238. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

180/2023 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez salbuespenezko laguntzen deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira Ukrainako gerraren eta baldintza klimatologikoen ondorioz erlezaintza transhumantearen sektorearen baldintzak 2023an larriagotu izana konpentsatzeko. DDBN identifikazioa: 725697.

Nekazaritzako sektorea sektore estrategikoa da, garrantzi ekonomiko eta soziala duelako, baina, batez ere, herritarren elikadura-segurtasuna bermatzen duelako, funtsezko produktuak diren elikagaiak hornitzen baititu.

Sektore horrek, 2020tik, tentsio handiak jasan ditu elkarren segidan etorri diren faktore exogenoen ondorioz: COVID-19aren pandemia, zeinetan une oro eutsi baitzitzaion elikagaiak produzitu eta banatzeko kateari, 2021eko krisi logistikoa eta 2022ko otsailean Ukrainaren inbasioarekin sortutako kostuen eta merkatuen egoera, oraindik ere irauten duena, eta orain, horri denari gehitzen zaio lehortearen, tenperatura altuen eta ezohiko fenomeno klimatologikoen panorama luzea.

Erlezaintzari dagokionez, lehorteak eta Ukrainako gatazka belikoak larriagotu egin dute azken urteotan bizi izan duen egoera, faktore anitzeko arazoak pairatzen baitzuen erlauntzaren errendimendu-indize baxuak direla eta. Erlauntzen errolda handitu den arren, ekoizpen-mailek baratuta jarraitzen dute, edo, are, jaisten ari dira, aurreko urteekin alderatuta. Hori, batez ere, osasun-faktoreek eragiten dute (hala nola varroosiak), edo meteorologia aldakor baten ondorioek, lehorteak eta tenperatura altuko aldiak gertatu baitira, edo euri-jasak bestela. Horrek eragin handia izan du erleek beren funtzioa betetzeko eta eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk ekoizteko behar dituzten landare-baliabideen gainean. Horretaz gain, zeregin garrantzitsua dute polinizatzaile gisa. Ekoizpen-arazo horiek ez ezik, desoreka handia ere nozitu dute, Espainian prezio txikiekin sartu direlako hirugarren herrialdeetatik inportatutako ezti asko, bereziki Ukrainatik. Bestalde, gure herrialdean transhumantea da egiten den erlezaintzaren jarduera gehiena, eta, horregatik, eragin larria izan du haren gainean erregaiaren eta eztia ekoizteko behar diren beste lehengai batzuen kostua handitzeak. Egoera horrek kolokan jartzen du ustiategien bideragarritasuna eta etorkizuna. Ustiategiak giltzarriak dira landa-ekonomia ekoizpen-eremuetan mantentzeko eta paisaia eta haren oreka kontserbatzeko, bai eta Europako kontsumitzaileei elikadura osasuntsua eta osasungarria bermatzen laguntzeko ere.

Testuinguru horretan, Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, eta Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoaren babesean, zeinaren bidez Estatuari esleitzen baitzaio jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren arloko eskumen esklusiboa, maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege Dekretua onetsi da, presako neurriak hartu zituena nekazaritzaren eta uraren arloan, lehorteari eta Ukrainako gerraren eta baldintza klimatologikoen ondorioz lehen sektorearen egoeraren larriagotzeari erantzuteko, bai eta gazteek lurreko garraio publiko kolektiboa erabil dezaten sustatzeko eta tenperatura handiko aldietan laneko arriskuak prebenitzeko ere.

Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege Dekretuaren I. tituluaren I. kapituluaren bigarren atalean sartzen dira, zehazki 5. artikuluan, eta bat datoz Europako Batzordeak Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia sostengatzeko laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako esparru nazionalarekin (esparru hori Europako Batzordeak onetsi zuen apirilaren 2ko SA.102771 (2022/N) Erabakiaren bidez) eta erabaki horren ondorengo aldaketekin, hori koherentea izanik Errusiak Ukrainari eraso ondoren ekonomia sostengatzeko estatu-laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako oraingo krisi- eta trantsizio-esparruarekin (2023/C 101/03).

