Iragarkia
267. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
–UDALEKO HAUR ESKOLAK–
Deialdia, lantegigile lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko lehendakariak, 2023ko azaroaren 28an eman ebazpen baten bidez, deialdia onetsi du, honako oinarri hauen arabera:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoaren zerbitzuko lantegigile lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa eta C mailakoa. Deialdia aurrera eramanen da honako hauen arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta oinarri hauek.
1.2. Aipatu den lanpostu hutsa betetzeko, txanda hau izanen da:
–Txanda irekia: lanpostu bat (1).
2.–Baldintzak.
2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Goi-mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.
f) Euskararen gaitasun-agiria (EGA titulua) edo baliokideren bat edukitzea. Baldintza hori agiri bidez frogatu beharko dute izangaiek, eskabideak aurkezteko unean.
g) Bat etorriz Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluarekin, adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren edozein deliturengatik. Hartara, inguruabar hori frogatzeko, aurkeztu beharko da Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa.
2.2. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta kontratazioak diraueno.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau iragartzen duen aipua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren testu osoa honako webgune honetan egonen da eskuragarri: www.pamplona.es/escuelasinfantiles. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, www.pamplona.es/escuelasinfantiles helbidean, deialdi honen aipuan sartuta.
Behar izanez gero, desgaitasuna izateagatik probak egiteko denboretan eta baliabideetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean, 3.2 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 15 euroko tasa ordaindu beharko da. Telematika bidez ordainduko da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere deusetan galarazi gabe jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatu edo autentifikatuak aurkeztu behar izatea kontratatuak izateko deitzen zaienean, indarreko legediak ezarri moduan:
–Batxilergoko tituluaren edo Goi-mailako Lanbide Heziketakoaren fotokopia, edo baliokidetzat jotako tituluarena.
–Euskararen gaitasun-agiriaren (EGA titulua) fotokopia, edo baliokidearena.
–Merezimenduak autobaloratzeko inprimakia (I. eranskina), behar bezala beteta.
–Frogatu nahi diren merezimendu guztien fotokopia, I. eranskineko merezimendu-balorazioari dagokionez.
3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura ikusgai jarriko da www.pamplona.es/escuelasinfantiles webgunean; halaber, aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
4.2. Egun horretatik hasita, hurrengo hamar egun balioduneko epean, baztertutako izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta akatsak zuzendu, halakorik egin bada. Horretarako, baliatuko dute 3.2 oinarrian eskabideak aurkezteko ezarri den izapide elektroniko bera.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila www.pamplona.es/escuelasinfantiles webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdi honetan xedatutako lehen hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.
4.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta argitara emanen da webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdi honetan xedatutako lehen hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.
4.5. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak edo administrazioak bere eskuetan dauzkanak aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Eunate Ayestarán Ayerra. Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko zuzendari gerentea.
- Ordezko epaimahaiburua: Silvia Cruchaga Torremocha. Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko zuzendari teknikoa.
–1. epaimahaikidea: Alfredo Hoyuelos Planillo. Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko lantegien koordinatzailea.
- Ordezko epaimahaikidea: Javier Manzanos Garayoa. Iruñeko Udaleko Kultura Alorreko teknikaria.
–2. epaimahaikidea: Aitziber Urtasun Pineda. Oteiza Museoko didaktika arduraduna.
- Ordezko epaimahaikidea: Oskia Ugarte Abarzuza. Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria.
–3. epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko Langile Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatutakoa.
- –Ordezko epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko Langile Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatutakoa.
–Epaimahaikide idazkaria: Raquel Pérez García. Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko Giza Baliabideetako teknikaria.
- Ordezko epaimahaikide idazkaria: Ana Jiménez Marco. Iruñeko Udaleko legelaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta erakunde autonomoko Gerentziari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake, bere eskumeneko jarduketa guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:
a) Merezimenduen balorazioko fasean edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren I. eranskineko baremoaren arabera.
Deialdi honetan, merezimenduak baloratuko dira lehenik, eta gehienez 30 puntu lortzen ahalko dira I. eranskineko baremoari jarraikiz.
b) Oposizioaldian, bi proba eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruzkoak. Gaiak izanen dira II. eranskinean ageri den gai-zerrendakoak.
Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.
a) Lehiaketaldia (merezimenduen balorazioa).
Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabidearekin:
–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira erakunde autonomoaz besteko administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, I. eranskineko baremoan aurreikusitako baldintzetan, berariaz adierazita lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.
–Deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera aurkezten dituzten merezimendu guztiak frogatzeko agiriak.
Honako hauek ez dira aurkeztu behar, deialdia egin duen organoak zuzenean emanen baitizkio epaimahaiari:
–Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoan egin eta aitortutako zerbitzuen ziurtagiria.
Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko.
