247. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

109/2023 EBAZPENA, azaroaren 17koa, Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Lur-ondasunen Erregistroan 2023ko azaroaren 30ean dauden ondasun higiezinen balioak.

Hala xedatzen baitute beren 42. artikuluan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuek, azaroaren 6ko 300/2019 Foru Dekretuaren bitartez onetsitakoek, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari dagokio, besteak beste, ondasun higiezinak karakterizatu eta baloratzeko jarduketak egitea.

Bestalde, hala ezartzen baitu bere 21.4 artikuluan Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legeak, Nafarroako Foru Ogasunean ondasun higiezinak baloratzeko eginkizunak dituen zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du urtero, Lur-ondasunen Erregistroan azaroaren 30ean dauden ondasun guztien balioak onesteko.

Aipatutako foru legearen 21.5 artikuluak agintzen du Nafarroako Foru Ogasunak ebazpen horri buruzko iragarkia jarriko duela Nafarroako Aldizkari Ofizialean, horrela foru lege horren 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titularrak udal bakoitzeko administrazio bulegoetan agertu ahal daitezen abenduko lehen hogei egun naturaleko epean, beren ondasun higiezinei emandako balioa zein den jakiteko.

Manu horrek, gainera, adierazten du Nafarroako Foru Ogasunak azaroaren 30ean inskribatuta dauden balioen kontsulta gaituko duela, zabalkunde publikoko bitarteko informatiko edo telematikoak eta beste baliabide osagarri batzuk erabiliz, titularrek beren ondasunei esleitutako balioa benetan zein den jakitea bermatzeko.

Azkenik, lege beraren 21.6 artikuluak ezartzen duenez, agertzeko ezarritako epea bukatu eta biharamunetik hasita, ulertuko da interesdun guztiek beren ondasunen balioen berri nahikoa izan dutela.

Horrenbestez, aipatu aginduetan xedatutakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Lur-ondasunen Erregistroan 2023ko azaroaren 30ean dauden ondasun higiezinen balioak.

Bigarrena.–Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila eta onetsitako balioak Nafarroako udaletara igor daitezela, horrela Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titularrak udal bakoitzeko administrazio bulegoetan agertu ahal daitezen, abenduko lehen hogei egun naturaleko epean, beren ondasun higiezinei emandako balioa zein den jakiteko.

Hirugarrena.–Adieraztea ezen, bat etorriz Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.7 artikuluan xedatutakoarekin, foru lege horren 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titularrek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari zuzendua, hilabeteko epean, titularrek beren ondasunei esleitutako balioa egiaz jakiten duten egunetik hasita, eta, betiere, 2023ko abenduaren 21etik aurrera, baldin eta esleitutako balio berriak aldatzen badu aurreko zergaldiko lurralde kontribuziorako zerga-oinarri gisa hartu zen erregistro-balioa.

Laugarrena.–Onetsi diren balioen kontsulta gaitzea Nafarroako Atarian ere, Interneten.

Iruñean, 2023ko azaroaren 17an.–Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendaria, Sergio Osés Amézqueta.

Iragarkiaren kodea: F2316389