49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

1E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea UHUNen Tuterako Zentro Elkartuaren unibertsitate partzuergoaren estatutuen testu bategina (BP).

Nafarroako Gobernuak, 2022ko abenduaren 28an harturiko Erabakiaren bidez, erabaki zen berrestea "UHUNen Tuterako Zentro Elkartua" unibertsitate partzuergoaren estatutuen aldaketa, Zuzendaritza Batzordearen 2022ko urtarrilaren 26ko erabakiaren bidez onetsia, eta estatutu horien testu bategina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ebazpen hau eta UHUNen Tuterako Zentro Elkartuaren unibertsitate partzuergoaren estatutuen testu bategina (BP), ebazpen honen eranskin gisa agertzen dena.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 9an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

UHUNEN TUTERAKO ZENTRO ELKARTUAREN UNIBERTSITATE PARTZUERGOAREN ESTATUTUAK TESTU BATEGINA (BP)

Zuzendaritza Batzordeak 2016ko abenduaren 14an onetsia.

Zuzendaritza Batzordearen 2022ko urtarrilaren 26ko Erabakiak aldatua.

AURREKARIAK

UHUNeko errektoreak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak eta Tuterako Udaleko alkate udalburuak, Tuteran, 1998ko abuztuaren 26an, izenpetu zuten UHUNeko Tuterako Zentro Elkartua sortu zuen hitzarmena, Tuterako eta eskualdeko herritar guztien hezkuntza eta kultura sustatzea helburu, partzuergoaren figura juridikoa emanda, eta haren estatutuak toki berean eta egun berean onetsi ziren.

Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak, Sektore publikoko arrazionalizazioari eta administrazio erreformarako beste neurri batzuei buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak egindako aldaketek eragin handi samarra izan dute Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta UHUNen eta Zentro Elkartuen arteko hitzarmenen araubideari buruzko uztailaren 21eko 1317/1995 Errege Dekretuan eta bat heldu diren arauetan. Horren ondorioz, ezinbestekoa izan zen –abenduaren 27ko 27/2013 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarria garatuz– partzuergo bat berariaz eratu beharra, figura juridiko horrek,UHUNeko Tuterako Zentro Elkartuari legezko euskarria emateko. Hori guztia, aldi berean, aipatu 1998ko hitzarmenaren hamabigarren estipulazioko aurreikuspena betez. Haren ondorioz, erabaki zen partzuergo horri ematea Zuzendaritza Batzordearen 2016ko abenduaren 14ko erabakiaren bidez onetsitako estatutuak.

Duela gutxi, partzuergoa UHUNen baliabide propio eta zerbitzu tekniko izendatzeko prozesua dela eta, zenbait aldaketa egin behar izan dira estatutu horietan, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen eskakizunetara egokitzeko. Aldaketa horiek Zuzendaritza Batzordearen 2022ko urtarrilaren 26ko erabakiaren bidez onartu ziren. Halaber, erabaki horren bidez, partzuergoaren estatutuen testu bategin hau onetsi zen.

ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Partzuergoaren osaera. Honako kide hauek ditu partzuergoak:

–Nafarroako Gobernua.

–Tuterako Udala.

–Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala.

Partzuergo horretan beste erakunde batzuk sartzen ahalko dira, estatutu hauetan aurreikusitako prozeduraren eta betekizunen arabera.

2. artikulua. Izena. Eratu den entitate publikoa UHUNen Tuterako Zentro Elkartuaren unibertsitate partzuergoa (BP) deituko da.

3. artikulua. Izaera. Partzuergo hau zuzenbide publikoko entitate bat da, bere nortasun juridiko berezitua du, bai eta jarduteko behar duen gaitasuna ere bere helburuak lortzeko, eta 1. artikuluan adierazitako administrazioek eta entitateek eratzen dute, UHUNen eta bere Zentro Elkartuen arteko hitzarmenen araubideari buruzko uztailaren 21eko 1317/1995 Errege Dekretuarekin bat.

4. artikulua. Atxikipena. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 120. artikuluan xedatutakoarekin bat, partzuergoa UHUNi atxikita geldituko da.

5. artikulua. Araubide juridiko orokorra. Aurreko apartatuan aipatu atxikipenaren indarrez, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2.2 c) eta 84.3 artikuluen arabera aplikatu behar zaionez, partzuergo hori:

a) Sektore publiko instituzionalaren parte da, UHUNen bidez.

b) Sektore publiko administratiboan sailkatzen da, Aurrekontuari buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 3. artikuluaren ondorioetarako.

c) Unibertsitate araudiaren menpe egonen da eta, horren ordez eta kontra egiten ez zaion bezainbatean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen edo arlo horretan indarra duen araudiaren eta Estatuko legerian prozedurei eta araubide juridikoari buruz dauden gainerako xedapenen menpe; zein den kasua, Toki Araubideari buruzko legeriaren menpe; eta aplikagarriak diren gainerako aginduen menpe.

