xedapen orokorrak" atariko tituluak foru dekretuaren xedea, aplikazio eremua eta artikuluetako definizioak zehazten ditu, zuzenean aplikatzeko Europako araudiaren erreferentziekin.

I. tituluan ("ekoizpen ekologikoaren adierazpenen babesa") jasotzen dira nola babestuko diren ekoizpen ekologikoaren adierazpenak, babesaren hedapena, babesteaz arduratuko den erakundea eta Foru Komunitateko Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluaren arauketa. Erakunde horretan ordezkatuko dira jarduera sektoreak, eta haren xedea da produktu ekologikoak babestu eta sustatzea.

II. tituluak ("ekoizpen ekologikoaren kontrola eta zertifikazioa") produktu ekologikoak kontrolatu eta ziurtatzeko erakundeak arautzen ditu, eta kontrol ekologikoaren agintaritzak eta agintaritza eskudunaren eskutik funtzio horiek betetzeko ahalmena jaso duten kontrol ekologikoaren erakundeak bereizten ditu. Bi figurak definitu eta horien betebeharrak ezartzen dira.

III. tituluak ("aholkularitza, lankidetza eta koordinazioa") sektoreari ezagutza transmititzeko akordio eta hitzarmenak sortu eta garatzeko beharra jasotzen du, eta Ekoizpen Ekologikoaren Koordinazio Batzordea sortzen du. Azken hori erakunde publikoen kontsulta eta koordinazio organoa da Nafarroako ekoizpen ekologikoaren sustapen, kontrol eta euskarri teknikoaren arloetan, baita sektorearen behatokia ere.

IV. tituluak ("ekoizpen ekologikoko langileak") langileen betebeharrak arautzen ditu jardueraren autokontrolaren arloan, Europako araudi aplikagarrian jasotako beste batzuez gain.

V. tituluak ("ez betetzeen, arau hausteen eta zigorren araubidea") zuzenean aplikatzeko Europako araudia aipatzen du, ekoizle ekologikoen ez betetzeen araubideari dagokionez, baita Autonomiaz gaindiko lurralde jatorri deiturei eta adierazpen geografiko babestuei buruzko maiatzaren 12ko 6/2015 Legea ere, bertan aurreikusitako zehapen araubideari dagokionez.

Xedapen gehigarriak egungo Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) jarraipena zehazten du, eta, foru dekretuak indarra hartzen duenean, Nafarroako Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluari buruzko xedapenek arautuko dute.

Xedapen iragankorrek epe bat finkatzen dute Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) Nafarroako ekoizpen ekologikoaren kontrol agintaritza izateko eskatzen ahal diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, baita baldintza horiek betetzen direla ere gehieneko epe horretan. Halaber, barne araudia onesteko epea ere zehazten dute, foru dekretuan jasotzen diren funtzionamendu eta osaera arau berrietara egokituta.

Xedapen indargabetzaileak indarrik gabe uzten ditu foru dekretu honek ukitutako arauak.

Azken xedapenak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak foru dekretua garatu eta aplikatzeko beharrezko xedapenak emateko duen ahalmenari eta indarra hartzeari buruzkoak dira.

Ondorioz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren arabera eta Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 22ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzako ekoizpen ekologikoa eta nekazaritzako produktuetan eta elikagaietan ekoizpen horren adierazpena arautzen dituen Erregelamendua onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzako ekoizpen ekologikoa eta nekazaritzako produktuetan eta elikagaietan ekoizpen horren adierazpena arautzen dituen Erregelamendua onesten da, eta haren testua jarraian jasotzen da, foru dekretuaren ondoren.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretuaren xedea da honako hauek arautzea, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen eta lurraldearen esparruan eta Europako araudiaren osagarri gisa:

a) Produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzko eta Kontseiluaren 834/2007 Erregelamendua (EK) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduaren 2.1 artikuluan zerrendatutako produktuen ekoizpena, prestaketa, biltegiratzea, banaketa eta komertzializazioa.

b) Ekoizpen ekologikoari eragiten dioten arauzko zehaztapenak betetzen direla koordinatzeko, kontrolatzeko eta egiaztatzeko tresnak.

2. artikulua. Definizioak.

