2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLTZA ZENDEA
Erabakia, "Bizikleta azpiegitura baten proiektua gauzatzea, Lizasoaingo eta Asiaingo herrien artean" deritzon proiektuaren jendaurreko aldia ebazteko eta behin betiko onesteko lanak gauzatzeko desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda
Oltza Zendeako Udalak, 2023ko urriaren 26an egin osoko bilkuran, honako hau onetsi zuen:
Lehena.–Eginiko alegazioei erantzutea, aintzat hartuz 2023ko uztailaren 12an eman zen txosten teknikoa.
1. 2023-E-RE-434 erregistro-sarrera duen alegazioa, 2023ko ekainaren 18koa. Encarnación Astiz Larraya.
Laburpena: Eskatzen du azaltzeko zergatik den beharrezkoa haren finka proiektua gauzatzeko, eta proiekturako sarbidea izatea. Gainera, eskatzen du akordio adiskidetsurako proposamenaren komunikazioa.
Erantzuna: Bidearen trazatuari dagokionez, esan behar da jarraiki zaiola egun nekazaritzako ibilgailuek erabiltzen duten trazatuari, dagoen erretenaren iparraldetik. Trazatu kontserbatzailea dela irizten zaio, dagoen landaredian ondorio gutxien izanen duena eta lur gutxien mugitzea beharko duena. Ikus daitekeenez txosten teknikoan (I. eranskina) eta proiektuaren planoan, bidearen trazatua ahalik eta gehiena hurbildu da erretenera, horren iparraldera dauden lurzatiak ahalik eta gutxiena ukitzeko.
Bestalde, akordio adiskidetsurako eginiko jarduketei dagokienez, 2023ko martxoaren 24an, aurretiaz horretarako zitazioa eginik, lurzatiaren gaineko ukipenak azaldu zitzaizkion; gainera, haren lurzatiaren gaineko ukipen horiei dagokien balioespena eman zitzaion, eta uko egin zion sinatzeari. Betiere, edonoiz egin daiteke desjabetzeko ondasun eta eskubideen eskuratze adiskidetsua, elkarrekin adostutakoa. Hala gertatuz gero, eskuratze horren baldintzak adostu ondoren, bukatutzat emanen da desjabetze-espedientea.
Azkenik, 2023ko ekainaren 21ean proiekturako sarbidea eman zitzaion. Betiere, espedientean interesduna den aldetik, eskatzen duen orotan izan dezake espedienterako sarbidea.
Ondorioa: proiekturako sarbideari dagokionez izan ezik, alegazioa ezetsi egiten da.
2. 2023-E-RC-1259 erregistro-sarrera duen alegazioa, 2023ko ekainaren 30ekoa. Margarita Fernández Cía, Benita Fernández Cía, Francisco Cabodevilla Fernández eta José Joaquín Cabodevilla Fernández.
Laburpena: Aditzera ematen dute, bidea egitean, 8. poligonoko 41. lurzatian dagoen etxea babesgabeagoa bilakatzen dela; eskatzen dute bide berriaren eta herriaren arteko lotura alda dadila laborantzako finkatik, lurraren profil naturala errespetatuta, bai eta heskaia ere, egun kale-argia dagoen punturaino; era berean, aditzera ematen dute, bideak finka mozten duenez, bananduriko bi zatien arteko pasabide bat egin beharko dela, eta kontuan hartu beharko dela estoldak edo drainatze-erretenak egin beharra; azkenik, baimena eskatzen dute ateratako landare-lurra hilerriaren mugakide den lurzatiko maldan zabaltzeko, lur pobretuagoko eremua baita.
Erantzuna: Proiektua idatzi duen lantaldeari galdetu zaio bidea luzatzeko aukeraz, Lizasoaingo herrigunearekin lotzeko kale-argia dagoen puntuan, hain zuzen. Esan digute bideragarria dela aldaketa hori, aurkeztu den proiektua asko aldatu gabe. Bide-tartea 30 ml inguru luzatuko litzateke, alegazioan proposatu den punturaino.
Bidea egin ondoren 41. lurzatiak izanen dituen bi zatiak lotzeari dagokionez, proiektua idatzi duen lantaldeak adierazi du ez legokeela eragozpenik sarbideak egiteko obra-fasean, eta zeharkatzeko tokirik egokiena bilatuko litzatekeela.
Finkak drainatzeari dagokionez, proiektuan jasotzen da lurrezko albo-arekak paratuko direla hala behar den tarteetan, bideko eta inguruko lurretako euri-uraren drainatzea bideratzeko. Bidearen lehen tartean, 0+480 KP-raino, bi alboetan paratuko dira arekak; bidearen bigarren zatian, aldiz, lurrezko areka ezkerraldean baino ez da paratuko (iparraldea), beste aldean egungo erretena dagoelako.