Partzuergoa UHUNen baliabide propio eta zerbitzu tekniko izendatzen den unean, partzuergoari ematen ahal zaizkion enkarguen araubide juridiko eta administratiboa UHUNi dagokiona izanen da, atxikipen administrazioa den aldetik, bai eta hark bere eskumenak baliatuta sortutako arau eta akordioei dagokiena ere.

Nolanahi ere, eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 32.2 d) artikuluan ezarritako debekuaren arabera, partzuergoak ezin izanen du parte hartu UHUNek deitutako lizitazio publikoetan; hala ere, lizitatzailerik aurkezten ez denean, lizitazioen xede den prestazioa gauzatzea agintzen ahalko zaio.

6. artikulua. Egintzak aurkaratzeko araubidea. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioko epaitegietan aurkaratzen ahalko dira partzuergoaren egintzak, salbu eta, nolakoa den delako egintza eta, beste auzialdi edo jurisdikzio bat dagokion.

7. artikulua. Iraupena. Partzuergoaren iraupena mugagabea da.

8. artikulua. Partzuergoaren xedea. Partzuergoak UHUNen Tuterako Zentro Elkartuari sostengu ekonomikoa ematea du xede, UHUNen egitura akademikoaren unitatea denez, lagungarri izan dadin Goi mailako Irakaskuntzarentzat eta ingurunearen kultur garapenarentzat, bai eta aipatu helburuekin zuzeneko lotura duten beste jarduera batzuentzat ere, Zuzendaritza Batzordeak hala erabakita.

Partzuergoa UHUNen baliabide propioa (BP) da, xede duena irakaskuntza kudeatzeko eta laguntzeko aplikazio informatikoak garatzen eta mantentzen dituzten zerbitzuak ematea.

9. artikulua. Egoitza soziala. Partzuergoaren helbidea UHUNen Tuterako Zentro Elkartuarena izanen da legezko ondorio guztietarako: Magallón kalea 8; Tutera.

10. artikulua. Zentro Elkartuaren lokalak eta instalazioak.

1. Zentro Elkartua Tuteran dago kokatua, "San Adriango Markesaren jauregia" izeneko eraikinean; UHUNek aldez aurretik ikuskatu eta ontzat eman ditu lokalak. Lokal horiek, Zentro Elkartuarentzat baino ez direnek, indarra duen araudiak oro har eskatzen dituen espazio eta instalazio egokiak dauzkate.

2. Tuterako Udalak bere egiten du Zentro Elkartuari lokal egokiak emateko betebeharra.

Erantzukizun hori betez, estatutu hauen bitartez, Udalak aurreko puntuan adierazitako lokalen erabilera dohainik lagatzen du hitzarmenaren 4. artikuluan ezarritako eperako, Tuterako UHUNen Zentro Elkartua sortzeko. Aipatu instalazioak lagatzekotan, UHUNek bertan burutu beharko ditu bere jarduerak, hezkuntzakoak zein administrazio arlokoak izan; ezin izanen du alde batek inoiz lagapen hori errebokatu edo aldatu, ez eta partzuergoaren salaketa, banantze edo azkentzearen ondorioz ere, horrek jarraitzen badu edo UHUNek, bideragarritasun ekonomikoari buruzko presazko azterlan baten ondoren, eskualdean unibertsitate jarduerak bere kontura jarraitzea erabakitzen badu.

3. Unibertsitateak Zentro Elkartuak erregulatzeko duen araudian zehazten duen gutxieneko azpiegitura izan beharko du Zentro Elkartuak.

Zentroaren beharrek lokalak handitzera behartuz gero, berriek, betiere, Unibertsitatearen aldez aurreko onespena izan beharko dute. UHUNeko organo eskudunek baimendu beharko dute zentroaren kokalekuan egiten den edozein aldaketa, bai eta hezkuntza prestazioren bat ematen den lekuan egin daitezkeen aldaketa partzialak ere.

4. Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu eraikina edo lokalak (fatxadak, zimenduak, etab.) birgaitu, konpondu edo hobetzeko gastuak, barreneko obrak, edozein izanik ere (trenkadak, zoruak, sabaiak, argia, ura, berokuntza, etab.), azpiegitura teknikoari dagozkionak barne, etab. Eta hori, partzuergoko beste kide batzuek eman ditzaketen diru-laguntza bereziak galarazi gabe.

11. artikulua. Lurralde eremua. Zentro Elkartuaren lurralde eremuak Tutera eta bere eskualdea hartzen ditu, bai eta ondoko beste eskualde batzuk ere, ohikoa den moduan.

