213. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko irailaren 27an hartua, Nafarroako Gobernuak Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordean duen ordezkaritza izendatzen duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 69.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, lege organiko hori aplikatu eta ulertzerakoan Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sortzen diren desadostasunak Foru Diputazioaren eta Estatuko Administrazioaren ordezkari kopuru berdinez osaturiko lankidetza batzorde batek jorratuko ditu, baita ebatziko ere, deusetan galarazi gabe Konstituzio Auzitegiaren eta Justizia Administrazioaren legeria berekia.

Halaber, aipatu 69. artikuluaren 2. apartatuan ezarrita dago ezen Lankidetza Batzordean planteatzen ahalko direla Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sortzen diren bestelako desadostasunak, han ebatz daitezen.

Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordearen arauak onesten dituen abuztuaren 1eko 1507/1984 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren 1. apartatuak ezartzen du ezen aipatu batzordea osatuko dutela Nazioko Gobernuak Estatuko Administraziotik izendatutako hiru ordezkarik eta Nafarroako Gobernuaren beste hiru ordezkarik, azken horrek izendatuak. Artikulu horren 2. apartatuan xedatzen denez, batzordeko kideak izendatu zituen organoak edozein unetan ordezka ditzake Lankidetza Batzordeko kide horiek.

Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 18an hartutako erabakiaren bidez egin zen azkenekoz Nafarroako Gobernuak Lankidetza Batzordean izanen zuen ordezkaritzaren izendapena.

Nafarroako Gobernua berritu denez, beharrezkoa da horrek batzordean izanen dituen ordezkari berriak izendatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Honako hauek izendatzea Nafarroako Gobernuaren ordezkariak izan daitezen Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordean: Félix Taberna Monzón jauna, Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria dena; Ana Ollo Hualde andrea, bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria dena; eta Joseba Asiain Albisu jauna, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia dena.

2. Indarrik gabe geratzen dira aurretik Lankidetza Batzordeko kide izateko egindako izendapenak.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki hau interesdunei eta Lurralde Politikako Ministerioko Erkidegoetako eta Tokiko Araubide Juridikoaren zuzendari nagusiari jakinaraztea, eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora igortzea.

Iruñean, 2023ko irailaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2313767