Alegatutako merezimenduak kalifikatu eta puntuatuko dira deialdi honen I. eranskinean ageri den merezimendu-baremoari jarraikiz.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino. Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak deialdiaren web-fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, halakorik aurkeztu bada, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira deialdiaren web-fitxan.
b) Oposizioaldia (bi proba eginen dira):
Oposizioaldia 2024ko bigarren hiruhilekotik aurrera hasiko da. Probak egiteko eguna, tokia eta ordua aditzera emanen dira prozeduran onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean.
Lehen proba: proba teorikoa izanen da, eta test moduko 100 galderari, gehienez, erantzun beharko zaie idatziz, 120 minutuko gehieneko denboran. Galderok izanen dira deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak (1. gaitik 24.era bitarte). Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.
Parte honetan, gehienez ere, 30 puntu erdiesten ahalko dira. Proba hasi baino lehen zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta aukerako erantzunak dituzten galderetan egindako akatsen penalizazioa. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (15 puntu). Gainditzen dutenek oposizioaldiko bigarren proba eginen dute.
Lehen probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak deialdiaren web-fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Bigarren proba: proba teoriko-praktikoa izanen da, eta ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, lanpostuarekin eta deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendako gaiekin lotuta (25. gaitik 40.era bitarte). Ariketa hasterakoan adieraziko du epaimahaiak zenbat denbora izanen duten izangaiek hura egiteko.
Parte honetan, gehienez ere, 40 puntu erdiesten ahalko dira. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (20 puntu), proba praktikoa oro har kontuan hartuta.
Epaimahaiak ezarriko du ariketak egun batean baino gehiagotan egitea, bai eta haien iraupena ere, betiere aintzat harturik horietarako ezartzen den edukia.
Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala (NANa), AIZa edo pasaportea aldean dutela azalduko dira. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
Bigarren probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak deialdiaren web-fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean eskatu badute.
Bi proben kalifikazioa bukatu hondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu oposizioaldiko behin betiko emaitzak Iruñeko Udaleko Haur Eskolen webgunean.
7.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda.
7.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu probak gainditu dituzten izangaien zerrenda deialdiaren web-fitxan, guztira erdietsitako puntuazioaren ordenan, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak batuta.
7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.
Berdinketak segitzen badu, merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.
8.–Lanpostu hutsa hautatzea eta baldintzak egiaztatzea.
8.1. Izapide hori egin eta gero, deialdiko lanpostu hutsa hautatzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitekeen lanpostu hutsa eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen, 10 egun baliodunekoa, lanpostu hutsa hautatzeko.
Informazio hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, erakunde autonomoaren webgunean: www.pamplona.es/escuelasinfantiles/.
8.2. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, sarrera-prozedurarako zehaztutako lanpostu kopuruan lekurik badute eta lanpostu hutsa hautatzeko ekitaldira deitu badira, lehentasuna izanen dute lanpostu hutsa hautatzeko garaian, gainerako izangaien aurretik.
8.3. Lanpostu hutsa hautatzeko 10 egun balioduneko epea bitartean, izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu, horretarako ezarritako bidea baliatuz:
–Deialdiaren bigarren oinarrian eskaturiko tituluaren jatorrizko agiria edo notario edo administrazio bidez konpultsaturiko kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
–Deialdiaren bigarren oinarrian eskaturiko euskararen gaitasun-agiriaren (EGA titulua) edo baliokidearen jatorrizkoa edo notario edo administrazio bidez konpultsaturiko kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Lanpostu hutsa hautatzeko eta akreditatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko du, espediente osoarekin batera.
Izendapen proposamen hori erakunde autonomoaren webgunean argitaratuko da: www.pamplona.es/escuelasinfantiles/.
9.2. Proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu, erakunde autonomoaren erregistro orokorraren bidez eta 10 egun balioduneko epean, izendapen proposamena webgunean argitaratzen denetik zenbatzen hasita:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
9.3. Epe horren barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.
10.–Izendapena, lanpostu hutsaren adjudikazioa eta jabetza hartzea.
10.1. Funtzionario izendatuko da aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta lanpostu hutsa adjudikatuko zaio.
10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatuta (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik badaude, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
10.4. Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.
10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez duenak eskubide guztiak galduko ditu Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko funtzionario izateko. Hala gertatuz gero, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.6. Funtzionario bihurtzen diren eta lanpostuan batere aritzen ez diren izangaiei dagokienez, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
10.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsaren hautua. Beraz, funtzionario berriari egoera horren ondoriozko lanpostuak adjudikatuko zaizkie.
10.8. Euskaraz jakin beharra duen deialdi honetako lanpostuan sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.
11.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.
11.1. Aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda hauek eratuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik eskuratu ez dutenekin, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario eta administrazio-kontratudunen enplegu-baldintzei buruzko 2017-2019 urteetarako akordioarekin (horren bidez ezartzen da Iruñeko Udaleko langileak administrazio-araubidean kontratatzeko arauketa):
a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaiak izan gabe, honako hauek bederen lortu dituzten izangaien zerrenda: oposizioaldiko lehen proba (15 puntu) gainditzea eta bigarren proban gutxieneko bat eskuratzea, bi proben artean %30era iritsirik (21 puntu).
