1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
83E/2023 FORU AGINDUA, urriaren 26koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 150.000,00 euro gehitzea banakako ebaluazio araubideko dirulaguntzen deialdi batean baimendutako gastuari, hain zuzen ere, Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 10eko 5E/2023 Foru Aginduaren bidez onetsi zen horretan. DDBN identifikazioa: 675619.
Kultura eta Kiroleko kontseilariak otsailaren 10ean emandako 5E/2023 Foru Aginduaren bidez, banakako ebaluazio araubideko dirulaguntzen deialdi bat onetsi zen 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte nazioarteko, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko beste lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat; orobat, deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi ziren, eta 490.000,00 euroko gastua baimendu zen deialdiari aurre egiteko, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirol erakundeak; akordioak eta laguntzak" izeneko A50002 A5120 4819 336109 partida ekonomikoaren kargura.
Deialdi horretarako onetsitako hasierako gastua 490.000,00 eurokoa izanik, 4. oinarri arautzailean (I. eranskina) ezarri zen, orobat, ezen, aipatutako partidan aurrekontu erabilgarririk izanez gero 2023ko ekitaldian zehar, deialdian aurreikusitako gastua handitzen ahalko zela 150.000,00 euro gehienez ere.
Kontuan harturik litekeena dela gaur arte deialdi honetarako erabili ez den saldoa nahikoa ez izatea aurkeztu diren dirulaguntza eskaera guztiei erantzuteko, bidezkoa da orain handitzea Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 10eko 5E/2023 Foru Aginduaren bidez onetsitako dirulaguntzen deialdiari erantzuteko hasiera batez baimendutako gastua.
Hori baino lehen, 150.000 euroko gastu-konpromisoa askatu da, aipatutako A50002 A5100 4819 336109 partida ekonomikoaren kargura lehendik konprometituta zegoena, NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen bidez, Kultura eta Kiroleko kontseilariaren abuztuaren 8ko 50E/2022 Foru Aginduaren bitartez onetsitako deialdiari erantzuteko, honi alegia: norgehiagokako araubideko dirulaguntzen 2023ko deialdia Nafarroako kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat, 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik.
Konpromisoa kendu zaion diru kopuru hori, 160.783,77 euro, erabilgarri dago partidan.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera, eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak,
AGINTZEN DUT:
1. Guztira, 150.000,00 euro gehitzea banakako ebaluazio araubideko dirulaguntzen deialdi batean baimendutako gastuari, hain zuzen ere, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren otsailaren 10eko 5E/2023 Foru Aginduaren bidez onetsi zen deialdian baimendutakoari.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
3. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora.
Iruñean, 2023ko urriaren 26an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
Iragarkiaren kodea: F2315407