19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARBIZU

Aldaketa, Eguzki-energia berriztagarriko instalazioak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Arbizuko Udalak, 2022ko urriaren 20an egindako osoko bilkura berezian, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Eguzki-energia berriztagarriaren instalazioak arautzen dituen udal ordenantzan.

Ordenantza hori 30 egunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2022ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 8an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurrean egoteko epea bukaturik, inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; beraz, arestian aipatu osoko bilkuran harturiko erabakiarekin bat, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da. Kasu honetan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behin betiko testuarekin batera. Aldatzen dira 6.3 artikulua eta lehen xedapen gehigarria.

Arbizun, 2022ko abenduaren 22an.–Udalburua, Francisco Javier Razquin Flores.

UDAL ORDENANTZA, EGUZKI-ENERGIA BERRIZTAGARRIAREN INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Arbizuko Udalak konpromisoa hartu duelarik ingurumenaren eta jasangarritasunaren alde, bai eta ekonomiaren deskarbonizazioaren, tokiko garapenaren, herritarren parte-hartzearen eta pobrezia energetikoari aurre egiteko borrokaren alde ere, ezinbestekotzat jotzen du energia berriztagarriek aurrera egin dezaten herrian.

Horren froga gisa, bat egin du Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Itunarekin. Itun hori Nafarroako Gobernuak koordinatzen du Nafarroan, eta bere helburua da berotegi efektuko gasak murriztea, klima aldaketara egokitzeko ikuspegi komuna erabiltzea eta pobrezia energetikoari aurre egitea. Horrela, tokiko ekintza gehitzen zaio munduko ekimen horri.

Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Ituna sinatu duten udalek konpromiso hauek hartu dituzte beren gain: lehenik, CO2-aren eta berotegi efektuko beste gas batzuen (BEG) isurketak gutxienez %40 murriztea 2030a baino lehen. Bigarrenik, erresilientzia handitzea, eta horretarako, klima aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzeko gaitasuna izatea. Hirugarrenik, konpromiso politikoa tokiko ekintzetara eramatea, eta horretarako, tokiko ekintza planak lantzea eta halako ekintzen ezarpenari buruzko txostenak aurkeztea.

Udalak bere gain harturiko konpromiso horiez gain, nabarmentzekoa da Arbizuko biztanleek ere konpromiso hori hartu dutela, adierazi baitute energia berriztagarria sortzea eta autokontsumitzea interesatzen zaiela, eta horrek zuzenean nahiz zeharka eragiten dio gizarte osoari.

Herritarrek eta tokiko agintariek energia berriztagarrien proiektuetan parte hartzeak tokiko komunitate energetikoen bidez, balio erantsi handia sor dezake energia berriztagarrien tokiko onarpenari dagokionez, bai eta kapital pribatu gehigarria eskuratzeari dagokionez ere. Horren ondorioz, tokiko inbertsioak eginen dira, energiaren erabiltzaileek aukera askatasun handiagoa izanen dute, eta herritarrek neurri handiagoan hartuko dute parte trantsizio energetikoan.

Eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba baita, etorkizuna izan dezakeena, ingurumen-inpaktu txikia izateagatik, ingurumenerako hondakin kaltegarririk ez sortzeagatik, behin ezarririk mantentze-kostu handirik ez izateagatik, eta benetan laguntzen duelako berotegi-efektuko gasak murrizten.

Planteatutako helburu horietako batzuk lortzeko beharrezkoa da udalen esku hartzea. Udalek, beren eskumenak baliatuz, eta herritarren errealitatea hobeki ezagutzen dutenez, eguzki-energiaren erabilera sustatu behar dute udal ordenantzen eta hirigintza planen bidez, aldi berean beste behar bat zaintzen dutelarik, alegia, eraikinek ingurunearekin bat egitea eta albait inpakturik txikiena eragiten duten forma eta materialak baliatzea.

Horregatik, Arbizuko Udalaren borondate politikoa da konpromisoa hartzea estrategia bat garatzeko, adierazitako jasangarritasun helburuak lortzera bideratuko dena, energia-efizientziari buruzko udal ordenantzen bitartez.

Udalerri honek, beraz, konpromiso hori hartu du, eta, horrenbestez, eguzki-energiaren erabilera sustatzeko eta berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko borondate irmoa duelarik, eguzki-energiako instalazioei buruzko ordenantza hau egin du. Arau berri honek hirigintzako udal planeamendua garatzen du eta haren osagarri da.

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta definizioak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bitartez eguzki-energia jaso eta aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko Arbizuko udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honetako determinazioek eguzki-instalazioak (termikoak eta fotovoltaikoak) arautzen dituzte, Arbizuko udal-mugarteko hiri-lurzoruan (finkatuan eta finkatu gabean), urbanizagarrian eta urbanizaezinean.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki-energia biltzeko elementuei panelak edo plakak deituko zaie ordenantza honetan. Bi panel mota sartzen dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera, hots, energia termikoa sortzen dutenak eta energia elektrikoa sortzen dutenak:

a) Eguzki-instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak dira. Etxeko ur beroa lortzeko eta espazioak girotzeko erabiliko dira.

b) Eguzki-instalazio fotovoltaikoak: eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dute energia elektrikoa sortzeko; horretarako zenbait material erdieroaleren propietateez baliatzen dira, eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean elektrizitatea sortzen baitute.

2. Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokaturik dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak

4. artikulua. Bizitegi erabilerako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak.

