19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1441E/2022 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "2023ko Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urteko fluxua" izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 668479.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

2023ko Hondakinen Funtsak 5.230.512 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 62.579 euroko diru-sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 5.293.091 eurokoa da. Diru-sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

2023ko Hondakinen Funtsa banatzeko, 2022ko urriaren 19an aginduzko kontsulta egin zaie Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat. Bi erakundeek iruzkinak egin dituzte ezarritako epealdiaren barruan.

49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak egin ondoren, abenduaren 16an Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 298E/2022 Foru Agindua onetsi zen; haren bidez 2023ko Hondakinen Funtsa banatzen da, eta ezartzen da 2.660.000 euro erabiliko direla etxeko hondakinen fluxurako. Diru-kopuru hori hainbat jarduketaren artean banatzen da. Zehazki, 1.000.000 euro erabiliko dira 2023an eta 2024an jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta.

Era berean, 50.000 euro bideratuko dira aurreko paragrafoan 2024an garatzeko adierazitako jardueretarako, bere garaian onesten diren foru aginduekin bat.

Deialdi honen ondoriozko obligazioei aurre egiteko proposatzen da 1.000.000,00 euroko gastua baimentzea 2022ko gastu aurrekontuko 740001 74100 4609 456205 partidaren kargura (Hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntza) edo 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den partida baliokidearen kargura, baita 50.000,00 euroko gastua ere, 2024ko gastu aurrekontuan horretarako gaitzen den partida beraren kargura, baldin eta, bi kasuetan, kreditu egokia eta nahikoa badago.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. 2023ko ekitaldiko Hondakinen Funtseko dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2023an eta 2024an zehar jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta. Dirulaguntzen hartzaileak:

–Etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena duten eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori izanen da funtsen onuradun potentziala.

–Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako erakundeek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta

AURREKONTUKO PARTIDA

2023. URTEA

2024. URTEA

ZENBATEKOA

740001-74100-4609-456205: Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (1)

1.000.000,00

50.000,00

1.050.000,00

(1) edo 2023ko eta 2024ko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2023an eta 2024an.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2023an toki entitateei dirulaguntzak ematea, baldin eta entitate horiek esleituta badute etxeko hondakinen bilketa, garraio edo kudeaketarako eskumena, eta Hondakinen Funtsa eratzeko ekarpena egin badute Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza horren helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 1.050.000 eurokoa da, guztira, eta hurrengo atalean zehazten diren jarduketa lerroen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak

1. Dirulaguntzaren xede izanen dira gastu arrunten ekintzak (azterlanak edo proiektuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak eta abar) edo kapital-inbertsioak, baldin eta lotuta badaude etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek garatzen dituzten proiektuak:

a) 1. jarduketa lerroa: 110.000 euro, gehienez, etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakinak murrizteko eta antolatzeko jarduketetarako. Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:

1. Elikagai-hondakinak murriztea, elikagaiak alferrik galtzea saihesteko eta kontsumo arduratsua sustatzeko neurriak sartuz, hala nola iraungitako elikagaien kopurua gutxitzeko akordioak egitea saltegiekin, kontsumitzaileentzako jarraibideak ezartzea, jatetxeak eta jantokia duten jarduerak antolatzea soberako elikagaiak aprobetxatzeko, egoera onean dauden soberakinak aprobetxatzeko bideak sortzea gizarte-ekimenen bidez (herri jantokiak, elikagaien bankuak, etab.).

2. Prestakuntzarako, trebakuntzarako, informaziorako eta zabalkunderako jarduerak, hondakinen prebentzioari buruz. Besteak beste, barne hartzen ahal ditu pixoihal berrerabilgarrien eta kopa menstrualen arloko jarduketak eta sustapena.

3. Ostalaritza, sukaldaritza eta banaketa sektoreekin ekintzak egitea, neurri hauek hartzeko: ontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzea, ingurumen irizpideak eta hondakinen prebentzioari buruzkoak txertatzea material eta zerbitzuen kontratazioan, edo ontziratutako produktuen kontsumoa murrizteko neurriak. Honako hauek barne: ur-pitxerrak, askotan erabiltzen ahal diren edalontziak, janari-hondakinak edo ontzi gabeko erosketak gordetzeko tuperrak, etab.

