19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

160/2022 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Xabierko, Zangozako eta Esako udal-mugarteetan potasio eta sodio gatzerako 35.780 zenbakiko "Goyo" ikerketa baimenetik eratorritako ustiapen emakidak ukitutako titular, ondasun eta eskubideen zerrendaren zati bat onesten baita, eta horiek okupatzeko beharra deklaratzen.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 56/2021 Ebazpenaren bidez, Xabierko, Zangozako eta Esako udal-mugarteetan potasio eta sodio gatzerako 35.780 zenbakiko "Goyo" ikerketa baimenetik eratorritako ustiapen emakida eman zen.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren abuztuaren 1eko 87/2022 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen eratorritako ustiapen emakida horrek ukitutako titular, ondasun eta eskubideen zerrenda, 15 egunez.

Jendaurreko aldian, honako hauek aurkeztu dituzte alegazioak: José Javier Equiza Solak eta Raquel Equiza Solak; Antonio Jesús Remón Ripaldak, María José Remón Ripaldak eta María Pilar Remón Ripaldak; Luis Abinzano Egozcuek eta Bardeako Ubideko ureztatzaileen 1. elkarteak. Alegazioen eduki laburbildua eta erantzunak jarraian azaltzen dira.

1. José Javier Equiza Solak eta Raquel Equiza Solak SAN-071, SAN-072, SAN-073, SAN-076, SAN-077, SAN-078, SAN-079, SAN-080, SAN-081, SAN-082, SAN-085, SAN-101 eta SAN-102 finken mortis causa titulartasun aldaketa alegatzen dute, adierazten dute ukitutako lurzatietako eraikuntzen eta gainerako instalazioen jabetza Luis Abinzano Egozcuerekin partekatzen dutela eta unitate produktibo bat dela, balorazioaren ondorioetarako. Halaber, adierazten dute ez daudela ados Geoalcali SLUk eskatu duen presako deklarazioarekin, eta azaltzen dute haien diru-sarrera iturri nagusiaz gabetu direla.

1.1. Lurzatien titulartasun aldaketari dagokionez, entregatutako dokumentazioa aztertu ostean, alegazioa aintzat hartu da eta eguneratu egin da ukitutako titularren zerrenda, alegazio-egileek adierazitako ehunekoan.

1.2. Desjabetzeak ukitutako eraikuntza eta instalazioei dagokienez, aipatzekoa da balorazio hori balio justua zehazteko izapidean eginen dela (Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen III. kapituluan dago araututa).

1.3. Balorazioari dagokionez, finken zati handi bat unitate produktibo independentetzat hartzeko eskaerari dagokionez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 27. artikuluak hau ezartzen du:

"Ulertuko da unitate ekonomikoa dagoela, aurreko artikuluaren ondorioetarako:

1. Baldin eta landa edo hiri finkak badira, zenbaki berarekin inskribatuta daudenean edo inskribatzeko modukoak direnean, Hipoteka Legean xedatutakoarekin bat.

2. Gauza higigarrien kasuan, izatezko edo zuzenbidezko unibertsitate bat dagoenean".

Nolanahi ere, adierazi behar da azterketa hori ez dela bidezkoa prozedurako une honetan, eta balio justua zehazteko izapidea izanen dela une egokia. Zehatzago esanda, ukitutako titularrek egindako prezio orrian eginen da, non, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 29. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, titularrek desjabetu nahi dieten objektuaren balioa zehaztu eta justifikatu behar baitute. Horrez gain, egoki jotzen dituzten alegazio guztiak egiten ahalko dituzte, baita ukitutako lurzatien zati bat unitate produktibo bat dela frogatu ere.

1.4. Nekazaritzako ustiategia galtzearen ondoriozko kalte ekonomikoari eta familiaren mantenuari eusteko zailtasunei dagokienez (sakrifizio handia, dagokion konpentsazio ekonomikorik jaso gabe), gogoratu behar da Geoalcali SLUk sustatzaile den aldetik duen desjabetze eskubideak ez duela salbuesten "balio justu gisa finkatutako zenbatekoa ordaindu edo, hala badagokio, kontsignatzeko" beharretik, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 5. artikuluak eskatzen duen bezala. Balio horrek titulartasunpeko finken galera konpentsatuko du, kontuan hartuta ureztalurreko, lehorreko lurrek, zuhaiztiek eta larreek ukitutako m²-ak. Halaber, Espainiako Konstituzioaren 33.3 artikuluak honako hau ezartzen du: "Inor ezin izanen da bere ondasun eta eskubideez gabetu, onura publikoko edo interes sozialeko bidezko arrazoirik gabe, dagokion kalte ordainaren bitartez eta legeek xedatutakoarekin bat etorriz".

