19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

606/2022 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko prozedura 2023-2024 eta 2026-2027 ikasturteen arteko aldirako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako mailetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan.

Estatu mailako araudi esparruan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, "Itunak" izeneko 116. artikuluan, ezartzen du hezkuntza itunak sei urte gutxienez iraunen duela Lehen Hezkuntzaren kasuan, eta lau urte gainerakoetan.

Martxoaren 5eko 107/2019 Ebazpenak onetsitako deialdiaren babesean eta aipatutako legea aplikatuta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetarako eta Hezkuntza Bereziko unitateetarako sinatu ziren hezkuntza itunen indarraldia amaitu da; izan ere, lau urterako sinatu ziren, hots, 2019-2020 ikasturtearen hasieratik 2022-2023 ikasturtea bukatu arte.

Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 28an hartutako erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako mailetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan, unitateen hezkuntza ituna finantzatuko duen urte anitzeko gastu konpromiso bat hartzeko, 2023-2024, 2024-2025, 2025-2026 eta 2026-2027 ikasturteetarako.

Horiek horrela, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 3. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenean xedatutakoari jarraikiz, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko prozedura onestea 2023-2024 eta 2026-2027 ikasturteen arteko aldirako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako mailetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan, honako oinarri hauei jarraikiz:

1.–Aplikatu beharreko araudia eta betebehar orokorrak.

Deialdi honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

  • 8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena.
  • 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.
  • 11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena.
  • 2377/1985 Errege Dekretua, abenduaren 18koa, Hezkuntza Itunei buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendua onesten duena.
  • 416/1992 Foru Dekretua, abenduaren 14koa, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duena

Ituna lortzeko, ikastetxeek haren ondoriozko betebeharrak beren gain hartu beharko dituzte, aplikatu beharreko araudiak ezarritako betekizun guztiak betetzen dituztela adierazi eta itunaren indarraldi guztian horiei eusteko konpromisoa hartu beharko dute.

2.–Eskaerak aurkeztea.

Ikastetxe pribatuek, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuarekin bat etorriz, eskaerak aurkezten ahal dizkiote Hezkuntza Departamentuari, ebazpen honen I. eranskinean (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), II. eranskinean (Hezkuntza Berezia), III. eranskinean (oinarrizko mailako heziketa zikloak), IV. eranskinean (erdi mailako heziketa zikloak) eta V. eranskinean (goi mailako heziketa zikloak) jasotako ereduen arabera, 15 egun naturaleko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, xede hauetarako:

a) Hezkuntza ituna berritzea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako mailetarako eta Hezkuntza Bereziko unitateetarako.

b) Hezkuntza ituna lehen aldiz sinatzea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako mailetarako eta Hezkuntza Bereziko unitateetarako.

c) Hezkuntza itunak luzatzea edo aldatzea, hots, sinatu zirenak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako mailei eta Hezkuntza Bereziko unitateei dagozkien unitate batzuk aldi baterako baimendu zituzten xedapenen babesean.

Eskaerak aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari zuzenduak.

3.–Aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Lehen itunerako eskaera.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako mailetarako eta Hezkuntza Bereziko unitateetarako ituna lehen aldiz sinatzea eskatzen duten ikastetxeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a. Itun eskaera, I. eranskinaren (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), II. eranskinaren (Hezkuntza Berezia), III. eranskinaren (oinarrizko mailako heziketa zikloak), IV. eranskinaren (erdi mailako heziketa zikloak) edo V. eranskinaren (goi mailako heziketa zikloak) arabera. Bertan adieraziko da ikastetxeak 1. oinarrian zehaztutako araudiko betekizun guztiak betetzen dituela.

b. Azalpen txosten bat, honako hau zehazten duena:

Ikastetxeak nola asetzen dituen eskolatze beharrak, bera dagoen eskualdean, udalerrian edo, hala denean, barrutian dagoen eskariaren arabera.

Ikastetxeko ikasleen baldintza sozioekonomikoen balorazioa.

Hala denean, ikastetxean gauzatzen diren esperientzia pedagogikoen ezaugarriak eta horiek irakaskuntzaren kalitaterako eta hezkuntza sistemarako duten interesa.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioaren ondoriozko beharrak.