Zentro Elkartuak, Gobernu Kontseiluak onetsitako onarpen arauei jarraituz, konpromisoa hartzen du, bere lurralde eremuan bizi izanik, zentroak ematen dituen karrera eta ikasketak egiten dituzten ikasle guztiak onartzeko. Beste eskualde batzuetako ikasleak ere onartu beharko ditu, Unibertsitateak hala eskatuta eta zentroan haiei arreta emateko baliabide eta bitarteko nahikoa daudenean.

Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak gelak sortzea proposatzen ahalko dio Unibertsitateari, Zentro Elkartuak egoitza duen eskualdean bizi ez diren ikasleei ikasketak emateko. Unibertsitateak aldez aurretik baimendu beharko ditu gela horiek. Zer irakaskuntza ematen den eta hartarako dagoen aurrekontua adierazi beharko dira Zuzendaritza Batzordeak gelak ezartzeko izenpetu eta onesten dituen hitzarmenetan.

II. KAPITULUA

Partzuergoaren gobernua

12. artikulua. Partzuergoaren gobernua. Organo hauei dagokie partzuergoaren gobernua:

–Zuzendaritza Batzordea.

–Zuzendaritza Batzordeko burua.

–Zuzendaritza Batzordeko buruordea.

13. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Osaera. 10 kidek osatuko dute Zuzendaritza Batzordea, uztailaren 21eko 1317/1995 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera:

a) UHUNen hiru ordezkari.

b) Nafarroako Gobernuaren bi ordezkari.

c) Tuterako Udalaren ordezkari bat.

d) Zentroko zuzendaria.

e) Zentroko irakasle tutoreen ordezkaria.

f) Zentroko ikasleen ordezkaria.

g) Zentroko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkaria.

Zentro Elkartuaren idazkariak beteko ditu idazkari lanak, hizpidea duela baina botorik ez.

Zuzendaritza Batzordeko kideren batek ezin badu programatutako bilera batean parte hartu, bere ordezkaria izendatzen ahalko du, hura ere hizpidea eta botoa dituela.

2. Eginkizunak. Zuzendaritza Batzordeak bere eginen ditu dagozkion ahalmenak UHUNen Tuterako Zentro Elkartuko unibertsitate partzuergo titularraren zuzendaritza, administrazio eta ordezkaritza organo gisa hirugarrenen aurrean eta, besteak beste, eskumen hauek izanen ditu:

a) Partzuergoaren funtzionamendua arautzen duten estatutuen aldaketa proposatzea; betiere, partzuergoko erakundeek onetsi beharko dute.

b) Beste entitate batzuen sarrera onestea.

c) Gelak sortzea proposatzea UHUNi, hark baimen ditzan.

d) Ikasketa berriak, arautuak eta arautu gabeak, zentroan ezartzea erabakitzea, indarra duen legerian xedatzen denari jarraituz; aurrekontuan sartu beharreko gastua ere onetsiko du ikasketa arautu berriak ezartzeko.

e) Dirulaguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei, publikoak edo pribatuak izan, bai eta laguntzak edo bekak ere ikasleei, bere helburuen esparruan.

f) Urteko aurrekontua eta bere likidazioa, kontuen egoera eta urteko memoria onestea, eta UHUNi igortzea, ekitaldi itxierako inbentarioarekin batera.

g) Gastu bereziak eta partzuergoko ente bakoitzak eginen duen ekarpena onestea; printzipio orokor gisa, bakoitzaren ahalbideen arabera banatuko da; hori, kasu bakoitzean bidezkoa den berrespena galarazi gabe.

h) Zentro Elkartuaren ondasunak eta eskubideak eskuratu, erabili, administratu eta besterentzea; betiere, fundazioaren borondatea eta helburuak aldatu gabe.

i) Zentro Elkartuaren jardueretatik heldu diren edozein eratako eskubideak edo diru-sarrerak onestea, UHUNen arauekin bat.

j) Zentro Elkartuaren barne araudiaren erregelamendua aldatuz gero, hura onestea, UHUNeko Gobernu Kontseiluak ezarritako irizpideei jarraituz.

k) Partzuergoaren obra eta zerbitzuen plan eta proiektuak onestea; orobat, haien kontratazioa, aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritako mugak gainditzen direnean, eta hura kudeatzeko araubidea zehaztea.

l) Zuzendaritzako, administrazioko eta zerbitzuetako langileekiko kontratuen sinadura erabakitzea, UHUNi, berariazko erregelamentazioa dela eta, dagozkion ahalmenak galarazi gabe.

m) Zentro Elkartuko langileen kopurua eta haien baldintza ekonomikoak eta lanekoak finkatzea, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 121. artikuluan edo horren gainean indarra duen araudian xedatutakoaren ondorioz sor daitezkeen mugekin.

n) Irakaskuntza plana urtero onestea, zentroko zuzendariak proposatuta.

o) Urtero, Zentroko zuzendariak proposatuta, Zentro Elkartuan irakatsiko duten irakasle-tutoreen plazak zehaztea urteko irakaskuntza planean oinarrituta, eta haiek aukeratzeko deialdiak egitea, Gobernu Kontseiluak ezarritako irizpideei jarraituz; orobat, Zentro Elkartuko irakasle-tutoreen izendapena proposatzea.

