Iragarkia
208. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
NOAIN ELORTZIBAR
Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, oposizio-lehiaketa prozedurako hautaproben bidez, kultur teknikariaren lanpostua bete dadin aldi baterako kontratuarekin
Alkatetzaren irailaren 18ko 2023-1016 Ebazpenaren bitartez, honako hau erabaki da:
1. Espediente bat irekitzea izangaien zerrenda bat eratzeko hautaprobak eginez eta oposizio-lehiaketa bidez, aldi baterako betetzeko Noain Elortzibarko Udaleko B mailako kultur teknikariaren lanpostuan sortzen diren beharrak.
2. Agindua ematea deialdia argitara dadin Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udaleko iragarki-taulan eta web-orriko egoitza elektronikoan:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Noain Elortzibarko Udaleko kultur teknikariaren lanpostua betetzeko izangaien zerrenda osatzea oposizio-lehiaketa bidez.
1.2. Lanpostuak B mailako ordainsaria izanen du, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Lansariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan. Orobat, Noain Elortzibarko Udaleko plantilla organikoan ezarritako osagarriak gehituko zaizkio.
1.3. Lan araubidea lanaldi osokoa izanen da. Ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.4. Izendapenak aldi baterako administrazio-kontratudun bilakatuko du izendatua, kultur teknikari gisa, ondorio guztietarako. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da, eta hartan izena emanen.
1.5. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu:
–Kultur programak eta jarduerak diseinatzea, planifikatzea eta ebaluatzea; erakundeekin harremanean jartzea; aurrekontuak kudeatzea eta gastuak kontrolatzea; bere ardurapeko instalazioen erabilera kudeatzea; herriko elkarteekin eta mugimenduekin harremanean egotea; eta jarduketa eremuarekin lotura duten ekintzak eta gainerako eginkizunak koordinatzea. Era berean, beharrezkoa bada, Udalaren lokaletatik kanpo eginen ditu jarduketak eta kudeaketak, bai eta asteburuetan eta jaiegunetan ere.
–Ekintza plangintzak proposatzea, esleitutako azpiegitura edo kultur guneetarako.
–Planifikatutako helburuak betetzeko esleitutako aurrekontua aplikatzea.
–Laguntzak eta dirulaguntzak prestatzea eta kontrolatzea, bai eta horiek behar bezala inbertitzen direla zaintzea ere.
–Proposatzea nola arautu, aplikatu eta nola kontrolatu behar diren udalerrian jarduten duten beste erakunde batzuei emandako laguntzak eta dirulaguntzak.
–Kultur proposamenak egitea, hautemandako beharretatik sortutakoak, eta erabiltzaileek egin eskaeretatik bere eskumeneko horiek ebaztea.
–Aldaketak proposatzea bere ardurapeko esku-hartze kulturaleko programen eta proiektuen plangintzak garatzean.
–Kultur jarduerak programatzea.
–Ikuskatzea bere ardurapeko profesionalen taldea, behar bezala bete daitezen aldez aurretik zehaztutako helburuak.
–Aztertzea zer baliabide eskaintzen dituen inguruko lurralde nahiz gizarteak, ukigarriak zein ukiezinak; eta hori egitean, kontuan izatea zer eratan erabil daitezkeen baliabide horiek garrantzi handiko kultur proiektuak garatzeko.
–Jakitea zein diren eta identifikatzea, jarrera kritikoa eta eraikitzailea izatearen bidez, kulturaren arloko ekintza eremuak, erakunderik garrantzitsuenak eta testuinguru bereizgarriak.
–Noaingo festetako programa prestatu eta garatzea, eta Elortzibarko herrietako festetako programazioaren gaineko aholkularitzan eta lankidetzan aritzea.
–Udalak agintzen dizkion gainerako eginkizunak, haren lanpostuarekin bat baldin badatoz eta haren titulazio eta mailarekin zerikusia baldin badute.
1.6. Deialdi honen xedea da, orobat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzea, sortzen diren aldi baterako beharrei erantzuteko eta ordezkapenak egiteko.
2.–Eratutako zerrendaren indarraldia.
