238. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

43/2023 FORU AGINDUA, azaroaren 10ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira salbuespenezko laguntzen deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak, 2023ko maiatzetik irailera bitartean sortutako euriteen ondorioz (depresio askatuek eragindakoak) kaltetutako nekazaritza-azpiegiturak, toki-erakundeen titulartasunekoak, konpontzeko lanetarako. DDBN identifikazioa: 726496.

2023ko maiatzetik irailera bitartean, Nafarroako zenbait udalerritan eurite handiak gertatu dira, hainbat depresio askaturen ondorioz. Depresio horiek Espainiako eremu zabalei ere eragin diete, eta mota guztietako azpiegiturak, eraikinak eta instalazioak kaltetu dituzte (baratzeak, errepideak eta bide publikoak, poligonoak, nabeak, etxebizitzak, dendak, ibilgailuak, etab.).

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta, 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izaten ahal dituzten laguntzekin batera.

Orobat, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren ekainaren 14ko 36/2023 Foru Aginduaren bidez, 2023ko maiatzaren 19tik 20ra Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onesten da, eta Lurralde Kohesiorako kontseilariaren urriaren 27ko 73/2023 Foru Aginduaren bidez, berriz, 2023ko maiatzetik irailera bitarte gertatutako ohiz kanpoko euriteek kaltetutako udalerrien zerrenda onesten da. Bi foru agindu horietan ezartzen dira fenomeno horiek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoek balia ditzaketen zerga-salbuespenak, bai eta salbuespen horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak ere.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru agindu honetan ezarritako laguntzak beti izanen dira izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak, ordena horretan, baita Espainian edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izaten ahal diren beste laguntza batzuen osagarriak eta subsidiarioak ere.

Ondorio horretarako, urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea garatzen duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru-etxeetan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei ere eskatu dagozkien laguntzak.

Nafarroako Gobernuak abian jarritako neurriak eta Espainiako Gobernuak ezartzen ahalko dituenak koordinaturik egonen dira, eta Europar Batasunak dirulaguntza mota honetarako ezarritako arau-esparruarekin bat etorri beharko dute. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ezarri dituen laguntzak Espainian ezartzen direnen osagarriak eta subsidiarioak direla ulertu behar da.

Nafarroako Gobernuak 2023ko azaroaren 8an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, 2023ko maiatzetik irailera bitarte gertatutako ohiz kanpoko euriteek eragindako kalteak konpontzeko.

Foru agindu honen bidez, 2023ko maiatzetik irailera bitarte gertatutako euriteek (depresio askatuek eragindakoak) kaltetutako nekazaritza-azpiegiturak, toki-erakundeen titulartasunekoak, konpontzeko salbuespenezko laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dira. Laguntza hauek Estatuak ezar ditzakeenen subsidiarioak dira. Konpentsatu beharreko kalteen izaerak, halaber, laguntza hauen interes publikoa justifikatzen du. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2023ko maiatzetik irailera bitarte gertatutako euriteek (depresio askatuek eragindakoak) kaltetutako nekazaritza-azpiegiturak, toki-erakundeen titulartasunekoak, konpontzeko gastuetarako salbuespenezko laguntzen oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jasota daude.

2. II. eranskinean jasotako laguntza-eskaeraren gutxieneko edukia onestea.

3. 2023ko maiatzetik irailera bitarte gertatutako euriteek (depresio askatuek eragindakoak) kaltetutako nekazaritza-azpiegiturak, toki-erakundeen titulartasunekoak, konpontzeko salbuespenezko laguntzen deialdia onestea.

4. 4.822.617 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetan jasotako laguntzetatik eratorritako gastu konpromisoei aurre egiteko, 2023ko gastu-aurrekontuko "Ohiz kanpoko uholdeek eta suteek kaltetutako nekazaritza-azpiegitura publikoetarako laguntzak" izeneko 710006 71500 7609 414402 partidaren kontura, eta 1.607.005 euroko gastua, 2023ko gastu-aurrekontuko "Ohiz kanpoko uholdeek eta suteek kaltetutako nekazaritza-azpiegitura publikoetarako laguntzak" izeneko 710006 71500 7609 414402 partidaren kontura edo 2025eko gastu-aurrekontuan sortzen den partida baliokidearen kargura, betiere hartarako kreditu nahikoa eta egokia badago.

