1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko abenduaren 20an hartua, foru intereseko inbertsio deklaratzen duena Iruñeko (Nafarroa) Orkoien kalean, z.g., kokatuta dagoen Datuak Prozesatzeko Zentroa (DPZ) handitzeko eta modernizatzeko proiektua.
NASERTIC enpresa publikoa da, Nafarroako Gobernuaren Enpresa Korporazio Publikoa SAren (CPEN) barnekoa. Nafarroako Gobernuaren entitate instrumentalaren izaera aitortua du, Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari atxikita dago, Nafarroako Gobernuak 2023ko azaroaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, eta bere helburu soziala da zerbitzuak ematea administrazio publikoei eta haien mendeko erakunde, sozietate edo entitateei.
Bere jardueraren esparruan, eta Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 210/2018 Ebazpenaren bidez, Foru Komunitatearen ondasun eta eskubide batzuk atxiki zitzaizkion NASERTICi, bere helburu sozialari dagozkion gaietan zerbitzua emateko behar dituenak, besteak beste, Iruñeko (Nafarroa) Orkoien kalean, z.g., kokatuta dagoen Datuak Prozesatzeko Zentroa (aurrerantzean, DPZ). Atxikipen horrek, hain zuzen, kasuko eskubideak erabiltzeko, kudeatzeko, administratzeko, defendatzeko, kontserbatzeko eta hobetzeko ahalmenak ematen dizkio NASERTICi.
Halaber, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 327E/2023 Ebazpenaren bidez, NASERTICen aldeko enkargu bat onetsi zen, Iruñeko Orkoien kalean, z.g., kokatuta dagoen eta Nafarroako Gobernuaren jabetzakoa den DPZ handitzeko eta modernizatzeko lanak egin ditzan, 2023, 2024 eta 2025. urteetan.
NASERTICek proposatu du Datuak Prozesatzeko Zentroa (DPZ) handitzeko eta modernizatzeko proiektua foru intereseko inbertsio deklara dadin.
Halaber, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak, inbertsio proiektua ebaluatu ondoren, haren ezaugarriak aintzat hartuta eta ikusita zer eragin izanen duen Nafarroako Gobernuko departamentu guztien digitalizazioan eta zerbitzu berriak ezartze aldera eta, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko herritar guztientzat, proposatu du foru intereseko inbertsio deklara dadin, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluko ondorioetarako.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Foru intereseko inbertsio deklaratzea Iruñeko (Nafarroa) Orkoien kalean, z.g., kokatuta dagoen Datuak Prozesatzeko Zentroa (DPZ) handitzeko eta modernizatzeko proiektua, NASERTICek sustatua, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluko ondorioetarako. Deklarazio honek inbertsio proiektua bukatu arte izanen ditu ondorioak.
2. Erabaki hau Nafarroako Parlamentuko Garapen Ekonomikorako Batzordera igortzea, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta NASERTICi jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko abenduaren 20an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2317984