Iragarkia
238. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
157/2023 EBAZPENA, urriaren 24koa, Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Vianako udal mugartean 5 MW-eko "Valderrobles II" instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren proiekturako aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematen baitira.
1.–2022ko otsailaren 21eko eskaera.
2022ko otsailaren 21ean, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SL enpresak aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen "Valderrobles II" izeneko eguzki-instalazio fotovoltaikorako, Vianako udal mugartean.
Hasieran aurkeztutako proiektuak 11.200 moduluz osatutako instalazio bat aurreikusten zuen, modulu bakoitza 540 Wp-eko gehieneko potentziakoa, guztira 6,048 MWp-eko potentzia puntako eguzki-eremua osatuta 9,079 hektareako azaleran. Halaber, 20 inbertsore zituen, 250 kWn-ekoa bakoitza, eta multzoaren potentzia nominala 5 MWn-ekoa zen.
Instalazioak transformazio-zentro bat du instalazio fotovoltaikoaren esparruan, eta 5 MVA-ko potentzia duen aire zabaleko transformadore bat du, tentsioa 13,2 kV-era igotzeko. Gainera, ebakitzeko eta tentsioa neurtzeko zentro bat du, erdi-tentsioko gelaxka metaliko modularrekin, etxola aurrefabrikatuan. Transformazio-zentroa eta ebakitze-zentroa elkar konektatuko dira 290 metroko luzera duen lurpeko linea baten bidez.
Ebakitze-zentrotik, energia erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez aterako da banaketa-sarera isurtzeko punturaino, STR Viana 13,2 kV-eko azpiestazioan. Azpiestazio hori I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUrena da, eta 789791 du identifikatzaile bakarraren kodea.
Ebakuazio linearen trazadura, hasiera batean, hiru tarte hauek zituen:
–2.690 metroko linea-tarte bat, lurpekoa, instalazio fotovoltaikoaren ebakitze-zentrotik lurpeko linearen irteerako 01 zenbakiko euskarriraino.
–630 metroko linea-tarte bat, airekoa, 01 zenbakiko euskarritik aireko linearen bukaerako 5 zenbakiko euskarriraino.
–62 metroko linea-tarte bat, lurpekoa, 5. euskarritik STR-Viana azpiestazioraino, azpiestazioaren beraren lurretan barna igaroko dena.
2022ko martxoaren 21ean Lurraldearen Antolamenduaren eta Paisaiaren Atalera igorri zen espedientearen dokumentazioa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 118. artikuluaren c) letrari jarraikiz.
2022ko martxoaren 28an, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLk dokumentazio berria erantsi zion espedienteari, proiektuaren ingurumen ukipenen ebaluazioa eskatzeko, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 34. artikuluari jarraikiz. Eskaera hori Ingurumen Eraginaren Atalera igorri zen 2022ko martxoaren 29an.
2.–Jendaurreko aldiaren tramitea.
Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen proiektua, iragarkia argitaratuz 2022ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 7koan, Diario de Noticias egunkarian, 2022ko ekainaren 8koan, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean. Era berean, iragarkia Vianako Udalari igorri zitzaion, epe berean ediktu-taulan argitara zezan. Espedientean dago egintza hori egiaztatzen duen eginbidea.
Jendaurreko aldian ez zen alegaziorik jaso.
3.–Kontsulten izapidea.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluak aplikatuz, 2022ko ekainaren 7an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako erakunde hauei, eta ondorengo taulan adierazitako dataren araberako txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | TXOSTENAREN DATA | |
1. | Ondare Arkitektonikoaren Atala | 2022-06-08 |
2. | Vianako Udala | 2022-06-15 |
3. | Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia | 2022-06-16 |
4. | Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzia (AESA) | 2022-06-20 |
5. | Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | 2021-08-05 |
- | Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | - |
- | I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU | - |
Aurreko txostenen edukia espedientean jasota dago, eta ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.
4.–Sustatzaileari txostenak bidaltzea eta erantzuna.
2022ko uztailaren 27an igorri zitzaizkion aipatutako txosten horiek Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLri, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluei jarraikiz.
5.–Energiaren ebakuaziorako linearen azken tartea aldatzea.
2022ko abuztuaren 9an, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLk kontsulten izapidean jaso ziren txostenei emandako erantzuna aurkeztu zuen; horren edukia ebazpen honen xede den espedientean dago eta I. eranskinean laburtuta ageri da.