Zehazki, salbuespenezko laguntza hori atxikitzen zaio Errusiak Ukrainari eraso ondoren ekonomia sostengatzeko estatu-laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako oraingo krisi- eta trantsizio-esparruaren 2.1 atalari, zeinak aukera ematen baitu dirulaguntzak, zerga-abantailak, bermeak, maileguak eta kapital-partaidetzak emateko, baldin eta neurri guztien balio nominala, batuta, ez bada 250.000 eurotik gorakoa nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenaren sektoreko enpresa edo autonomo aktibo bakoitzeko.

Laguntza horiek maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege Dekretuan ezarritako laguntzen osagarri dira (errege lege dekretu horren bidez, presako neurriak hartu ziren nekazaritzaren eta uraren arloan, lehorteari eta Ukrainako gerraren eta baldintza klimatologikoen ondorioz lehen sektorearen egoeraren larriagotzeari erantzuteko, bai eta gazteek lurreko garraio publiko kolektiboa erabil dezaten sustatzeko eta tenperatura handiko aldietan laneko arriskuak prebenitzeko ere), baldin eta ez bada gainditzen Errusiak Ukrainari aurka eraso ondoren ekonomia sostengatzeko estatu-laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako krisi-esparruan onuradun bakoitzeko ezarritako gehieneko zenbatekoa.

Ondorio horietarako, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak onetsi du autonomia-erkidegoei zuzeneko dirulaguntza berezi bat ematea, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 22.2 b) artikuluan xedatutakoarekin bat, 5 milioi euroko guztizko zuzkidurarekin, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren 2023ko aurrekontuan horretarako gaituko den aurrekontu-aplikazioaren kargura. Zenbateko horretatik, 3.000 euro Nafarroako Foru Komunitateari dagozkio, erlezaintzako ustiategi transhumanteen titularrei konpentsatzeko izan dituzten diru-sarreren galera, ekoizpena murriztu baitzaie polinizazio faltagatik eta intsumoen gehikuntzagatik; ordainketa bakarra eginen da, eraginpeko eremuaren eta erlauntz kopuruaren arabera.

Ikusita laguntza horiek izapidetzea, ebaztea, justifikatzea, ordaintzea eta kontrolatzea autonomia erkidegoetako agintaritza eskudunei dagokiela.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuaren bidez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Salbuespenezko laguntzen deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea Ukrainako gerraren eta baldintza klimatologikoen ondorioz erlezaintza transhumantearen sektorearen baldintzak 2023an larriagotu izana konpentsatzeko, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan, 2023. urterako.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta zortzigarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

3. Eskaerak aurkezteko epea 10 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

4. Ebazpen honen ondoriozko gastu-konpromisoei erantzuteko, 3.000 euroko gastua baimentzen da 2023ko ekitaldirako, 2023ko gastu-aurrekontuko "Erlezaintza transhumantearen sektorerako laguntza" izeneko 710004-71300-4700-412208 partidaren kargura.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Dirulaguntzen deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko azaroaren 7an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, 2023. URTEAN UKRAINAKO GERRAREN ETA BALDINTZA KLIMATOLOGIKOEN ONDORIOZ ERLEZAINTZA TRANSHUMANTEAREN SEKTOREAREN BALDINTZAK LARRIAGOTU IZANA KONPENTSATZEKO SALBUESPENEZKO LAGUNTZARENAK

Lehenbizikoa.–Xedea, helburua, iraupena eta aplikazio-eremua.

1. Ebazpen honen xedea da laguntzen deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak ezarri eta onestea erlezaintzako ustiategi transhumanteen titularrei Ukrainako gatazka belikoaren eta kontrako baldintza klimatologikoen ondoriozko diru-sarreren galera konpentsatzeko, maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege Dekretuaren esparruan (errege lege dekretu horren bidez presako neurriak hartu ziren nekazaritzaren eta uraren arloan, lehorteari eta Ukrainako gerraren eta baldintza klimatologikoen ondorioz lehen sektorearen egoeraren larriagotzeari erantzuteko).

2. Laguntzaren helburua da sostengua ematea lehortearen eta tenperatura altuen testuinguru klimatologikoarengatik eta Ukrainako gerrak sortutako egoera makurrarengatik egoera larriagotua duten nekazaritzako ustiategien titularrei, elikagaien segurtasuna bermatzen eta merkatuko desorekak zuzentzen laguntzeko. Neurri horien bidez, sostengua ematen zaie erlezain transhumanteei, baldin eta jarduera egiten badute ekonomia zirkularraren, mantenugaien kudeaketaren eta baliabideen erabilera eraginkorraren printzipioei jarraituz eta ingurumena eta klima errespetatzen duten eta Europako eta Estatuko araudian jasota dauden ekoizpen metodoak erabiliz.

3. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntza bat dator maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege Dekretuarekin (errege lege dekretu horren bidez presako neurriak hartu ziren nekazaritzaren eta uraren arloan, lehorteari eta Ukrainako gerraren eta baldintza klimatologikoen ondorioz lehen sektorearen egoeraren larriagotzeari erantzuteko), eta, era berean, bat dator Europako Batzordeak Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia sostengatzeko laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako esparru nazionalarekin (esparru hori Europako Batzordeak onetsi zuen apirilaren 2ko SA.102771 (2022/N) Erabakiaren bidez) eta erabaki horren ondorengo aldaketekin, hori koherentea izanik Errusiak Ukrainari eraso ondoren ekonomia sostengatzeko estatu-laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako oraingo krisi- eta trantsizio-esparruarekin (2023/C 101/03).

4. Laguntza horiek gehienez ere 2023ko abenduaren 31ra bitartean eman beharko dira.

Bigarrena.–Onuradunak eta laguntzak jasotzeko betebeharrak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kokatutako abeltzaintzako ustiategi transhumanteen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke laguntza hauen onuradun, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 2023ko urtarrilaren 1ean Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatu dauden ustiategien titularrak izatea eta ekoizpen araubideak edo sistemak «transhumante» sailkapena izatea 2023ko urtarrilaren 1ean.

b) Ustiategiek 150 erlauntz edo gehiago izatea atxikita, Erlezaintzako ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuaren 2.g) artikuluan ustiategi profesionalari buruz ezarritako definizioaren arabera, eta 2022an nahitaezko zentsuko aitorpena egin izana.

2. Laguntzaren onuradun izateko, 1. puntuan zehaztutako pertsonek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dituzte, baita honako hauek ere:

a) Beste laguntzarik eskatu eta/edo lortu den zehazten duen adierazpena aurkeztu behar da, eta, bertan jaso behar da erakunde emailea eta eskatutako eta/edo lortutako zenbatekoa agertzen duen zerrenda bat, kontuan hartu gabe laguntza horiek jaso diren Errusiak Ukrainari eraso ondoren ekonomia sostengatzeko estatu-laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako esparrua edo aldi baterako esparru nazionala aplikatuz. Era berean, deklaratu behar dute, gastu diruz lagungarri berberei dagozkienez, zer laguntza jaso duten bat etorriz de minimis erregelamenduekin, kategorien araberako salbuespenen erregelamenduarekin, COVID-19aren aldi baterako esparruarekin, edo zer laguntza jaso duten Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz EBFTren 107. artikuluaren 2. apartatuko b) letra aplikatuz aldi baterako gertaerek eragindako kalteak konpontzeko.

b) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

c) Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.

Aurreko paragrafoan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

d) Onuradunek ezin dute enpresa-deslokalizaziorik egin, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Laguntza horiek krisialdiak kaltetutako enpresei ematen zaizkie, bat etorriz Errusiak Ukrainari eraso ondoren ekonomia sostengatzeko estatu-laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako oraingo krisi- eta trantsizio-esparruaren 2.1.d) puntuarekin (2023/C 101/03).

Hirugarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Ematen den laguntzaren zenbatekoa 2022ko nahitaezko zentsuko aitorpeneko datuen arabera zehaztuko da.

2. Laguntza titular bakoitzari emanen zaio, onuradun bakoitzeko gehieneko zenbateko hauen arabera, ustiategiaren tamaina kontuan hartuta:

a) 150-450 erlauntz: 825 euro.

b) 451-1.000 erlauntz: 1.650 euro.

c) 1.001 erlauntz baino gehiago: 2.200 euro.

Ondorio horietarako,

2.1. Abandonatutako erlategiek eta erlauntz hilek ez dute eskubiderik emanen titularrak laguntzak kobratzeko.

2.2. Erlezaintzako ustiategiaren titulartasuna 2023an zehar aldatzen bada, 2023an aurreko titularrarenak ziren erlauntzak izanen dira diruz laguntzeko moduko erlauntzak.