p) Zentro Elkartuaren eta haren geletako jarduerak kontrolatu eta fiskalizatzea.

q) Erabaki egokiak hartzea, hala badagokio, ziurtatzeko partzuergoak UHUNen baliabide propio gisa jasotzen dituen enkarguak, nahitaez bete beharrekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 32.2 a) artikuluak eskatutakoaren arabera, gauzatzen direla bat etorriz UHUNek berak alde bakarretik ezarritako jarraibideekin.

r) Zuzendaritza Batzordeko burua eta buruordea izendatzea.

s) Partzuergoa desegitea eta haren likidazioa egitea.

Zuzendaritza Batzordeak bere ahalmenetakoren bat delegatzen ahalko du egintza jakin batzuetarako, berariazko erabakia hartuta. Betiere, delegaezinak dira onetsiak izateko quorum berezia edo partzuergoko kideen berrespena behar duten erabakiak, edo aurrekontuaren nahiz finantza kontrolaren arlokoak direnak.

3. Funtzionamendu araubidea. Zuzendaritza Batzordeak bilkura arrunt bat, gutxienez ere, eginen du urtean; horretarako, gutxienez ere, 10 egun baliodun lehenago eginen die deia kideei, edo 48 ordu baliodun lehenago, deialdia berezia bada.

Zuzendaritza Batzordearen eraketak balioa izan dezan, hura osatzen duten kideen gehiengo osoa beharko da lehen deialdian; aldiz, bigarrenean, batzordeburuak (edo ordezkoak) eta bi kidek bederen beharko dute agertu.

4. Gehiengo kualifikatuen kasuak. Hurrengo erabakiak hartzeko, partzuergoko Zuzendaritza Batzordean boto eskubidea duten kideen gehiengo osoak haien alde emandako botoa beharko da:

a) Partzuergoaren estatutuak erredaktatzeko edo aldatzeko proposamena, hitzarmena sinatzen duten erakundeek berretsi beharko dutena.

b) Ekarpenen araubide arrunta aldatzeko eta ekarpen edo erantzukizun ekonomiko bereziak onesteko.

c) Zentro Elkartuaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendua edo partzuergoak sortzen dituen beste batzuk onesteko eta aldatzeko.

d) Gelak sortzeko.

e) Urrutiko beste irakaskuntza batzuk, karrerak eta ikasketa berriak ezartzeko.

f) Finantza eragiketak edo kreditukoak onesteko, haien zenbatekoak baliabide arrunten %25 gainditzen duenean.

g) Partzuergoa desegiteko edo haren likidazioa egiteko.

5. Erabakiak berrestea. Partzuergoko erakundeetako gobernu organoek berretsi beharko dituzte hasierako borondatea aldatzen duten erabakiak eta ekarpen edo erantzukizun ekonomiko berezia eskatzen dutenak eta, bereziki, aurreko apartatuko a), b), f) eta g) letretan adierazitakoak, baldintza hori gabe ez baitute baliorik izanen.

14. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko burua. Zuzendaritza Batzordeak hautatuko du bertako burua Zentro Elkartua finantzatzen duten erakundeetako kideen artetik, eta eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Partzuergoaren legezko ordezkaritza eta ordezkaritza instituzionala.

b) Bilkuretarako dei egin, haien buru izan, eta haiek moderatu, eten eta amaitzea. Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

c) Legeak betetzen direla ziurtatzea, idazkariari dagozkion betebeharrak galarazi gabe, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluari edo arlo horretan indarra duen araudiari jarraituz.

d) Partzuergoaren jarduerak gainbegiratu eta bultzatzea.

e) Partzuergoaren jardueraren ikasketez bestelako alderdiak gainbegiratzea, UHUNi bere organo eta unitateen bidez jarduera akademikoaren arloan gidatu, gainbegiratu, koordinatu eta bultzatzeko dagozkion eskumenak galarazi gabe.

f) Zuzendaritza Batzordeak berariaz haren esku utzitako gainerako eginkizun eta ahalmenak baliatzea.

15. artikulua. Buruordea. Buruordea batzordeburuaren ordez ariko da, kargua hutsik dagoenean edo hura kanpoan edo eri dagoenean, bai eta hark jarduketa jakin batzuk bere esku uzten dizkionean ere. Zuzendaritza Batzordeak berak erabakitzen duen erakundeko ordezkaria izanen da Zuzendaritza Batzordeko buruordea.

III. KAPITULUA

Araubide finantzarioa eta ekonomikoa

16. artikulua. Finantzaketa.