Gehieneko zenbateko hori gainditzen bada, hainbanaketa aplikatuko da, erreferentziatzat harturik ebazteko eskumena duen organoak aitorturiko inbertsioaren zenbateko diruz lagungarria.

Emandako zenbatekoaren %75eko aurrerakina eskatu ahal izanen da, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta toki-erakundeko idazkariak emandako ziurtagiri baten bidez nahikotasunez frogatzen bada dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak hornitzeko beharra.

5. Laguntza hauek izenpetutako aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira betiere, ordena horretan, baita Espainiaren edo Europar Batasunaren esparruan antzeko egoerei aurre egiteko egon daitezkeen beste laguntza batzuenak ere, eta, bereziki, Estatuak ezar ditzakeenenak. Hori dela eta, koordinazio egokia izan beharko da bi administrazio publikoen artean, baliabide publikoak modu eraginkorrean kudeatzea zailtzen duten gainjartzeak edo irizpide desberdinak egon ez daitezen.

6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Foru agindu hau igortzea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta Ekonomia Aferetarako Bulegora.

8. Argitara ematea foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

9. Gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da foru agindu honen aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, aldez aurretik gora jotzeko errekurtsoa jarrita.

Iruñean, 2023ko azaroaren 10ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, 2023KO MAIATZETIK IRAILERA BITARTE GERTATUTAKO EURITEEK (DEPRESIO ASKATUEK ERAGINDAKOAK) KALTETUTAKO NEKAZARITZA-AZPIEGITURAK, TOKI-ERAKUNDEEN TITULARTASUNEKOAK, KONPONTZEKO GASTUETARAKO SALBUESPENEZKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIKOAK

Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.

1. Foru agindu honen xedea da toki-erakundeen titulartasuneko nekazaritza-azpiegiturak konpontzeko gastuetarako salbuespenezko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea. Nekazaritza-azpiegitura horiek dira, batetik, bi foru agindu hauek ezarritako lurralde esparruan daudenak: Lurralde Kohesiorako kontseilariaren ekainaren 14ko 36/2023 Foru Agindua, 2023ko maiatzaren 19tik 20ra Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onesten duena, eta Lurralde Kohesiorako kontseilariaren urriaren 27ko 73/2023 Foru Agindua, 2023ko maiatzetik irailera bitarte gertatutako ohiz kanpoko euriteek kaltetutako udalerrien zerrenda onesten duena; eta, bestetik, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik onesten diren foru aginduek ezartzen duten lurralde esparruan daudenak.

2. Deialdi honetan ezarritako laguntzen helburua da 2023ko maiatzetik irailera bitarte gertatutako euriteek (depresio askatuek eragindakoak) kaltetutako nekazaritza-azpiegitura publikoak konpontzeko lanak diruz laguntzea.

Bigarren oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarria izanen da 2023ko maiatzetik irailera bitarte gertatutako euriteek (depresio askatuek eragindakoak) kaltetutako nekazaritza-azpiegiturak, toki-erakundeen titulartasunekoak, konpontzeko gastua.

2. Era berean, diruz lagungarriak izanen dira obra proiektuak idazteko gastuak, memoria teknikoak, obra zuzendaritza eta obra egiten den bitartean segurtasunaren eta osasunaren arloko koordinatzailearen gastuak, baldin eta berariaz kontratatu badira diruz lagunduko den obrarako. Halaber, diruz lagungarriak izanen dira deialdi hau argitaratu aurretik Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari "Kaltetutako nekazaritza-azpiegitura publikoen oinarrizko funtzionalitatea lehengoratzeko premiazko obrak hasteko komunikazioa" inprimakiaren bidez kalteak jakinarazi bazaizkio eta kaltetutako azpiegituren oinarrizko funtzionalitatea lehengoratzeko gauzatu, fakturatu eta ordaindu badira, premiazko prozeduraren bidez.

