261. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

715E/2023 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Nazioartekotzeko bultzada bonuak" dirulaguntzaren 2024ko deialdia. DDBN identifikazioa: 724366.

Nafarroako Nazioarteko Planaren erronka nagusietako bat da Nafarroako enpresa txiki eta ertainak gehiago nazioartekotzea.

Nazioartekotzeko bultzada bonuen helburua da sostengua ematea esportazioak sendotzeko bultzada bat behar duten Nafarroako ETEei, kontuan izan gabe esportatzen hasiak diren edo dagoeneko esportatzen duten; horretarako, diruz lagunduko da aholkularitza espezializatuko zerbitzuen kontratazioa.

Nafarroako Gobernuak 2023ko irailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiari, 2024ko "Nazioartekotzeko bultzada bonuak" dirulaguntza eman zezan banakako ebaluazioaren araubidea erabiliz.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. "Nazioartekotzeko bultzada bonuak" dirulaguntzaren 2024ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 200.000 euroko gasturako baimena ematea, aurtengo ekitaldiko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea izanen den 2024ko gastuen aurrekontuko partidaren kargura, baldin eta ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago: "Enpresentzako kanpo-sustapenerako dirulaguntzak" izeneko 810003 81400 4709 431300 partida.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko urriaren 30ean.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–2024KO "NAZIOARTEKOTZEKO BULTZADA BONUAK" DIRULAGUNTZAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

"Nazioartekotzeko bultzada bonuak" izeneko dirulaguntzaren xedeak dira enpresa esportatzaileen kopurua handitzea, dagoeneko esportazioan ari direnen nazioartekotzea sendotzea, eta Nafarroako esportazioen bolumena gehitzea.

Horretarako, dirulaguntzak emanen dira kanpo-merkataritzan espezializatutako aholkularitza-zerbitzuak kontrata ditzaten esportatzen hasi diren edo dagoeneko esportatzen hasita egonik bultzada behar duten Nafarroako enpresa txiki eta ertainek.

Kontuan hartuta enpresen beharrak askotarikoak direla, haien egoeraren, estrategiaren eta aukeren araberakoak, dirulaguntzak bi modalitate dauzka:

1. Bultzada hastea bonua, esportazioaren arloan hasiberriak diren edo lehen pausoak egin dituzten baina finkatzeko bultzada bat behar duten enpresentzat.

2. Bultzada sendotzea bonua, atzerriko merkatuetan dagoeneko ari diren enpresentzat.

Enpresa bakoitzak bono bakarra eskatzen ahalko du.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz. Hori egiaztatzeko, ETE izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

b) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea Nafarroan.

c) Esporta daitekeen produktu, zerbitzu edo marka berekia izatea.

d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. b), c), d), e) eta f) letretako baldintza orokorrak eskabide-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

3. Horrez gain, eskatzen den bonu modalitatea zein den, berariazko baldintza hauek ere bete beharko dira:

a) Bultzada hastea bonua.

Betekizun hauetako bat bete beharko da:

I.–ICEX NEXT programa egina izatea edo egiten egotea. Programari atxikitzeko gutuna aurkeztuz frogatuko da.

II.–Enpresa nazioartekotzearen aldeko diagnostikoa izatea. Diagnostiko horren ondorioak eta gomendioak aurkeztuz frogatuko da, hura egin duen aholku-enpresak sinatuta. Aholku-enpresa horrek gutxienez ere hiru urteko esperientzia izan beharko du nazioarteko merkataritzaren arloko aholkularitzan.

b) Bultzada sendotzea bonua.

2023an esportazioen zenbatekoa fakturazioaren %15etik gorakoa izan dela egiaztatzea. Zerga aitorpenen edo fakturen bidez egiaztatuko da.

4. Bi bonu modalitateetan, 3. oinarriko 1.e) eta 2.e) ataletan jasotako gastuetarako dirulaguntza eskatzen bada, enpresaren nazioartekotze digitalaren aldeko diagnostikoa ere aurkeztu beharko da. Diagnostiko horren ondorioak eta gomendioak aurkeztuz frogatuko da, hura egin duen aholku-enpresak sinatuta. Aholku-enpresa horrek 3.3 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko ditu. Hastea bonua gastu horiek egiteko soilik eskatzen bada, nazioartekotze digitalaren aldeko diagnostikoa aurkeztuko da oinarri honetako 3.a) atalean adierazitakoaren ordez.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, dirulaguntzaren zenbatekoa eta gauzatzeko epea.