Deialdi honen bidez aldi baterako kontrataziorako eratuko den zerrenda indarrean izanen da agortzen den arte edo lanpostuak behin betiko betetzeko berariazko hautapen prozesuak hasi arte, edo aldi baterako kontrataziorako beste zerrenda bat egin arte.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezartzen den bezala.
Gainerako izangaiek Espainiako Estatuko bizileku- eta lan-baimena izan beharko dute.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.
c) Unibertsitateko erdi mailako gradua edo haren baliokidea izatea edo hura eskuratzeko maneran egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiriaren bitartez akreditatu beharko dira.
d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.
f) B motako gidabaimena izatea, indarrean.
Baldintza horiek guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eduki behar dira, eta gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori zuzentzen den arte.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Noain Elortzibarko Udalaren erregistro orokorrean (Foruen plaza 3, 31110 Noain), egoitza elektronikoaren bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, hogei eguneko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.2. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio; horren araberakoak ez diren edo behar bezala beteta ez dauden eskabideak aurkeztu gabetzat hartuko dira eta akatsa ezin izanen da zuzendu.
Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Deialdiaren hirugarren oinarrian eskatzen den titulua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
b) Nortasun-agiri nazionala edo identitatea akreditatzen duen titulua.
c) B1 motako gidabaimena.
d) Azterketarako eskubideen tasa ES48 2100 5264 49 2200065040 kontuan ordaindu izanaren ziurtagiria edo, bestela, estatuko enplegu zerbitzu publikoaren (SEPE) agiriaren bidez frogatzea lanik gabe dagoela, prestaziorik kobratu gabe.
Ordaindu beharreko zenbatekoa:
–14,78 euro, oro har.
–Doakoa, lanik izan ez eta prestaziorik kobratzen ez dutenendako.
Azterketa egiteko eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo frogagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.
e) Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiri jatorrizkoak.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari hori ziurtatu aurretik.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Minusbaliotasuna duten izangaiek honako hau erantsi beharko diote parte hartzeko eskabideari: minusbaliatu egoera frogatzeko agiria, organo eskudunak emandakoa, eta osasun ziurtagiria, horren bidez frogatzeko desgaitasuna ez dela lanpostuko ohiko lana egitea eragotziko dion eritasun edo urritasun fisiko edo psikiko bat.
Izangai horiek ariketak egiteko epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskabidearekin batera, beste orrialde batean adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna daukaten eta zein egokitzapen eskatzen duten.
5.–Behin-behineko zerrendak.
Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko da Noain Elortzibarko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (http://www.noain.es).
Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.
6.–Behin betiko zerrendak.
Aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, zeina ikusgai jarriko baita Noain Elortzibarko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (http://www.noain.es), hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.
7.–Kalifikazio-epaimahaia.
7.1. Osaera:
Epaimahaiburua: Sebastián Marco Zaratiegui, Noain Elortzibarko Udaleko alkate udalburua, edo horrek eskuordetutako pertsona.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
Lehen epaimahaikidea: Nafarroako Kultur Kudeaketaren Profesionalen Elkarteak (KUNA) izendatutako teknikari bat.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
Bigarren epaimahaikidea: Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak izendatutako teknikari bat.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
Hirugarren epaimahaikidea: Noain Elortzibarko Udaleko langileen ordezkari sindikal bat.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
Idazkari mahaikidea: Víctor Manuel Mendívil Zubizarreta, Noain Elortzibarko Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, baldin bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez. Halaber, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin.
7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.
7.4. Epaimahaiak aholkularien laguntza eska dezake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
7.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko eginen diote, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude indarreko araudian abstenitzeko ezartzen diren egoeretako batean, eta izangaiek haiek errekusatzen ahalko dituzte, arrazoi horietako bat gertatuz gero.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.
Epaimahaiaren osaera aldatzen bada abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.
7.6. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
8.–Lehiaketaldia. 20 puntu gehienez ere.
8.1. Lanbide-esperientzia. Gehienez ere 12 puntu emanen dira.
a) Administrazio publikoan kultur teknikari edo kudeatzaile lanetan (B/A mailak) aritutako urte bakoitzeko: 1 puntu eta, gehienez ere, 10 puntu.
b) Administrazio publikoan kultur teknikari edo kudeatzaile lanetan (C maila) aritutako urte bakoitzeko: 0,5 puntu eta, gehienez ere, 7 puntu.
c) Alor pribatuan kultur teknikariaren edo kudeatzailearen berezko eginkizunak betetzen aritutako urte bakoitzeko: 0,25 puntu eta, gehienez ere, 2 puntu.