3. Laguntza horiek honako hauekin metatu ahal izanen dira: a) Espainiako beste edozein laguntzarekin, baldin eta laguntza neurri horiek diruz lagungarriak diren kostu identifikagarri desberdinei badagozkie; b) Estatuko beste edozein laguntzarekin, diruz lagungarriak diren kostu berberei dagokienez, parte batez edo guztiz gainjarrita, baldin eta metatze horrek gastu hautagarrien %100 gainditzen ez badu. Laguntza hauen osagarritasuna eta subsidiariotasuna ordena honi jarraikiz ezarriko da: lehenik eta behin, izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioak, eta gero, beste laguntza batzuk, hain zuzen ere Espainian edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako egon ahal direnak, eta, bereziki, Espainiako Gobernuak ezarritakoak.

4. Oinarri hauetan araututako dirulaguntzen zenbatekoa, beste dirulaguntza batzuk gehituta ere, izan beste administrazio publiko batzuenak edo izan Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko eta pribatu batzuenak, barnean sartuta aseguruen balizko konpentsazioak, ez da izanen inola ere obra egiteko kostua baino handiagoa.

Hirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Kalteak konpontzeko laguntzen zenbatekoak ezin izanen du kostu diruz lagungarrien %90 gainditu. Estatuak eman lezakeen laguntzaren eta Nafarroako Foru Komunitateak, deialdi honi jarraikiz, subsidiarioki emandakoaren batura ez da inola ere izanen inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoaren %90 baino handiagoa. Hala bada, emandako zenbatekoa doitu eginen da, muga hori ez gainditzeko.

2. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz lagungarria izanen, salbu eta ezin bada berreskuratu BEZaren arloko foru legeriaren arabera.

Laugarren oinarria.–Toki-erakunde onuradunak.

Foru agindu honetan ezarritako dirulaguntzak eskuratu ahal izanen dituzte nekazaritza-azpiegituren titular diren toki-erakundeek, kaltetu gisa agertzen direnek Lurralde Kohesiorako kontseilariaren ekainaren 14ko 36/2023 Foru Aginduan, 2023ko maiatzaren 19tik 20ra Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onesten duenean, eta haren eraginpean badaude, bai eta Lurralde Kohesiorako kontseilariaren ekainaren 27ko 73/2023 Foru Aginduan ezartzen den lurralde eremuan daudenek ere (2023ko maiatzetik irailera bitarte gertatutako ohiz kanpoko euriteek kaltetutako udalerrien zerrenda onetsi zuen foru agindu horrek); halaber, laguntzak eskuratu ahal izanen dituzte geroagoko foru aginduetan, lurralde-eremu horren zabalkuntzak edo aldaketak onartzen dituztenetan, jasotzen diren toki-erakundeek ere, baldin eta foru agindu horiek oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik onesten badira.

Bosgarren oinarria.–Eskaerak, dokumentazio osagarria eta eskatutako baldintzen egiaztagiriak aurkezteko epea.

1. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 10 egun balioduneko epean, ukitutako toki-erakundeek laguntza-eskaera aurkeztuko dute eta, horrekin batera, kalteen berri emateko zerrenda baloratua ere, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari zuzenduta aurkeztuko dira. Telematika bidez aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, esteka bat dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Foru agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako kalteen komunikazioak ez dira laguntza-eskaeratzat hartuko, eta toki-erakundeek foru agindu honetan aurreikusitako oinarriei jarraikiz aurkeztu beharko dituzte beren eskaerak. Lehenago aurkeztutakoak modu egokian eguneratu ahal izanen dituzte.

4. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaeraren inprimakia beteta (II. eranskina).

b) Erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatuko baita konpondu beharreko azpiegiturak udalaren titulartasunekoak direla.

c) Toki-erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatuko baita beste entitate batzuetatik xede bererako laguntzarik eskatu eta/edo jaso den, edo aseguruaren konpentsaziorik, eta halakoak jaso badira, horien zenbatekoa.

d) Kalteen komunikazioa, III. eranskineko ereduaren araberakoa. Toki-erakunde bakoitzak kalteen komunikazio bakar bat aurkeztu beharko du. Toki-erakunde batean euritea behin baino gehiagotan gertatu bada, eurite guztiek eragindakoa aurkeztu beharko du kalteen komunikazio bakar horretan.

e) Kasua bada, funtsen aurrerakinaren eskaera; horretarako, toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria erantsiko da, zeinean frogatuko baita diru-funtsak behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

2. Dirulaguntza hauek emanen dira Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kasuan kasuko aurrekontu aplikazioan kreditu egoki eta aski baldin badago.

