2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARMAÑANTZAS
Ordenantza, arautzen dituena eguzki-energia biltzeko instalazioak. Behin betiko onespena
Armañantzasko Udalak, 2023ko uztailaren 27an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena eguzki-energia biltzeko instalazioak Armañantzasko udal-mugartean.
Onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 167. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 14an.
Jendaurreko epea iragan denez eta ez denez jaso inolako erreklamaziorik, kexarik edo oharrik, behin betiko onetsita gelditu da aipatutako ordenantza, ondoren ematen dena; hori dena, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren arabera.
Armañantzasen, 2023ko irailaren 26an.–Alkatea, David Pérez de Albéniz Crespo.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK, ARMAÑANTZASKO UDAL-MUGARTEAN
SARRERA
CO2 emisioak murrizteko helburua hartu du Europak, eta hori lortzeko oinarrietako bat da energia berriztagarriak ekoiztea eta erabiltzea. Xede horretara bideratutako ekintzen artean dago, bereziki, bultzatzea eraikinetan ezar daitezela norberaren kontsumorako energia sortzeko eguzki-instalazioak. Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: batetik, lurraldean modu antolatuan ezartzea eta, bestetik, natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzea. Armañantzasko Udalak eguzki-energia biltzeko instalazioak arautu nahi ditu bere udal-mugartean; horretarako, baldintza batzuk ezarriko ditu, bultzatzeko autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak, eta instalaziook egokiak izateko ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik. Ordenantza idatzi da behar den koherentzia gordez udal planeamenduarekiko, eta jarraikiz lurzoruaren erabilerek eta eraikuntzek ingurura egokitzeko duten betebeharrarekin.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantzaren xedea. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Armañantzasko udal-mugartean ezartzeko eguzki-energia biltzeko instalazioak, zelula fotovoltaikodun panelen bidez biltzeko edo panel kolektore termikoen bidez biltzeko.
2. artikulua. Aplikazio-eremua. Ordenantza honen aplikazio-eremua Armañantzasko udal-mugarte guztia da.
3. artikulua. Definizioak. Eguzki-plakak edo -panelak dira eguzkiaren erradiazioen energia biltzen duten gailuak, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dutenak:
–Eguzki-instalazio termikoek zuzenean baliatzen dute eguzkitik jasotzen dugun energia, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.
–Eguzki-instalazio fotovoltaikoak edo termoelektrikoak baliatzen dira zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoez, argindarra sortzeko, abiapuntu hartuta eguzki erradiazioa. Ordenantza honek, era berean, arautzen ditu eguzki-instalazioak, panel fotovoltaikoz nahiz termikoz osatuak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza-erabileraren sailkapena, Armañantzasko Udal Plan Orokorraren arabera.
4. artikulua. Instalazioen xedea. Eguzki-instalazioak baimenduko dira, neurri batean edo osorik direnean eraikinen energia beharrizana asetzeko, dela etxeko ur beroa sortzeko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak araututakoaren arabera (errege dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak). Hirigintza-erabilera bizitegitarako ez den eremuetan, baimenduta dago, autokontsumorako argindarra sortzeaz gain, elektrizitate-soberakinak sortzea ere, energia-sarera igortzeko, indarrean den araudiari jarraikiz.
5. artikulua. Babestu beharreko eraikinak; zehazki, sarturik daudenak Babestu beharreko eraikinen eta osagai historiko, artistiko edo ingurumenekoen katalogoan. Eguzki-panelak jarri nahi badira Armañantzasko Udal Plan Orokorrean babesa duten eraikinetan, hots, Babestu beharreko eraikinen eta osagai historiko, artistiko edo ingurumenekoen katalogoko eraikinetan, zehazki 1. eta 2. babes mailako eraikinetan, eskaerak bidaliko zaizkio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
II. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK, BIZITEGI-ERABILERAKO
HIRI-LURZORUAN
1. ATALA.–HIRIGUNE HISTORIKOA - ETXEBIZITZEN OSAGARRIA
- ESPAZIO LIBRE PRIBATUA
Antolamendu fitxak: 01 - 03 - 07.
6. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan paratu daitezke, honako baldintza hauek betez gero:
–Plakak planokideak izanen dira estalkiaren isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo "velux" motako estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat, edo zenbait.
–Gutxienez 0,50 m banandu beharko dira mehelinetatik, teilatu-hegalen ertzetatik, bizkar-limetatik, limatxokonetatik eta argi-zuloetatik. Zenbait panel-eremu daudenean, elkarrengandik gutxienez 0,50 m bananduta egon beharko dute.
–Eguzki-panelen azalerak eta argi-zuloen azalerak, baturik, ezin izanen du okupatu azaleraren %50 baino gehiago, kokatuta dauden isurialdean.
–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian eta fatxadetan, esaterako biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.
2. Baldin eta estalki lauak edo zabaltzak badaude antolamenduz kanpo deklaraturik ez dauden eraikin batzuetan, baimendurik egonen da eguzki-panelak paratzea, honako baldintza hauek betez gero:
–Karelen atzeko aldean egon beharko dute panelek, eta gelditu beharko dute horien gehieneko garaieraren azpitik.
–Ez da baimenduko baldin eta karelak gardenak badira –baranda, sareta edo beira motakoak–, eta instalazioa bistan uzten badute, salbu, aldi berean, proposatzen badira neurri egokiak hura ikustea galarazteko.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.
7. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan. Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.
–Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.
–Bisualki integratu beharko dira ingurunean. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak jartzea eskatzen ahalko du (zuhaitzak, heskaiak eta bestelakoak).
2. ATALA.–DENTSITATE TXIKIKO BIZITEGIA
Antolamendu fitxa: 02.
8. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan paratu daitezke, honako baldintza hauek betez gero:
–Plakak planokideak izanen dira estalkiaren isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo "velux" motako estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat, edo zenbait.
–Gutxienez 0,50 m banandu beharko dira mehelinetatik, teilatu-hegalen ertzetatik, bizkar-limetatik, limatxokonetatik eta argi-zuloetatik. Zenbait panel-eremu daudenean, elkarrengandik gutxienez 0,50 m bananduta egon beharko dute.
–Eguzki-panelen azalerak eta argi-zuloen azalerak, baturik, ezin izanen du okupatu azaleraren %80 baino gehiago, kokatuta dauden isurialdean.
–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian eta fatxadetan, esaterako biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.
2. Baimentzen da eguzki-panelak jartzea estalki lauetan edo zabaltzetan, betiere honako baldintza hauekin:
–Karelen atzeko aldean egon beharko dute panelek, eta gelditu beharko dute horien gehieneko garaieraren azpitik.
–Ez da baimenduko baldin eta karelak gardenak badira –baranda, sareta edo beira motakoak–, eta instalazioa bistan uzten badute, salbu, aldi berean, proposatzen badira neurri egokiak hura ikustea galarazteko.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udalak baimendu beharko ditu espresuki osoko bilkuran.
9. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan. Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.
–Eraikuntzaren lerrokadurek mugatuko dute okupa daitekeen eremua, udal planak ezarritakoaren arabera. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino altuagoak, lurretik neurtuta.
–Bisualki integratu beharko dira ingurunean. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak jartzea eskatzen ahalko du (zuhaitzak, heskaiak eta bestelakoak).
III. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK, ZUZKIDURA-ERABILERAKO HIRI-LURZORUAN ETA JABARI PUBLIKOKO LURZORUAN
Zuzkidura publikoa - Zuzkidura. Pribatua-Espazio Libre Publikoa-Aisialdia eta Josteta.
Antolamendu fitxak: 04 - 05 - 06 - 08.
10. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak. Aurreko 8. artikuluan aurreikusitako baldintza berberak izanen dira, salbu isurki maldadunetan dauden instalazioen gehieneko okupazioarena: eguzki-panelen azalerak eta argi-zuloen azalerak, baturik, okupatu dezake azaleraren %90. Eragin bisualak edo ingurumen eraginak izan daitezkeen kasuetan, Udalak eskatzen ahalko du neurriak har daitezela eragin horiek minimizatzeko, eta, hirigintza araudiak neurri horiek onesten ez baditu, baimena ukatzen ahalko du.