Gastu diruz lagungarritzat jotzen dira prebentzio jarduerak egiteko behar diren materiala eta bestelako gastuak –ezarritako prebentzio jarduketei lotutako informazioa zabaltzeko kanpainak barne–, ekintzekin zuzenean lotutako ekipamenduak eta instalazioen egokitzapena.

Jarduketa lerro horretatik kanpo daude hondakinak bereizi, bildu eta tratatzeko ekipamendu eta elementuak, eraikuntza lanak eta prebentzioarekin zerikusirik ez duten eta/edo beharrezkoak ez diren sari eta opariak.

4. Gauzak berrerabiltzen ikasteko tailerrak, gauzak norberaren kontura konpontzen ikasteko eta trukatzen ikasteko tailerrak, etab. (langileen eta material finantzagarriaren gastua).

5. Etxeko eta merkataritzako hondakinen prebentzioari buruzko azterlanak eta lan teknikoak.

b) 2. jarduketa lerroa: 440.000 euro, gehienez, udalak kudeatu beharreko etxeko eta merkataritzako hondakinak gaika biltzeko sistemak, trazabilitatea eta kudeaketa hobetzeko. Dirulaguntzarako onartuko dira gaika biltzen diren hondakinak gehitzeko zein biltzen diren hondakinen kalitatea hobetzeko jarduketak, batez ere hondakin organikoen esparruan. Honako hauek har ditzakete barnean proiektuek:

1. Bilketa zatien karakterizazioak, Nafarroan etxeko hondakinak tratatzeko eskumena duten entitateek eginak. Proiektuek honako hauek jaso beharko dituzte:

i.–Etxeko hondakinen karakterizazioen plangintza. Laginketa-plana egiteko metodologia egokia eta egiaztatua erabili beharko da; adibidez, REMECOM gidan jasotako metodologiak. Laginketa-plan horrek estatistikoki justifikatuta egon beharko du. Zehazki, onuradunak aldez aurreko plangintza badu, eskaeran aurkezten ahalko da, baina, hala ez bada, plangintza bat egin beharko du. Bi kasuetan, plangintza berrikusiko da, eta kontrako komunikaziorik ezean, baliozkotzat joko da.

ii.–Karakterizazioak gauzatzean, gaikako eta nahastutako bilketako zati hauek guztiak sartu beharko dira:

  • Gaika bildutako hondakin organikoak.
  • Ontzi arinak/gaika bildutako ontziak eta materialak.
  • Errefusa (zati honetan sartzen dira ontzien eta beste batzuen bilketa eta pixoihalen eta beste batzuena).

iii.–Hezetasuna/zikinkeria zehaztea ontzi arinetan. Zehaztapen horretarako arau espezifikorik ez dagoenez, erreferentzia-metodotzat hartzen ahalko da NOVOTEC gidakoa (Hondakinen osaerari buruzko azterlanak egitea. Gida horren V. eranskina), edo antzeko metodoak. Karakterizazio guztietan ez da beharrezkoa izanen zehaztapen horiek egitea.

Karakterizazioek, gutxienez, IV. eranskineko epigrafeak jasoko dituzte.

2. Etxeko eta merkataritzako hondakinei buruzko azterlanak eta lan teknikoak: kudeaketa-programak edo -planak, edo hondakinekin lotutako beste batzuk, hala nola KYAT kanpainak (ezagutza bidezko sorkuntza) edo beste batzuk. Ez da emanen dirulaguntzarik obren eta azpiegituren inguruko proiektuetarako.

c) 3. jarduketa lerroa: 500.000 euro, gehienez, etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakinak gaika bildu eta kudeatzeari buruzko prestakuntzarako, trebakuntzarako, informaziorako eta zabalkunderako.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Justifikatzen diren gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren gainean, entitate onuradun bakoitzarentzako gehieneko laguntza 50.000 eurokoa izanen da. Lerroren batean soberako krediturik baldin badago, lerro horren onuradun izan direnen artean banatuko da, horietako bakoitzaren puntuazioan ezarritako ordenaren arabera eta aipatutako gehieneko laguntzarekin, diruz lagungarria den zenbatekora iritsi arte eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Oraindik soberako krediturik badago, gainerako lerroen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz: 1., 2. eta 3. lerroak.