Erabilgarri dagoen kreditua gainditzen bada, hainbanaketa aplikatuko da, erreferentziatzat hartuta edepartamentuak onartutako inbertsio diruz lagungarria.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaerak jaso ondoren, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak horiek behar bezala bete ote diren eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu ote den egiaztatuko du. Hala ez bada, toki-erakundeari hamar eguneko epea emanen zaio akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Eskatzaileek aurkeztutako kalteen komunikazioak ikusita, organo kudeatzaileak, komunikazio horietan jasotako gastuak diruz lagungarriak diren erabaki ondoren, espediente bakoitzari eman beharreko gehieneko dirulaguntza ezarriko du. Dirulaguntza hori ez da izanen gastu diruz lagungarrien %90 baino handiagoa, eta hainbanatu egin beharko da kreditu erabilgarria gainditzen bada.

3. Gehieneko dirulaguntza onartu dela jakinarazi ondoren, onuradunek bi hilabeteko epea izanen dute, gehieneko dirulaguntzaren berri ematen denetik hasita, memoria tekniko baloratu bat edo obra proiektu bat aurkezteko, non zehatz-mehatz zehaztuko baitira egin beharreko jarduketak, kalteen komunikazioan, memorian edo obrak lizitatzeko oinarri gisa erabiliko den proiektuan aurreikusita zeudenak.

4. Gehieneko dirulaguntza emateko ebazpena 2023ko abenduaren 31 baino lehen onetsiko du Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez, zeinetan onartutako gehieneko dirulaguntzaren %75eko aurrerakina ematea ere onetsiko baita, hala eskatu duten onuradun guztiei.

5. Memoria tekniko baloratuak egiaztatuko du udal titulartasuneko nekazaritza-azpiegiturek kalteak jasan zituztela 2023ko maiatzetik irailera bitartean izandako euriteetako baten ondorioz, eta bertan zehatz-mehatz deskribatu eta baloratuko dira horiek konpontzeko beharrezkoak diren jarduketak.

Memoria teknikoan sartuko den txosten batean adieraziko da proposatzen diren konponketa obrak aurretik daudenetara egokitzen direla edo horiek aldatzea dakartela. Kasu horretan, teknikoki hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren aldaketak edo kostuak murriztea dakartenak baino ez dira izanen diruz lagungarriak; zirkunstantzia horiek txosten teknikoan frogatu beharko dira.

Memoria teknikoan jasotako jarduketen erreferentzia geografikoak emanen dira, eta planoetan kokatuko dira. Kartografia ETRS89 proiekzioan entregatuko da, SHP eta PDF formatuetan, guztiz amaituta eta dagozkien legendekin. Agiriak ez dira izanen 8 megabytetik gorakoak.

Memoria teknikoan sartuta aurkeztu behar den aurrekontua eta eskaera aurkeztean entregatutako kalteen komunikazioan jasotakoa desberdinak izan daitezke, baina inola ere ez da onartuko laguntza ematean onartutako gehieneko dirulaguntza baino handiagoa.

Eredu ofizialik ez duten agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira. Proiektuaren edo memoria teknikoaren aurrekontua, berriz, Excel formatuan.

6. Emandako gehieneko dirulaguntza doitzea. Gehieneko dirulaguntza onartu dela jakinarazten denetik 5 hilabeteko epean, organo kudeatzaileak, onuradunek aurkeztutako memoria teknikoak edo obra proiektuak aztertu ondoren, hasiera batean emandako gehieneko dirulaguntza doituko du deialdi honen oinarrien arabera hautagarri gisa zehaztutako zenbatekoari dagokion dirulaguntzara, baina inola ere ez da izanen emandako gehieneko dirulaguntza baino handiagoa.

7. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak ebazpen proposamena prestatuko du, erakunde eskatzaile bakoitzari eman beharreko behin betiko laguntza edo dirulaguntza zehaztuta, eta, kasua bada, baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ezesteko proposamena ere eginen du, atzera botatzeko arrazoiak emanda.

