45. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: "Laguntzak, irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera eta presentzia sustatzen dituzten hizkuntza planak eta ekintza solteak prestatu/ezartzeko eta eduki digitalak egokitzeko". DDBN identifikazioa: 677401.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuak erakunde horri esleitzen dio, besteak beste, bizitza sozialeko esparruetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko proposamenak egiteko zeregina.

Horregatik, egoki jo da laguntzak ematea, norgehiagokako araubidearen prozedurari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko entitateei, haien funtzionamenduan euskararen erabilera eta presentzia sustatzen dituzten hizkuntza planak eta ekintza solteak prestatu/ezarri eta eduki digitalak egokitu ditzaten, 2023an.

Beraz, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak baliatuta, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko entitateei laguntzak emateko deialdi bat, haien funtzionamenduan euskararen erabilera eta presentzia sustatzen dituzten hizkuntza planak eta ekintza solteak prestatu/ezarri eta eduki digitalak egokitu ditzaten.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4819-334113: laguntzak, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamenduan

2023

90.000,00

B30002-B3200-7819-334103: laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioak garatzeko

2023

6.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Ataleko Kudeaketa Zentrora, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 21ean.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Laguntzak, irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera eta presentzia sustatzen dituzten hizkuntza planak eta ekintza solteak prestatu/ezartzeko eta eduki digitalak egokitzeko. Deialdiaren oinarriak

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da arautzea Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko entitateek haien funtzionamenduan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak nola eman, euskara planak prestatu edo ezar ditzaten eta neurri puntualak hartu eta inbertsioak egin ditzaten hizkuntza horrek haien webguneetan eta software aplikazioetan duen presentzia eta erabilera areagotzeko.

2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetara bideratu den gehieneko aurrekontua 96.000 eurokoa da, honako partida hauen kargura: 90.000 euro "Laguntzak, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamenduan" izeneko B30002-B3200-4819-334113 partidaren kargura –1., 2. eta 3. modalitateetara aurkezten diren irabazi-asmorik gabeko entitateetarako–, eta 6.000 euro "Laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioak garatzeko" izeneko B30002-B3200-7819-334103 partidaren kargura –4. modalitatera aurkezten diren irabazi-asmorik gabeko entitateetarako–. Bi partida horiek 2023ko gastu-aurrekontukoak dira.

3. oinarria.–Onuradunak.

Laguntza hauek jaso ahal izanen dituzte indarreko legeriaren arabera legez eratuta dauden eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden irabazi-asmorik gabeko entitate guztiek.

Kanpoan geldituko dira:

–Honako hauetan aritzen diren entitateak: helduei euskara irakasten, edo euskararen arloan aholkularitza edo normalizazio eginkizunak betetzen, edo beste enpresa batzuei euskara itzulpenak egiten edo laguntza linguistikoa ematen.

–Euskararen sustapena jarduera nagusia duen beste edozein entitate.

–Komunikabideak.

Entitateak iraganean aurkeztu badira ekintza solteak egiteko sektore pribatuko enpresentzako laguntza deialdira (3. modalitatea), lehenengo eta/edo bigarren modalitatera baino ezin izanen dira aurkeztu. Hots, entitateek euskara planik izan gabe neurri puntualetarako laguntza bi urtez jarraian jaso badute, eta deialdi honetan parte hartu nahi badute, euskara plana prestatzeko edo ezartzeko ardura hartu beharko dute nahitaez beren gain (1. eta 2. modalitateak). Hala ere, muga horrek ez die eraginen 10 langile baino gutxiago dituzten entitateei; haiek lau urtez har dezakete parte 3. modalitatean. Epe hori amaitutakoan bai, deialdian parte hartu nahi badute, 1. edo 2. modalitateetara aurkeztu beharko dira. Mugak ez die eraginen, ezta ere, 4. modalitatean parte hartzen dutenei.

