247. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

19/2023 FORU LEGEA, azaroaren 14koa, kreditu berezi bat ematekoa, ordain dakien alderdi eta formazio politikoei 2023ko maiatzaren 28an egin ziren Nafarroako Foru Parlamenturako hauteskundeetako gastuak finantzatzeko dirulaguntza, eta zenbait aurrekontu-partidaren izenak aldatzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, KREDITU BEREZI BAT EMATEKOA, ORDAIN DAKIEN ALDERDI ETA FORMAZIO POLITIKOEI 2023KO MAIATZAREN 28AN EGIN ZIREN NAFARROAKO FORU PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEETAKO GASTUAK FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZA, ETA ZENBAIT AURREKONTU-PARTIDAREN IZENAK ALDATZEKOA.

ATARIKOA

Nafarroako Parlamentuko hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legeak 44. artikuluan ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateak dirulaguntzak emanen dizkie alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle batasunei, hauteskundeetako gastuak finantzatzeko.

Foru lege beraren 48. artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuak, Kontuen Ganberak hauteskundeetako kontabilitateen erregulartasunari buruzko txostena igorri eta ondoko hilabetean, foru lege proiektu bat aurkeztuko diola Nafarroako Parlamentuari, esleitu beharreko dirulaguntzen zenbatekoa adinako kreditu berezi bat emateko; dirulaguntza horiek Parlamentuak proiektua onetsi eta ondoko hogeita hamar eguneko epean ordaindu beharko dira.

Foru lege honen xedea da indarreko hauteskunde araudian ezarritako agindua betetzea, 2023ko maiatzaren 28an Nafarroako Parlamenturako egindako hauteskundeek sortutako gastuak finantzatzen laguntzearren.

Halaber, Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legeko zenbait partidaren izenak aldatu dira, haien betetze zuzenari egokitze aldera.

1. artikulua. Kreditu berezi bat ematea.

1.594.526 euroko kreditu berezi bat ematen da 2023ko Gastuen Aurrekontuko "Alderdi politikoentzako dirulaguntzak" izeneko 010001-01000-4819-912100 partidaren kontura.

2. artikulua. Kreditu bereziaren finantzaketa.

Kreditu berezi hori, 1.594.526 eurokoa, "Kontu korronteen eta eperako ezarpenen interesak" izeneko 110003-11500-5200-000000 partidan izandako diru-sarrera handiagoen kontura finantzatuko da.

3. artikulua. Aurrekontuko partiden izena aldatzea:

1.–"920005 93100 7609 231B05 Antsoaingo Udalarekiko hitzarmena. Berrikuntzak eguneko zentro komunitariorako" dioenean, honakoa behar du:

"920005 93100 7609 231B05 Antsoaingo Udalarekiko hitzarmena. Berrikuntzak eta ekipamendua eguneko zentro komunitariorako".

2.–"210001 21300 7609 2616F2 (E) Transferentzia Pitillasko Udalari: udal-igerilekuak estaltzea" dioenean, honakoa behar du:

"210001 21300 7609 2616F2 (E) Transferentzia Pitillasko Udalari: udal-igerilekuetako pergola".

3.–"210001-21300-7609-261697: (E) Lizarrako Curtidores eta Ordoiz kaleak eguzki-argiekin argitzea" dioenean, honakoa behar du:

"210001-21300-7609-261697: Lizarrako Ordoiz bidea kalea eguzki-argiekin argitzea".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2023ko azaroaren 14an.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2316315