267. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

977E/2023 EBAZPENA, azaroaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, kaltzio oxidoa eta hidroxidoa fabrikatzeko instalazio baten aldaketa funtsezkoa baimentzen duena. Instalazioa Tebas-Muru Artederretako udal-mugartean dago eta haren titularra Cal Industrial SL da.

Instalazio hori jardunean dago egun, eta badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 12ko 1757/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 14ko 470E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 26ko 204/2020 Ebazpenaren bidez aldatua.

Instalazio hori sarturik dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategineko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) I. eranskineko 3.1.b) epigrafean, "Karea labeetan egitea, egunean 50 tonatik gorako ekoizpen ahalmenarekin" izenekoan, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria-isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratua) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bategina) I. eranskineko 3.1.b) epigrafean, "Karea labeetan egitea, egunean 50 tonatik gorako ekoizpen ahalmenarekin" izenekoan.

2023ko urtarrilaren 16an, titularrak jakinarazi zuen bere instalazioa aldatzeko proiektua, ur kontsumoa handitzeko (urtean 59.850 m³-ko azken kontsumora iristeko), Sorbacal produktuaren lerroan ekoizpena aurreikusitakoa baino handiagoa delako. 2023ko martxoaren 10ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa hori funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Espedientea tramitatu da abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Kaltzio oxidoa eta hidroxidoa fabrikatzeko instalazioan aldaketa funtsezkoa egiteko baimena ematea, ur kontsumoa handitzeko proiektua gauzatzeko (urtean 59.850 m³-ko azken kontsumora iristeko). Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Tebas-Muru Artederretako udal-mugartean dago eta haren titularra Cal Industrial SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Cal Industrial SLra, Tebas-Muru Artederretako Udalera eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko azaroaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2316449