4. oinarria.–Betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun izateko, elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte.

a) Legez eraturik eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan, edo erregelamenduz dagokionean, inskribaturik egotea, eta irabazi-asmorik ez izatea.

b) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

c) Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

d) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta, bereziki, 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du irabazi-asmorik gabeko entitatearen ordezkariak, eskaera inprimakian eta deialdiaren eranskinetan dagoena betez (II. eranskina).

5. oinarria.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honetan kontuan hartuko dira, batez ere, irabazi-asmorik gabeko entitatearen komunikazioarekin eta haren irudi korporatiboarekin lotutako gaiak, eta enpresaren barne eta kanpo harremanekin lotutakoak, denak ere Erreferentziazko Marko Estandarra izenekoan jasoak (aurrerantzean, EME, IV. eranskina), barne delarik kideen prestakuntza linguistikoa. Esparru hori erreferentziazkoa da, eta erabiliko da zehazteko zein den euskararen egoera erakundean. Diagnostiko hori urtero aurkeztu behar da.

5.1. Proiektu edo jarduera diruz lagungarriak:

MODALITATEAK

EGIN BEHARREKOAK

1. modalitatea

2023an EMEn oinarritutako euskara plana egitea.

2. modalitatea

baldin eta aurretik euskara plan bat prestatu bada, diruz lagunduko da hura 2023an betetzeko zehaztutako ekintzak kudeatzea, EME izenekoa erreferentziatzat hartuta betiere.

3. modalitatea

EMEn proposatutakoetatik beharrezko jotzen diren ekintza solteak, lantokian euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko direnak.

4. modalitatea

lantokian euskararen erabilera sustatzeko eta zabaltzeko euskarazko eduki digitalak (webguneak eta software aplikazioak) sortzeko inbertsioak. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko.

Kanpoan gelditzen dira:

Euskarabidearen beste laguntza-deialdi batean eta epealdi bererako diruz lagundutako proiektuak edo jarduerak.

5.2. Modalitateak eta bateragarritasuna.

Irabazi-asmorik gabeko entitateak, urte berean diagnostikoa egiten badute eta plana ezartzen badute, aldi berean aurkez daitezke lehenengo bi modalitateetan.

Modalitate bakoitzari dagokion dokumentazio zehatza bakoitza bere aldetik aurkeztuko da.

Lehenengo modalitatea: 2023an euskara plana egitea. Bideratutako kopurua: 10.000 euro.

Lehen euskara plana egitera bideratutako proiektuak, eta/edo euskara plan bat ezartzen amaitu ondoren beste bat egiteko asmoa duten entitateei zuzendutakoak.

Proiektuek helburu izanen dute euskarari pixkanaka tokia ematea entitatearen jardunean, eta fase hauek izan beharko dituzte:

a) Egoera soziolinguistikoaren azterketa eta diagnostikoa, bai barne antolakuntzari dagokionez, bai ematen dituen zerbitzuei dagokienez.

b) Euskara plan baten diseinua, bai barne antolakuntzari, bai zerbitzuak emateari dagokienez.

c) Jarduerak ezartzeko kronograma eta, hala badagokio, ekintzak gauzatzekoa, EME erreferentzia gisa hartuta.

d) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza entitatean; motibazioa eta sentsibilizazioa; entitateko kideen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana prestatzeko edo ezartzeko laguntza teknikoa (enpresak edo langileak kontratatzea). Kontratatutako gastuaren %100 laguntzen ahalko da diruz. Kontratazioa eginez gero, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako eskarmentua duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo langileak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina)

b) Baldin kanpoko enpresarik kontratatzen ez bada lehen euskara plana egiteko, diruz lagungarriak izanen dira plana prestatuko duten langileen gastuak. Horretarako, zehaztu beharko da lanaldiaren zer zati ematen duten hartan (ehunekoetan) eta zer ekintza gauzatu behar dituzten. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko entitateetan garatuko diren ekintzak ezartzeko ematen duten lanaldiaren zatia.

Arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du, plana egiten duten langileen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (III.B eranskina).

Bigarren modalitatea: aurretik egindako euskara plan baten ezarpena edo aplikazioa. Bideratutako kopurua: 75.000 euro.