Nabarmentzekoa da Vianako Udalak egindako txostenak ordezko trazadura bat eskatzen zuela ebakuazio linea elektrikoaren azken tarterako, Vianako Industrialdeko udalez gaindiko plan sektorialaren eremuan ezarritakoaren arabera. Izan ere, aldatutako tartea airetik zihoan jatorrizko proiektuan, eta orain lurpeko kanalizazio baten bidez egin behar zen. Hortaz, obra lizentzia lortzeko, sustatzaileak lurpeko ordezko trazadura proposatu behar zuen Vianako udal mugarteko 19. poligonoko 445. eta 78. lurzatien artean.
2022ko azaroaren 18an, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLk proiektuaren eranskin bat aurkeztu zuen, trazadura berri bat proposatuz: 13,2 kV-eko lurpeko linea-tarte bakar bat, 3.850 metro luze, instalazio fotovoltaikoko maniobra zentrotik STR Vianako banaketa zentroraino. Tarte hori airekoa zen jatorrizko proiektuan.
2022ko azaroaren 24an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako lurzatien titularrei, eta erantzun hauek jaso ziren, taulan adierazitako datetan:
ERANTZUNAK | DATA | |
1. | I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU | 2022-06-08 |
2. | Industria Lurzoruaren Atala | 2022-12-22 |
3. | Vianako Udala | 2022-12-23 |
4. | Eva María Antoñana Xicart | 2022-01-26 |
5. | Marta Antoñana Xicart | 2023-02-19 |
Erantzunen edukia ebazpen honen xede den espedientean dago, eta ebazpenaren II. eranskinean laburbiltzen da.
Aurreko erantzunak Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLri bidali zitzaizkion.
6.–Energiaren ebakuazio linearen azken tartea bigarrenez aldatzea.
Jasotako erantzunak kontuan harturik, 2023ko otsailaren 22an Explotación Fotovoltaica Zeta SLk lurpeko linearen trazaduraren beste aldaketa bat aurkeztu zuen.
2023ko otsailaren 28an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako lurzatien titularrei, eta erantzun hauek jaso ziren, taulan adierazitako datetan:
ERANTZUNAK | DATA | |
1. | Vianako Udala | 2023-04-21 |
2. | Industria Lurzoruaren Atala | 2023-03-06 |
- | I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU | - |
- | Destilerías La Navarra SA. | - |
- | Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia | - |
Erantzunen edukia ebazpen honen xede den espedientean dago, eta ebazpenaren III. eranskinean laburbiltzen da.
Aurreko erantzunak Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLri bidali zitzaizkion.
7.–Energiaren ebakuazio linearen azken tartea hirugarrenez aldatzea.
Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLk proiektuko energiaren ebakuazio azpiegituren beste aldaketa bat aurkeztu zuen, batez ere Industria Lurzoruaren Atalak egindako proposamenari erantzunez. Linearen azken tartea aldatu zen, etorkizuneko industria-lurzatien gainean ukipenik ez eragitea kontuan hartuta. Hortaz, 13,2 kV-eko lurpeko linea-tarte bakar batek osatzen zuen, 3.850 metro luze, instalazio fotovoltaikoaren maniobra-zentrotik STR Vianan dagoen banaketa zentroraino. Industrialdean, azpiegituretarako gordetako zerrenda batean barna igaroko litzateke linea, dagoeneko urbanizatuta dagoen bide batean eta lurzoru finkatuan.
Aldaketak ikusita, eta ebakuazio azpiegituren proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan izandako aldaketak direla eta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak erabaki zuen proiektua jendaurrean jartzeko izapidea berriz egitea.
8.–Proiektuaren bigarren jendaurreko informazioa.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluei jarraikiz, jendaurrean jarri zen Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLk aurkeztutako dokumentazioa. Horretarako, iragarkia argitaratu zen 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 30ekoan, 2023ko maiatzaren 31ko Diario de Noticias egunkarian eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean. Era berean, iragarkia Vianako Udalari bidali zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezan. Espedientean dago egintza hori egiaztatzen duen eginbidea.
Jendaurreko informazioaren izapide horretan ez zen alegaziorik jaso.