1. Araubide juridikoa. UHUNi aplikatzen zaiona izanen da UHUNen Tuterako Zentro Elkartuaren aurrekontu, kontabilitate eta kontrol araubidea, hari atxikita dagoenez, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan edo arlo horretan indarra duen araudian aurreikusitakoa bete beharra galarazi gabe. Betiere, urteko kontuen auditoria eginen da, UHUNen Estatutuen 237. artikuluaren arabera, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 122.3 artikuluari dagokionez; bestela, arlo horretan indarra duen araudiaren arabera. Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiaren ardura izanen da auditoria hori.

Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak bere eginkizunak baliatuz egiten dituen txostenak aipatu urteko kontuei erantsi eta UHUNi igorriko zaizkio, bereei gehitzeko, Zuzendaritza Batzordeak ezar dezakeen kudeaketa araubidea galarazi gabe.

2. Urteko aurrekontua. Partzuergoak konpromisoa hartzen du Zentro Elkartuaren funtzionamenduaren urteko aurrekontu arruntari dagozkion gastu guztiak finantzatzeko, hau da, langile, beka, lokal, eraikin, instalazio eta materialen gastu guztiak; irakasle-tutoreen eta zentroko bestelako langileen joan-etorrietakoak, Unibertsitateak antolatutako bileretara joateko, eta Unibertsitatearen Departamentuetako irakasleen joan-etorrietakoak mintegi eta topaguneetan parte hartzeko Zentro Elkartuaren barrenean; orobat, bekak eta zentroaren aurrekontu arruntean esleitutako beste edozein gastu.

Partzuergoko entitateak urtero behartuta daude haien aurrekontu arruntetan sartzera zentroko gastu guztiak diruz laguntzeko beharrezkoak diren partidak.

3. UHUNetik datorren finantzaketa arrunta. Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Estatuko ordenamenduan (gaur egun, uztailaren 21eko 1317/1995 Errege Dekretuan) eta UHUNen Estatutuetan eta gainerako araudi berekian Zentro Elkartuentzat aurreikusitako diru ekarpena eginen du. Finantzaketa hori, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 2.2 artikuluaren arabera, ez da sartuko aipatu legearen aplikazio eremuan.

4. Partzuergoko gainerako erakundeetatik datorren ohiko finantzaketa. Urteko aurrekontua hornitu arte Zentro Elkartua finantzatzen duten gainerako erakundeek konpromisoa hartzen dute beren diru ekarpenak urtero eguneratzeko, Zuzendaritza Batzordeak onetsitako irizpideari jarraituz. Ondorio horietarako, Zentro Elkartuaren azken aurrekontuan esleitutakoaren aldean berrikusiko da ekarpen hori.

Tuterako Udalak ez du parte hartuko zentroaren urteko finantzaketa arruntean; alabaina, hitzarmenak egiten ahalko ditu helburu puntual eta berariazkoekin, eta haietan finantzaketa berezirako ekarpenak egin.

Aurrekontu ekitaldiaren hasieran egin beharko dira artikulu honetan aurreikusten diren ekarpenak eta, betiere, ezarritako epeak bukatu baino lehen.

Beste entitate bat partzuergoan sartuz gero, erabakia eskatuko zaio Zuzendaritza Batzordeari, haren ekarpen arruntaren zenbatekoa zehatz dezan.

5. Bestelako finantzaketa. Partzuergoak aurreko paragrafoetan aurreikusitakoei gehitzen zaizkien ekarpenak hartzen ahalko ditu partzuergoko entitateetatik edo hirugarrenengandik, eta haien helburuetara bideratuko dira.

6. Matrikulakoez gain, bestelako nahitaezko ordainketak ikasleei ezartzeko debekua. Zentro Elkartuak ezin izanen du diru kopururik hartu Unibertsitatean matrikulatuta dauden ikasleengandik ikasketa arautuen kontura, ez eta inolako jarduera osagarririk ezarri ere, haiengatik zerbait ordaindu behar badute. Bestetik, ezin izanen da inolako loturarik egon zentroaren eta ikasleei irakaskuntza ematen dieten beste entitateen artean, non ez dagoen UHUNen berariazko baimenik aldez aurretik.

17. artikulua. Partzuergoaren ondarea.

1. Partzuergoa estatutu hauei eranskin gisa gehitutako ondarearen titularra izanen da; gainera, bere ondasunak eskuratu, eduki, administratu, kargatu eta besterentzen ahalko ditu administrazio publikorako ezarritako araudiari jarraituz, UHUNi aplikatzeko modukoa den heinean.

2. Partzuergoa osatzen duten entitateek ekartzen dituzten ondasunak ez dira partzuergoaren ondaretzat hartuko, non ez duten jabetza eskualdatuta.

Bereziki, partzuergoko entitate edo administrazioetako baten jabetzakoak diren ondasun higiezinek, partzuergoaren esku utziz gero, jatorrizko administrazioaren edo entitatearen titulartasuna izaten jarraituko dute, non ez den berariaz besterik erabakitzen.