1. Bultzada hastea bonua: gastu hauen %60 lagunduko da diruz, gehienez 10.000 euro.

a) Merkatuko azterketa aurreratuak egiteko gastuak. Gastu hauetan sartuta dago destinoan elkarrizketak eta inkestak egitea produktu edo zerbitzuaren balio-katean parte hartzen duten agente nabarmenei (bezeroak, hornitzaileak, administrazioa, eta abar), eta lehiaren azterketa egitea salmenta puntuetan (store checks), lehen eskuko informazioa lortzeko zenbait gairi buruz: prezioak, marjinak, kalitateak, betebeharrak, eta abar.

b) Nazioartekotzeko plana diseinatzeko edo eguneratzeko lanekin lotutako aholkularitza gastuak.

c) Esportazioen kudeatzaile bati merkataritzako kontratua egitea, gutxienez sei hilabeterako.

d) Aholkularitza eta kudeaketa kontratatzea nazioarteko merkatuetako homologazio eta ziurtapenen gaietarako eta patenteen eta marken erregistrorako.

Atal honetan sartzen dira patenteak eta markak destinoko herrialdeetako erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak, horiek eman arte, planaren xede den herrialdean nahitaezko homologazioa egiteak dakartzan gastuak (horretarako akreditazioa duten entitateek eginez gero), kanpoko bezero handientzat egindako ziurtapenak eta aurrekalifikazioak, eta horiek tramitatzeko kanpoko aholkularitzek eragindakoak.

e) Enpresaren nazioartekotze plan digitala abian jartzearekin lotutako gastuak:

–Alta ematea nazioartekotze-plataformetan: marketplace, web-direktorioak edo antzekoak.

–Online publizitate- eta sustapen-gastuak: iragarki-kanpainak Google Ads-en edo sare sozialetan, display eta SEM publizitatea bilatzaileetan (Google, Bing...) edo argitalpen digitaletan, influencer-ak edo preskriptoreak kontratatzea sare sozialetan.

–Online marketineko tresna osagarriak kontratatzea: Premium kontuetan alta ematea, marketin-zerbitzu osagarriak, hala nola email marketina.

–Web-portaera optimizatzeko eta hobetzeko pluginak eta outbound marketineko beste tresna batzuk eskuratzea.

2. Bultzada sendotzea bonua: gastu hauen %60 lagunduko da diruz, gehienez 10.000 euro.

a) Erabiltzen ahal diren banaketa-kanalak aurkitzeko eta haiei buruzko informazioa biltzeko nazioarteko negozio eta marketin aholkularitza; inportatzaileen, banatzaileen eta preskriptoreen zerrenda "bizia" egitea; enpresaren produktuaren edo zerbitzuaren eskaintza pertsonalizatuak aurkeztea bezero potentzialei; enpresaren produktuaren edo zerbitzuaren merkatu-azterlan aurreratua egitea.

b) Aholkularitza eta kudeaketa kontratatzea nazioarteko merkatuetako homologazio eta ziurtapenen gaietarako eta patenteen eta marken erregistrorako.

Atal honetan sartzen dira patenteak eta markak destinoko herrialdeetako erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak, horiek eman arte, planaren xede den herrialdean nahitaezko homologazioa egiteak dakartzan gastuak (horretarako akreditazioa duten entitateek eginez gero), kanpoko bezero handientzat egindako ziurtapenak eta aurrekalifikazioak, eta horiek tramitatzeko kanpoko aholkularitzek eragindakoak.

c) Aholkularitza juridikoa (merkataritza, zerga, administrazio eta lan arlokoa) eta finantza-aholkularitza, nazioartekotzearekin lotuta badaude.

d) Destinoko herrialdean merkataritzako agentea edo ordezkaria hautatzeko gastuak.

e) Enpresa nazioartekotzeko plan digitala abiaraztearekin lotutako gastuak, 3.1.e) atalean xedatutakoaren arabera.

3. Diruz lagungarriak izateko, 1.a) eta b) eta 2.a) ataletan adierazitako zerbitzuak eman beharko ditu nazioarteko merkataritzako aholkularitzan gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzen duen enpresa batek; 1.c) atalean adierazitako zerbitzuak, berriz, nazioarteko merkataritzan edo export manager-aren eginkizunetan gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzen duen enpresa edo pertsona autonomo batek eman beharko ditu; eta 1.e) eta 2.e) ataletan adierazitako zerbitzuak, azkenik, nazioartekotzeko plan digitalak abian jartzeari dagozkionak izanen dira, plan horiek egin dituztenak beren taldean kanpo merkataritzako, merkataritza elektronikoko eta marketin digitaleko espezialistak dituzten enpresak badira eta egiaztatzen badute 2021ko urtarrilaren 1etik aurrera gutxienez ere nazioartekotze digitalerako sei proiektu egin dituztela.

