1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
432E/2023 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Caparrosoko udal mugartean dagoen eta harri zuntzezko isolatzaileak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Rockwool Peninsular SA da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 23ko 816/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 258E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta ondoren Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 4ko 110E/2023 Ebazpenaren bidez aldatua.
2023ko maiatzaren 22an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko, zehazki, honako hauek: sortzen diren hondakinen zerrendan (ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean jasota dago) beste bi hondakin sartzea eta kudeaketa eragiketa berri bat baimentzea "paletak" hondakinerako.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:
EHZ KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
16 03 04 | Zementu itsasgarriak eta espezifikaziorik gabeko morteroak. Baimenean sartzea eskatzen da. | Onartu da sortutako hondakinen zerrendan sartzea. |
13 05 02* | Olio eta koipeen bereizgailuko lohiak. Baimenean sartzea eskatzen da. | Onartu da sortutako hondakinen zerrendan sartzea. |
15 01 03 | Zura (paletak). R12 kudeaketa eragiketarako baimena eskatzen da. | Ez da bidezkoa baimena ematea. R12 eragiketa bitarteko kudeaketa eragiketa da, eta baimena izan beharrik gabe aplikatzen ahal zaio hondakin horri. Baimenduta dauden R3 eta R1 eragiketak, aldiz, kanpoko azken kudeaketako eragiketak dira. |
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea Caparrosoko udal mugartean dagoen eta harri zuntzezko isolatzaileak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Rockwool Peninsular SA da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Rockwool Peninsular SAri eta Caparrosoko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko azaroaren 21ean.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F2316530