11. artikulua. Zuzkidura-eraikin bati lotutako lurzati librearen gaineko instalazioak. Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru librean, honako baldintza hauek betez gero:
–Eremu librearen %50 okupatzen ahalko dute gehienez.
–Bisualki integratu beharko dira ingurunean. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak jartzea eskatzen ahalko du (zuhaitzak, heskaiak eta bestelakoak).
–Jartzen ahalko dira, orobat, ibilgailuen aparkalekua babesteko baimendutako teilape arinen gainean eta markesinen estalkiaren gainean, edo horien elementu gisa.
12. artikulua. Instalazioak altzarien eta ekipamenduen elementuetan, bide publikoetan eta espazio libre publikoetan. Baimentzen da eguzki-panelak jartzea ekipamendu publikoko elementuen gainean, hala nola aparkalekuen markesinak, portxeak, kioskoak, haurren jolastokiak, eta hiri-altzarietako elementuen gainean, hala nola farolak, informazio-zutabeak, pergolak, etab. Azalera estaliaren %100 okupatzen ahalko dute elementu bakartuak direnean, edo elementuaren estalkia bera eratzen ahalko dute. Baldin badira beste batzuei atxikitako eraikuntzak edo elementuak, panelak gutxienez 0,50 m bananduko dira.
IV. KAPITULUA.–LURZORU URBANIZAEZINAREN GAINEKO INSTALAZIOAK
13. artikulua. Aurretiazko baimenak.
1. Instalazioak ezartzea eguzki-energia aprobetxatzeko, lurzoru urbanizaezinean, eraikinen estalkietan ez beste batzuetan, bai eta instalazio horien sarbideak eta linea elektrikoak ere: hori berariaz arautua dago 64/2006 Foru Aginduan, zeina eman baitzuen Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak. Ingurumen-eraginari buruzko txostena egin beharko da, jarraikiz 17/2020 Foru Legeari (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen Foru Legea), salbu oinarrizko araudia aplikatuz ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar bada.
2. Eraikin berriei lotutako instalazioen kasuan, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharrezkoa izanen da arauzko baimena lortzea ezartzekoa den jarduera berrirako, zeina eman beharko baitu Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak, hala dagokionean.
3. Lehendik badauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baldin baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.
14. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan. Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen antzera edo "velux" motako estalkiko leihoen antzera. Okupatutako eremua gutxienez 0,50 m bananduko da teilatu-hegaletatik.
2. Baldin eta estalki lauak edo zabaltzak badaude antolamenduz kanpo deklaraturik ez dauden eraikin batzuetan, panelek karelen atzeko aldean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak jartzeko eskatzen ahalko du.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahalko da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki. 4. Eragin bisualak edo ingurumen eraginak izan daitezkeen kasuetan, Udalak eskatzen ahalko du neurriak har daitezela eragin horiek minimizatzeko, eta, hirigintza araudiak neurri horiek onesten ez baditu, baimena ukatzen ahalko du.
V. KAPITULUA.–IZAPIDETZEA
15. artikulua. Lizentzia eskatzea. Erantzukizunpeko adierazpena.
1. Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, beharrezkoa izanen da obra-lizentzia eskatzea Udalari, edo, egoki denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.
2. Betiere, Udalaren obra-lizentzia beharko dute instalazioek, baldin eta aurretik behar badituzte beste erakunde publiko batzuen hirigintza-baimenak edo bestelakoak, aplikatu beharreko legediari jarraikiz. Udal lizentzia eman aurretik, behar diren baimenak izapidetuko dira.
3. Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, baldin egin nahi badira hala behar duten obrak, jarraikiz indarrean den Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legeari. Gainerako kasuetan, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.
4. Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.
Iragarkiaren kodea: L2313689