9.–Kontsulten izapidea.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluak aplikatuz, 2023ko maiatzaren 29an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako erakunde hauei, eta ondorengo taulan adierazitako dataren araberako txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | TXOSTENAREN DATA | |
1. | Vianako Udala | - |
2. | Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia | - |
3. | I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU. | - |
Kontsulta horietarako erantzunik ez zen jaso.
10.–Ingurumen ukipenen txostena.
Espedientean Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 21eko 205E/2022 Ebazpena bildu da. Horren bidez, aldeko txostena egiten da "Valderrobles II" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen ukipenei buruz, baina ebazpenean bertan jasotako neurriak aplikatu beharko dira, besteak beste honako hauek:
–Errepideekin, abelbideekin eta Donejakue Bidearekin gurutzatzen edo paraleloan joaten den kasuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko errepideen izaera nagusitzen da.
–Perimetroko hesia 15 metro atzeraeman beharko da 104., 105., 108., 109., 110. eta 118. lurzatien mendebaldeko mugatik neurtuta, Ingurumeneko, Lurralde Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Aginduaren arabera. Azalera horrek ez du plakarik izanen, lurzoruaren higadura-arriskuak eta mendi-hegalean lur-isurketak saihesteko eta paisaia-inpaktua murrizteko.
–Perimetroko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta.
–Ahal den guztietan, hormigoia erabiltzea saihestuko da.
–Ahal den gehien errespetatuko da oraingo topografia, ezponda berriak eta indusketako lur soberakinak sortzea saihestuta. Ez da plakarik jarriko %15etik gorako malda ertaineko eremuetan.
–Azpiegiturarik hartzen ez duten eremuen lurrazalean belar estalkia izan behar da, zoruaren higadura saihesteko eta basa faunarentzako habitat bat lortzeko.
–Konpentsazio-neurri gisa, landaredia naturalaren bilakaeraren mende geratuko da hektarea bateko gutxieneko azalera duen eremu bat.
–Hegazti-fauna elektrokutatzeko arriskua minimizatzeko, linea elektrikoaren aireko tarteko euskarrietan, eroaleen artean gutxienez 1,5 metroko tartea utzi beharko da, eta euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean metro bateko distantzia.
–Obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.
11.–Lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena.
Espedientean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 18ko 277E/2022 Ebazpena jaso da, "Valderrobles II" izeneko eguzki-instalazio fotovoltaikoa baimentzen duena, baina ebazpenean bertan jasotako zehaztapenak bete beharko dira.
12.–Espedientea aztertzea eta baimena proposatzea.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123. artikuluak ezartzen duena betez, sustatzaileak egiaztatu du lege-gaitasuna, gaitasun teknikoa eta ekonomikoa dituela proiektua egiteko.
Espedientean instalaziorako sarbide- eta konexio-baimena dago, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eskatutakoarekin bat etorriz.
Ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 30ekoan.
Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatzen du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatu du Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLren eskaera onartzea eta aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, sustatzaileak eskatu bezala.
Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,
EBAZTEN DUT:
1. Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLri aldez aurreko administrazio-baimena ematea, 5 MW-eko potentzia instalatua eta guztira 6,048 MWp-eko potentzia punta duen "Valderrobles II" eguzki instalazio fotovoltaikorako.
2. Onestea eguzki-instalazio fotovoltaikoa egiteko aurkeztutako proiektua, Francisco Javier Gea de la Torre industria-ingeniariak sinatua, eta energiaren ebakuazio instalazioak egiteko aurkeztutako proiektua, Héctor Sánchez Segura industria-ingeniariak sinatua, eta hogeita lau hilabeteko epea ematea obrak egiteko.
3. Instalazio horren onura publikoa zehazki deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat; hori horrela, enpresa eskatzailea, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SL, onuraduna izanen da desjabetze-espedientean.
4. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko Erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta Behe tentsiorako Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.
5. Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.
6. Ebazpen hau igortzea Biodibertsitatearen Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Lehiakortasunaren Zerbitzura, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
8. Ebazpen hau jakinaraztea Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ez duela administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, espediente-zenbakia adierazita.
9. Ebazpen hau jakinaraztea Vianako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziari (AESA), eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, horrek galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko urriaren 24an.–Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
I. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK
Jarraian, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten lehen izapidean jasotako txostenak laburbiltzen eta aztertzen dira:
1. txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala.
