1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
8/2020 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 12koa, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautu ziren.
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak indarra hartu ondoan, urriaren 31ko 206/1985 Foru Dekretuak diseinatu zuen Nafarroako Gobernuaren sinbolo grafikoa, honela konposatua: Nafarroako armarri ofiziala, eguneratua eta estilizatua, eta “Gobierno de Navarra” edo “Nafarroako Gobernua” testua.
Gero, maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak sinboloaren erabilera arautu zuen, baina geroago indarrik gabe utzi zuen egun indarra duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak, zeinak Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen baititu.
Nafarroako komunitateak bi berezko hizkuntza ditu: gaztelania eta euskara, eta Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofizialak errealitate hori islatu behar du, bere marka grafikoan Nafarroaren pluraltasuna adieraziz. Horregatik, Administrazioak konpromisoa hartu behar du bi hizkuntzak errespetatu eta erabiltzeko. Gainera, garaian garaiko gizartearen errealitatearekin bat etorrita islatu behar da hizkuntza pluraltasun hori.
Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura berria ezarri zen, eta horrek ekarri zuen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren eranskinak aldatu beharra.
Hori dela eta, bidezkoa da urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzea, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena, hura Nafarroako errealitate soziolinguistikora egokitzearren.
Horrenbestez, Nafarroako Kontseiluak 2020ko urtarrilaren 29an emaniko irizpenarekin bat, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko otsailaren hamabian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Hein batean aldatzen da urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena. Hona hemen aldaketa:
Bat. 1. artikulua honela idatzita agertuko da:
“1. artikulua. Definizioa.
Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala multzo grafiko bat da, Nafarroako armarria eta “Gobierno de Navarra” eta “Nafarroako Gobernua” testuek osatua. Haren ezaugarri teknikoak eta aukera desberdinak foru dekretu honen I. eranskinean agertzen dira.”
Bi. 3. artikuluaren 1. apartatua honela idatzita agertuko da:
“1. Aplikazio jakin batzuetan, sinbolo ofizialean, “Gobierno de Navarra” eta “Nafarroako Gobernua” testuez gain, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu baten izena agertzen ahalko da, gaztelaniaz eta euskaraz, edo, salbuespenez, beste unitate edo jarduera batena.”
Hiru. 5. artikuluaren 2. apartatua honela idatzita agertuko da:
“2. Salbuespen kasuetan, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak baimena emanen du aipatu sinboloa ez erabiltzeko, edo komunikabideetan eta hedapen orokorreko euskarrietan “Navarra” eta “Nafarroa” marka orokor eta elebiduna erabiltzeko, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala agertu gabe.”
Lau. I. eranskina foru dekretu honen I. eranskinak ordeztuko du.
Bost. II. eranskina foru dekretu honen II. eranskinak ordeztuko du.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bakarra.–Aurreko sinboloaren ordezpena.
Foru dekretu hau aplikatzeak ez du ekarriko aurreko sinboloa duten errotulu, jantzi, paper, argitalpen eta bestelako produktuak berehala ordeztea. Behar ahala ordeztuko dira; hau da, materialak agortzen, higatzen edo apurtzen direnean, haien ordez Nafarroako Gobernuaren diseinu berriko sinboloa duten beste batzuk erabiliko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.–Indarrik gabe uzten dira, orobat, foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehendabizikoa.–Erregelamendu bidezko garapenerako gaikuntza.
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak behar diren jarduera guztiak eginen ditu foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betearazteko.
Bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2020ko otsailaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.
I. ERANSKINA
Irudikapen grafikoak
Nafarroako armarriak eta “Gobierno de Navarra” eta “Nafarroako Gobernua” testuek osatzen dute Nafarroako Gobernuaren sinboloa.
Nafarroako Gobernuaren sinboloak bi irudikapen grafiko onartzen ditu. Batean, “Gobierno de Navarra” eta “Nafarroako Gobernua” testuak Nafarroako armarriaren bi alboetan agertuko dira. Bestean, “Gobierno de Navarra” eta “Nafarroako Gobernua” testuak Nafarroako armarriaren eskuinean agertuko dira, bi lerrotan.
Multzo grafikoa ez da aldatuko, ezta haren proportzioak ere.
Armarria ezin da grisen eskalan irudikatu.
Nafarroako Gobernuaren sinboloaren inguruan segurtasun tarte bat izan behar da, zalantzarik gabe eta argi eta garbi bereiz dadin.
Kolore bakarreko aplikazioak.
Sinboloak kolore bakarra duenean, beltza izan behar da.
Bertsio negatiboa erabiltzen denean, zuria izanen da, ahal dela.
Gaztelaniazko eta euskarazko bertsio positiboa eta negatiboa hauek dira:
1. bertsioa.

2. bertsioa.

Bi koloreko aplikazioak.
Sinboloak bi kolore baditu, testua beltza izanen da, armarria gorria (Pantone 485) eta kateak eta esmeralda zuriak. Gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak hauek dira:
1. bertsioa.

2. bertsioa.

Bertsio hau ezin da kolore bakarrez irudikatu.
Lau koloreko aplikazioak.
Sinboloak lau kolore baditu, koroa eta kateak urre-kolorekoak izanen dira (Pantone 871), armarriaren atzealdea gorria (Pantone 485), erdiko esmeralda berdea (Pantone 356) eta logotipoa beltza.
Inpresioa kolore zuzenetakoa izan beharrean kuatrikromian baldin bada, koloreak nahasketa hauetatik aterako dira:
–Koroa eta kateak (urre-kolorekoak): % 20 C + % 40 M + % 80 Y.
–Armarriaren atzealdea (gorria): % 100 M + % 100 Y.
–Erdiko esmeralda (berdea): % 100 C + % 91 Y + % 6 K.
Gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak hauek dira:
1. bertsioa.

2. bertsioa.

Bertsio hau ezin da kolore bakarrez irudikatu.
II. ERANSKINA
“Gobierno de Navarra” eta “Nafarroako Gobernua” testuez gain, sinboloak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentu baten izen elebiduna badu, honela konposatuko da:
–Armarriaren ezaugarri teknikoak I. eranskinean deskribatutakoak izanen dira.
–1. bertsioan, gaztelaniazko izena armarriaren ezkerrean egonen da, eta “Gobierno de Navarra” testua agertuko da, eta behean, luzeraren arabera, departamentuaren izena; euskarazko izena armarriaren eskuinean egonen da, eta “Nafarroako Gobernua” testua agertuko da lerro bakar batean, eta behean, luzeraren arabera, departamentuaren izena.
–2. bertsioan, “Gobierno de Navarra” lerro bakar batean agertuko da. Behean, beste lerro batean, “Nafarroako Gobernua” agertuko da. Eta behean, behar diren lerroetan, luzeraren arabera, departamentuaren izena agertuko da, lehenbizi gaztelaniaz eta behean euskaraz.
Horrenbestez, bi bertsioak, grafikoki, hauek dira:
1. bertsioa.













2. bertsioa.













Bi koloreko bertsioan, honela konposatuko da:
1. bertsioa.













2. bertsioa.













Iragarkiaren kodea: F2002218