Foru dekretu ondorioetarako, honako hauetan ezarritako definizioak aplikatuko dira:

a) Produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzko eta Kontseiluaren 834/2007 (EK) Erregelamendua indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduaren 3. artikulua.

b) Ekoizpen ekologikoan erabiltzeko zenbait produktu eta substantzia baimendu eta zerrendak ezartzen dituen Batzordearen 2021eko uztailaren 15eko 2021/1165 Betearazpen Erregelamendua (EB).

c) Batzordearen 2021eko urriaren 21eko 2021/2306 Erregelamendu Eskuordetuaren (EB, haren bidez Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2018/848 Erregelamendua -EB- osatzen da Batasunean inportatzeko produktu ekologikoen eta konbertsioko produktuen partiden kontrol ofizialei eta ikuskapen ziurtagiriari buruzko arauekin) 2. artikulua.

d) Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2017/625 Erregelamenduaren (EB, 2017ko martxoaren 15ekoa, elikagaien eta pentsuen legedia eta animalien osasun eta ongizateari, landare osasunari eta produktu fitosanitarioei buruzko arauak aplikatzen direla bermatzeko egiten diren kontrol eta beste jarduera ofizialei buruzkoa) 3. artikulua.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru dekretua aplikatuko zaie 2018/818 Erregelamenduaren 2.1 artikuluan adierazitako produktuekin lotutako jarduerak egiten dituzten langile guztiei, ekoizpenaren, prestaketaren, etiketatzearen, biltegiratzearen, banaketaren eta komertzializazioaren edozein etapatan, Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Hala ere, sukaldaritza kolektiboko jarduerak ez dira egonen foru dekretu honen menpe, establezimenduak prestatutako produktu ekologikoen kasuan izan ezik, zuzenean hirugarrenei saltzeko, produktu horien etiketatze eta kontrol materialei dagokienez. Kontu horiek berariaz arautzen ahal dira foru dekretu honen garapenean.

I. TITULUA

Ekoizpen ekologikoaren adierazpenen babesa

I. KAPITULUA

Babesaren hedapena eta agintaritza eskuduna

4. artikulua. Babesaren izaera eta hedapena.

1. Produktuak babesten ahalko dira soilik foru dekretu honetan eta indarreko legedi aplikagarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen badituzte, produktu ekologikoen ekoizpen eta etiketatzearen arloko Europako, Estatuko eta autonomia erkidegoko indarreko araudian ezarritako baldintzak aplikatuta, edozein etapatan, produktu ekologiko baten lehen mailako ekoizpenetik bildu, ontziratu, biltegiratu, eraldatu, garraiatu, saldu eta azken kontsumitzaileari eman arte, eta, hala badagokio, etiketatzean, publizitatean, dokumentu komertzialetan, inportazioan, esportazioan eta azpikontratazioan.

2. Ekologikoa, biologikoa eta organikoa terminoak eta horien eratorri edo laburdurak, adibidez "bio" eta "eko", bakarrik edo beste hitz batzuekin elkartuta, ekoizpen, prestaketa eta banaketa etapa guztietan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzten produktuentzat daude gordeta eta babestuta, foru dekretu honetan, Produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamenduan (EB) eta indarreko legedi aplikagarrian aurreikusitakoarekin bat.

3. Debekatuta dago nekazaritzako edo elikadurako beste produktu batzuetan izen komertzialak, markak, adierazpenak, zeinuak eta ikurrak erabiltzea, baldin eta identitateagatik edo Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamenduko (EB) izen babestuekiko edo berezko zeinu eta ikurrekiko antzekotasun geografiko eta fonetikoagatik nahasketa eragin badezakete arauketaren xede diren produktuen izaera edo jatorriari begira, nahiz eta aurretik "mota", "estiloa", "gustua", "zaporea" edo antzeko beste adierazpen batzuk jarri, kontsumitzaileak nahastea eragin baitezakete.

4. Ezin zaie ukatu ekoizpen ekologikoaren adierazpenen erabilera eta, beraz, ekoizpen ekologikoko langileen izaera, hura eskatu eta araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoei, administrazio bideko zehapen irmoen kasuan izan ezik, izan babestuaren erabilera aldi baterako edo behin betiko etetea dakarten arau hausteengatik edo ekoizpen ekologikoari aplikatzen ahal zaion araudian oro har eta berariaz aurreikusitako beste arrazoi batzuengatik.

5. artikulua. Agintaritza eskuduna.

1. Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, nekazaritza eta abeltzaintzako eskumenak dituen departamentuaren bidez (aurrerantzean, departamentu eskuduna), agintaritza eskudunaren funtzioak beteko ditu, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 Erregelamenduaren (EB) 4.1 artikuluarekin bat, horien artean hauek:

a) Barne auditoretzak egitea, indarreko xedapenak betetzen direla ziurtatzeko.

b) Ekoizpen ekologikoaren kontrol agintaritza edo kontrol erakundeak izendatzea.

c) Kontrol ekologikoaren agintaritza bat zehazten bada, haren bileretan parte hartzea eta Zertifikazio Batzordea zuzentzea.

d) Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin eta beste autonomia erkidego batzuekin koordinatzea, nekazaritza ekologikoko adierazleei jarraipena egiten eta horiek kudeatzen.

e) Nekazaritzako ekoizpen ekologikoari buruzko txosten estatistikoak egitea eta intereseko informazio teknikoa sektorearen eskura jartzea.

f) Ekoizpen Ekologikoaren Kontrol Programa antolatu eta ikuskatzea.

g) Alertak jakinaraztea, kontrol agintaritzek edo kontrol erakundeek jakinarazitako ez betetzeen jarraipena egitea (baldin eta agintaritza eskudunak aurretiazko baimena eman ondoren Nafarroako Foru Komunitatean lan egiten badute) eta zehapen espedienteak izapidetzea.

2. Departamentu eskudunak agintaritza eskudunari dagozkion kontrol lan jakinak eskuordetzen ahal ditu, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren martxoaren 15eko 2017/625 Erregelamenduaren (EB) 4. artikuluan xedatutakoarekin bat.

II. KAPITULUA

Nafarroako Foru Komunitateko ekoizpen ekologikoaren kontseilua

6. artikulua. Ekoizpen ekologikoaren kontseiluaren izaera, atxikipena eta araubide juridikoa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko ekoizpen ekologikoaren sustapena Nafarroako Foru Komunitateko ekoizpen ekologikoaren kontseiluaren esku egonen da; zuzenbide publikoko korporazioa izanen da, eta autonomia ekonomikoa izanen du bere xedeak lortzeko, baita berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa ere. Halaber, mota guztietako kudeaketa eta xedapen egintzak egiten ahal ditu.

2. Kontseiluaren jardunbidea zuzenbide pribatuari lotuko zaio oro har, batik bat kontratazioaren, langilearen eta ondarearen gaineko araubidearen arloetan. Ahalmen publikoak erabiltzen dituenean, jarduketa horietan departamendu eskudunaren babesaren eta zuzenbide administratiboaren menpean egonen da.

7. artikulua. Kontseiluaren eginkizunak.

Kontseiluak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentu eskudunari foru dekretu honen aldaketak proposatzea.

b) Barne araudi propioa egitea eta departamentu eskudunera igortzea, onetsia izan dadin.

c) Foru dekretu honetako xedapenak eta onetsitako barne araudikoak aplikatzea eta horiek betetzen direla zaintzea.

d) Ekoizpen ekologikoaren alorrean proposamenak eta orientabideak ematea, departamentu eskudunari zuzenduriko txostenen bidez.

e) Produktu ekologikoak identifikatzeko logotipoak edo logotipoen konbinazioak proposatzea. Horiek departamentu eskudunak onetsi beharko ditu.

f) Nekazaritzako elikagai ekologikoen kontsumoa eta hedapena sustatzea.

g) Identifikazio adierazpenen erabilera zuzena zaintzea, arreta berezia jarriz salmentako azken puntuetan.

h) Sustatu eta zaintzea kontsumitzaileei eta oro har gizarteari kontrol araubidearen menpeko ustiategietako nekazaritza eta abeltzaintzako profesional titularrek ingurumen eta gizartearen alde egindako lana eta pertsonen osasuna hobetzeko egindako ekarpenak ondoen jakinarazten dizkieten saltzeko moduak.

i) Bultzatzea langileen arteko asoziazionismoa eta merkaturatze bide propioak eratu daitezela, bereziki salmenta zuzena.

j) Aurrekontuen eta urteko memorien proiektuak onestea eta departamentu eskudunari proposatzea, hark onets ditzan. Memoria ondoko urteko martxoaren 31 baino lehenago aurkeztuko da.

k) Kontseiluak erakunde publiko eta pribatuen aurrean egin beharreko agerraldiei dagozkien erabakiak hartzea.

l) Hala badagokio, agintaritza eskudunak eskuordetutako ekoizpen ekologikoaren kontrol ofizial eta zertifikazioko lanak egitea, kontrol ekologikoaren agintaritzaren figura gisa; horretarako, aldez aurretik egiaztatu beharko da foru dekretuaren 15. artikuluak figura horri ezartzen dizkion baldintzak betetzen direla.

m) Ekoizpen ekologikoaren arloko departamentu eskudunak eslei dakizkiokeen eginkizun oro.

8. artikulua. Kontseiluaren osaera.