Plan horretan honakoak jaso beharko dira:

a) Planean aurreikusitako epean euskararen erabileraren eta presentziaren helburuak lortzeko garatuko diren ekintzak (EME, IV. eranskina), arduradunak, parte-hartzaileak, kostu ekonomikoa eta epeak.

b) Batetik, komunikazio estrategiak, zeinaren bidez jakinaraziko baitzaie planaren berri erakundeko gainerako kideei, eta, bestetik, motibazio estrategiak eta entitatean euskararekiko jarrera hobetzeko estrategiak.

c) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza entitatean; motibazioa eta sentsibilizazioa; langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana ezartzeko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Baldin enpresa bat edo langileak kontratatzen badira plana edo haren faseren bat egiteko, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako eskarmentua duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo langileak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

b) Baldin kanpoko enpresarik kontratatzen ez bada lehen euskara plana egiteko, diruz lagungarriak izanen dira plana prestatuko edo ezarriko duten langileen gastuak. Horretarako, zehaztu beharko da lanaldiaren zer zati ematen duten hartan (ehunekoetan) eta zer ekintza gauzatu behar dituzten. Diruz lagungarriak izanen dira, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko irabazi-asmorik gabeko entitateetan garatuko diren ekintzak ezartzeko ematen duten lanaldiaren zatia.

Arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du, plana egiten duten langileen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (III.B eranskina).

Hirugarren modalitatea: ekintza solteak edo neurri zehatzak, aurretiko euskara planik gabe, EMEan zehaztutakoak. Bideratutako kopurua: 5.000 euro.

Hiru modalitateetan, hizkuntza-prestakuntza diruz lagunduko da baldin eta bere jarduerarekin zuzenean lotuta badago eta entitateak antolatzen badu. Prestakuntza hori horretarako gaitutako zentroek eman beharko dute.

Laugarren modalitatea: webguneak eta software aplikazioak euskaraz sortzeko inbertsioak, xedea dutenak euskara irabazi-asmorik gabeko entitateetan sustatu eta zabaltzea. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko. Bideratutako kopurua: 6.000 euro.

a) Entitatearen funtzionamenduarekin zuzeneko lotura duten webguneak eta software aplikazioak sortzea.

b) Entitatearen funtzionamendurako lehendik dauden webgune eta aplikazioen eboluzioa, aldaketak, hobekuntzak eta aldakuntzak: zerbitzu, funtzionaltasun eta eduki berriak ematea; diseinua, irisgarritasuna edo egokitzapena hobetzea gailu mugikorretan erabiltzeko.

c) Webguneak eta software aplikazioak euskarara itzultzeko lanak.

Gailu mugikorretarako software aplikazioen kasuan, gutxienez Androiden eta iOSen funtzionatzeko diseinatu beharko dira.

Ezinbestekoa izanen da produktuaren euskarazko bertsioa zabaltzeko asmoa izatea proiektuaren barrenean.

Laugarren modalitatean ez dira diruz lagunduko honakoak:

a) Entitatean euskara erabiltzea eta sustatzea helburu ez duten eskaerak.

b) Alderdi politikoen, hauteskunde-koalizioen eta sindikatuen proiektuak.

c) Norbanakoen atariak eta webguneak.

d) Atari eta webgune puntualak (jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

e) Demoak eta prototipoak.

f) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten proiektuak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo itxuraz indarkeria justifikatzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak.

g) Generoen arteko tratu berdintasuna errespetatzen ez duten proiektuak.

h) Material didaktiko inprimatuak, ikus-entzunezkoak edo elektronikoak garatzeko proiektuak.

i) Helduei euskara irakasteko proiektuak, edo euskara planen gaineko aholkularitza eginkizunak betetzen dituztenak.

j) Euskararen kalitatea bermatzen ez duten proiektuak, hots, Euskaltzaindiak emandako arauak eta gomendioak betetzen ez dituztenak.

k) Herritar guztiei zuzenduta ez dauden proiektuak.

l) Euskara ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere edukiak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten webguneetan edo software aplikazioetan, gastuaren zati bat baino ez da egotziko, hau da, laguntza ekonomikoa soilik euskarazko edukiei egotziko zaie.

m) Bestalde, dirulaguntza eskatzen bada lehendik zegoen edukiren bat sarean jartzeko, egokitzapen eta itzulpen lana baizik ez da aintzat hartuko.

n) Eskatzailearen jarduera orokorraren berezko gastuak ez dira halakotzat hartuko.