18. artikulua. Partzuergoaren diru-sarrerak.

Hauexek izanen dira partzuergoaren diru-sarrerak:

a) Zuzenbide pribatuko diru-sarrerak.

b) Zerbitzuak ematearen ondoriozko diru-sarrerak, bere eskumeneko jarduerak egitearen ondoriozkoak, alegia.

c) Kredituko eragiketen ondoriozkoak.

d) Edozein eratako diru ekarpen arruntak eta bereziak, partzuergoko entitateetatik edo beste entitate publiko batzuetatik heldu direnak.

19. artikulua. Gastuaren kudeaketa.

1. Barne araudia. Zuzendaritza Batzordeari dagokio gastuaren prozedura eta kudeaketarako barne arauak onestea, eta haren faseak erregulatzea, bai eta aurrekontuko aldaketen araubidea ere; hori guztia, aplikatzen den araudi orokorrari jarraituz eta hurrengo apartatuan xedatutakoa betez.

2. Gastuetarako baimena eta konpromisoa. Zuzendariak aurrekontuaren %5etik beherako zenbatekoa duten gastuak baimentzen ahalko ditu, eta haien konpromisoa hartu, zentroko idazkariaren edo administratzailearen sinadura mankomunatua duela.

Zuzendaritza Batzordeari dagokio kopuru hori gainditzen duten gastuen konpromisoa hartzea eta haiek baimentzea.

20. artikulua. Eraginkortasun kontrola eta etengabeko gainbegiratzea. UHUNek eraginkortasun kontrolaren menpe jarriko du partzuergoa, eta etengabe gainbegiratuko du, –nola ezartzen duen hark barne araudian, haren arabera– Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak kasu bakoitzean egin ditzakeen auditoriak galarazi gabe.

Horretarako, UHUNek edozein unetan egiten ahalko ditu ikuskapenak edo auditoriak zentroan.

Zentroa urtero behartua egonen da UHUNi ikasturtean egindako jarduerei buruzko memoria igortzera, bai eta bere aurrekontua, likidazioa eta UHUNek eska ditzakeen gainerako dokumentuak ere, eta hori horretarako oro har ezartzen diren epeen barrenean. Dokumentazio hori UHUNek ezartzen dituen ereduei beharko zaie lotu.

IV. KAPITULUA

Zentro Elkartua

21. artikulua. Zentroaren gobernua eta administrazioa.

1. Onetsita dagoen antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamenduan ezarritakoari lotuko zaio zentroaren gobernua eta administrazioa.

2. Zuzendaritza Batzordearen menpe egonen da zentroaren barne araubidea, eta hark antolaketaren eta funtzionamenduaren indarreko erregelamenduari jarraituko dio, UHUNeko Gobernu Kontseiluak ezarritako jarraibideei loturik. Irakasle-tutoreek, ikasleek eta AZLkoek kide anitzeko organoetan behar duten parte-hartzea izatea segurtatuko du erregelamenduak.

22. artikulua. Zuzendaria. Zentro Elkartuak zuzendaria izanen du, errektoreak izendatua Zuzendaritza Batzordearen iritzia entzun ondoren eta UHUNen araudiak ezarritako baldintzak eta prozedura bete ondoren. Agintaldia lau urtekoa izanen da eta ezin izanen da berritu.

Zuzendariak bermatuko du zentroaren legezkotasuna, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan edo arlo horretan indarra duen araudian xedatutakoaren arabera idazkariarenak diren eskubideak galarazi gabe, ez eta Zuzendaritza Batzordeko buruarentzat 14. artikuluan ezarritakoa eta beste organo batzuei berariaz dagozkien eskumenak ere.

23. artikulua. Zuzendariaren eginkizunak.

Besteak beste, zentroaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamenduan jasota dauden eskudantzia hauek zuzendariari dagozkio:

a) Zentro Elkartuaren legezko ordezkaritza eta ordezkaritza instituzionala baliatzea.

b) Zentro Elkartuaren funtzionamendu arrunterako beharrezkoak diren neurri akademiko, ekonomiko eta administratibo guztiak hartzea eta, lehenbailehen, haien berri ematea Zuzendaritza Batzordeari.

c) Zentroko Zuzendaritza Kontseilua eta Klaustroa biltzeko dei egin eta haietan buru aritzea.

d) Zentroaren jarduera gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

e) Zentroko gobernu organoen edo Zuzendaritza Batzordearen erabakiak bete eta betearaztea.

f) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontuen proiektuak prestatzea, Zuzendaritza Batzordeak onets ditzan, bidezko bada.

g) Organo eskudunei zerga ekitaldi bakoitzeko kontabilitate eta aurrekontu likidazioa aurkeztea, haiek onets ditzaten bidezko bada.

h) Irakasle-tutoreek beren eginbeharrak betetzen dituztela gainbegiratzea.

i) Zentroko langileen buru izatea.

j) Zentroko jarduerei buruzko urteko memoria nola prestatzen den gainbegiratzea, eta gero organo eskudunei aurkeztea.

k) Eskudiruaren gaineko xedapenak, sinadura mankomunatuarekin, Zuzendaritza Batzordeak ezartzen dituen moduan eta kopurutan.

l) UHUNen baliabide propioa eta zerbitzu teknikoa den aldetik, partzuergoak jasotzen dituen enkarguak gauzatzea, UHUNek bere aldetik ezarritako jarraibideen arabera, eta egiten den bilera bakoitzean Zuzendaritza Batzordeari jasotako enkargu berriak, gorabehera nagusiak eta gauzatze-egoera jakinaraztea.

