49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

155E/2023 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2023ko otsailaren 28rako deitutako greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatu eta haiek artatzeko behar diren langileak zehazten dituena.

Erizaintzako Sindikatuak (SATSE) greba egiteko deialdia egin du. Greba horrek eragina izanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizainak eta fisioterapeutak diren langile eta enplegatu publikoek –prestakuntzan daudenak barne– egiten dituzten lan jarduera eta jarduera funtzionarial guztietan. Greba 2023ko otsailaren 28an eginen da, 00:00etatik 24:00etara.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da herritarrentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Argudio horiekin, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2023ko otsailaren 28rako deitutako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.

Dagozkion jarduketak egin dira Greba Batzordearekin, eta hark alegaziorik aurkeztu ez duenez, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.

Bestetik, posible da langile egoiliarrak gutxieneko zerbitzuetan sartzea. Izan ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an gai honi buruz emandako 318/2019 apelazio-epaiak errebokatu egiten du Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 3. Epaitegiaren 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaia, zeinak langile horiek sartzea galarazten baitzuen. Gainera, epai horrek adierazten du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 405/2019 Ebazpenaren bidez ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, eta errekurritutako ebazpena ordenamendu juridikoaren araberakoa dela.

Aurrekoaren haritik, zehaztu behar da Auzitegi Gorenak, Laugarren Ataleko Administrazioarekiko Auzien Salaren 1523/2021 Epaiaren bidez, ezetsi egin duela SMN-k aipatutako apelazio-epaiaren aurka jarritako kasazio-errekurtsoa, eta adierazi duela epai horrek ez duela ordenamendu juridikoa urratzen. Hain zuzen, bosgarren zuzenbideko oinarrian, "onarpen-autoan planteatutako auziari emandako erantzuna"ri dagokionez, honako hau dio: "onarpen-autoan azaldutako jurisprudentzia osatzeko kasazio-interes objektiboaren gaiari erantzun beharraz, adierazten dugu barne-mediku egoiliarrak sar daitezkeela kontratu bidez lotuta dauden ospitale-zentroan deitzen diren osasun-langileen grebetan ezarri behar diren gutxieneko zerbitzuetan".

Ezarri behar diren funtsezko gutxieneko zerbitzuei buruz galdetu zitzaien Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko arloetako kudeatzailetzei eta zuzendaritza asistentzialei.

Hori horrela, orain arte ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan jarraitu den irizpidea bat dator greba eskubidea mugatzeari buruzko erabaki jurisprudentzialekin, osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean. Era horretan betetzen da proportzionaltasuna, batetik funtsezko zerbitzu horien erabiltzaileen edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik greba egin nahi dutenei ezartzen zaizkienak, grebak komunitatearen interesari egindako kalteak ez baitu gainditu behar sen onak agintzen duena.

Aipatutako epaiek dioten gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta grebak ukitzen dituen eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, erabilitako irizpidea izan da dauden langileak aintzat harturik, gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriarendako funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.

Arlo bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta arlo bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:

1.–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa.

Ospitalizazioan, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuta dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar dira osasun laguntzen eta zainketen jarraitutasuna eta pazienteen segurtasuna. Pazienteei alta emateko ahalmena ere eduki behar da, ospitaleetan osasun arreta ez kolapsatzeko.

Alor horretan kontuan hartu dira arretan eta tratamenduan eten ezin diren zerbitzu bereziak ere, hala nola hemodialisia, eguneko ospitaleak (onkologia, hematologia, minaren unitatea), erradioterapia (simulazioa eta plangintza), osasun mentala eta transplanteen koordinazioa.

Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak. Kasu horretan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren ustez, gutxienekoen ebazpenean aipatu ohi den eta ebazpen honetan ere ezartzen den %60 hori doiegi da paziente guztiei arreta eman ahal izateko. Kasu honetan, kontuan hartuz greba eskubidea mugatzeari buruz lehen aipatutako erabaki jurisprudentzialak, oraingo honetan ez da ehuneko hori handituko, baina baliteke sortzen diren egoeren arabera hartzea hurrengo greba deialdiei buruzko erabakiak.

Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da prozesu kliniko baten zain dauden baloratu eta diagnostikatu gabeko pazienteek okerrera ez egitea.

Era berean, beharrezkotzat jo da:

–20. asteko amniozentesia eta ekografiak ziurtatzea.

–Arreta ematea larrialdiei, zaintza kritikoetan eta berezietan ingresatuta dauden pazienteei, edo erditzeetan eta horien parekoetan.

–Ospitaleko farmaziari dagokionez, tratamendua ziurtatuko zaie paziente ospitalizatuei eta onkologikoei.

–Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehun emateak egin eta laginak hartzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornidura egiteko hornitzen diren zentroei, gaitasun logistikoaren %60ra arte gehienez.

2.–Oinarrizko Osasun Laguntza.

Eguneroko eskariaren araberako arreta ematen da Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetan, eta (goizez) osasun eskualde oinarrizko bakoitzeko larrialdiak artatzen dira; erizaintzako postu bakoitzak 1.500 paziente inguru ditu, eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Talde bakoitzak profesionalak eduki behar ditu goizeko larrialdiei erantzuteko, eta larrialdia ez izan arren atzeratu ezin den laguntza emateko, bai eta paziente kronikoak artatzeko eta etxez etxeko beharrezko bisitak egiteko ere.

Honek justifikatzen du, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizez eta arratsaldez) erizaintzako postu bat egotea 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.

Etengabeko arretako ordutegiari dagokionez, gutxieneko zerbitzuek langile guztiei eraginen diete etengabeko eta larrialdietako arretan.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren arloan, 465.000 pertsona artatu behar dira, horietatik 324.000 Iruñerrian eta Tafallaldean, eta 141.000 pertsona Nafarroa osoko 21 Etengabeko Arreta Guneetan (4tan erizaintzako bi profesionalekin, eta 17tan bakarrarekin). 72 profesional inguru behar dira.

3.–Osasun Mentala.

San Francisco Javier zentroan Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuari atxikita lan egiten dutenen gutxieneko zerbitzuetako langileak jaiegunetan daudenak adina izanen dira.

Osasun Mentaleko Kudeatzailetzaren Osasun Mentaleko Eguneko Ospitaleei eta Osasun Mentaleko Zentroei dagokienez, gutxieneko zerbitzuetako erizaintzako langileak baliabideen jarduera bermatzeko behar direnak izanen dira.

4.–Lizarrako Osasun Barrutia.

Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta García Orcoyen Ospitalea daude.

Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio arlo honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan dela ospitaleko jardueran.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen Ebazpeneko jarraibideak beteko dira. Bere txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunean.

5.–Tuterako Osasun Barrutia.

Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, Reina Sofía Ospitalea eta Osasun Mentala daude.

Kasu honetan ere, Oinarrizko Osasun Laguntzak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak eta Osasun Mentalak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio arlo honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan dela ospitaleko jardueran.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen Ebazpeneko jarraibideak beteko dira. Bere txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunean.

Arreta lehenetsia, paziente ospitaleratua eta gaitasun logistikoaren %60 bermatu nahi dira, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, zenbaitetan txandako langile guztiek osatzen dituzte gutxienekoak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den prestazio gutxienekoa ziurtatzeko.

6.–Langile egoiliarrak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzea.

Aipatu da jada Auzitegi Gorenaren 1523/2021 Epaia, Laugarren Ataleko Administrazioarekiko Auzien Salarena, ezetsi egiten duena SMN-k jarritako kasazio-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio-epaiaren aurkakoa. Epai horrek, hain zuzen, errebokatzen du Administrazioarekiko auzien Iruñeko 3. epaitegiak 2019ko uztailaren 10ean emandako 191/2019 epaia eta deklaratzen du Administrazioak ez duela urratu barne mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea.