4. Ez dira inola ere diruz lagunduko jarduera iraunkorrekin edo aldizkakoekin lotutako gastuak, ez eta enpresaren ohiko kudeaketa-gastuekin lotutakoak ere (back office lanak, hala nola kontabilitatea egitea, zerga-aitorpenak, etab.). Helburu zehatzak dituzten lan puntualak baizik ez dira diruz lagungarriak.

5. Dirulaguntza jaso ahal izateko, gutxieneko gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 2.000 eurokoa izanen da.

6. Diruz lagungarriak izateko, gastuak gauzatu, fakturatu eta ordaindu beharko dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik 2024ko urriaren 18ra bitartean, egun hori barne.

7. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

8. Enpresak bere merkataritza-jardueraren ondoriozko gastu diruz lagungarriak egin baditu, gastu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-aldietan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epealdietan.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko abuztuaren 30ean bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/bonos-impulsa-de-internacionalizacion-2024 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

3. Laguntzak eskatzeko prozesuan, eskatzaileek honako hauek bete beharko dituzte: enpresaren datuak, eskatzen den bonu modalitatea eta onuradun izateko 2.1 oinarriko b), c), d), e) eta f) letretan ezarritako baldintzak betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

4. Eskaera-orri telematikoarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, enpresa txikia edo ertaina izateari buruz.

b) 2. oinarrian eskatzen diren berariazko baldintzak betetzen direla frogatzen duten egiaztagiriak.

c) Dirulaguntzaren xede diren zerbitzuei buruzko memoria.

d) Dirulaguntza eskaeraren xede diren aholkularitza-lanen aurrekontuak. Aurrekontuetan honako epigrafe hauek sartuko dira: xedea, lanerako plana, helburua, entregatzekoa eta eskaintza.

e) Zerbitzuak ematen dituzten enpresen baldintzak, eta, behar bada, baldintza pertsonalak betetzen direla egiaztatzeko, zerbitzua ematen duten enpresen erantzukizunpeko adierazpena, hartan adierazirik eskatutako esperientzia urteetan egindako lanik garrantzitsuenak, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egiaztatu ahal izateko gisan.

f) Hornitzailearen hautaketaren gaineko justifikazioaren inprimakia eta 3.7 oinarrian ezarritako gainerako agiriak.

g) Enpresa nazioartekotzeko plan digitalak abiatzearekin lotutako gastuen kasuan, plan horiek aurkeztu beharko dira.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskaerak oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko da eta 3. oinarrian ezarritakoa aplikatuz esleituko da dirulaguntza.

2. Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan bonu mota bakoitzerako kreditua dagoen bitartean:

–100.000 euro bultzada hastea bonurako.

–100.000 euro bultzada sendotzea bonurako.

Bonu modalitate baterako eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria baldin badago, beste bonuaren eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, aurkeztu diren hurrenkeraren arabera.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

3. Ebazpena eman eta eskatzaileen GHEbaren bidez jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Dirulaguntzaren onuradunek 2024ko urriaren 18a izanen da azken eguna egindako jarduera justifikatzeko. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei egokituta, modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez:

a) Justifikaziorako inprimakia.

b) Ordainketen fakturak eta frogagiriak (bankuko agiriak onartuko dira bakarrik).

c) Proiektua justifikatzeko memoria.

d) Proiektuaren finantzabideen gaineko erantzukizunpeko adierazpena.

e) Emandako dirulaguntzaren publizitatearen frogagiriak.

f) Bultzada hastea bonua eskatu bada esportazioen kudeatzaile bat kontratatzeko, izenpeturiko kontratua ere aurkeztu beharko da.

g) Ebaluazio inkesta, laguntzen fitxan eskura dagoena.

2. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.

8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da gehienez, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan gaitutako izapidearen bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako ekintzak 7. oinarrian ezarritako moduan eta epean egin izana frogatzea.

c) Beren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz adieraztea dirulaguntza honen onuradun direla, eta, horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren logoa ikusgai jartzea. Logoa www.planinternacionaldenavarra.es helbidean deskarga daiteke.

d) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 10. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

f) 2024, 2025 eta 2026ko ekitaldietako eraginkortasun-adierazleei buruzko galdetegia (salmenten, esportazioen eta enpleguaren zifra) aurkeztea. Galdetegi hori eskuragarri dago laguntzen fitxan.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 7.2 oinarrian ezarritako epean egiten bada.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamendua ordeztuko duen erregelamenduan xedatutakoaren arabera. 1407/2013 Erregelamenduaren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 EBAO, abenduaren 24koa).

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, dirulaguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2315529