49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 22an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Plazaolaren trazadura zaharra berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (Saratsa-Iruña azpitartea)" izeneko proiektuko obrek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, "Plazaolaren trazadura zaharra Iruña-Irurtzun tartean berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala" onetsi zen, Plazaola Turismo Partzuergoak sustatua (2010eko 64. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 26koa). Erabaki hori Gobernuaren 2014ko apirilaren 16ko Erabakiaren bidez aldatu zen, Aitzoain eta Saratsa mugapeetatik igarotzean egin beharreko trazadurari dagokionez (2014ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 29koa), non proiektuaren onura publikoa eta interes soziala deklaratu baitziren, bai eta presakoa zela ere, desjabetzearen ondorioetarako.

Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, aipatutako proiektu sektorialaren beste aldaketa bat onetsi da, Berriobeitiko udalerritik igarotzen den trazadurari dagokionez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak sustatuta.

Proiektu sektorial honen xedea da Plazaolaren trenbide zaharra berreskuratzea, Iruña eta Irurtzun artean, herritarrek aisialdirako erabil dezaten.

Proiektuaren exekuzioa bi tartetan banatu zen: Irurtzun-Saratsa eta Saratsa-Iruña. Saratsa-Iruña tartea egiteke dago, eta 9,650 km inguruko luzera du. Ibilbidean Iruñerriko udal mugarte hauek zeharkatzen ditu: Itza, Berriobeiti eta Berriozar, Iruñeko mugaraino.

Jarduketa hori Nafarroako Turismo-Jasangarritasuneko Planaren barruan dago (ACD Landa eremuko Nafarroa). Plan hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren ekainaren 20ko 93E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen du. Mekanismo hori Kontseiluaren 2020ko abenduaren 14ko 2020/2094 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarri zen (2020/2094 (EB) Erregelamendua, Europar Batasuna Berreskuratzeko Tresna bat ezartzen duena COVID-19aren krisiaren ondoren suspertzen laguntzeko), eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren bidez arautu zen (2021/241 (EB) Erregelamendua, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena).

Proiektua egikaritzeko, ahalik eta lasterren ekin behar zaie obrei, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Europako funts horien finantzaketari buruz hartu dituen konpromisoak bete ahal izateko. Hori dela eta, behar diren lurrak eskuratzeko izapideak arintzeko, beharrezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 2. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. "Plazaolaren trazadura zaharra berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (Saratsa-Iruña azpitartea)" izeneko proiektuko obrek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaez desjabetzeko.

2. Ukitutako ondasun eta eskubide horiek eskuratzeko, gutxi gorabehera 187.252,28 euroko gastua ezartzea, zeina 2023ko gastu-aurrekontuko "SEM, Euroveloren azpiegiturak" izeneko 830000-83000-6010-432100 partidaren kargura ordainduko baita.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau igortzea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzura, Turismoko eta Merkataritzako Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu horretan duen kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2303168