ñ) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) gastua ez da konputatuko, berreskuratu ezin duten zentroetan izan ezik.

6. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako epea 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartekoa da, bi egunak barne.

7. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta horretarako epea.

7.1. Eskaerak eta erantsitako dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-elkarteetan-2023an-euskararen-erabilera-eta-presentzia-sustatzeko-euskara-planak-egin-edo-eta-ezartzeko-neurri-puntualak-hartzeko-edo-eduki-digitalak-egokitzeko-laguntzak.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat (tramitatu botoia) izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaera bakoitzak erantsirik izanen du proiektu bat, epe diruz lagungarrian egin beharreko jarduerak behar bezala zehazten dituena.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Ziurtagiri digitala eduki behar da.

7.4. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

7.5. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

8. oinarria.–Dokumentazioa.

Behin berariazko eskaera telematikoan datuak osatutakoan eta kasuan-kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa han adierazitakoan, dokumentu hauek erantsiko dira:

8.1. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea dirulaguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Horrez gain, adierazpen horretan adierazi behar du betetzen dituela 4. oinarriko baldintzak (II. eranskina).

8.2. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoaren frogagiriak:

a) Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiaren ebazpena, zeinaren bidez entitatea inskribatu baita Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan edo erregelamendu bidez dagokionean, eta legez onartutako estatutuak.

b) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen frogagiria, notario eta erregistro bidez egina.

c) Identifikazio fiskaleko kodea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan, eta noiz aurkeztu zen edo eman zuten.

Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

8.3. Kasua bada, laguntza teknikoaren arduraduna den enpresaren edo profesionalaren identifikazioa, atxikita duela proiektua egiteko aukeratutako pertsonek eta profesionalek azkeneko bi urteotan plangintza linguistikoan izan duten esperientziari eta/edo prestakuntzari buruzko adierazpena.

8.4. Gardentasun betebeharrak betetzearen adierazpena.

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

8.5. Baldin entitate eskatzailea ez badago alta emanik Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidez Ordaintzeko Sisteman (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm), edo datu horiek aldatu nahi baditu, jatorrizko inprimakia aurkeztuko du, beterik, edo inprimaki hori Ogasuneko Departamentuko Diruzaintza Atalean aurkeztu izanaren frogagiria.

8.6. Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko.

8.7. Proiektu zehatz bat, honako hauek jasotzen dituena:

1. modalitatea: euskara plana prestatzea. Entitatearen lehen euskara plana egiteko proposamena, garatu beharreko alderdien zerrenda labur bat duela. Gainera, EME koadroko 0 laukia eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria bete behar da (IV. eranskina).

2. modalitatea: aldez aurretik euskara planik baldin badago, planaren beraren kopiaz gain, hura ezartzeko plana ere aurkeztu beharko da, deialdi honetan jasotzen diren atalekin. Halaber, EME koadroa bete eta aurkeztu behar da, proposatutako neurriak eta haien gastua adierazita, bai eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria ere (IV. eranskina). Era berean, taula bat erantsiko da, 2022ra arte egindako ekintza nagusien zerrenda jasoko duena, urteka banakatuta, baldin eta Euskarabidean ez badago jada.

3. modalitatea: baldin eta neurri zehatzak aplikatu behar badira entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, behar bezala betetako EME koadroa, aurreikusitako gastuak adierazita, eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria (IV. eranskina).

4. modalitatea: proiektuak honako alderdi hauek bildu beharko ditu:

–Proiektuaren deskribapen teknikoa (VIII. eranskina).