3. Onartutako proiektu bakoitzaren gehieneko zenbateko finantzagarritik, diruz lagungarriak diren inbertsio inbentariagarrien zenbatekoa %70 izanen da gehienez.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2022ko azaroaren 16a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko nahitaezko arau indardunetara egokitzeko jarduketak.

c) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.

d) BEZa eta zeharkako beste zerga batzuk, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira.

e) Finantza-gastuak.

f) Zehaztu gabeko gastuak edo dirulaguntzaren xedea ez dutenak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere. Esate baterako, elementuen garraioan soilik oinarritzen diren ekintzak.

g) Lurrak erosteko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak, proiektuaren ingurumen helburuak garatzeko behar-beharrezkoak ez direnean.

h) Azpiegituren alokairua.

i) Hondakin organikoak biltzeko pertzak eta/edo poltsak erostea, gai organikoen gaikako bilketa ezartzeko eta/edo in situ konposta egiteko proiektu batekin lotuta ez daudenak.

j) Erabilera bakarreko elementuak (poltsak, baxerak, etab.), materia organikoaren gaikako bilketarako erabilera bakarreko poltsa konpostagarriak izan ezik.

k) Beharrezkoak ez diren sariak.

l) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak –hala nola hondakinak biltzeko tasak, edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak– edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.

m) Obra zuzendaritzak, jarraipen eta koordinazio txostenak eta antzekoak, baita obra bukaerako ziurtagiria edo antzekoak ere.

n) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

o) Diruz lagundutako proiekturako dedikazioa behar besteko ahalorde ziurtagiriaren bidez egiaztatzen ez duten langileen gastuak. Ziurtagiri horretan honako hauek adierazi beharko dira, justifikatu nahi den langile bakoitzeko: haren eginkizunak, horien hasiera eta amaiera, proiektuari eskainitako orduen kopurua, eta orduko kostua.

p) Dietak, mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.

q) Ez dira diruz lagunduko inbertsio gastuen %15 baino gehiago, gastu diruz lagungarri osoaren gainean kalkulatuta.

5. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

6. Hogei mila (20.000,00) eurotik gorako dirulaguntza baten onuraduna izanez gero, errekerimendua egin ondoren, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren barnean informazio publikoaren ardura duen unitateari jakinarazi beharko zaio Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betetzeko informazioa.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena duten eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori izanen da funtsen onuradun potentziala.

Halaber, Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak ere jasotzen ahal ditu laguntza hauek, gaur egun toki entitatea baita.

Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako erakundeek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, hurrengo hilabetean.

Nahitaez telematikoki aurkeztuko dira dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, eta zerbitzuen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko. Gune horietan aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera orria (I. eranskina).

b) Memoria, proiektuaren hedadura eta azalpen zehatza adierazten dituena eta egin beharreko ekintzak jasotzen dituena, jarduketa lerroen eta horien zenbatekoen arabera taldekatuak, 2. oinarriarekin bat.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.

d) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek.

2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa ez badago, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du toki entitate onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da entitate onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Hauek dira dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 10 puntu, honela banatuta:

1. Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 4 puntu.

2. Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia- eta ingurumen-bideragarritasuna, norainokoa eta jarraipena, eta helburuen planifikazioa, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritako helburuen ildotik: gehienez ere 3 puntu.

3. Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko da espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 3 puntu.

b) Jarduketaren eraginkortasuna, artatutako biztanle / euro ratioan (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa): gehienez ere 20 puntu.

c) Jarduketa lerro bakoitzean egiten diren jardueren arabera (2. oinarriko lehen jarduketa lerrorako bakarrik aplikatu beharreko puntuazioa):

1. Lehen mailako jarduketak: 15 puntu.

2. Bigarren mailako jarduketak: 10 puntu.

3. Hirugarren mailako jarduketak: 5 puntu.

4. Laugarren, bosgarren eta seigarren mailako jarduketak: 0 puntu.

d) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehaztutako prebentzio adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. Murriztapen portzentajerik aurkeztu ez badute, 0 puntu.

2. Murriztapen portzentajea 0 baino handiagoa eta %1 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3. Murriztapen portzentajea %1 edo handiagoa eta %2,5 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4. Murriztapen portzentajea %2,5 edo handiagoa eta %5 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5. Murriztapen portzentajea %5 edo handiagoa bada, 20 puntu.

e) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehaztutako errefusen murrizketaren adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. Murriztapen portzentajerik aurkeztu ez badute, 0 puntu.

