1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
711E/2023 EBAZPENA, urriaren 26koa, Enpresa Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 5. atala gehitzen baitzaio industriako ETEen inbertsioetarako laguntzen 2022ko deialdiaren 14. oinarriari. DDBN identifikazioa: 627320.
Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 16ko 180E/2022 Ebazpenaren bidez, industriako ETEen inbertsioetarako laguntzen 2022ko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren (2022ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 9koa).
Ondoren, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 6ko 359E/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 23koa), "Dirulaguntza ordaintzea" izeneko 14. oinarriaren 2. atala aldatu zen.
Orain, egokia da 14. oinarri horri 5. atal bat gehitzea, inbertsioak gauzatzeko epea luzatu zaien proiektuei (6.4 oinarria) eta deialdia ebatzi ondoren aurrekontu-kreditua askatzeagatik diruz lagundutako proiektuei dirulaguntza ordaintzeko prozedura arautzeko (11.5 oinarria).
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkit 32. artikuluan martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak,
EBAZTEN DUT:
1. 5. atala gehitzea industriako enpresa txiki eta ertainen inbertsioetarako laguntzen 2022ko deialdiko "Dirulaguntza ordaintzea" izeneko 14. oinarriari. Testu hau izanen du:
"5. 6.4 oinarriaren arabera gauzatzeko aldia luzatzea baimentzen zaien proiektuen kasuan edo, hala badagokio, 11.5 oinarriaren arabera diruz laguntzen diren proiektuen kasuan, laguntzak ordaintzeko prozedura honako hau izanen da:
a) 13.2. oinarrian ezarritako justifikazio-dokumentazioa gauzatzeko epea luzatzeko ebazpenean edo emakida-ebazpenean ezartzen den epean aurkeztu beharko da, kasuaren arabera. Aurkeztu ondoren, proiektua bukatzen den urteko abenduaren 31 baino lehen emanen den ebazpenaren bidez, laguntza kontura ordaintzeko agindua emanen da, justifikatutako inbertsioak adinakoa, eta deklaratuko da justifikatu gabeko inbertsioei dagokien laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.
b) Justifikazioa aztertu eta behar diren egiaztapenak egin ondoren, konturako ordainketa likidatzeko ebazpen bat emanen da 2024ko ekainaren 30a baino lehen (proiektuak 2023an bukatzen badira) edo 2025eko ekainaren 30a baino lehen (proiektuak 2024an bukatzen badira).
Ebazpen horretan adieraziko da onuradunek bete dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak, eta laguntzaren azken zenbatekoa zehaztuko da. Laguntza hori egin den konturako ordainketa baino txikiagoa bada, aldea itzuli egin beharko da."
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2023ko urriaren 26an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
Iragarkiaren kodea: F2315459