Ikastetxearen jarduera baloratzea ahalbidetzen duen beste edozein informazio (eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak, eskola zerbitzuak eta bestelako zirkunstantziak).

c. Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Bilketarako Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak ere aurkeztu beharko dira, ikastetxearen titularra zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela frogatzeko.

d. Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hori gidatzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean (akatsak zuzentzeko eskatu ondoren), hezkuntza itunak ukatu eginen dira.

3.2. Ituna berritzeko eskaera.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako mailetarako eta Hezkuntza Bereziko unitateetarako ituna berritzea eskatzen duten ikastetxeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a. Ituna berritzeko eskaera, I. eranskinaren (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), II. eranskinaren (Hezkuntza Berezia), III. eranskinaren (oinarrizko mailako heziketa zikloak), IV. eranskinaren (erdi mailako heziketa zikloak) edo V. eranskinaren (goi mailako heziketa zikloak) arabera. Bertan adieraziko da ikastetxeak 1. oinarrian zehaztutako araudiko betekizun guztiak betetzen dituela.

b. Titularraren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela betetzen ituna onesteko bete beharreko baldintzak, bai eta itunaren aldaketak ere.

c. Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Bilketarako Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak, ikastetxearen titularra zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela frogatzeko.

d. Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hori gidatzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da. Ez da beharrezkoa izanen dokumentu hori gehitzea ikastetxea aurretik itundua badago eta kooperatibaren estatutuak aldatu ez badira itunak azkenekoz berritu zirenetik.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean (akatsak zuzentzeko eskatu ondoren), hezkuntza itunak ez dira berrituko.

4.–Eskatzaileak.

Kasuan kasuko itunak berritzeko edo sinatzeko eskatzen ahalko dute behin betiko baimen edo sailkapena duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako eta Hezkuntza Bereziko unitateetako ikastetxeen titularrek.

Aldiz, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren lehenbiziko xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako eta Hezkuntza Bereziko unitateetako unitateren baterako aldi baterako baimena duten ikastetxeen titularrek kasuan kasuko itunak luzatzeko edo aldatzeko eskatzen ahalko dute, baldintza hauekin:

a) Ituna berritu eginen da ikastetxeak irtenbidea ematen badie bestela konpondu ez daitezkeen premiazko eskolatze beharrei.

b) Ituna 2023-2024 ikasturterako luzatuko da, baldin eta ikastetxeak aldi baterako baimenari eusten badio edo behin betiko kalifikazioa edo baimena lortzen badu, edo ituna luzatzea justifikatu zuten eskolatze beharrek bere horretan segitzen badute.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen Nafarroako erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte hezkuntza itunak sinatu, berritu, luzatu edo aldatzeko eskabideak. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren legezko ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza frogatzeko notario-ahalorde askietsia, horren fotokopia konpultsatua edo "apud acta" ahalorde-agiria erantsi beharko da.

5.–Hezkuntza itunen iraupena.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan ebazpen honen babesean berritzen edo sinatzen diren hezkuntza itunek lau urteko iraupena izanen dute, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 116.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aldiz, 2. oinarriko c) apartatuan xedatutakoaren babesean luzatzen edo aldatzen diren hezkuntza itunak 2023-2024 ikasturterako izanen dira, eta ikasturtez ikasturte luzatzen ahalko dira, ikastetxeak aldi baterako baimena mantentzen duen eta gainerako baldintzak betetzen dituen bitartean.

6.–Itundutako unitate kopurua kalkulatzeko irizpideak.

6.1. Ikastetxe bakoitzean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako unitate itunduen kopurua kalkulatzeko kontuan hartuko diren irizpideak, 2023-2024 ikasturtetik 2026-2027 ikasturtera, biak barne, honako hauek izanen dira:

6.1.1. Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, errespetatuko dira Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 16. artikuluan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ezarritako kopurua eta Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Lege-dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoa.

6.1.2. Itundutako unitateek, gainera, eskola unitate itundu bakoitzeko gutxieneko batez besteko ratio hauek izanen dituzte:

Oro har, itunen deialdi honi heltzen dioten ikastetxeetarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eskola unitate itundu bakoitzeko gehieneko kopurua 30 ikaslekoa izanen da (132/2010 Errege Dekretuaren 16. artikulua).

Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Elortzibar, Galar Zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur Zendea), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itundutako unitateek 23 ikasleko batez besteko ratioa izanen dute, gutxienez, eskola unitate itundu bakoitzeko (416/1992 Foru Dekretuaren 16. artikulua).

