49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

168E/2023 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, "Dirulaguntzak, espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoetako enpresentzat, 30 urtetik beherako langabeak kontratatzeagatik" deialdiaren gastua baimentzen duena. DDBN identifikazioa: 674092.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, horien oinarri arautzaileak 2023. urtea baino lehen onetsita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoetako enpresetan 30 urtetik beherako langabeen kontratazioak sustatzeko dirulaguntzen gastua baimentzea 2023. urterako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 4ko 2188/2017 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza batzuk arautu ziren espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoetako enpresetan 30 urtetik beherako langabeen kontratazioa sustatzeko asmoz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea, 2023ko Gastuen Aurrekontuaren kargura, espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoetako enpresetan 30 urtetik beherako langabeen kontratazioak sustatzeko dirulaguntzen gastua, 500.000 euro, hain zuzen, 2023ko Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura: "Enpresek gazteak kontratatzeko pizgarriak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 4709 241205 partida. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 4ko 2188/2017 Ebazpenaren bidez arautu ziren. DDBN: 674092.

2. 125.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 10ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2302279