8. Eman beharreko laguntza doitu eginen da, jasotako laguntza eta konpentsazio guztien baturak, Estatuak eman dezakeena barne, inbertsioaren zenbateko diruz lagungarriaren %90 gainditu ez dezan.

9. Onartutako laguntzaren finantza konpromisoak. Laguntzaren aurrerakina 2023ko aurrekontuaren kargura emanen da. Laguntzaren azken ordainketa, ordaintzeko dagoen gainerako zenbatekoa zehaztuko duena, edo, hala badagokio, toki-erakundeak itzuli beharreko aurrerakinetik gastatu ez duen zenbatekoa, 2025eko aurrekontuaren kargura eginen da.

Zortzigarren oinarria.–Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko betebeharrak ez ezik, hauek ere izanen ditu:

a) Inbertsioko obrak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera adjudikatzea.

b) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatzeko.

c) Dirulaguntza ematen duen foru aginduaren proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izatea.

d) Foru agindu honetan xedatutakoa eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.

e) Polizen titular diren aseguru-etxeetan konpentsazioak tramitatzea eta, ahal izanez gero, egoki diren laguntzak ere eskatzea Estatuko zein Europako administrazioetan.

f) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea xede bererako emandako beste dirulaguntzarik edo laguntzarik jaso ote den, izan beste administrazio publiko batzuenak edo bestelako entitate publiko edo pribatu batzuenak, Espainiakoak nahiz nazioartekoak, barnean sartuta aseguruen konpentsazioak. Konpentsazio eta laguntza horiek Nafarroako Gobernuaren laguntza kobratu ondoren eman eta jakiten badira, eta zenbateko hautagarriaren %100 gainditzen badute, erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako zenbatekoen berri emateko Nafarroako Gobernuari eta jasotako soberakinak ezartzen zaizkion jarraibide eta epeen arabera itzultzeko.

Era berean, erakunde onuradunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritakoa betez, dirulaguntzaren helburu zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak. Gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.

Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

Bederatzigarren oinarria.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntzen xede diren jarduketak egin dituztela frogatzeko:

a) Oinarri arautzaileetan ezarritako ereduaren araberako ordainketa eskaera. VII. eranskina.

b) Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa (IX. eranskina - 1. dokumentua). Kontrata bidezko gauzatze aurrekontua 40.000 eurotik gorakoa (BEZik gabe) eta laguntza teknikoaren aurrekontua 15.000 eurotik gorakoa (BEZik gabe) duten obrak adjudikatu badira, IX. eranskineko 2. dokumentua eta kontratazio espedientea aurkeztu beharko dira.

c) Obren ziurtagiriak, dagozkien fakturak eta ordainketen frogagiriak.

Obren ziurtagiriek proiektuko obra unitateei edo memoria teknikoari buruzkoak izan beharko dute. Modu berean, aurkeztutako fakturek edo ordainagiriek aurkeztutako obraren ziurtatzeari eta baliozkotze teknikoari buruzkoak izan beharko dute.

Egindako ordainketen frogagiriak aurkezten ez badira edo horien zenbatekoa ziurtatutako gastua baino txikiagoa bada, ez da emanen ordainketa frogatuta ez duen inbertsio zatiari dagokion laguntza.

d) Toki-erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatuko baita beste entitate batzuetatik xede bererako laguntzarik eskatu eta/edo jaso den, edo aseguruaren konpentsaziorik, eta halakoak jaso badira, horien zenbatekoa.

2. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko eta erakunde onuradunek horiek justifikatzeko eta aurkezteko epea 2025eko uztailaren 31n amaituko da.

3. Ordainketa eskaerarekin batera, toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria ere aurkeztuko da; bertan egiaztatuko da beste entitate batzuei xede bererako laguntzarik eskatu zaien eta/edo jaso den, edo aseguruaren konpentsaziorik izan ote den, eta laguntzak jaso badira, horiek zenbatekoak izan diren.

4. Laguntza ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak bertatik bertara egiaztatuko du zer jarduketa egin diren.