–Aurrekontu zehaztua. Hartan jasoko dira gastuak, diru-sarrerak eta inbertsioak (hots, zenbait ekitalditan amortizagarriak diren gastuak). Proiektuaren aurrekontu hori laburturik emanen da laguntza eskatzeko fitxan, eta xehaturik (IX. eranskina).

–Langileria gastuak (IX. eranskina) A1etik A11rako atalak, barne direla proiektua egiteko behar diren giza baliabideen gastuak, bai barneko gastuak (soldata gordina, zergarik gabe, eta legeak ezarritako kotizazioak), bai kanpokoak (kanpo zerbitzuak kontratatzea).

–Proiektua kudeatzeari lotutako langileria gastuei dagokienez, langileria gastuen gainerako zenbatekoaren %20 hartuko da kontuan, gehienez ere (X. eranskineko A11 atala).

–Dirulaguntza 4. modalitatean eskatuz gero, VIII. eta IX. eranskinak bete beharko dira.

Horrez gain entitatea beste modalitateren batean parte hartzeko aurkezten bada, modalitate bakoitzerako dokumentazioa zein bere aldetik aurkeztu beharko da.

Eskaeraren baloraziorako aurkeztu nahi den edozein dokumentazio osagarri.

9. oinarria.–Datuen tratamendua.

Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, aipatutako legerian oinarriturik.

10. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

11. oinarria.–Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.

Entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen badituzte, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide berekiekin batuta, pertsona edo entitate onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12. oinarria.–Balorazioa: batzorde teknikoa.

12.1. Balorazio batzorde teknikoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertzeaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izanen da, eta kide hauek izanen ditu:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko arduradun bat, 4. modalitateko eskaerak baloratzeko.

–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua ordezkatzen duen pertsona bat, 1., 2. eta 3. modalitateetako eskaerak baloratzeko.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena.

Balorazio batzorde teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

13. oinarria–Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

13.1. Balorazio irizpideak.

Balorazio batzorde teknikoak eskaerak aztertuko ditu ondotik adierazten diren irizpideak kontuan harturik, modulu sistema erabiliz, eta laguntzak lortutako puntuazioaren proportzioan esleituko ditu. 5. oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraikiz.

13.1.1. Aplikatutako irizpideak: 100 puntu gehienez.

–1. eta 3. modalitateak:

a) Entitateetan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 60 puntu emanen dira gehienez, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:

–Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 25 puntu gehienez.

–Kanpo harremanak: 20 puntu gehienez.

–Barne harremanak: 15 puntu gehienez.

b) Entitateko kideen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara lan hizkuntza izan dadila gero eta gehiago jardueran: 40 puntu gehienez. Euskarabideak pertsona edo entitate parte-hartzaileei eskatuko die aprobetxamenduaren frogagiriak aurkezteko.

Alderdi hori baloratzeko orduan, pertsonen kopurua hartuko da kontuan, baita zein den haien ehunekoa prestakuntzan hartzen duten entitateko kide guztien aldean.

Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:

–15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %50ek edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %40k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %30k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–250 pertsona baino gehiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %20k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

Prestakuntzaren gutxieneko ehunekoa lortzen ez denean 40 puntuak jasotzeko, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den entitatea, tamainaren arabera.

–2. modalitatea:

a) Entitateetan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 20 puntu emanen dira gehienez, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 8 puntu gehienez.

–Kanpo harremanak: 6 puntu gehienez.

–Barne harremanak: 6 puntu gehienez.

b) Baloratuko da zer-nolako ibilbidea egin duen entitateak euskara plana ezartzeko. Ibilbidea eta planaren egonkortasuna urteen arabera puntuatuko dira, 30 puntu gehienez.

Urte bakoitzeko aldia honela puntuatuko da. Urte bat: 5 puntu; 2 urte: 10 puntu; hiru urte: 20 puntu; lau urte edo gehiago: 30 puntu.

c) Gehienez ere 10 punturekin baloratuko da memoria, kontuan izanik plana aplikatzeak zer eragin izan duen honako alderdi hauetan: euskararekiko sentsibilizazioa, haren erabilera eta ezagutza entitatean, eta haren ikusgaitasuna entitatearen barruan zein kanpoan.

d) Entitateko kideen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara lan hizkuntza izan dadila gero eta gehiago jardueran: 40 puntu gehienez. Euskarabideak entitate onuradunei dokumentuak aurkezteko eskatzen ahal die, aipatu prestakuntza horretan parte hartzeari eta aprobetxamenduari buruz.

