1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
171/2023 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiak emana, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen duena "Villafranca Sol" eguzki-instalazio fotovoltaikoa, 2,005 MW-ekoa, eta haren ebakuazio azpiegiturak eraikitzeko, Alesbesko udal mugartean.
1.–2022ko urriaren 7ko eskaera.
2022ko urriaren 7an, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, Cygnus Fotovoltaica SL enpresak eskaera bat aurkeztu zuen "Villafranca Sol" eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena lortzeko.
Proiektuaren asmoa da 4.144 moduluz osatutako eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezartzea. Modulu bakoitzak 565 Wp-eko gehieneko potentzia duenez, guztira, 2,34136 MWp-eko potentzia gailurra izanen duen eguzki-instalazioa osatuko dute. Alesbesko udal mugartean kokatuko da, 5. poligonoko 59. lurzatian, eta 3,33 hektareako azalera hartuko du.
Eguzki-instalazioaren ondoan, estazio bat ezarriko da, hauez osatua: 2,005 MVA-ko inbertsore bat, hari konektatutako 13,2 kV/630 V-eko transformazio-erlazioko transformadore bat, 2.100 kVA-koa, eta 24 kV-eko goi-tentsioko gelaxkak. Estazioa hari dagokion bezeroaren babes eta neurketa zentroari konektatuta egonen da.
Sortutako energia elektriko berriztagarria 2.104 metroko lurpeko ebakuazio linea baten bidez hustuko da, 13,2 kV-eko Villafranca TBA azpiestaziora arte (lehendik dago azpiestazio hori).
Halaber, Cygnus Fotovoltaica SLk proiektuaren ingurumen ukipenen ebaluazioa eskatu zuen. 2022ko urriaren 7an, eskaera hori Ingurumen Eraginaren Atalera igorri zen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 34. artikuluari jarraikiz.
2022ko urriaren 7an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Paisaiaren Atalera igorri zen espedientearen dokumentazioa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 118. artikuluaren c) letrari jarraikiz.
2.–Jendaurreko informazioaren tramitea.
Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan ezarritakoa betetzeko, proiektua jendaurrean jarri zen, 2022ko 228. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 17koan, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean argitaratuta.
Era berean, iragarkia Alesbesko Udalari igorri zitzaion, epe berean ediktu-taulan argitara zezan. Espedientean dago egintza hori egiaztatzen duen eginbidea.
3.–Kontsulten tramitea.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluak aplikatuz, 2022ko azaroaren 17an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako erakunde hauei, eta ondorengo taulan adierazitako dataren araberako txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | TXOSTENAREN DATA |
1. | Ondare Arkitektonikoaren Atala | 2022-11-18 |
2. | Alesbesko, Agua Salada erreka-zuloko, Cadreitako eta Hondo de Espartosako Ureztatzaileen Elkartea | 2022-11-18 |
3. | Alesbesko Ureztatzaileen Elkarteko Ureztaketa Sindikatua | 2022-12-16 |
4. | Nedgia Navarra SA | 2022-12-16 |
5. | Telefonica SA | 2022-12-27 |
6. | Alesbesko Udala | - |
7. | I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SLU | - |
8. | Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | - |
Aurreko txostenen edukia espedientean jasota dago, eta ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.
4.–Alegazioak.
Jendaurreko informazioaren tramitearen esparruan, honako alegazio hauek jaso ziren:
ALEGAZIOAK | TXOSTENAREN DATA |
1. | Energía Inagotable de Keneo SL. | 2022-12-27 |
Haren edukia eta xehetasunak espedientean jasota daude, eta ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.
5.–Sustatzaileari txostenak bidaltzea eta erantzuna.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluei jarraituz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Cygnus Fotovoltaica SLri igorri zizkion aipatutako txosten eta alegazioak.
2023ko otsailaren 6an, jasotako txosten eta alegazioen erantzuna aurkeztu zuen Cygnus Fotovoltaica SLk. Haren edukia eta xehetasunak espedientean jasota daude, eta ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.