1. Nafarroako ekoizpen ekologikoaren kontseilua ekoizpen ekologikoaren sektoreetako ordezkariek osatuko dute, besteak beste produktu ekologikoen ekoizpenaren, prestaketaren, inportazioaren, biltegiratzearen, banaketaren eta komertzializazioaren arloko langileek eta kontsumitzaileen elkarteek. Langileek Produktu Ekologikoen Erregistro Ofizialean (REGOE) eman beharko dute izena, eta egoitza soziala Nafarroan izen beharko dute.

2. Kontseilua honako hauek osatuko dute:

a) Kontseiluburu batek.

b) Hiru bokalek, nekazaritzako ekoizpen ekologikoko ustiategien titularren ordezkari gisa.

c) Bi bokalek, enpresa prestatzaileen titularren ordezkari gisa.

d) Bokal batek, hirugarren herrialdeetatik inportatzen duten enpresen titularraren ordezkari gisa.

e) Bokal batek, amaierako komertzializazio erakundeen ordezkari gisa.

f) Bokal batek, kontsumitzaileen elkarteen ordezkari gisa.

g) Departamentu eskudunaren ordezkari batek, idazkari gisa.

h) Nafarroako Teknologien eta Nekazaritzako Elikagaien Azpiegituren Institutua Elkarte Anonimoaren (INTIA) bi ordezkari, ekoizpen ekologikoko ezagutza bereziekin.

i) Zuzendari teknikoak.

3. 2. apartatuko b), c), d) eta e) letretako bokalak demokratikoki aukeratuko dituzte, azpisektore bakoitzean, kontrol ekologikoko araubidearen menpeko eta REGOE erregistroan inskribatutako erakundeek, haien artean. Pertsona juridikoen kasuan, zuzendariak izan beharko dute. Edonola ere, pertsona natural edo juridiko batek ezin du ordezkaritza bikoitza izan kontseiluan, ez zuzenean eta ez firma filialen edo bazkideen bidez.

4. Kontsumitzaileen elkarteak ordezkatzeko bokala Nafarroako Gobernuaren nekazaritzaren arloko departamentu eskuduneko titularrak aukeratuko du ordezkaritza handiena duten eta egoitza soziala Nafarroan duten elkarteen artean, kontseiluak proposatuta. Bokal horrek hitza izanen du, baina botorik ez, kontseiluaren eztabaidetan.

5. 2. apartatuko g), h) eta i) letretako bokalak departamentu eskuduneko titularrak aukeratuko ditu. Bokal horiek hitza izanen dute, baina botorik ez, kontseiluaren eztabaidetan.

6. Halaber, kontseiluak kontseiluburu bat izanen du, eta, aukeran, presidenteorde bat, eta horiek b), c), d) eta e) letretako bokalek aukeratuko dituzte bokal hautetsien artean: bokal plaza horiek ez dira estaliko.

7. Bokal bakoitzeko ordezko bat izendatuko da; titularraren modu bere aukeratuko da, eta ordezkatuko duen bokalaren sektore berekoa izanen da.

8. Kargu guztiak lau urtean behin berrituko dira, eta kideak berriz hauta daitezke. Hautaketa sistema eta prozedura barne araudian ezarriko dira, eta kontseiluburuaren aukeraketa ere bertan arautuko da.

9. artikulua. Kontseiluaren saioak.

1. Kontseiluaren bilkuretarako deia kontseiluburuak edo hark eskuordetutako pertsonak eginen du: ohiko bilkura kideek ezarritako maiztasunarekin eginen da, eta, nolanahi ere, gutxienez seihilekoan behin.

2. Kontseiluaren ezohiko bilkura eginen da kontseiluburuak deituta edo gutxienez kideen herenak eskatzen badute.

3. Saioen funtzionamenduari eta erabakiak hartzeari buruzko araubidea barne araudian ezarriko da.

4. Idazkariak departamentu eskudunari bidaliko dizkio saioen aktak.

10. artikulua. Kontseiluburua.

1. Kontseiluburuak eginkizun hauek ditu:

a) Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Kontseiluko eztabaidetako presidentetza eta zuzendaritza.

c) Kontseiluko bilerak deitzea eta haien buru izatea.

d) Bere kargu uzten den eginkizun oro.

2. Kontseiluburuak bere eginkizunak kontseiluko kideen kargu utz ditzake, barne araudiak ezartzen dituen egoera eta baldintzetan.

3. Kontseiluburuaren kargua bateraezina izanen da kontseiluaren zuzendaritzarekin, kudeatzailetzarekin edo giza baliabideen arduradun jarduerarekin.