8.2. Prestakuntza osagarria. Gehienez ere 8 puntu emanen dira.
a) Graduondokoa, kultur kudeaketaren edo kultur politiken arloan (150 ordu gutxienez): 2 puntu.
b) Masterra, kultur kudeaketaren edo kultur politiken arloan (200 ordu gutxienez): 5 puntu.
c) Diplomatura/LHko gradua, gizarte eta kultur animazioaren arloan: 1 puntu.
Aurreko apartatuetako merezimenduak frogatzeko, izangaiak lan egindako administrazio publikoaren edo legez eratutako enpresa pribatuaren ziurtagiriak aurkeztuko dira; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, aintzat hartuko dira lan nahiz administrazio araubidean egindako zerbitzuak, bai eta pertsona talde edo enpresa bateko kide izanik administrazio publikoei egindako zerbitzuak ere.
Frogaturiko esperientzia-aldiak ez badu urte osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hilabete osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, gutxienez hilabete batekoa, osorik, izan beharko du.
Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.
Lanbide-esperientzia akreditatzeko, izangaiak lan egindako administrazioen edo enpresen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu; bertan adierazi beharko dira lanpostua eta kontratuaren hasiera eta amaiera datak.
9.–Oposizioaldia. 80 puntu gehienez ere.
9.1. Oposizioak bi proba izanen ditu; horien bidez, lanpostuko jardueraz izangaiak dituen ezagutza praktikoak baloratuko dira:
a) Lehenbiziko ariketa "test" motako galdera-sorta bat izanen da, hogeita hamar galderaz osatua, bai ezagutza orokorrei buruz bai lanpostuko jardueren gaineko berariazko gaiei buruz, eta erantzunetako bakarra izanen da zuzena. Galderak II. eranskinean azaltzen diren gaiei buruzkoak izanen dira. (Udalak ez du garatutako gairik emanen).
Proban 0 puntutik 30 puntura bitarte lortzen ahalko dira (gainditzeko gutxienez 15 puntu eskuratu beharko dira). Galdera guztiek balio bera izanen dute (1,00 puntu) eta 0,30 puntu kenduko dira oker emandako erantzunengatik.
Proba plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen da.
b) Bigarren proban, lanpostuaren eginkizunekin eta edukiarekin lotutako kasu praktiko bat ebatzi beharko da, gehienez ere 90 minutuan, epaimahaikideek izangaien gaitasunak baloratze aldera. Gehienez ere 50 puntu (gainditzeko, gutxienez 25 puntu eskuratu beharko dira).
Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: idatzizko adierazpen gaitasuna, izangaiaren ekarpen pertsonala, argitasuna eta ideien ordena, eta sintesia egiteko gaitasuna.
Proba plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen da. Gehienez ere 7 eguneko epean argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta atxikitako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non zabalduko diren (eguna, ordua eta tokia), hori egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Ekitaldi publikoa izanen da.
Probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek beren NANa, pasaportea edo AIZ eraman beharko dute, bestela ez baitute proba egiterik izanen.
Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira ezarritako proba guztiak.
Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.
10.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.
10.1. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Noain Elortzibarko Udalaren iragarki-taulan eta http://www.noain.es web-orrian.
Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Alkatetzari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, behin betiko onespena eman dezan.
Berdinketarik bada, bigarren proban puntu gehien lortu duen pertsonak izanen du lehentasuna, eta, hala ere berdinketa hausten ez bada, lehen proban puntu gehien lortu duenak izanen du. Irizpide hori aplikatuta ere berdinketak jarraituko balu, zaharrenari emanen zaio lehentasuna.
10.2. Agiriak aztertu eta ikusten bada izangaiek ez dutela betetzen deialdian ezarritako baldintzetakoren bat, deuseztatu eginen dira haien jarduketak, hasierako eskabidean informazio faltsua emateagatik egozten ahal zaien erantzukizuna galarazi gabe.
11.–Ordezkapen-poltsaren funtzionamendua.