2.3. Onuradun bera ustiategi baten baino gehiagoren titularra bada, laguntzaren gehieneko muga ezartzeko zer mailatan dagoen zehazteko orduan, lurralde nazionalean dauden ustiategi guztien zentsua batuko da.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 10 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluaren arabera, pertsona juridikoek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura bidaliko dituzte eskaerak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko Zerbitzuen Katalogoan horretarako ezarritako ereduan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), eta ziurtagiri digitala eduki beharko dute, identifikatzeko.

Hala ere, eskatzailea pertsona fisikoa bada, eskaera fisikoki ere aurkeztu ahalko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan.

3. Laguntza eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

3.1. Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten eskatzaileen kasuan.

3.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan ez dagoela dioen adierazpena.

3.3. Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ........................., nire izenean/......................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Nafarroan ........................ laguntzak tramitatzeko prozeduraren barruan, ............................ ekitaldian, egiazta dezan nik/ordezten dudan entitateak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ditudala/dituela".

3.4. 3.3 apartatuarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

3.5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskaeran hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

3.6. Onuraduna pertsona juridikoa bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

3.7. Helburu bererako beste laguntzarik eskatu ez izana. Gastu diruz lagungarri berberetarako dirulaguntzak jaso badira estatuko edo nazioarteko edozein administrazio edo erakunde publikotatik, zehaztu beharko da zer diru kopuru, zer egunetan eta nork eman dituen.

3.8. Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez daudela, Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

3.9. Aldi baterako esparru nazional horren araberako laguntzak eskatzen dituen enpresak edo autonomoak, eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du. Bertan, berariaz adierazi beharko du eragin ekonomikoak jasan dituela Ukrainako inbasioarengatik, nazioarteko komunitateak Errusiaren aurka ezarritako zehapenengatik edo Errusiak hartutako kontraneurriengatik.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Laguntza horiek maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege Dekretuaren 5. artikuluaren 3., 5. eta 6. apartatuekin bat etorriz ematen dira (errege lege dekretu horren bidez presako neurriak hartu ziren nekazaritzaren eta uraren arloan, lehorteari eta Ukrainako gerraren eta baldintza klimatologikoen ondorioz lehen sektorearen egoeraren larriagotzeari erantzuteko).

2. Horrela, autonomia erkidego bati esleitutako aurrekontu-zuzkidurarekin gaindituko balira ekoizle talde bakoitzerako aurreikusitako gehieneko zenbatekoak, zenbateko horiek linealki murriztuko litzaizkieke ekoizle guztiei, aipatutako esleipenera egokitu arte, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 22.1 artikuluan jasotako hainbanaketa aplikatuz.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jaso ondoren, egiaztatuko da ea bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Exijitutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.

5. Hala emakidaren ebazpenean eta ordainketaren ebazpenean, nola hedatzeko edozein euskarri edo baliabidetan, finantzaketaren jatorria adierazi beharko da, eta Estatuko funtsetatik datorren zenbatekoa zehaztu. Kasu guztietan, ESPAINIAKO GOBERNUA-NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKADURA MINISTERIOA logoa erabiliko da, bai eta zehazten diren irudikapen grafikoak ere badira, autonomia erkidegokoarekin batera, ezartzen den ereduari jarraituz.

Zortzigarrena.–Dirulaguntza jasotzen duten entitateen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion–cas.pdf/dfc3bda0-ebed-f7b1-7186-c457c32f79b7?t=1651059278956

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren entitate publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak eta betebeharren justifikazioa.

1. Ordaintzeko ebazpena emanen da jarduera egin dela egiaztatu ondotik, eta betiere oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera egin bada. Edonola ere, laguntza ordaindu baino lehen, hirugarren oinarrian ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatuko da.

2. Laguntzaren ordainketa banku transferentziaren bidezko ordainketa bakarraren bidez eginen da, onuradunak eskaeran adierazitako kontuan.

3. Dirulaguntza ordainduko da, organo kudeatzaileak egiaztatu ondoren dirulaguntzaren xedeak bete direla eta laguntzaren onuradunak bete duela gardentasunari buruzko informazioaren betebeharra, eta aurkeztu dituela genero-ikuspegiaren araberako egoeraren diagnostikoa eta entitatea hobetzeko helburuak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen esparruan. (2019ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 11koa).