Adierazi du ez dagoela ukipenik atal horren eskumeneko arloetan.
2. txostena.–Vianako Udala.
Jakinarazi zuen ezen, Vianako La Alberguería industrialdeari buruz onetsitako UGPSaren esparruan, udalak eskatzen ahalko duela sarearekin konektatzeko linea elektrikoa lurpekoa izatea ibilbide osoan. Horren ondorioz, lurpeko kanalizazio baten bidez egin beharko da, eta bide publikorako lurzoruan edo lurzoru libre publikoan barna joan, bateragarria izan dadin egun dagoen urbanizazioarekin eta etorkizunekoarekin, lurzoruaren jabeentzat karga gehigarria izan gabe.
Obra-lizentzia lortzeko, beste trazadura bat proposatu beharko da UGPS horren eremuan, linea elektrikoaren azken tarterako, hau da, 19. poligonoko 445. eta 748. lurzatien artean airez doan horretarako.
Erantzuna: Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLk txostenarekin ados dagoela erantzun zuen, eta energiaren ebakuazio azpiegituren proiektu tekniko administratiboa aldatzeko espedientea erantsi zuen, dagokion izapidea egiteko.
3. txostena.–Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Zainketa Zerbitzua.
Txostena egin zuen, eta, bertan, baldintza batzuk ezarri zituen proiektatutako jarduketarako, Nafarroako errepide-sarearen gaineko ukipenari dagokionez, zehazki, A-12 autobiari –Donejakue Bideko autobia– eta NA-1110 Galar-Viana eta NA-6320 Viana-Recajo tokiko errepideei dagokienez. Era berean, txostenean gogorarazten du sustatzaileak, lanak egin aurretik eta lanak baimentzeko nahitaezko eskaerarekin batera, Herri-lanen Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko duela egin beharreko obrak behar bezala zehazten dituen dokumentazio teknikoa, baimena eman dezan.
4. txostena.–Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzia.
Txostena egin zuen, eta adierazi zuen udalak, hirigintza-eskumenak dituen administrazioa den aldetik, eskatu beharko diola AESAri zortasun aeronautikoei buruzko indarreko araudian aurreikusitako aurretiazko erabakia (Zortasun aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuaren 30. artikulua, apirilaren 26ko 297/2013 Errege Dekretuak aldatua).
Erantzuna: Sociedad de Explotación Fotovoltaica Zeta SLk adierazi du ados dagoela Aire Segurtasuneko Estatu Agentziak egindako txostenarekin eta hari jarraikiz jardunen duela.
5. txostena.–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.
Aldeko txostena eman zuen, eta adierazi zuen ez dela inolako ukipenik detektatu inongo aztarnategi arkeologikotan edo haren babes-perimetrotan, eta, beraz, proiektuak ez duela neurri zuzentzailerik behar. Obra egiten ari den bitartean hondakin arkeologikoren bat agertzen bada, legezko betebeharra da aurkikuntzaren berri berehala ematea Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, ondare historikoaren arloan indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
II. ERANSKINA.–JASOTAKO ERANTZUNAK
Jarraian, energiaren ebakuaziorako linearen azken tartearen lehenengo aldaketaren ondorioz egindako kontsulta-izapidean jasotako erantzunen laburpena eta azterketa jaso dira:
1. erantzuna.–I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.
Alegazio hauek egin zituen:
–i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren kanalizazio elektrikoa badagoenez, jardunean egon ere, kanalizazio horren eta proiektatutakoaren arteko arauzko distantziak gorde beharko dira.
–Jasotako dokumentazioan, ez dago behar bezala kokatuta proiektatutako kanalizazioa, lehendik dauden instalazio elektrikoekiko.
Erantzuna:
Proiektuaren ondorengo aldaketekin batera separata bat aurkeztu da I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUrentzat, aurreko alegazioetan eskatutakoari erantzunez.
2. erantzuna.–Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Industria Lurzoruaren Atala.
Vianako La Alberguería industrialdean barna lurpeko linea elektriko bat igarotzeari dagokionez, adierazi du Vianako Udalak eskatuta sustatzaileak proposatu duen trazadurak errespetatu egiten duela finka pribatiboen mugaketa, baina nabarmen eragiten diola udalari oraindik laga gabeko bide-zati eraikiari. Zehazki, adierazi du proposatutako obrek ez dutela oztopo izan behar Vianako Udalak urbanizazioa behar bezala gauzatuta jasotzeko.