24. artikulua. Zuzendariordeak edo zuzendari albokoak. Zentroak zuzendariorde edo zuzendari alboko baten baino gehiagoren laguntza izaten ahalko du; haien eskudantziak, izendatzeko prozedura edo izendapenak Zentroaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamenduan zehaztuta egonen dira.

25. artikulua. Idazkaria. Zentro Elkartuak idazkari bat izanen du; zuzendariaren konfiantzazko kargua denez, hark izendatuko du eta kenduko du kargutik, eta hark emanen dio izendapenaren berri Zuzendaritza Batzordeari eta UHUNen Zentro Elkartuetako Errektoreordetzari. Zentro Elkartuko idazkaria partzuergoko Zuzendaritza Batzordearena ere izanen da, eta haren bileretara joanen da, hizpidea duela baina botorik ez.

26. artikulua. Administratzailea. Zentroak administratzaile bat izaten ahalko du. Zentroaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamenduan zehaztuta egonen dira hura izendatzeko prozedura eta bere eskudantziak.

27. artikulua. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak. Kudeaketa administratiboari eta ekonomikoari arreta egiteko beharrezkoak diren administrazioko eta zerbitzuetako langileak izanen ditu Zentro Elkartuak, segurtatua izan dadin zentroaren behar bezalako funtzionamendua.

Langile horiek partzuergoko administrazio eta entitateetatik bakarrik aterako dira. UHUNen araubide juridikoa izanen dute, eta haien ordainsariak ez dira inoiz hartan lanpostu baliokideentzat ezarritakoak baino handiagoak izanen.

Salbuespen gisa, bete beharreko eginkizunen berezitasuna kontuan hartuta partzuergoan parte hartzen duten administrazioetako langileekin aritzea ezinezkoa denean, Zuzendaritza Batzordeak baimena ematen ahalko du partzuergoak langile horien zuzeneko kontratazioa egin dezan aipatu eginkizunak betetzearren.

Partzuergoko administrazio eta entitateetakoak izan gabe lehendik dauden langileek beren enplegu araubideari eusten ahalko diote, urriaren 1eko 40/2005 Legean edo arlo horretan indarra duen araudian ezarritakoaren aurkakoa ez den heinean.

Zuzendaritza Batzordeak protokolo bat onetsiko du, langileen kontratazioan jarraitu beharreko prozedura ezartzearren.

V. KAPITULUA

Araubide akademikoa

28. artikulua. Jarduera akademikoa. Irailaren 8ko 1239/2011 Errege Dekretuaren bidez onetsita dauden UHUNen estatutuen 67. artikuluarekin bat, Zentro Elkartua haren egitura akademikoaren unitate bat da.

Horrenbestez, haren jarduera akademikoa UHUNeko araubidearen menpe dago eta, zehazki, haren estatutuetan Zentro Elkartuei dagokienez dauden aurreikuspenen menpe, bai eta UHUNeko Gobernu Kontseiluaren, fakultate eta eskola batzordeen, departamentuen, irakaskuntzaz arduratzen diren irakasleen eta gainerako organoen arau eta jarraibideen menpe ere, zein bere eskumen eremuaren barrenean.

29. artikulua. Irakasle-tutoreak.

1. Bere irakaskuntza lanak burutzeko, Zentro Elkartuak irakasle-tutoreak izanen ditu.

2. Irailaren 25eko 86/3005 Errege Dekretuan edo horren ordezko legerian ezarritakoa izanen da irakasle-tutoreen eta Zentro Elkartuaren arteko lotura.

3. Indarra duen legeriak aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte irakasle-tutoreek eta UHUNeko errektoreak izendatuko ditu.

4. Lehiaketaren baldintzak eta tutoreen hautaketa UHUNeko Gobernu Kontseiluak emandako xedapen eta arauen araberakoak izanen dira, eta bat etorriko dira indarra duen legerian xedatutakoarekin.

5. Irakasle-tutoreek UHUNek finkatutako gutxieneko ordu kopuru bat bete beharko dute, eta bateraezintasunei buruzko legeria errespetatu.