Aurretiazko aktak egin aurretik gordailua ordaintzeak ez du aukerarik ematen desjabetutako finken errendimendua ordezteko, balio justua eta ordainketa irmoa zehaztu arte. Okupazioa presakotzat deklaratuz gero, adierazi behar da kontzeptu horren kalkulua Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeak 52.4 artikuluan bertan arautzen duela, honela adierazita: "Kapitalizazioaren parekoa izanen da, bi urte lehenago deklaratutako zerga-likidoaren legezko interesaren parekoa, eta %20 gehituko da zerrendatutako ondasunen kasuan. Katastroan jasotako ondasunetan, gordailuaren zenbatekoak bat etorri beharko du legezko interesaren, zerga-likidoaren edo errenta likidoaren kapitalizazioarekin, hiri edo landa finkak diren aintzat hartuta, hurrenez hurren. Finka partzialki baino ez bada desjabetzen, arau honetan bertan adierazitako balioa hainbanatuko da. Ondasunak ez badu zerga aberastasunik esleituta, udal-mugarte bereko antzeko ondasunei finkatutakoak modulutzat balioko du. Horrela finkatutako zenbatekoa, desjabetutako titularraren alde sorraraziko dena, Gordailu Kutxan jasoko da. Balio justua ordaintzean, interesen behin betiko likidazioa eginen da".

1.5. Alegazio-egileek zalantzak plazaratu dituzte NPEaren eskubideen, berrinbertsioaren, ondare-gehikuntzaren eta zerga betebeharren inguruan; horiei dagokienez, aditzera ematen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritza Zerbitzuko Etekinetarako Laguntzen Atala izanen dela organo eskuduna NPEaren eskubideak dituzten ukitutakoen betebeharren gainean jakinarazi eta zehaztapenak ezartzeko, baldin eta betebehar horietan aldaketarik bada lurrak okupatu ondoren, horietan jarduteko ezintasunagatik eta eskubide horiek eskualdeko beste lurzati batzuei egozteko aukeragatik.

Balio justua ordaindu osteko ondare-gehikuntzari dagokionez, lehen adierazi den bezala, gehikuntza hori kobrantza gertatzen den unean bertan eginen da, bai bien akordioz, bai Desjabetzeko Epaimahaiaren Akordioz eman ondoren. Une horretan, aipatu zenbatekoak desjabetzeak ukitutako pertsonen ondareari gehituko zaizkie.

1.6. Azkenik, okupazioaren presako deklarazioaren justifikazioari dagokionez, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez eginen da, eta administrazio izapide horretan arrazoituko eta justifikatuko da aipatu deklarazioa.

2. Jesús Remón Ripaldak, María José Remón Ripaldak eta María Pilar Remón Ripaldak aurkeztutako alegazioei dagokienez, aipatzekoa da eduki berbera dutela lehen aztertutako c), d) eta e) apartatuetan; hori dela eta, aipatutako oharretara bideratzen dira eta berretsi egiten dira.

3. Luis Abinzano Egozcuek, bere alegazioetan, adierazten du ukitutako lurzatietan zenbait eraikuntza eta instalazio daudela, eta desjabetzeak horiek ukituko dituela. Ukitutako finka gehienak, eta horietako instalazioak, barruti itxia edo unitate produktibo independentea dira, balorazioaren ondorioetarako. Hori dela eta, lehen aztertu diren alegazio-egileek aurkeztutakoen eduki berekoak dira eta, beraz, ohar horietara bideratzen dira eta berretsi egiten dira.

4. Fermín del Castillo Baztánek, Bardeako Ubideko ureztatzaileen 1. elkartea ordezkatuz, alegatu du meategia kokatuko den eremuko erretenen eta hustubideen sarearen zati baten jabea dela, eta kontuan har daitezela eskatu du, elkartekideen interesak ez daitezen kaltetu, ukitutako erretenetako batzuk desagertu eginen baitira.

Horren harira, sustatzaileak ukitutako zerbitzuak birjartzeko konpromisoa hartzen du, zehazki, erreten ama berritzekoa hegoaldeko diketik, ukitutako gainerako lurzatiei zerbitzu ematen dienetik. Halaber, adierazten duenez, gaur egun ureztatzeko eskubideak eta azpiegitura dituzten lurzatiak, eta proiektuak ukitzen dituenak, beren azpiegiturekin itzuliko dira erabilerara lehengoratze plana gauzatzean.

Aurreko guztia ikusirik, alegazioen edukia kontuan izanik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baiestea SAN-071, SAN-072, SAN-073, SAN-076, SAN-077, SAN-078, SAN-079, SAN-080, SAN-081, SAN-082, SAN-085, SAN-101 eta SAN-102 finken mortis causa titulartasun aldaketari buruzko alegazioa, eta gainerako alegazioak ezestea, adierazitako baldintzetan.

2. Aipatutako proiektuak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda zati batean onestea. Ebazpen honen eranskinean zehaztu da.

3. Aipatu ondasun eta eskubideak okupatzeko beharra deklaratzea.

4. Ebazpen hau Geoalcali SLUri, interesdunei eta alegazio-egileei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoaren idazkian, espediente zenbakia adierazi beharko da (idazpuruan, "Erreferentzia: espte." hitzaren ondoren dagoen zenbakia).

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Xabierko, Zangozako eta Esako udaletxeetako iragarki tauletan argitaratzea.

6. Ebazpen hau Xabierko, Zangozako eta Esako Udalei jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen jurisdikzioari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 14an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Deskargatu eranskina (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2217354