49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

11/2023 FORU DEKRETUA, otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sariak arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateak erabateko eskumena du gazteentzako politikaren arloan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Eskumenen esleipen horren babespean, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legea onetsi zen, xede duena gazteei zuzenduriko politika publiko berdinzaleak arautzea gazteen autonomia errazteko eta sustapen eta parte-hartze sozialerako eta norberaren garapenerako baldintza egokienak bermatzeko, hori guztia herritar gazte konprometituak, arduratsuak, osoak eta aktiboak lortzeko bidean aurrera egin nahian. Lege horren 6.4 artikuluak dioenez, "gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, baldin eta lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Gazteriaren arloko sari eta golardoak emanen dira horretarako".

Apirilaren 6ko 125/1998 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sariak sortu ziren eta horiek emateko funtsezko araubidea ezarri zen. Geroztik, sari horiek urtero-urtero eman izan dira, gaur egun arte.

Azterturik azken edizioetan bildutako eskarmentua eta Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren etengabeko bilakaera, beharrezkoa da sariak birplanteatzea, haiek emateko prozedura malgutuz eta arinduz, baina errespetatuz gazteriaren garapenaren alde (alderdi ezberdinetan) beren denbora eta ahalegina eskaintzen duten pertsona eta entitateen aitortza soziala egiteko izaera. Hori guztia, gazteek gizartean duten balioa agerian uzteko eta gizarteak berak gazteen ekarpenen berri emateko modu gisa.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko otsailaren hogeita bian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sariak emateko araubidea ezartzea. Sari horiek Nafarroako Foru Komunitateak gazteriaren arloan duen aintzatespen handiena dira.

2. artikulua. Helburua.

Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sarien helburua da pertsona, elkarte, erakunde eta entitate publiko eta pribatuek Nafarroako gazteen parte-hartze soziala, autonomia eta bizi-kalitatea bultzatzeko asmoz egindako ibilbide, lan eta jarduera nabarmenak aitortzea.

3. artikulua. Hautagaitzak.

Erakundeek, entitateek, elkarteek eta edozein pertsona fisikok edo juridikok aurkezten ahalko dituzte hautagaitzak. Hautagaitzarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non hautagaiaren merezimenduak alegatuko diren.

4. artikulua. Sariak emateko prozedura.

1. Gazteria Sarietarako deialdia urtero eginen da, gazteriaren arloan eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez, eta sariak Nafarroako Gazteriaren Institutuak emanen ditu, zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez.

2. Gazteria Sarietarako deialdia egiteko foru aginduan sarien kategoriak, hautagaitzak aurkezteko epea eta emateko prozedura zehaztuko dira.

3. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bidez izendatuko duen batzorde tekniko batek aztertuko du jasotzen diren proposamenen egokitasuna, foru dekretu honen 5. artikuluan zehaztutako irizpide orokorrei eta deialdiaren oinarriak onesten dituen foru aginduan kategoria bakoitzerako ezartzen diren irizpide espezifikoei dagokienez, eta baztertu eginen ditu irizpide horiek betetzen ez dituzten proposamenak.

4. Egokitasun irizpideak betetzeagatik batzorde teknikoak ontzat ematen dituen hautagaitzen artean proposatuko dira saridunak. Horretarako, aholku batzorde bat eratzen ahalko da, gizonen eta emakumeen presentzia orekatua izanen duena. Batzorde horretako kideak Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko ditu, ebazpen baten bidez, eta norberaren izenean edo gazteen gizarte esparruan diharduten erakundeen ordezkari gisa parte hartuko dute. Herri bozketa bat ere egiten ahalko da, kasu horretan ere batzorde teknikoak onartutako proposamenetatik saridunak aukeratzeko.

5. Aholku batzordearen funtzionamendu arauak edo herri bozketan jarraitu beharreko prozedura, kasua zein den, deialdiaren oinarriak onesten dituen foru aginduan ezarriko dira.

6. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, ofizioz edo aholku batzordeak proposatuta –batzorde hori izendatzen bada–, zilegi izanen du sariak eman gabe uztea, edozein kategoriatan.

5. artikulua. Irizpideak.

Gazteria Sariak emateko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Gizarte konpromisoaren ikuspegitik garrantzi handiko ekintza puntualak egitea.

2. Gizarte esparruan eta boluntario gisa egindako lana.

3. Kultura eta diziplina artistikoak erabiltzea balioak transmititzeko.

4. Ingurumenarekiko errespetua sustatzen duten jarduketak egitea.

5. Zientziaren eta teknologiaren esparruan garatutako ekimenak edo jarduketak.

6. Giza eskubideen arloan garatutako ekimenak edo jarduketak.

7. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egindako lan nabarmena, bai eta emakumeen eta nesken ahalduntzearen alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioaren alde egindakoa ere.

8. Sexu-aniztasunaren, genero-adierazpenaren eta sexu- edo genero-identitatearen aldeko lana eta gai horiekiko errespetua bultzatzea, eta LGTBIfobiagatiko jarrera diskriminatzaileen aurka borrokatzea.

9. Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka eta kulturen arteko bizikidetza hobetzearen alde garatutako ekimenak edo jarduketak.

10. Ekimen eta ekintza eredugarriak dituzten ibilbideak, aitortza publikoa merezi dutenak, bai baloreen aldetik izan duten garrantzi eta oihartzunagatik, bai eta Nafarroaren irudia nazioartean roiektatzeagatik ere.

11. Ikasketetan emaitza akademiko nabarmenak lortzea.

12. Proiekzio publikoa izatea Nafarroan edo Espainian.

13. Artikulu honetako aurreko ataletan adierazitako jarduerak sustatzen emandako urteak.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratzen dira, bai Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sariak sortzen dituen apirilaren 6ko 125/1998 Foru Dekretua, bai eta foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko arau guztiak ere.

Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.

Gazteriaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2303164