19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORBAIBARKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN BATASUNA

Lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa 2023rako

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko Lehendakaritzak 2022ko abenduaren 22an emandako 2022-11 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren 2023ko lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa. Hona zer ezartzen duen haren xedapen zatiak:

Lehena.–2023ko lan-egutegia.

Onestea 2023ko lan-egutegia Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren zerbitzuko langileentzat. Honako hauek izanen dira jaiegunak, eta egun horietan itxirik egonen dira bulegoak:

–Urtarrilaren 6a.

–Apirilaren 6a.

–Apirilaren 7a.

–Apirilaren 10a.

–Maiatzaren 1a.

–Uztailaren 24a.

–Uztailaren 25a.

–Abuztuaren 14a.

–Abuztuaren 15a.

–Irailaren 8a.

–Urriaren 12a.

–Urriaren 13a.

–Azaroaren 1a.

–Abenduaren 4a.

–Abenduaren 6a.

–Abenduaren 8a.

–Abenduaren 25a.

Bigarrena.–2023ko egun baliogabeak.

Baliogabeak izanen dira, 2023. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, salbu eta 2023ko uztailaren 24a, abuztuaren 14a, irailaren 8a eta urriaren 13a, horiek jaiegun eta baliodun izanen baitira.

Hirugarrena.–Jendea hartzeko ordutegia.

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko Erregistro Orokorra (Katalaingo egoitzan) 11:00etatik 14:30era arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera.

Laugarrena.–Urteko lanorduen banaketa.

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko langileentzat, lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1.592 ordukoa da, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen arabera, eta honela banatuko da:

Astelehenetik ostiralera, eguneroko lanaldia izanen da, oro har, 7 ordu eta 25 minutukoa.

Onetsitako lan-egutegiaren arabera Batasuneko langileek 27 opor egun izanen dituzte, bai eta norberaren aferetarako 3, betiere langile bakoitzaren lan-kontratuaren arabera dagokion proportzioan.

2023rako onetsitako lan-egutegian soberako 4 egun, 2 ordu eta 35 minutu gelditzen dira. Ordu horiek uztailaren 24an, abuztuaren 14an eta urriaren 13an hartuko dira, eta gainerako 1 egun, 2 ordu eta 35 minutuak nahierara hartuko dituzte Batasuneko langileek.

Enplegatu bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 25 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko da, egiatan lan egindako ordu guztiak eta egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.

Bosgarrena.–Ordutegi malguaren ezarpena.

Ordutegi malgua ezartzea, lan ordutegiaren zati finkoa 9:00etatik 14:30era bitartekoa izanik. Gainerako denbora nahi dutenean egin dezakete langileek, modu malguan, betiere 7:20tik 9:00etara eta 14:30etik 16:30era bitarte.

Eskola adineko adingabeko seme-alabak dituzten langileek eskatzen ahalko dute lanaldi malgua handitzea, 9:30 arte. Ezin izanen dute lanetik atera aipatu eguneko lanaldia bete arte.

Seigarrena.–Pausaldia lanaldian.

Eguneko lanaldi jarraitua sei ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez hogeita hamar minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 8:00etatik 11:00etara hartzen ahalko da.

Kontuan harturik ordutegi malgua ezarri dela, baldin egiten den etena luzeagoa bada ezarritakoa baino, gehiegizko denbora langilearen saldo negatibora gehituko da, galarazi gabe langile guztiek duten betebeharra benetako ordu kopuru osoa egiteko, kasu bakoitzean ezarritako lanaldiaren derrigorrezko tarteari dagokiona.

Zazpigarrena.–Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea.

Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da, arrazoia jasota badago Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta ondotik egin zaizkion aldaketetan.

Alde batera utzita langileak arreta medikoa behar izatea, norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko edo lantokitik ateratzeko, nahitaez erabili beharko dira norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak, edo ebazpen zatiaren 3. atalean ezarritako ordu-poltsakoak, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako egoera berariazkoren batean ez bada, eta, halakoetan, lanera ez joateak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako kasuei.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.

Udal-mugartetik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio.

Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi osoa bezala kontatuko da.

Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora lan denboratzat hartuko da soilik kasu honetan: Administrazioak erabakitzen duenean, lanpostuaren eginkizunak ongi betetzeko, nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren iragarki-taulan eta udalerrienetan ere.

Hamargarrena.–Ebazpen hau eta lan-egutegia Batasuneko langile guztiei jakinaraztea, baita Batasuna osatzen duten udalei ere, eta Batasunaren Batzarrari ebazpenaren berri ematea, egiten duen lehenbiziko bilkura arruntean.

Garinoainen, 2022ko abenduaren 22an.–Batasuneko burua, María Rosario Guillén Guillén.

Iragarkiaren kodea: L2217554