Zerrendako izangaien ordena ezarriko da proba guztiak batzean lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.
Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da, eta orduan ere berdinduta segitzen badute, lehen ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
Halarik ere, berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez.
11.2. Ebazpen baten bidez, hamar egun balioduneko epea emanen zaie –ebazpen hori eman eta biharamunetik hasita– aurreko apartatuaren arabera aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartzekoak direnei, honako agiri hauek aurkez ditzaten:
–Deialdiaren bigarren oinarrian eskaturiko tituluaren jatorrizko agiria edo notario edo administrazio bidez konpultsaturiko kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
–Deialdiaren bigarren oinarrian eskaturiko euskararen gaitasun-agiriaren (EGA titulua) edo baliokidearen jatorrizkoa edo notario edo administrazio bidez konpultsaturiko kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
Ebazpen hori argitaratuko da, ukitutakoen zerrendekin batera, Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoaren webgunean.
11.3. Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
11.4. Baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
11.5. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetako ordenari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiko zaio. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko da, betiere hautapen probak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, aintzat hartuz eskuraturiko puntuazioa.
12.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, epaimahaiaren ebazpen eta jarduketei buruzko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, erakunde autonomoaren webgunean: www.pamplona.es/escuelasinfantiles/.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdi honen, beronen oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, kalifikazio-epaimahaiak emanak ez badira, hautara, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bai aurkezten diren errekurtso guztiak, bai haien ebazpena erakunde autonomoaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honetan interesdun direnei jakinarazpenak eta epatze-deiak egiteko.
Iruñean, 2023ko azaroaren 28an.–Erakunde autonomoko lehendakaria, Carlos Salvador Armendariz.
I. ERANSKINA.–Merezimenduen balorazioa (DOC).
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
Lehen proba
1.–3/2020 Lege Organikoa, abenduaren 29koa, zeinaren bidez aldatzen baita Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa. 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.
2.–61/2022 Foru Dekretua, ekainaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.
3.–28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezartzen dituena.
4.–Bauhaus.
5.–Dadaismoa.
6.–Keinu-artea.
7.–Povera artea.
8.–Arte minimalista.
9.–Arte komunitarioa.
10.–Espresionismo abstraktua.
11.–Arte-instalazioak.
12.–Arte kontzeptuala, objektuaz harago.
13.–Jorge Oteizaren proiektu artistiko, estetiko eta hezkuntzazkoa.
14.–Arte urbanoa eta kaleko artea.
15.–Performancearen artea.
16.–Esku-hartze feministak artean eta kulturan.
17.–Afektuen estetika. Afektuak eta praktika artistikoak.
18.–XX. eta XXI. mendeetako arkitekto nagusiak.
19.–Eskultura publikoa.
20.–Angel Ferranten proiektu estetikoa.
21.–Zinema dokumentala.
22.–Lantegiaren eta lantegigilearen figuraren jatorria, Loris Malaguzziren arabera.
23.–Sormena eta "lantegigilea", hezkuntza prozesuen dokumentalista gisa.
24.–Iruñeko Udaleko Haur Eskolen ildo pedagogikoa.
Bigarren proba
25.–Ikusizko eta ikus-entzunezko dokumentalak sortzea Power Point-en.
26.–Ikusizko eta ikus-entzunezko dokumentalak sortzea Adobe Premiere-n.
27.–Ikusizko eta ikus-entzunezko dokumentalak sortzea Adobe After Effects-en.
28.–Panelak, posterrak, liburuxkak, liburuak eta deialdiak sortzea, diseinatzea eta maketatzea Adobe Indesign-en.
29.–Panelak, posterrak, eta deialdiak sortzea, diseinatzea eta maketatzea Adobe Ilustrator-en.
30.–Irudiak tratatzea eta panelak, posterrak, eta deialdiak sortzea, diseinatzea eta maketatzea Adobe Photoshop-en.
31.–Hezkuntzako espazio eta altzariak sortzea eta diseinatzea. Oinplanoko marrazketa eta perspektiba axonometrikoa.
32.–Argi-paisaiak diseinatzea irizpide estetikoekin.
33.–Kolore-paisaiak diseinatzea irizpide estetikoekin.
34.–Testura-paisaiak diseinatzea irizpide estetikoekin.
35.–Proposamen estetiko-artistikoak diseinatzea eta analizatzea.
36.–Kolore- eta argi-paletak, dimentsio biko eta hiruko sorkuntza-materialak hautatzea.
37.–Hizkuntzen zeharkakotasunaren praktika.
38.–Pinturako eta eskulturako teknikak.
39.–Haurren obra plastikoen analisi artistikoa.
40.–Espazio-diseinuetarako maketak egitea.
Iragarkiaren kodea: L2316955
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