Nafarroako Foru Komunitateko gainerako tokietan, hezkuntza maila bererako, gutxieneko batez besteko ratioa 18 ikaslekoa izanen da eskola unitate bakoitzeko.

Lanbide Heziketako itundutako unitateek gutxieneko batez besteko ratio hau izanen dute:

  • 18 ikasle, erdi edo goi mailako heziketa zikloetako eskola unitate itundu bakoitzeko.
  • 11 ikasle, oinarrizko mailako heziketa zikloetako eskola unitate itundu bakoitzeko.

6.2. Itun eta Dirulaguntzen Batzordearen iritziz, gizarte eta demografia edo eskola ezaugarri bereziak dituzten populazioei erantzuten dieten ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako unitateak salbuesten ahalko dira unitate bakoitzeko oro har adierazitako ikasleen ratioa errespetatu beharretik, edo adin edo maila ezberdinetako ikasleekin unitateak ituntzen ahalko dira, erabilgarri dauden aurrekontu-izendapenekin bat badatoz.

6.3. Bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, Hezkuntza Berezirako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetarako, delako maila edo gradua osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bat baino gehiago duten ikastetxeetan, ikasturte berean matrikulatuta dauden ikasleen kopurua eskola unitatearen gehieneko edukiera baino handiagoa bada, ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostuen arabera, talde hori bitan banatzen ahalko da, baina ikasketa maila edo graduan ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostu eta unitateen edukiera inoiz ere gainditu gabe.

6.4. Eskolatze Batzorde Nagusiak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak apartatu honetan xedatutakoa betetzen den begiratuko dute.

6.5. Hezkuntza ituna berritzean, unitate kopurua 2022-2023 ikasturtean ikastetxeak itunduta zuen bera izan daiteke, eta baita txikiagoa edo handiagoa ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren ebaluazioaren ondorioen eta aurrekontuko kontsignazioen arabera. Dena dela, itundutako unitate kopurua ez da izanen behin ere ikastetxearen titularrak eskatutakoa baino handiagoa, ez eta baimendutako unitate kopurua baino handiagoa ere.

6.6. Aipatu den erregelamenduaren 7. artikuluari jarraikiz, itundutako hezkuntza mailaren unitate guztiak ukituko ditu itunak.

6.7. Ikastetxearen titularrak erabakiko du zenbat unitate dagozkion maila bakoitzari, eta, edonola ere, eskolatutako ikasleek bertan segituko dutela bermatuko da.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskaera egiten duen ikastetxe bakoitzari buruzko txostena prestatuko du, eta bertan hau agertuko da:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Zer hezkuntza eskualdetan dagoen, hari buruzko datuak.

c) Izandako esperientzia pedagogikoak.

d) Ikastetxeko eskola jarduera osagarriak, zerbitzuak eta instalazioak.

e) Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioa.

f) Eskaera egokiro baloratzeko balio duen beste edozein argibide.

g) Txosteneko itun eskaerari buruzko proposamena.

Hori guztia eginen da Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Txosten horiek Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura igorriko dira, eskaerak jaso eta hamar egun balioduneko epean.

Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak biltzen dituen datu guztiak igorriko dizkio Hezkuntza Itunen Batzordeari, batzorde horrek baloratu eta behar den proposamena egin dezan, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 23. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

8.–Hezkuntza Itunen Batzordea.

Honako hauek osatuko dute Hezkuntza Itunen Batzordea, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 23.3 artikuluaren arabera:

–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia; batzordeburu izanen da. Berdinketarik gertatuz gero, kalitateko botoa izanen du.

–Hezkuntzako zuzendari nagusia.

–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia.

–Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria.

–Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

–Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendaria.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten enpresaburuen elkarteetako hiru ordezkari.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkari kopururik handiena duten sindikatuetako bi ordezkari.

–Nafarroako gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten ikasleen gurasoen erakundeetako bi ordezkari.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa), batzordeko idazkaria izanen dena, hitza duela baina botorik ez.

Batzorde horren proposamena bat etorriko da aurrekontuko aurrekontu-kontsignazioekin.

9.–Ebazpena eta jakinarazpena.

Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak eta Hezkuntza Itunen Batzordearen proposamena ikusita, hezkuntza itunak ebazteko proposamena eginen du. Ebazpena ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

Hezkuntza itunak berritzeko ebazpena eginen da 2023-2024 ikasturteko eskolatze aurreikuspena kontuan harturik, eta egokituko dira aldi arruntean egiten den ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-prozesua amaitu ondoren.