Alderdi hori baloratzeko orduan, pertsonen kopurua hartuko da kontuan, baita zein den haien ehunekoa prestakuntzan hartzen duten erakundeko kide guztien aldean.

Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:

–15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %50ek edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %40k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %30k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–250 pertsona baino gehiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %20k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

Prestakuntzaren gutxieneko ehunekoa lortzen ez denean 40 puntuak jasotzeko, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den enpresa, tamainaren arabera.

–4. modalitatea:

a) Euskararen ikusgaitasuna IKTen ingurunean: 55 puntu gehienez. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan:

–Euskararen tratamendu teknikoa: proiektuaren arduradunen prestakuntza eta gaitasuna: 10 puntu.

–Proiektuaren hizkuntza-kalitatea zaintzeko neurriak: 15 puntu.

–Izaera berritzailea antzeko proiektuen aldean: 15 puntu.

–Proiektuak zenbateko eragina daukan euskara pizteko entitatean eta kanpo-harremanetan: 15 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta egokitasun teknikoa: gehienez 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:

–Proiektuaren plangintza proposamena: 15 puntu.

–Diseinuaren eta irisgarritasunerako neurrien proposamena: 5 puntu.

–Aplikazioaren multiplataforma exekutatzeko neurriak: 10 puntu.

–Hedapen-neurriak: produktuan egindako gaurkotze-lanak jakinarazteko eta egoki zabaltzeko proposamena: 5 puntu.

c) Kode irekia erabiltzea: 10 puntu.

13.2. Zenbatekoen kalkulua.

a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, balorazio batzorde teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.

b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak euroetan duen balioa.

c) Lehenbiziko hiru modalitateetan soberakinik bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten 2. modalitateko eskatzaileen artean banatuko dira proportzioan.

d) Laugarren modalitatean soberakinik bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten modalitate honetako eskatzaileen artean banatuko da.

14. oinarria.–Ebazpena.

Balorazio batzorde teknikoak prestatutako proposamena ikusirik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

Dirulaguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.

Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan ere, laguntza honi dagokion fitxan.

Gehieneko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote emandako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2020/36/0), kasuan-kasuan aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduerak irauten duen aldi guztian ere mantenduko da.

Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.

16. oinarria.–Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako erakunde pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako zenbatekoa konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza esleitzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera eta organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege hori gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa da).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

17. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza epe bakarrean ordainduko da, urtea bukatu aurretik, behin jardueren memoria eta 18. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.

Gerta daiteke diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea onetsitako aurrekontua baino. Horrelakoetan, araberan murriztuko da eman den zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik, eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

18. oinarria.–Onuradunek aurkeztu beharreko egiaztagiriak.

Behin dirulaguntzaren xedeko jarduerak eginda, 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte aurkeztu behar dira (bi egun horiek barne) egindako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak.

Egindako gastutzat hartuko da 2023ko irailaren 30era arte (egun hori barne) ordaindu dena.

Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna 2023ko urriaren 10a izanen da.

Aurkeztu behar da:

a) Memoria:

MODALITATEA

DOKUMENTAZIOA

1. modalitatea

Euskara plana biltzen duen memoria: egindako jarduerak eta horiek zein neurritan hobetzen dituzte EME adierazleak, kronograma eta ebaluazioa, EME adierazleak erabilita.

2. modalitatea

2023an gauzatutako plana: egindako jarduerak eta horiek zein neurritan hobetzen dituzte EME adierazleak, kronograma eta ebaluazioa, EME adierazleak erabilita.

3. modalitatea

Gauzatutako jardueren memoria.

4. modalitatea

Proiektuaren memoria (VIII. eranskina) eta aurrekontu xehatua (IX. eranskina).