Orobat, arlo bakoitzari bere iritzia ere eskatu zaio, arretari dagokionez. Hortik ikusi denez:

Zentroko profesional espezialistak eta BAME langileak edozein egunetako etengabeko arretan aritzen dira. Zentroek uste dute funtzionatzeko modu hori oso errotua dagoela eta arreta segurua eta kalitatezkoa bermatzen duela. Haien ustez, greba egunean ere funtsezkoa da etengabeko arreta ona izatea, eta antolaketa berdinari eutsi behar zaio, aldatuz gero nahi gabeko disfuntzioak sor daitezkeelako larrialdi batean.

BAME langileak lan-kontratudunak dira, eta haien prestakuntza ez da arrazoia gutxieneko zerbitzurik ez egiteko, izan ere guardia medikoak egitea oso garrantzitsua baita prestakuntzaren ikuspegitik. Izan ere, bere prestakuntza-programetan gutxienez zenbat guardia egin behar dituzten agertzen da.

BAME-ek eman beharreko etengabeko arretaren gutxieneko zerbitzu hori ez da beren ohiko jarduna ez bezalakoa. Ez da beren jarduna areagotzen ospitaleko espezialistak ordezteko. Espezialisten eta BAME-en arteko proportzioa ez da aldatzen.

Hala, langile egoiliarrak funtsezkoak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak egiteko, eta haien prestakuntza premia ez da aitzakia, betiere beren estatutua eta funtzioak errespetatuz.

Funtsezko zerbitzuak zehazteaz ari garenean, erizainei eta fisioterapeutei buruz ari gara, prestakuntzan dauden langileak ere barne, langileen sektore hori baitago grebara deituta.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Greba hau, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizainak eta fisioterapeutak diren langile eta enplegatu publikoek –prestakuntzan daudenak barne– egiten dituzten lan jarduera eta jarduera funtzionarial guztiei eragiten diena, ondoren zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatuz eginen da:

I.–Ospitaleak.

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da.

Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitaleratzea: gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da.

B) Jarduera pautatua duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.

–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.

–Minaren Unitatean etengabeko tratamendua duten pazienteendako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteentzako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko pazienteentzat ere.

–Osasun Mentaleko sareko eguneko ospitaleak.

C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, larrialdietako, Zainketa Intentsiboetako Unitatearen, Erreanimazioaren eta Zainketa Berezien Unitatearen, Zainketa Etengabeko Unitatearen, Kritikoen Unitatearen, Erditzeen Arloaren eta parekagarriak diren beste unitate batzuen jarduera guztia ere bermatuko da.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

E) Arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteendako arreta eta arreta arrunt guztiak bermatuko dira, halakorik bada, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu zentralak.

–Kontsultak.

–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).

F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta pautatuak dituzten pazienteendako arreta bermatuko da.

G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol osagaiak eta ehunak egin eta laginak hartzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornidura egiteko hornitzen diren zentroei, gaitasun logistikoaren %60ra arte gehienez.

II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren arloan, hauxe izanen da lan araubidea:

Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetan:

a) Ohiko lanaldian.

Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), erizaintzako postu bat izendatuko dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.

Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, horrenbeste erizaintzako postu egonen dira, gutxienez ere.

b) Etengabeko arretarako ordutegian.

Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, lan araubidea oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da.

Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:

Oro har, ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.

III.–Osasun mentala.

San Francisco Javier zentroan Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuari atxikita lan egiten dutenen gutxieneko zerbitzuetako langileak jaiegunetan daudenak adina izanen dira.

Osasun Mentaleko Kudeatzailetzaren Osasun Mentaleko Eguneko Ospitaleei eta Osasun Mentaleko Zentroei dagokienez, gutxieneko zerbitzuetako erizaintzako langileak baliabideen jarduera bermatzeko behar direnak izanen dira.

2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau greba batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, zentroetako profesionalen zuzendariei eta profesionalen zerbitzuetako buruei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2023ko otsailaren 24an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

Iragarkiaren kodea: F2303302