1. Eguzki-panelak instalatu daitezke eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

b) Horiek guztiak gutxienez metro 1 bereiziko dira fatxadetako planoetatik, mehelinetatik, ertzetatik eta gailurretatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

c) Kalera ematen duten fatxadetan eta/edo estalkiaren gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk instalatu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, alderantzikagailuak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barnean dela barnealdeko fatxadan. Kokapen horien ezintasun teknikoa behar bezala justifikatzen bada, salbuespenez baimentzen ahalko dira, baldin eta bista horien inpaktua minimizatzeko neurriak hartzen badira eta udalak bere oniritzia ematen badu. Andelak eta finkako zerbitzu esklusiboen beste instalazio batzuk eraikitzen ahal dira, bai eta oinarrizko azpiegitura zerbitzuak ere, baina horiek ezin izanen dute gainditu eraikinaren gailurrerako adierazitako gehieneko altuera, eta fatxada-lerroetatik gutxienez 3 metro atzeraemanda egonen dira.

d) Estalkietako isurialdeetan, horiek fatxada nagusia dagoen kaleetarantz inklinatzen badira, aurreko xedapenez gain honako hau ere bete beharko da: ezin izanen da okupatu isurialde horren azaleraren %50 baino gehiago, proiekzio horizontalean.

2. Eguzki-panelak instalatzen ahal dira eraikinetako estalki lauetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; karelen bidez ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere. Estalki laua –eta, ondorioz, instalazioa– osorik edo zati batean ikusteko aukera ematen duten beste elementu batzuk badaude (barandak, beirak, etab.), ezin izanen da instalatu aipatutako kokalekuan, salbu eta instalazioarekin batera bista horiek eragozteko neurriak proiektatzen badira eta udalak bere oniritzia ematen badu.

3. Ezin da eguzki-panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

5. artikulua. Zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz. Baldin eta Udalaren baimena lortzen badu edo sustatzailea bera bada.

2. Udalak uste badu ikusmen edo ingurumen inpaktua egon daitekeela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatzen ahalko ditu, bai eta proiektuaren infografiak ere.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioak

6. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioak.

1. Lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean eguzki-energiatik abiatuta energia elektrikoa lortzeko instalazioak (eguzki-parkeak) ezartzea berariaz arautzen du indarrean dagoen araudi sektorial autonomikoak (Ingurumen, Lurralde Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren 64/2006 Foru Agindua).

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak arauzko baimena lortzea, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Bere garaian indarrean zegoen legediaren arabera ezarritako eraikinetako instalazioen kasuan, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, kasuaren arabera, kontuan hartuta beharrezkoa den edo ez, aldez aurretik baimenik izapidetzea, honako baldintza hauekin:

a) Eguzki-panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan. Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten.

Okupatutako azalera gutxienez metro 1 bereiziko da isurkiaren perimetrotik, eta fatxada, mehelin, ertz edo gailurretatik. Estalkiaren azaleraren %80 okupa daiteke gehienez, proiekzio horizontalean neurtuta.

b) Ezin da eguzki-panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

c) Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azalera edo orientazio mugarik gabe.

IV. KAPITULUA

Beste xedapen orokor batzuk

7. artikulua. Instalazio bereziak.

Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera; betiere beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

8. artikulua. Ondare historikoa babestea.

Ez dira onartuko eskabideak Udal Planeko Katalogoan babespeko eraikin gisa definituta dauden eraikinetan eguzki-instalazioak jartzeko, ez estalkietan ez fatxadetan ez eta balkoi, begiratoki edo antzekoetan ere.

Zalantzarik izanez gero, Udalak eskabidea bidali ahal izanen du Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, hark aurretik txostena egin dezan. Txostenaren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Izapidetzea.

Instalazio-eskaerak eginen dira aplikatu beharreko araudi sektorialaren eta/edo hirigintzakoaren arabera, bai eta erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren prozedura eta obren determinazioa arautzen dituen udal ordenantzaren arabera ere (ordenantzaren behin betiko onespena 2021eko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen urriaren 21ean), bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluarekin (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten baitu).

Aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria, erantzukizunpeko adierazpenarekin edo aurretiazko komunikazioarekin batera:

–Instalazioaren memoria teknikoa, teknikari eskudunarena (< 10 kW instalazioetan, Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoaren arabera).

–Panelen kokapenaren planoa.

–Arriskuen ebaluazioa, lanak altueran egitekoak badira (estalkian).

–Teknikari eskudunaren ziurtagiria, eguzki-instalazio berriaren euskarri izanen den estalkiaren egituraren egonkortasunari buruzkoa.

10. artikulua. Ikuskapena.

Arbizuko Udalak bere udalerriko eguzki-instalazioen funtzionamendu ona zainduko du, eta ikuskapenak egin edo dokumentuak eskatzen ahalko ditu, bermatzeko instalazioak egoera onean daudela eta ongi funtzionatzen dutela.

11. artikulua. Diziplina eta ikuskapen araubidea.

Arbizuko Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezartzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada, bat etorriz jasotakoarekin Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Udalak hobari lerro bat onar dezake urtero, ordenantza honen aplikazioa sustatzeko. 2023rako aurreikusitako hobaria %90eko murrizketa da, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari dagokiona; abenduaren 16an egindako osoko bilkuran onetsi zen %3ko zerga-tasa, exekuzio-aurrekontuaren zerga-oinarriaren gainean, bat etorriz norbanakoendako edo sustatzaile partikularrendako Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 2ko 7/1995 Foru Legearen 170. bis artikuluarekin. Hobari honetatik kanpo gelditzen dira enpresa pribatuak.

Bigarrena.–Ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, nahiz eta, ondoren, ordenantza egokitu, beharrezkoa den horretan. Aldaketaren bat egiten bada Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (RITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoa nola Nafarroako Foru Komunitatekoa–, ukitutako artikuluak eguneratu eginen dira, araudi horretara egokitu daitezen.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iragarkiaren kodea: L2217544