Trazadura aldatzea proposatzen du, bideetan zangarik ireki beharrik izan ez dadin, eta horrek nabarmen murrizten du eragiketaren kostua.
Erantzuna:
Industria Lurzoruaren Atalak eskatutakoa kontuan hartuta, sustatzaileak aldaketak egin zituen proiektuan, separata bat erantsita Industria Lurzoruaren Atalarentzat, eta izapidetu egin da.
3. erantzuna.–Vianako Udala.
Adierazi zuenez, La Alberguería industrialdearen hegoaldean ukipen-zerrenda bat dago, STR Viana azpiestazioaren lurzatira iristen den goi-tentsioko aireko linearen zortasun-eremua, eta interesgarria da instalazio fotovoltaikoan sortutako energiaren ebakuazio sareak ere azpiegitura horren trazadura erabiltzea.
Obra-lizentziarako proiektuak informazio zehatza eta xehatua jaso beharko du urbanizazioan aurreikusitako esku-hartzeari eta hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizaezineko akaberei buruz.
Erantzuna:
Proiektuaren ondorengo aldaketekin batera separata bat egin da Vianako Udalarentzat, aurreko alegazioetan eskatutakoari erantzunez.
4. erantzuna.–Eva María Antoñana Xicart.
5. erantzuna.–Marta Antoñana Xicart.
Vianako udal mugarteko 19. poligonoko 690. lurzatiaren jabeak diren aldetik, antzeko erantzunak aurkeztu zituzten energiaren ebakuazio linea elektrikoaren trazadura aldatzeko eskatuz, linea hori lurzatiaren mugetatik eraman eta dagoen baso-masa babesteko.
Erantzuna:
Ondoren, sustatzaileak lurpeko linearen trazaduraren aldaketa aurkeztu du, lurzatiaren mugetara ahalik eta gehien egokituz eta bertan dagoen baso-masaren gaineko inpaktua minimizatuz.
II. ERANSKINA.–JASOTAKO ERANTZUNAK
Jarraian, energiaren ebakuazio-linearen azken tartearen bigarren aldaketaren ondorioz egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunen laburpena eta azterketa jaso dira:
1. erantzuna.–Vianako Udala.
Jakinarazi zuenez, duela gutxi beste instalazio fotovoltaiko bat izapidetzen hasi dira aldameneko lurzatietan, eta ebakuazio linea lurzoru urbanizaezineko beste lurzati batzuetatik eraman da, baita La Alberguería industrialdean egiten duen tartean ere. Udalak eska lezake bi proposamenetako ebakuazio lineak trazadura beretik igarotzea.
Obra-lizentziarako proiektuak informazio zehatza eta xehatua jaso beharko du urbanizazioan aurreikusitako esku-hartzeari eta hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizaezineko akaberei buruz. Era berean, txostenean bertan eta Vianako Udalaren aurreko txostenetan adierazitako baimenak lortu beharko dira.
Erantzuna: Instalazio fotovoltaiko batzuk hurbil egoteari eta ebakuazio azpiegiturak partekatzeko aukerari dagokienez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 18ko 277E/2022 Ebazpena dago espedientean, eta hori kontuan hartu da hura izapidetzean.
Espedientea izapidetu bitartean, sustatzaileak adierazi du Vianako Udalarekin obra-lizentzia izapidetzeko asmoa duela.
2. erantzuna.–Industria Lurzoruaren Atala.
Idazkia aurkeztu zuen, eta bertan alegatu lurpeko trazadura berriak zalantza berriak planteatzen dituela, zati batean estalitako ibai-ibilgu bat gurutzatu behar duelako; ukipenen planoak jasotzen dituen dokumentazio berria aurkezteko eskatu zuen, 1/1000 eskalan, kutxatilak eta horien UTM koordenatuak kokatuta, eta industrialdearen urbanizazioa gurutzatzen duen lurpeko linearen trazadura definitzeko, bereziki egungo hiri-azpiegiturekiko gurutzaguneetan.
Erantzuna: Ondoren, sustatzaileak lurpeko linearen trazaduraren aldaketa aurkeztu du, eta Industria Lurzoruaren Atalak ez dio eragozpenik jarri proposamen berriari.
Iragarkiaren kodea: F2315078
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