6. Irakasle-tutoreak izendatzeko, ezinbestekoa izanen da izangaiek konpromisoa idatzita hartzea, UHUNetik dagokion Departamentuak dei egiten dituen bileretara agertzekoa; ahal dela, bideokonferentzia bidez. Irakasle-tutoreak ez dira bi bileratan baino gehiagotan agertzera behartuta egonen ikasturte bakoitzean.

7. Irakasle-tutoreek ezin izanen dute inolako irakaslanik egin UHUNeko ikasleekin Unibertsitateak baimenduta ez dauden zentroetan. Zentro Elkartuak behar dena eginen du debeku hori errespetatzeko.

30. artikulua. Liburutegia zerbitzua. Zentroak liburutegi zerbitzua segurtatuko die ikasleei. Zentroak berak zuzeneko kudeaketa eta banaketa eginez ematen ahalko du zerbitzu hori, edo UHUNeko Liburutegi Birtualaren bidez; kasu horretan, behar diren estekak erantsiko ditu bere web orrian.

Hirugarrenekiko itunak edo kontratuak tarteko, zerbitzua beste kudeaketa formula batzuen bidez emanez gero, ezin izanen da haien luzapenik egin.

31. artikulua. Kultur jarduerak eta unibertsitate-hedapenekoak.

1. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak ezarritako arauei lotuko zaie Zentro Elkartuan antolatzen diren unibertsitate-hedapeneko era guztietako jardueren programazioa. Edozein kasutan, Zuzendaritza Batzordeak onetsi beharko ditu horrelako jarduerei dagozkien aurrekontuak.

2. Gobernu Kontseiluak onetsitako programa bereziak edo onesten dituenak burutuko ditu zentroak erakunde publikoekiko (espetxeak, espezializazio programak...) akordioetatik heldu diren espezializazio ikastaroak emateko. Orobat, irakaskuntza irekien programak eta irakasleak prestatzekoak bultzatuko dituzte.

VI. KAPITULUA

Partzuergotik banantzea eta partzuergoa desegitea

32. artikulua. Banantzeko eskubidea. Edozein alderdik erabiltzen ahalko du banantzeko eskubidea, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 125. artikuluan edo arlo horretan indarra duen araudian aurreikusitako moduan. Banantzeko eskubidea erabili arren partzuergoa desegiten ez bada, aipatu legearen 126. artikuluan gaur egun xedatutakoari jarraituko zaio.

33. artikulua. Partzuergoaren desegitea.

1. Partzuergoa hurrengo arrazoietako batengatik deseginen da:

a) Lege xedapenez.

b) Bere helburu eta xedeak bete ezinagatik.

c) Baliabide ekonomikoen eskasiagatik.

d) UHUNeko edo beste edozein kidek banantzeko eskubidea erabilita, salbu eta azken kasu honetan UHUNek jarraitzea erabakitzen badu banandu nahi ez duten kideekin, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 127. artikuluan edo arlo horretan indarra duen araudian aurreikusitako baldintza eta ondorioekin.

2. Partzuergoa deseginez gero, entitate bakoitza bere plantillatik Zentro Elkartuari atxikita dituen langileen erantzule eginen da.

3. Hauxe izanen da ondasun inbentariagarrien destinoa: entitate fundatzaile bakar batek jarriak badira, hari itzuliko zaizkio besterik gabe eta, ente publikoa bada, desafektatuta geldituko dira. Zenbait entitatek jarriak badira eta multzo banaezina osatzen badute, balio handieneko zatia jarri duenari dagozkio, baina kalte-ordaina eman beharko die gainerakoei; hain zuzen ere, haien ekarpenen balioaren zenbatekoa, likidazio unean eguneratua. Betiere, desafektatutzat joko dira.

4. Dena dela, partzuergoko entitateek Zuzendaritza Batzordea desegitea erabaki baino lehen, UHUNeko Gobernu Kontseiluak, eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak ikusita eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko txostena egin ondoren, administrazio eta irakaskuntza arloko jarduerekin jarraitzen ahalko du Zentro Elkartuan, gastu guztiei aurre egiten ahal diela uste badu.

Xedapen gehigarria.–Genero berdintasuna. Genero berdintasunaren balioarekin bat, erregelamendu honetan, gaztelaniaz, karguei, postuei eta pertsonei buruz egiten diren aipamenetan, genero maskulinoaren forma erabiltzen denean, gizonezkoei eta emakumezkoei aplikatu behar zaizkiela ulertu behar da.

Azken xedapenetako lehena.–Estatutu hauek berariaz itundua betetzera behartzeaz gain, izaeraren arabera fede onekoak diren ondorioak betetzera ere behartzen dute, bai eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala arautzen duten Estatutuen ondorioak ere.

Azken xedapenetako bigarrena.–Estatutu hauek jarriko dira indarrean 13.5 artikuluan eskatutako azken berrespen-egintza gertatzen den egunaren biharamunean.

Iragarkiaren kodea: F2300536