5. Hala ere, dirulaguntzaren aurrerakina eskatzen duten erakundeentzat, dirulaguntza ordaintzeko ebazpenean erabakiko da emandako gehieneko dirulaguntzaren %75 aldez aurretik ordaintzea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat, justifikatzen bada funtsen hornidura beharrezkoa dela dirulaguntzaren xedeak betetzeko. Behar hori frogatzeko, toki-erakundeko idazkariak emandako egiaztagiria erantsiko da, zeinean nahikotasunez frogatuko baita diru funtsak behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

Hamargarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Ordainketa-eskaera 2025ko abuztuaren 10a baino lehen aurkeztu beharko da.

Jarduketak gauzatu direla frogatzen duen dokumentazio guztia aurkeztu ondoren, bost hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, ordainketa ebazpena.

Laguntza ordaintzeko ebazpenean, aurreratutako zenbatekoa kenduko da, eta, ordaindu beharreko zenbatekoa laguntza onartu zenean emandako aurrerakina baino txikiagoa bada, dagozkion itzulketa-espedienteak hasiko dira.

Laguntza ordaindu behar denean jada ezagutzen badira laguntza emateko momentuan ezagutzen ez ziren Espainiako edo Europako beste deialdi batzuetako laguntzen zenbatekoak, ordaindu beharreko zenbatekoa doitu eginen da, deialdietako zenbateko guztiek, batuta, inbertsioaren zenbateko diruz lagungarriaren %90 gaindi ez dezaten.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzak metatzea.

Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak izanen dira toki-erakundeak helburu bererako jaso ahal dituen beste batzuekin, baina inoiz gainditu gabe inbertsioaren zenbateko diruz lagungarriaren %90.

Hamabigarren oinarria.–Ez-betetzeen kontrola eta graduazioa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak begiratuko du ea dirulaguntzak emateko baldintzak betetzen diren eta inbertsioak behar bezala egiten diren, eta horretarako behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egin ahal izanen ditu; bidezkotzat jotzen duen informazioa ere eskatu ahal izanen die laguntzen onuradunei.

2. Foru agindu honetan ezarritako konpromisoak ez betetzeak ekar dezake emandako dirulaguntza ezestea edo jasotako laguntzak itzuli behar izatea, osorik edo hein batean, kasuaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3. Deialdi honen zortzigarren oinarrian ondasunen xedeari buruz ezartzen den baldintza bete ezean, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, 11/2005 Foru Legearen II. tituluko I. kapituluan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza zein industria establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.

4. "A posteriori" egindako egiaztapenetan hautematen bada xede bererako beste dirulaguntza edo konpentsazio batzuk jaso direla eta ez dela halakorik jakinarazi (zortzigarren oinarriko e) atalean dago ezarrita hori jakinarazteko betebeharra), jasotako laguntza guztia itzuli beharko da. Toki Ogasunen Funtsetik kenduko da.

5. Toki-erakundeak aurrerakina eskatu badu, baina hori ez badu aurreikusitako xedeetarako erabili, zenbateko hori kenduko zaio Toki Ogasunen Funtsetik.

6. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien erakunde onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamahirugarren oinarria.–Emandako laguntzen publizitatea.

Zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, ohiz kanpoko laguntzei dagokien fitxan, euriteek kaltetutako nekazaritza-azpiegiturak, toki-erakundeen titulartasunekoak, konpontzeko laguntzen onuradun diren toki-erakundeen zerrenda.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabide-orria.

III. eranskina.–Kalteen berri emateko inprimakia.

IV. eranskina.–Titulartasun publikoaren ziurtagiria.

V. eranskina.–Laguntza eskaeraren fasean beste erakunde batzuetatik laguntzak eskatu eta/edo jaso izanaren egiaztagiria.

VI. eranskina.–Dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aurreikusi beharra justifikatzeko ziurtagiria.

VI. eranskina.–Ordainketa eskaera.

V. eranskina.–Laguntza eskaeraren fasean beste erakunde batzuetatik laguntzak eskatu eta/edo jaso izanaren egiaztagiria.

IX. eranskina.–Kontratu bakoitzerako hornitzailearen hautaketaren justifikazioa.

Deskargatu eranskin guztiak DOC formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2315993