11. artikulua. Zuzendari teknikoa.

1. Kontseiluaren zuzendari teknikoaren kargua ekoizpen ekologikoari buruzko ezagutzak egiaztatzen dituen pertsona batena izanen da. Departamentu eskuduneko titularrak izendatuko du, kontseiluak proposatuta.

2. Zuzendari teknikoak eginkizun hauek ditu:

a) Kontseiluaren jarduketa arloak koordinatzea, kontseiluak edo Nafarroako Gobernuaren nekazaritza arloko departamentu eskudunak ezarritako gidalerro orokorrekin bat.

b) Kontseilura atxikiriko administrazio langileen zuzendaritza.

c) Kontseiluaren kudeaketa ekonomikoa, aurrekontuko aurreproiektuak eta urteko memoria prestatuz.

d) Kontseiluaren bileretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

e) Oro har, ekoizpen ekologikoaren arloan indarrean diren arauak betetzen direla zaintzea.

f) Kontseiluak edo departamentu eskudunak agindu diezaioketen beste eginkizun oro.

12. artikulua. Finantzaketa.

Bere helburuak betetzeko, kontseiluak baliabide hauek izanen ditu:

a) Langileek ordaindu beharreko kuotak, ohikoak eta ezohikoak.

b) Zerbitzu pribatuak emateagatik ezar daitezkeen tarifak.

c) Jasotako dirulaguntza, legatu eta dohaintzak.

d) Kontseiluari edo ordezkatzen dituen interesei eragindako kalte galeren kalte ordain gisa jasotako zenbatekoak.

e) Ondarea osatzen duten ondasunak, produktuak eta errentak.

f) Jasotzea dagokion beste edozein baliabide.

II. TITULUA

Ekoizpen ekologikoaren kontrola eta zertifikazioa

I. KAPITULUA

Ekoizpen ekologikoaren kontrola eta zertifikazioa

13. artikulua. Kontrol eta zertifikazio erakundeak.

1. Produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzko Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamenduan (EB) xedatutakoarekin eta Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 Erregelamenduan (EB) jasotako definizioekin bat, edozein produktu "ekologiko" gisa komertzializatzeko beharrezkoak diren kontrol eta zertifikazio jarduerak nahitaezkoak izanen dira produktu ekologikoak ekoitzi, prestatu, banatu edo biltegiratzen dituzten edo produktuak inportatu, esportatu edo komertzializatzen dituzten langileentzat. Halaber, jarduera hori agintaritza eskudunak edo hark kontrol ofizialak egiteko ahaldundutako kontrol agintaritza edo erakundeek egiten ahalko dute, dagokion baimena jaso ondoren.

2. Agintaritza eskudunaz bestelako erakunde batek egindako kontrol ofizialetarako ahalmenak baliogabetzen ahalko dira, interesdunari entzun ondoren, baldin eta auditoretza edo ikuskapen baten emaitzek ondorioztatzen badute kontrol agintaritzak edo kontrol ekologikoko erakundeak ez dituela zuzen egin agindu dizkioten lanak edo ez dituela hartu neurri zuzentzaile egokiak. Kontrol ofizialetarako ahalmena emateak ez du salbuesten agintaritza eskuduna Nafarroako Foru Komunitatean ekoizpen ekologikoaren arloko ikuskapenak egitetik.

II. KAPITULUA

Kontrol ekologikoaren agintaritza

14. artikulua. Kontrol eta jarduera ofizialekin lotutako erantzukizunak ematea.

Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 Erregelamenduaren (EB) 4.3 artikuluaren arabera, departamentu eskuduneko titularraren foru agindu baten bidez Nafarroako Foru Komunitateko kontrol ekologikoaren agintaritza bati erantzukizun jakinak ematen ahalko zaizkio, kontrol ofizialekin eta zertifikazioarekin lotuta. Hala ere, objektibotasun eta inpartzialtasun berme egokiak eman beharko dira, eta funtzioak betetzeko langile kualifikatuak eta beharrezko baliabideak eduki.

15. artikulua. Kontrol ekologikoaren agintaritzaren betebeharrak.

1. Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2017/625 Erregelamenduaren (EB) 5. artikuluaren arabera, kontrol ekologikoaren agintaritzak honako hauek egin beharko ditu:

a) Kontrol ofizialen eta beste jarduera ofizial batzuen eraginkortasuna eta egokitasuna bermatzeko prozedura eta mekanismoak ezarri.

b) Kontrol ofizialen eta beste jarduera ofizial batzuen inpartzialtasuna, kalitatea eta koherentzia bermatzeko prozedura eta mekanismoak ezarri, maila guztietan.

c) Kontrol ofizialak eta beste jarduera ofizial batzuk egiten dituzten langileek interes gatazkarik ez dutela bermatzeko prozedura eta mekanismoak ezarri.

d) Laborategiko analisi, entsegu eta diagnostiko ekipamendu egokiak edo horietarako sarbidea eduki.

e) Langileek kualifikazio eta esperientzia egokia izan beharko dute efizientzia eta eraginkortasunez egiteko kontrol ofizialak eta beste jarduera ofizial batzuk; bestela, langile horiek lortu beharko dira.

f) Instalazio eta ekipamendu egokiak edukitzea, egoera egokian, langileek kontrol ofizialak eta beste jarduera ofizial batzuk efizientzia eta eraginkortasunez egin ahal izan ditzaten.

g) Kontrol ofizialak eta beste jarduera ofizial batzuk egiteko beharrezko ahalorde juridikoak edukitzea.

h) Langileek lokaletarako eta dokumentaziorako sarbidea dutela bermatzeko prozedura juridikoak izatea, zeregina behar bezala bete dezaten.

i) Kontingentzia planak prest izatea eta prest egotea larrialdietan horiek praktikan jartzeko.

2. Kontrol lanak departamentu eskudunak edo ekoizpen ekologikoaren agintaritza eskudunak izendatutako administrazio unitateak ebaluatuko ditu, auditoretzen bidez, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2017/625 Erregelamenduaren (EB, 2017ko martxoaren 15ekoa, elikagaien eta pentsuen legedia eta animalien osasun eta ongizateari, landare osasunari eta produktu fitosanitarioei buruzko arauak aplikatzen direla bermatzeko egiten diren kontrol eta beste jarduera ofizialei buruzkoa) 6. artikuluarekin bat.

3. Kontrol ekologikoaren agintaritzaren jarduketa bat etorriko da ISO 17065 Arauarekin. Horretarako, ekoizpen ekologikoaren kontrol ofizialekin eta zertifikazioarekin lotutako erantzukizunak jasotzen dituen erakundea Egiaztapen Erakunde Nazionalak (ENAC) egiaztatu beharko du, ISO 17065 Araua betetzeko, zertifikazioaren xede den produktua barne.

III. KAPITULUA

Kontrol ekologikoaren erakundeak

16. artikulua. Kontrol ofizialeko funtzioak eskuordetzea kontrol ekologikoaren erakundeei.

Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 Erregelamenduaren (EB) 28.1 artikuluaren arabera, agintaritza eskudunek kontrol ofizialeko funtzio jakinak edo beste jarduera ofizial batzuekin lotutako funtzio jakinak eskuordetzen ahalko dizkiote erakunde eskuordetu bati, eta, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2018/848 Erregelamenduaren (EB) 40. artikuluarekin bat, hari kontrol ekologikoaren erakunde deituko zaio.

17. artikulua. Kontrol ofizialeko funtzio jakin batzuk erakunde eskuordetuei eskuordetzeko baldintzak.

1. Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2017/625 Erregelamenduaren (EB) 29. artikuluaren arabera, erakunde eskuordetuari idatziz eskuordetuko zaizkio kontrol ofizialeko funtzioak, eta hark baldintza hauek beteko ditu:

a) Eskuordetutako kontrol ofizialeko funtzioak betetzeko beharrezko esperientzia, ekipamenduak eta azpiegitura izatea.

b) Kualifikazio eta esperientzia egokiak dituzten langileak edukitzea.

c) Inpartziala izatea, interes gatazkarik ez edukitzea eta, zehazki, ez egotea jokabide profesionalaren inpartzialtasunean zuenean edo zeharka eragin dezakeen egoeraren batean, eskuordetutako kontrol ofizialeko funtzioei dagokienez.

d) Eskuordetutako funtzioei dagozkien arauekin bat lan egitea eta egiaztatuta egotea, EN ISO/IEC 17020 Araua barne ("ikuskapenak egiten dituzten askotariko erakundeen funtzionamendurako irizpide orokorrak").

e) Eskuordetutako kontrol ofizialeko funtzioak betetzeko eskumenak edukitzea.

2. Artikulu honetan aipatutako funtzioen eskuordetzea departamentu eskuduneko titularraren foru aginduan zehaztuko da.

III. TITULUA

Aholkularitza, lankidetza eta koordinazioa

I. KAPITULUA

Aholkularitza eta prestakuntza

18. artikulua. Aholkularitza eta prestakuntza.