10.–Itunen formalizazioa.

Ebazpen honen babesean sinatzen diren hezkuntza itunak honako eranskin hauetan jasotako ereduari jarraikiz formalizatuko dira: VI. eranskina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, VII. eranskina Hezkuntza Berezirako, VIII. eranskina oinarrizko mailako heziketa zikloetarako, IX. eranskina erdi mailako heziketa zikloetarako eta X. eranskina goi mailako heziketa zikloetarako. Eredu horietan alderdi bakoitzaren eskubide eta betebeharrak finkatzen dira, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ituna sinatzen dutenek hura formalizatzeko agirian biltzen diren eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, ebazpen honen 1. oinarrian aipatutako araudiarekin bat.

11.–Sinatutako edo berritutako hezkuntza itunak aldatzea.

Sinatzen edo berritzen diren hezkuntza itunak hurrengo lau urteetan aldatzen ahalko dira, aipatutako Erregelamenduaren 46. artikuluan aurreikusitako kasuetan. Itunaren aldaketa ofizioz edo parte batek eskatuta eginen da. Lehenbiziko kasuan, interesdunari entzutea eman beharko zaio.

12.–Finantzaketa.

Hezkuntza Administrazioa behartuta dago funts publikoak esleitzera ikastetxe itunduak mantentzeko, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 12. eta 13. artikuluetan adierazitakoaren arabera, bai eta, hala behar denean, laugarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera ere, eta zehazten den zenbatekoan, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz. Beste Administrazio batzuek irakaskuntzak kofinantzatzen badituzte, horretarako ezarritako beharkizunak beteko dituzte ikastetxe itunduek.

13.–Finantza kontrola.

Indarrean diren xedapenek Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetzari eta, hala behar denean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari esleitzen dieten finantza kontrolaren mende geldituko dira ikastetxe itunduak, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 41. artikuluak xedatzen duen bezala. Gainera, Kontuen Ganberak eta Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuak kontrolatuko dituzte, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 20ko 50/2019 Foru Aginduan ezartzen den bezala. Foru agindu horretan honako hauei lotutako araudia garatzen da: "Bestelako gastuak" eta "Langile osagarriak" moduluen justifikazioa, irakasleen hautaketa, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharreko hezkuntza arloko informazioa.

14.–Hizkuntza itunaren berrikuntza ukatzea.

Hezkuntza itun baten berrikuntza ukatzen denean, ezezkoak arrazoitua izan behar du betiere. Halakoetan, kasu bakoitzaren inguruabarren arabera, eta Hezkuntza Departamentuak edo, kasua bada, Nafarroako Gobernuak hala erabakitzen badute, aplikatzen ahalko da 416/1992 Foru Dekretuaren 44. artikuluan eta 11/1998 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrean xedatutako luzapen araubidea (11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena).

2. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Ebazpen hau eta eranskinak pertsona edo ikastetxe interesdunen eskura egonen dira Hezkuntza Departamentuaren web-orrian:www.educacion.navarra.es..

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira; Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari eta Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko abenduaren 29an.–Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, Eneko Ardaiz Ganuza. (Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 26ko 108/2019 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

II. eranskina.–Hezkuntza Berezia.

III. eranskina.–Oinarrizko mailako heziketa zikloak.

IV. eranskina.–Erdi mailako heziketa zikloak.

V. eranskina.–Goi mailako heziketa zikloak.

VI. eranskina.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe itundu batekin lau urterako hezkuntza ituna formalizatzeko administrazio agiria.

VII. eranskina.–Hezkuntza Bereziko ikastetxe itundu batekin edo Hezkuntza Bereziko unitateak dituzten ikastetxe arruntekin lau urterako hezkuntza ituna formalizatzeko administrazio agiria.

VIII. eranskina.–Oinarrizko mailako heziketa zikloak ematen dituen ikastetxe itundu batekin lau urterako hezkuntza ituna formalizatzeko administrazio agiria.

IX. eranskina.–Erdi mailako heziketa zikloak ematen dituen ikastetxe itundu batekin lau urterako hezkuntza ituna formalizatzeko administrazio agiria.

X. eranskina.–Goi mailako heziketa zikloak ematen dituen ikastetxe itundu batekin araubide bereziko hezkuntza itun partziala lau urterako formalizatzeko administrazio agiria.

Deskargatu I. eranskinetik X.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2300010