1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
408E/2023 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Tuterako udal mugartean olio-hondakinetatik abiatuta oleinak lortzeko, hidrogel desinfektatzailea ekoizteko eta eskualanoa fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 96E/2021 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 86E/2022 Ebazpenaren bidez eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 171E/2023 Ebazpenaren bidez aldatua.
2022ko ekainaren 11n, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 200301 EHZ kodea duena, udal hondakinen nahasketei dagokiena.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ez dela onargarria ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena ez dator bat instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin. Zehazki, eskatutako hondakina udal hondakinen nahasketei buruzkoa da, eta hondakin mota horretarako baino ez da. Horrelakoak Erriberako Mankomunitateak kudeatu behar ditu nahitaez, eta, beraz, zerrenda horretatik kanpo egon behar du.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Ukatzea Tuterako udal mugartean olio-hondakinetatik abiatuta oleinak lortzeko, hidrogel desinfektatzailea ekoizteko eta eskualanoa fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Oleofat Trader SLra eta Tuterako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko azaroaren 2an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F2315608