1. Nafarroako Gobernuak, departamentu eskudunaren bitartez, ekoizpen ekologikoari, sustapenari eta komertzializazioari buruzko kontuekin lotutako aholkularitza teknikoa eta prestakuntza koordinatu eta sustatuko ditu.

2. Halaber, akordio eta hitzarmenak sinatuko dira unibertsitateekin, zentro teknologikoekin eta sektoreari ezagutza eman diezaioketen erakunde guztiekin.

II. KAPITULUA

Nafarroako ekoizpen ekologikoaren koordinazio batzordea

19. artikulua. Sorrera eta xedea.

1. Nafarroako ekoizpen ekologikoaren koordinazio batzordea sortzen da, departamentu eskudunari atxikita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Haren xedea izanen da Nafarroako ekoizpen ekologikoaren sustapenaren, kontrolaren eta euskarri teknikoaren arloetako erakunde publikoen koordinazio organo gisa eta haren behatoki gisa jardutea.

20. artikulua. Batzordearen osaera.

1. Koordinazio batzordea honako hauek osatuko dute:

a) Batzordeburu gisa, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

b) Bokalak:

b.1) Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko titularra.

b.2) Nekazaritza Zerbitzuko Zuzendaritzako titularra.

b.3) Abeltzaintza Zerbitzuko Zuzendaritzako titularra.

b.4) Nekazaritzako Ustiategien eta Nekazaritzako Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko Zuzendaritzako titularra.

b.5) INTIA erakundearen kudeaketa-zuzendaritzako titularra.

b.6) Kontseiluburu karguaren titularra.

b.7) Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuneko (UAGN) ordezkari bat.

b.8) Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuneko (EHNE-Nafarroa) ordezkari bat.

b.9) Nafarroako Nekazaritza Kooperatiben Batasuneko (UCAN) ordezkari bat.

b.10) Nekazaritzako Elikagaien Industrien Elkarteko ordezkari bat.

b.11) Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetako ordezkari bat.

b.12) Eskumenak eman ondoren kontrol eta zertifikazioaz arduratzen diren erakundeetako ordezkari bat.

2. Departamentu eskudunak izendatutako pertsona izanen da idazkaria.

3. Soilik gai jakinei erantzuteko eskatzen ahalko dute jardueretan parte hartzeko teknikari aholkulariek eta erakunde espezializatuek.

4. Emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua zainduko da mahaiaren osaeran.

21. artikulua. Batzordearen eginkizunak.

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Jarduketa arauak proposatu eta laneko planak prestatzea.

b) Ekoizpen ekologikoa sustatzeko jarduketak diseinatzea.

c) Foru dekretu honetan aurreikusitako jarduerak ezagutzea.

d) Zertifikazio eta kontrolari eragin diezaieketen kontu tekniko espezifikoen berri ematea.

e) Txostenak egitea foru dekretu honi lotutako gai interesgarri guztiei buruz eta, bereziki, ekoizpen ekologikoaren erregulazioa, praktika eta sustapena hobe dezaketela uste duen neurri guztiei buruz.

f) Ordenamendu juridikoak emandako edo organo eskudunak agindutako beste edozein eginkizun.

IV. TITULUA

Ekoizpen ekologikoko langileak

22. artikulua. Autokontrol-betebeharra.

1. Langile Ekologikoen Erregistro Orokorrean (REGOE) inskribatutako langileari dagokio ekoizpen ekologikoa arautzen duen araudia betetzea, eta, horretarako, autokontrol-sistema bat ezarriko du, hau da, jarduketen, prozeduren eta kontrol multzo bat, elikadura arloko langileek modu espezifiko, programatu eta dokumentatuan egiteko, ziurtatzeko elikagaiek, materiek eta elikadura elementuek nahitaezko edo borondatezko kalitate arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

2. Langileek autokontrolarekin lotutako dokumentazioa gorde beharko dute gutxienez bost urtez, eta luzatu egin behar da produktuaren bizitza baliagarriaren arabera.

23. artikulua. Langileen beste betebehar batzuk.

Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamenduaren (EB) 2.1 artikuluak aipatutako produkturen bat ekoitzi, prestatu, komertzializatu, biltegiratu, banatu eta hirugarren herrialdeekin inportatu edo esportatzen duen langile orok betebehar hauek ditu:

a) Ekoizpen ekologikoari buruzko Erkidegoko, Estatuko edo Foru Komunitateko araudi aplikagarrian xedatutakoa betetzea, jardueraren arabera, baita foru dekretu honetan ezarritakoa ere.

b) Foru dekretu honetan ezarritako kontrol araubidearen menpe jartzea.

c) Ekoizpenaren jakinarazpenari, komertzializazioari, sargaiei, salbuespenei eta Europako, Estatuko edo Foru Komunitateko araudi aplikagarritik eratorritako beste batzuei buruzko arauak aplikatzea.

d) Kontrol ekologikoaren agintaritzak, kontrol erakundeek edo agintaritza eskudunak eskatutako informazioa ematea, estatistikarako eta ekoizpen eta komertzializazioaren jarraipena egiteko.

e) Foru dekretu honetan aurreikusitako betebeharren ez betetzearen aurrean erantzutea eta betetzen dela ikuskatzea.

f) Derrigorrezko adierazpen eta txostenak bidaltzea, bai kontrol ekologikoaren agintaritzari edo erakundeei eta bai agintaritza eskudunari.

V. TITULUA

Ez betetze, arau hauste eta zehapenen araubidea

24. artikulua. Ez betetzeak, arau hausteak eta zehapenak.

1. Produktu ekologikoen langileei aplikatuko zaie Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamenduaren (EB) 41. eta 42. artikuluetan eta Batzordearen 2021eko otsailaren 22ko 2021/279 Betearazpen Erregelamenduaren (EB, zeinaren bidez Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2018/848 Erregelamendua -EB- egikaritzeko arau xehatuak ezartzen diren, ekoizpen ekologikoaren eta produktu ekologikoen etiketen arloan xedatutakoa betetzen dela eta haren trazabilitatea bermatzeko kontrolei eta beste neurri batzuei dagokienez) 8. artikuluan eta I. eranskinean aurreikusitako ez betetzeen araubidea.

2. Halaber, 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat, foru dekretu honetan araututako ekoizpen ekologikoari aplikatuko zaio Autonomiaz gaindiko lurralde jatorri deiturei eta adierazpen geografiko babestuei buruzko maiatzaren 12ko 6/2015 Legearen VI. kapituluan ("ikuskapena eta zehapen araubidea") aurreikusitako zehapen araubidea, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan elikadura kalitatearen arloko araudi aplikagarria ez betetzeagatik.

Xedapen gehigarri bakarra.–Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) indarraldia mantentzea Ekoizpen Ekologikoaren Kontseilu gisa.

Abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretuak araututako Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik, bertan jasotako xedapenek arautuko dute, eta bereziki I. tituluaren II. kapituluan xedatutakoak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra.–Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) Barne Araudia egokitzea.

Foru dekretu honek indarra hartu eta 6 hilabeteko epean, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) barne araudia egokitu beharko du foru dekretu honetan ezarritako funtzio eta funtzionamendu arauetara eta araudi aplikagarrira, horien artean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea.

Bigarren xedapen iragankorra.–NNPEKaren indarraldia mantentzea kontrol ekologikoaren agintaritza gisa.

1. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK) da kontrol ekologikoaren agintaritza, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan nekazaritzako ekoizpen ekologikoa eta nekazaritzako produktuetan eta elikagaietan ekoizpen horren adierazpena arautzen dituen Erregelamendua onesten duen abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin bat, eta kontrol ekologikoaren agintaritza izaten jarraituko du. Halaber, foru dekretu honek indarra hartu eta 18 hilabeteko epea izanen du agintaritza eskudunaren aurrean aurkezteko erakundeak 15. artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa, kontrol ekologikoaren agintaritza gisa jarduteko Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2017/625 Erregelamenduaren (EB) 5. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dokumentazioa aurkeztu eta agintaritza eskudunak egiaztatu ondoren, hala badagokio, azken horrek kontrol ekologikoaren agintaritza izateko baimena emanen du, foru dekretu honetan xedatutakoarekin bat.

2. Egiaztatzeko epea luzatzen ahalko da gehienez ere 6 hilabetez, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) aldez aurretik eskatuta, baldin eta behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoiek eragozten badute hasierako epean egiaztatzea.

3. Ez baditu egiaztatzen eskatutako baldintzak, kontrol ekologikoaren agintaritza izateari utziko dio.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetuta gelditzen da Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan nekazaritzako ekoizpen ekologikoa eta nekazaritzako produktuetan eta elikagaietan ekoizpen horren adierazpena arautzen dituen Erregelamendua onesten duen abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretua, bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa izan ezik.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretua garatzea.

Nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko departamentu eskuduneko titularrari ahalmena ematen zaio, bere eskumenen esparruan, foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarra hartzea

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2303174