Hamargarrena.–Laguntzaren bateragarritasuna.

1. Laguntzak bateragarriak izanen dira Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatutako beste laguntza batzuekin, bai eta helburu bererako edo beste baterako funts autonomikoekin ezarritako beste neurri batzuekin ere.

2. Finantzaketa Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura eginen da, ezertan galarazi gabe autonomia erkidegoetako agintaritza eskudunek helburu berarekin edo modu osagarrian beren finantzaketa propioarekin ematen dituzten neurriak.

3. Laguntza hori zuzenean emanen zaie erlezainei, ordainketa bakarrean, eta urriaren 25eko 906/2022 Errege Dekretuan aurreikusitako laguntzen osagarria izan daiteke (errege dekretu horren bidez, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan erlezaintza sektorean esku hartzea arautzen da).

Hamaikagarrena.–Emandako dirulaguntzen kontrola eta publizitatea.

1. Laguntza bat eman aurretik, enpresa edo autonomo eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen agintaritzari ea jaso duen beste edozein laguntza aldi baterako esparru nazional hori edo Europa-Ukrainako aldi baterako esparrua aplikatuz. Era berean, deklaratu behar dute, kostu diruz lagungarri berberei dagozkienez, zer laguntza jaso duten bat etorriz de minimis erregelamenduekin, kategorien araberako salbuespenen erregelamenduarekin, COVID-19aren aldi baterako esparruarekin, eta zer laguntza jaso duten Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz EBFTren 107. artikuluaren 2. apartatuko b) letra aplikatuz salbuespeneko gertaerek eragindako kalteak konpontzeko.

2. Aldi baterako esparru nazional horren arabera laguntza bat ematen duten agintari eskudunek, horretarako, ziurtatu beharko dute aldi baterako esparru nazional hori edo Europa-Ukrainako aldi baterako esparrua aplikatzean aurreikusitako metaketa arauak betetzen direla, eta enpresak edo autonomoak jaso dituen laguntzen guztizko zenbatekoak ez dituela gainditzen aldi baterako esparru nazional horretan eta Europa-Ukrainako aldi baterako esparruan aurreikusitako gehieneko zenbatekoak.

3. Laguntza eman ondoren ikusten bada ez direla betetzen laguntzak metatzeko baldintzak edo gehieneko zenbatekoak edo intentsitateak, onuradunak men egin beharko dio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. tituluan araututako dirulaguntzak itzultzeko prozedurari eta/edo, hala badagokio, aplikatzekoak diren laguntza kategoria jakin batzuetarako berariazko prozedurei.

4. Aldi baterako esparru nazional horren arabera laguntzak emateko eta kudeatzeko jarduerak egiten dituzten agintari eskudunek beren gain hartuko dituzte jarduera horien ondoriozko erantzukizunak, Europar Batasuneko organoen erabakien ondorioz sortutakoak barne. Ondorio horietarako, aplikagarritzat joko dira Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarriko aurreikuspenak eta Europar Batasuneko Zuzenbidea ez betetzeagatiko erantzukizunak zehaztu eta jasanarazteko irizpideak eta prozedura arautzen dituen uztailaren 5eko 515/2013 Errege Dekretuaren aurreikuspenak.

5. Agintaritza eskudunek aldi baterako esparru nazional hori aplikatuz emandako laguntzen zerrenda igorriko diote Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioari, ministerioen eta autonomia erkidegoen laguntzen koordinatzaileek horretarako jakinarazten duten egunean, kontrola egiteko eta txostenak aurkezteko betebeharrei heltzeko, zeinak aurreikusita baitaude Errusiak Ukrainari eraso ondoren ekonomia sostengatzeko estatu-laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako esparruari buruz Europako Batzordeak eginiko Komunikazioaren 3. puntuan.

6. Aldi baterako esparru nazional horren arabera laguntza-ildoak ezartzen dituzten agintari eskudunek gorde beharko dituzte esparru horren arabera emandako laguntzen erregistro zehatzak. Erregistro horiek bildu behar dute ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar den informazio guztia, 10 urtez gorde behar dira eta Europako Batzordeak eskatuta entregatu behar dira.

7. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2315724