11.1. Zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazio handienari erreparatuko zaio. Berdinketa egonez gero, bigarren proban (proba praktikoa) puntuazio altuagoa erdiesten dutenen alde jokatuko da.
11.2. Zerrenda kudeatuko da oinarri hauetan xedatutakoaren arabera, eta oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauei buruzko abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio.
11.3. Aldi baterako kontratazioa egin behar denean, dei eginen zaio une horretan zerrendako lehen lekuan dagoen izangaiari. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira; alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
Udala izangai batekin harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu eta frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 11.4 atalarekin bat.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izendapena eginda, Udalak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.
11.4. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:
a) Aldi baterako ezintasuna.
b) Amatasun edo aitatasun baimena.
c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.
d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
e) Norberaren ezkontza edota, 6/2000 Foru Legearen arabera, pareko egoeran suertatzea (Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko Foru Legea), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.
11.5. Izangaiak zerrendatik baztertuta geldituko dira honako kasu hauetan:
a) Kontratazio eskaintza onartuta dagoela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
c) Lanpostua uztea.
d) Probaldia ez gainditzea, baldin eta kontratuan halakoa ezarri bada.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoen edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
11.6. Probak gainditu dituzten gainerako izangaiei dei egiten ahalko zaie sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Noain Elortzibarren, 2023ko irailaren 18an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.
I. ERANSKINA.–Eskabidea (PDFa).
II. ERANSKINA.–PROBETARAKO GAIAK
1. gaia.–Zabalkundea, publizitatea, ikusleen arreta eta kudeaketa kultur jardueretan.
2. gaia.–Kultur proiektuen diseinua. Egitura, faseak eta edukia. Helburua eta ekintzak. Proiektua garatzeko baliabideak. Aurrekontua. Ebaluazioaren jarraipena eta kontrola.
3. gaia.–Kultur ekintzaren komunikazio eta hedapen estrategiak. Hartzaileen fidelizazioa eta heziketa.
4. gaia.–Kultur kudeatzailea. Prestakuntza profesionala. Enpatia: lanerako bertutea. Harremana beste kultur eragileekin eta artistekin. Hartzaileekiko harremana.
5. gaia.–Festetako eta kulturako jarduerak programatu eta gauzatzea.
6. gaia.–Kultur etxe bateko jarduerak programatu eta gauzatzea. Noain Elortzibarko kultur etxeko eskaintza.
7. gaia.–Kultur etxe bateko jarduerak programatu eta gauzatzea. Kultur ekipamenduen motak eta horiek esku-hartze kulturalean duten berariazko balioa.
8. gaia.–Noain Elortzibarko Udalaren kultura zerbitzuaren antolaketa.
9. gaia.–Udaleko kultur programetarako finantzaketa eta laguntzak.
10. gaia.–Finantzaketa iturriak, udaleko kultur jarduerarenak, publikoak zein pribatuak. Mezenasgoari buruzko Foru Legea.
11. gaia.–Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak, Nafarroako toki entitateei lotuak. Deialdiak, programak, dirulaguntzak.
12. gaia.–Nafarroako antzokien sarea.
13. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Faseak. Prozedura bereziak. Herritarra. Herritarraren eskubideak. Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea. Erregistroak. Epeen kontaketa.
14. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. I. titulua.
15. gaia.–Nafarroako toki entitateen kontratuak. 2/2018 Foru Legea. Xedapen orokorrak. Prestakuntzako jarduketa administratiboak. Adjudikatzeko prozedurak eta moduak.
16. gaia.–1/2019 Foru Legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa. Eskubide kulturalak. Kulturarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea. Administrazio Publikoen erantzukizuna kulturaren arloan.
17. gaia.–Ehun soziokulturala, kultur eragileak, kultur zerbitzuak, elkarteak.
18. gaia.–Noain Elortzibarko Udaleko Kultura Batzordeko kide diren herriko taldeei dirulaguntzak emateko deialdia.
19. gaia.–Ordenantza, Noain Elortzibarko Udaleko kultur etxeko instalazioak erabiltzeko lagapena eta prezio publikoak arautzen dituena.
20. gaia.–33. ordenantza, udal elementuak erabiltzeko prezio publikoa arautzen duena.
Iragarkiaren kodea: L2313625
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