6.–Ingurumen ukipenen txostena.
Espedientean jasota dago Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 25eko 69E/2023 Ebazpena, zeinaren bidez proiektuaren aldeko txostena egiten baita, ebazpenean bertan jasotako neurriak aplikatzeko baldintzarekin; besteak beste, honako neurri hauek:
–Eginen diren lur mugimendu bakarrak izanen dira lurpeko lineetarako zangak egiteko eta barneko bideak egiteko beharrezkoak direnak. Jarduketa horiek ez dute hondeaketa lurren soberakinik sortuko. Soberakinik sortuz gero, obran bertan berrerabiliko dira.
–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako eremuak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi zedarrituko da tokian bertan, obrei ekin aurretik.
–Eguzki moduluen euskarriak lurrean sartuta joanen dira, eta ez da zimendurik eraikiko, salbu eta kontrolerako eta mantentze-lanetako etxola eta inbertsorearen eta transformadorearen eraikinak ezartzeko hormigoizko lauzak.
–Hesi perimetralak ez du elementu zorrotzik izanen, eta ez da lurzoruari ainguratuta edo eutsita egonen beheko aldetik, salbu zutoinetan. Fauna txikiari pasatzen uzteko, behealdeak lurzorutik 25 zentimetro goratuta egon beharko du.
–Irekitzen diren egunean bertan ixten ez diren zangek ihes-arrapalak izan behar dituzte, harrapatuta gelditzen diren animaliak atera ahal daitezen, edo, bestela, egunero ikuskatuko dira, halabeharrez eroritako animaliarik dagoen ikusi eta askatzeko.
–Jarduera eremu osoan substantzien isurketa saihesteko behar diren neurriak hartuko dira.
–Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratuko dira.
–Azpiegiturarik hartzen ez duten eremuen lurrazalak belar estalkia izan behar du, zoruaren higadura saihesteko eta basa faunarentzako habitat bat lortzeko.
7.–Lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena.
Espedientean jasota dago Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 2ko 304E/2022 Ebazpena, zeinaren bidez "Villafranca Sol" eguzki-instalazio fotovoltaikoa baimentzen baita, Alesbesko 5. poligonoko 59. lurzatian, ebazpenean bertan jasotako neurriak aplikatzeko baldintzarekin.
8.–Espedientea aztertzea eta baimena proposatzea.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123. artikuluak ezartzen duena betez, sustatzaileak egiaztatu du lege-gaitasuna, gaitasun teknikoa eta ekonomikoa dituela proiektua egiteko.
Espedientean jasota dago instalaziorako sarbide eta konexio baimena, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eskatutakoaren arabera, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk emana, 9040652101 erreferentzia eta 2022ko ekainaren 9ko data duen agiriaren bidez.
Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak proposatu du Cygnus Fotovoltaica SLren eskaera onartzea, eta ematea proiekturako eskatu zituen aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena.
Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,
EBAZTEN DUT:
1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Cygnus Fotovoltaica SLri "Villafranca Sol" eguzki-instalazio fotovoltaikoa (2,005 MWn eta 2,34136 MWp-ekoa) ezartzeko.
2. Onestea eguzki-instalazio fotovoltaikoa egiteko aurkeztutako proiektua, Enrique Benedicto Requena industria ingeniariak sinatua, eta energiaren ebakuazio instalazioak egiteko aurkeztutako proiektua, Alberto De Carlos Alonso industria ingeniariak sinatua, eta hogeita lau hilabeteko epea ematea obrak egiteko.
3. Instalazioak aurkeztutako proiektuen arabera gauzatu beharko dira, eta honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko dute: 337/2014 Errege Dekretua, maiatzaren 9koa, Goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duena; 223/2008 Errege Dekretua, otsailaren 15ekoa, Goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duena; 842/2002 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, Behe-tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa onesten duena; eta 1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, Goi-tentsioko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituena.
4. Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
7. Ebazpen hau jakinaraztea Cygnus Fotovoltaica SLri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Telefónica SAri, Nedgia Navarra SAri, Alesbesko, Agua Salada erreka-zuloko, Cadreitako eta Hondo de Espartosako Ureztatzaileen Elkarteari, Alesbesko Ureztatzaileen Elkarteko Ureztaketa Sindikatuari eta Energía Inagotable de Keneo SLri, eta ohartaraztea ez duela administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, espediente-zenbakia adierazita.
8. Ebazpen hau Alesbesko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko azaroaren 9an.–Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
I. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK
Jarraian, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulten lehendabiziko tramitean jasotako txostenak laburbiltzen eta aztertzen dira:
1. txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala.
Adierazi du ez dagoela ukipenik atal horren eskumeneko arloetan.
2. txostena.–Alesbesko, Agua Salada erreka-zuloko, Cadreitako eta Hondo de Espartosako Ureztatzaileen Elkartea.
3. txostena.–Alesbesko Ureztatzaileen Elkarteko Ureztaketa Sindikatua.
Antzeko idazkiak aurkeztu zituzten, baldintza teknikoak betetzeko eskatuz; zehazki, energia husteko azpiegituren eta ureztatze sareko azpiegituren arteko distantziei buruzkoak.
Erantzuna: Cygnus Fotovoltaica SLk adierazi du ados dagoela eta instalazioak egokitzeko eta bi txostenetan ezarritakoa betetzeko konpromisoa hartzen duela.
4. txostena.–Nedgia Navarra SA.
Aurkeztu zuen idazkian, hauek aipatzen ditu: 919/2006 Errege Dekretua, uztailaren 28koa, Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoa onesten duena; haren ITC ICG 01 jarraibide tekniko osagarria; eta UNE 60310 eta 60311 arauak, gas hodien eta lurpeko beste zerbitzu batzuen arteko distantzia minimoak deskribatzen dituztenak.
Aipatu errege dekretuaren arabera, obren esleipenduna den eraikitzaileak eskualdeko zerbitzu teknikoei jakinarazi behar die obrak noiz hasiko diren, baita egokitzat jotzen dituen argibideak eta gas-instalazioetatik hurbil dauden obrak egitean kontuan hartu beharreko segurtasun-neurriak ere.
Erantzuna: Cygnus Fotovoltaica SLk adierazi du ados dagoela eta baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela.
5. txostena.–Telefónica SA.
Kontsultari idazki baten bidez erantzun zion, eta hartan adierazi zuen ez zuela inolako eragozpenik proiektua gauzatzeko, baldin eta telekomunikazio lineekiko paralelismoei eta gurutzaketei buruz indarrean dagoen araudia betetzen bada.
Erantzuna: Cygnus Fotovoltaica SLk adierazi du ados dagoela eta eskatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen duela.
II. ERANSKINA.–JASOTAKO ALEGAZIOAK
Jarraian, jendaurreko informazioaren tramitean jasotako alegazioa laburbiltzen eta aztertzen da:
1. alegazioa–Energía Inagotable de Keneo SL.
Idazki bat aurkeztu zuen, hau esaten zuena:
–Prozeduran interesdun izaera aitor dakion eskatzen du.
–Adierazten du "Keneo" haize-parkearen eta haren ebakuazio azpiegituren proiektua aurkeztu duela Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan eta, ikus daitekeenez, elkarri gainjartzen zaizkiola proiektu hori eta "Villafranca Sol" eguzki-instalazio fotovoltaikoarena.
Erantzuna:
"Villafranca Sol" eguzki-instalazio fotovoltaikoak aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena lortuko ditu ebazpen honen bidez. Gaur-gaurkoz, inon ez dago jasota Energía Inagotable de Keneo SLk sustatutako "Keneo" haize-parkeak aurretiazko administrazio baimena edo eraikitzeko administrazio baimena duenik.
Ebazpen hau jakinarazten zaio Energía Inagotable de Keneo SLri.
Iragarkiaren kodea: F2315910