Jarraian zehazten den dokumentazioa 1., 2. eta 3. modalitateetarako baino ez da:

–2. modalitatean, plana abiatu zenetik 2022. urte arteko ibilbidea erantsiko da, urtez urte xehakatua.

–Gutxienez 2 urtez euskara plan bat martxan jarri duten entitateek honakoen balorazio kualitatiboa eta kuantitatiboa ere jasoko dute memorian: euskararekiko sentsibilizazioa, haren erabilera eta ezagutza entitatean eta hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan zein barnean.

Hiru modalitateetan, memoriarekin batera, diruz lagundutako ekintzen material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da.

Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 15. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: web-orriak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

b) Diruz lagundutako ekintzari dagozkion gastuen zerrenda (V. eranskina) eta bankuko ordainagiriak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, aipaturiko aurrekontuaren arabera, diru-laguntzari dagokion aldikoak.

Zerrendako gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote. Ahalegina eginen da, halaber, gastuen kontzeptuek eta dagozkien frogagiriek izen bera izan dezaten, egiaztatzea errazagoa izan dadin. Ez dira onartuko dokumentuak baldin eta, formari dagokionez baldintzak bete arren, ezin badira argi eta garbi identifikatu dena delako kontzeptuari dagozkion fakturak.

c) Jarduerarekin lotutako dirulaguntzen zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak zein kopia soilak (VI. eranskina), diruz lagundutako aldiari dagozkionak.

d) Langileak kontratatzen badira, nominen bidez eta Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuen bidez justifikatu beharko dira gastuak.

Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizko agiriak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

V. eranskina (gastuak) eta VI. eranskina (dirulaguntzak) Excel formatuan beteko dira, deialdi honen bidez onesten den ereduaren arabera. Bide telematikoen bidez aurkeztu beharko da jatorrizko formatuan. Entitatean horretarako eskumena duen pertsonak zigilatuko eta sinatuko du Excel bereko VII. eranskina (balantzea).

Kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera behar bezala betetako fakturak aurkeztuko dira.

Laguntza teknikoaren lanak entitatearen barnekoek egiten dituztenean (1. eta 2. modalitateak), arduradunak sinatutako ziurtagiri bat aurkeztu behar du entitateak, non zehaztuko baita langileak zenbat ordu aritu diren haietan eta zein den ordu haiei dagokien zenbatekoa.

19. oinarria.–Jardueren kontrola.

19.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

19.2. Kasua bada, onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

Laguntza hauen pertsona onuradunek planean programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

19.3. Pertsona edo entitate onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan. Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

20. oinarria.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

20.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

20.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

21. oinarria.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

21.1. Deialdi honek oinarri arautzaile hauetan xedatutakoari jarraituko dio. Oinarri hauetan berariaz aurreikusirik ez dauden alderdiak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko ditu, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

21.2. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

21.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen direla dioena.

III. eranskina:

–III. A eranskina.–Adierazpena, laguntza teknikoa emanen duen enpresak/profesionalak duen prestakuntzaren/eskarmentuaren gainean.

–III. B eranskina.–Adierazpena, entitatearen barnean proiektua gauzatuko duten langileen prestakuntzaren/esperientziaren gainean (entitatearen ordezkariek bete beharrekoa).

IV. eranskina (EME).–EME taula eta aurrekontu zehaztua, deialdi honetako oinarrietan ezarritako aldiari dagokiona.

V., VI. eta VII. eranskinak:

–Gastuen justifikazioa.

–Dirulaguntzen frogagiriak.

–Justifikazio balantzea.

VIII. eranskina.–Proiektuaren deskribapen teknikoa.

IX. eranskina.–Proiektuari dagokion aurrekontua.

Deskargatu II. eranskina (DOC).

Deskargatu III. eranskina (A eta B) (DOC).

Deskargatu IV. eranskina (XLS).

Deskargatu V., VI. eta VII. eranskinak (XLS).

Deskargatu VIII. eranskina (DOC).

Deskargatu IX. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2302961