Azkenik, proiektuak dio ateratako landare-lurra zabalduko dela inguruko gainazaletan, ondoko zorua berriz profilatzeko, eta hondeaketaren ondoriozko lurrak, aldiz, zabalguneko lubetan erabiliko direla, baldin eta lur horiek egokiak badira eta baldintza-agirian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Ondorioa: Alegazioa baiesten da, eta, beraz, bidezkoa da gauzatze-proiektua aldatzea, bidearen luzapena jasotzeko.
Bigarrena.–Behin betiko onestea "Bizikleta azpiegitura baten proiektua gauzatzea, Lizasoaingo eta Asiaingo herrien artean, Oltza zendean" deritzon proiektua, SERTECNAk idatzia (2023ko abuztuko bertsioa). Horrek berekin dakartza onura publikoaren deklarazioa eta proiektuan jasotako ondasun eta eskubideak okupatu beharra, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Hirugarrena.–Behin betiko onestea proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza, horrek berekin dakartzala onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra, eta Nafarroako Gobernuari eskatzea, horretarako eskumena duen organoa den aldetik, ukitutako ondasun eta eskubideen presako deklarazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikulua eta ondokoak aplikaturik, administrazio jardule honi ahalmena ematen baitiote ukitutako finkak berehalakoan okupatzeko.
Laugarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietako batean, eta interesdunei jakinaraztea. Orobat, horren laburpena Nafarroako Foru Komunitateko egunkari batean argitaratuko da.
Bosgarrena.–Iruñeko 3. Jabetza Erregistroari eskatzea desjabetzeari buruzko behin betiko erabaki honen bazterreko oharra jar dezala dagokien finketan.
Seigarrena.–Alkatetzari, edo legez haren ordezkoa denari, ahalmena ematea behar diren ebazpenak eman ditzan, erabaki hau aplikatzeko eta gauzatzeko.
Zazpigarrena.–Ohartaraztea erabaki honen kontra errekurtso hauetariko bat paratzen ahal dela:
a) Hautazko berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, egintza hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Ez da zilegi administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea, errekurtso hau espresuki ebatzi arte edota ustezko ezespena gertatu arte.
b) Hautazko gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen denetik hasita, baldin esanbidezkoa bada, edo, bestela, behar den eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsitzat hartzen den egunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo berraztertzeko errekurtsoaren ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, esanbidezkoa bada. Horrelakoa ez bada, epea sei hilabetekoa izanen da, ustezko ezespena gertatu –errekurtsoaren ebazpena jakinarazi gabe hilabetetik gora iragateagatik– eta biharamunetik hasita.
Oltza zendean, 2023ko urriaren 31n.–Alkatea, José María Cuende Vallejo.
1. ERANSKINA.–DESJABETZEAK UKITUTAKO ONDASUN ETA ESKUBIDEEN ZERRENDA
Oltza zendeako udal-mugartea
ERREFERENTZIA | IZEN-DEITURAK | PARTAIDETZAREN EHUNEKOA | BEHIN BETIKO OKUPATUKO DEN AZALERA, DESJABETU BEHARREKOA (m²) | ALDI BATERAKO OKUPATUKO DEN AZALERA (m²) | KATASTROKO DATUAK |
Poligonoa | Lurzatia | Lur mota |
OL-1 | Luis Felipe Gaztelu Montagut | 33,33 | (A) 199 (C) 113 | 0.00 | 10 | 134 A 134 C | Lehorreko lurra. Larreak |
María Dolores Gaztelu Montagut | 33,33 |
María Lourdes Gaztelu Montagut | 33,34 |
OL-2 | María Asunción Astiz Larraya | 100 | 42 | 0,00 | 10 | 115 A | Lehorreko lurra |
OL-3 | María Asunción Astiz Larraya | 100 | 759 | 0,00 | 10 | 114 A | Lehorreko lurra |
OL-4 | María Asunción Astiz Larraya | 100 | 319 | 0,00 | 8 | 273 A | Lehorreko lurra |
OL-5 | María Encarnación Astiz Larraya | 100 | 837 | 0,00 | 8 | 272 A | Lehorreko lurra |
OL-6 | Juan José López Díez-Ulzurrun | 100 | (A) 91 (C) 21 | 0,00 | 10 | 135 B 135 A | Larreak. Lehorreko lurra |
OL-7 | Joaquín Garayoa Elizalde | 50 | 165 | 0,00 | 10 | 136 A | Lehorreko lurra |
María Josefa Elizalde Astiz | 50 |
OL-8 | Benita Fernández Cía | 33,33 | (B) 2.870 (C) 278 | 0,00 | 8 | 41 B 41 C | Lehorreko lurra. Larreak |
Margarita Fernández Cía | 33,33 |
Francisco Pedro Cabodevilla Fernández | 16,67 |
José Joaquín Cabodevilla Fernández | 16,67 |
Iragarkiaren kodea: L2315574