238. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

409E/2023 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Tuterako udal mugartean olio-hondakinetatik abiatuta oleinak atera, hidrogel desinfektatzailea ekoitzi eta eskualanoa fabrikatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 96E/2021 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 86E/2022 Ebazpenaren bidez eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 171E/2023 Ebazpenaren bidez aldatua.

2023ko maiatzaren 3an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri den hondakin kudeatuen zerrendan hondakin berri bat sartzeko, LER 19 08 09 kodea duena, olio eta gantz jangarriak baizik ez duten ura eta olio-substantziak bereiztean sortzen diren olio eta gantz nahasketei dagokiena.

2023-05-31n, errekerimendu bat egin zitzaion titularrari, tratatu beharreko hondakinaren izaera edo jatorria egiazta zezan. Bereziki, konposizioari buruzko informazioa eskatu zen, olioen eta koipeen jatorria %100 jangarriak direla justifikatuta geldi dadin. Titularrak, 2023ko uztailaren 7ko txostenean, hondakin hori taldeko beste instalazio batean sortzen dela justifikatzen du, eta, beraz, baldintza hori berma dezake.

Beraz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onartzea Tuterako udal mugartean olio-hondakinetatik abiatuta oleinak atera, hidrogel desinfektatzailea ekoitzi eta eskualanoa fabrikatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Oleofat Trader SLra eta Tuterako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko azaroaren 2an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2315602