1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
229/2023 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak, onesten dituena.
Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren abenduaren 7ko 254/2022 Ebazpenaren bidez, taxien hiriarteko zerbitzuen gehieneko tarifak onetsi ziren, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak. Ebazpen hori 2022ko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 23koan.
2023ko urriaren 9an, Francisco Javier Sanz Borda jaunak, Asociación Independiente de Taxistas Auto-Patronos de Navarra (AITAN) elkartea ordezkatuz, honakoa eskatu du:
–Hiriarteko taxi zerbitzuen tarifak eguneratzea eta %8,20 igotzea 2024. urterako, kontzeptu guztietan modu linealean. Horretarako, Nafarroako abuztuko urtetik urterako KPIaren datua hartzen da erreferentzia gisa (+%2,8), eta igoera horri %5,40 gehitzen zaio, 2023an galdutako erosahalmena berreskuratzearren; izan ere, urte horretarako tarifak eguneratzean ez zen kontuan hartu KPIaren datua.
–Bidaiari bakoitzeko 1,25 euroko gehigarri bat sartzea bosgarren eserlekutik aurrera okupatzen den eserleku bakoitzeko, kontuan hartuta, alde batetik, 5 eserleku baino gehiagoko (gidaria barne) ibilgailuen eskaria, eta bestetik, ibilgailu horiek gastu orokor handiagoa dutela (gurpilak, erregaia eta erosketa-prezioa).
Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzunaldia eman ondoren.
Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak adierazi du ezen, tarifen eguneratzea dela eta, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu beharreko gehieneko tarifak onetsi zituen 254/2022 Ebazpenean adierazi zen bezala, nahiz eta ordura arte eguneratzeak kalkulatzeko erreferentzia abuztuko urtetik urterako KPIaren aldaketa izan, testuinguru ekonomikoak gomendatzen zuela 2023ko tarifak eguneratzea kostuen egiturari erreferentzia eginez. Horrenbestez, Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak hiri-tarifak eguneratzeko ezarri zuen ehuneko bera aplikatu zitzaien hiriarteko tarifei, erreferentzia horrekin kalkulatuta.
Era berean, adierazten da ezen Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2023ko azaroaren 16an egindako bilkuran, onetsi duela Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuaren barruko hiri-tarifak eguneratzea 2024. urterako, tarifen egiturari %5,06ko igoera aplikatuta. Igoera hori kalkulatzeko, 2019ko tarifak kalkulatzeari begira 2018an prestatutako kostuen egitura erabili da oinarri gisa, eta indize ofizial egokiak erabili dira, ahalik eta desagregaziorik handienarekin.
Erabaki hori Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 4/2023 Ebazpenean jasotzen da, zeinaren bidez onesten baita Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko tarifen aldaketa 2024. urterako.
Azkenik, eta kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onetsitako hiriarteko taxien tarifak aplikatzen direla eremu horretako B zonan eta, orobat, hiriko nahiz hiriarteko esparruetan irizpide batasunari esker saihesten dela distortsioak gertatzea hiriko tarifak eguneratzean, komeni da hiriarteko tarifei igoera portzentaje bera aplikatzea.
Bidaiari bakoitzeko gehigarri bat ezartzeari dagokionez (bosgarren eserlekutik aurrera okupatutako eserleku bakoitzeko 1,25 eurokoa), zerbitzuak adierazi du ezen, gaur eguneko testuinguruan, ez dela egokitzat jotzen halakorik ezartzea, kontuan hartuta eguneratzea aplikatzeko aipatu den irizpide batasunerako beharrezkoa dela hiriko nahiz hiriarteko esparruetarako analisi bateratua egitea.
Horrenbestez, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatzen du taxien hiriarteko zerbitzuen gehieneko tarifak onestea, 2023koei %5,06ko igoera aplikatuta, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera indarra izateko.
Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak txosten batean aditzera eman du taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzunaldia eman zaiela, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako eskumenak erabiliz, eta bat etorriz Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40 artikuluarekin eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,
EBAZTEN DUT:
1. Ezartzea taxien hiriarteko zerbitzuek gehieneko tarifa hauek izanen dituztela:
Lanegunetan, eguneko ordutegian (07:00etatik 22:00ak arte):
–Egindako kilometro bakoitzeko: 0,70 euro.
–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 19,38 euro.
–Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,78 euro.
Zain egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira, 4,83 euro denbora-tarte bakoitzeko.
5 euroko gehigarria aplikatzen ahalko da, taximetrotik kanpo, hiriarteko zerbitzuetan garraiatutako helduen bizikleta bakoitzeko.
Lanegunetako gaueko ordutegian (22:00etatik 07:00ak bitarte) eta larunbat eta jaiegunetan (00:00etatik 24:00ak bitarte), tarifaren zenbatekoa %25 igoko da lanegunetako eguneko tarifaren gainetik.
Ondorio horietarako, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2024ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duen Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 250/2023 Ebazpenean ezarritako jaiegunez gain, ondoko hauek ere hartuko dira jaieguntzat: urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta abenduaren 31, 18:00etatik aitzina.
Tarifak hurrengo urteetarako luzatzen badira, jaieguntzat hartzen diren egunen egutegia lortuko da urte bakoitzeko jaiegun ofizialei buruz emandako ebazpenetik.
2. Ezartzea ezen tarifa horiek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko zaizkiela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak taxien hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako baimenen babesean egiten diren hiriarteko taxi zerbitzu guztiei, salbu Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremukoak diren taxi lizentzien titularrek egiten dituzten hiriarteko zerbitzuei, horiek onetsita dituzten hiriko tarifak aplikatuko baitituzte, gehigarririk gabe, eremu horren barnean zirkulatzen dutenean.
3. Ezartzea ebazpen honen eraginpeko ibilgailuek behar diren tarifa-taulak eraman beharko dituztela, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ikus-onetsiak.
Indarreko tarifa-taula ibilgailuaren barruan ikusgai egonen da, erabiltzaileak aise ikusteko toki batean.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Teletaxi San Fermín elkarteari, Tuterako Taxisten Elkarteari, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteari, Ecotaxi elkarteari, Irache Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteari eta Iruñerriko Mankomunitateari.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela ebazpen honen kontra, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko abenduaren 5ean.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.
Iragarkiaren kodea: F2317215