2. Murriztapen portzentajea 0 baino handiagoa eta %2 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3. Murrizketa-portzentajea %2,5 edo handiagoa eta %5 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4. Murrizketa-portzentajea %5 edo handiagoa eta %8 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5. Murrizketa-portzentajea %8 edo handiagoa bada, 20 puntu.

f) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehaztutako hondakin organikoak biltzeko adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. %5etik beherako portzentajea lortu badute, puntu 1.

2. %5 edo handiagoa eta %10 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 5 puntu.

3. %10 edo handiagoa eta %25 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 10 puntu.

4. %25 edo handiagoa eta %50 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 15 puntu.

5. %50 edo handiagoa den portzentajea lortu badute, 20 puntu.

g) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehaztutako gai organikoen bilketaren kalitatearen adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. %10etik beherako portzentajea lortu badute, puntu 1.

2. %10 edo handiagoa eta %50 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 5 puntu.

3. %50 edo handiagoa eta %75 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 10 puntu.

4. %75 edo handiagoa eta %90 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 15 puntu.

5. %90 edo handiagoa den portzentajea lortu badute, 20 puntu.

h) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehazten den gaikako guztirako bilketaren adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. Ehunekoa %20tik beherakoa bada, punturik ez.

2. Ehunekoa %20 edo handiagoa eta %30 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3. Ehunekoa %30 edo handiagoa eta %40 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4. Ehunekoa %40 edo handiagoa eta %50 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5. Ehunekoa %50 edo handiagoa bada, 20 puntu.

Proiektuaren onuraduna Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa bada, d) - h) bitarteko apartatuak baloratzeko kide guztien puntuazioen batez besteko haztatua kalkulatuko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2022ko azaroaren 16tik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2023ko abenduaren 31n bukatuko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Dirulaguntza jasotzen duten jarduketak amaitu ondoren, eta 2024ko martxoaren 31 baino lehen, erakunde onuradunek honako justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Memoria, egindako jarduerak frogatzen dituzten agiriak biltzen dituena; gainera, egindako jarduerak azaldu beharko dira, eta lortutako emaitzak baloratu beharko dira, dirulaguntza jaso duten jardueren bidez lortu nahi izan diren helburuak kontuan hartuz.

Eskaeran adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. ataleko d letra). Neurri horien ordez, eskaeran proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren azken aurrekontua. Bertan, diruz lagundutako ekintza bakoitzerako, datu hauek bilduko dira:

b.1. Hornitzailearen izena.

b.2. Fakturaren zenbakiak.

b.3. Zenbatekoa.

b.4. Ordainketaren data.

c) Fakturak eta aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, entitate onuradunak frogatuko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

d) Onuradunak balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzeko eskatzen badu, honako hauek aurkeztu beharko ditu:

d.1. Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiria, zehazten duena eskatzen diren gastuen BEZa ezin dela berreskuratu ez konpentsatu.

d.2. Behar adinako ahalordea daukan pertsonak sinatutako ziurtagiria, honako hauek zehazten dituena:

–Fakturak (zenbakia, hornitzailea, zerga-oinarria eta BEZa).

–Faktura horiek Nafarroako Ogasunak ziurtatutako jardueretan egin diren ala ez.

–Balio erantsiaren gaineko zergaren kuotetan kenkaririk sortzen ez dutenen ehunekoa.

e) Ziurtatzea egin diren ekintzek betetzen dutela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duena.

f) Gardentasun Legea betetzeko III. eranskina betetzea.

Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Oinarri arautzaileen 11. oinarriko a) atalean jasotako hedapen neurriak betetzeko (dirulaguntzaren publizitate aktiboa egitea), onuradunek Hondakinen Funtsaren logoa izan beharko dute oinarri arautzaile hauen bidez finantzatuko diren material guztietan. Azpimarratu behar da betebehar hori eskaera orrian adierazi dituzten hedapen neurri guztien osagarria dela.

Logoa helbide honetan dago eskuragarri: https://oprec-navarra.com/fondo-de-residuos/

a) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga onartzea.

b) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

d) Ekipamendu-ondasunak edo higiezinak diruz lagunduz gero, horiek entitate onuradunaren ondarean egon beharko dute gutxienez 5 urtez, salbu eta entitate onuradunari egotzi ezin zaion suntsipena edo galera gertatzen bada. Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

e) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa ematera behartuta egonen dira.

2. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen bada eta ondorioz diru kopuru horiek askatzen badira, jarduketalerro bereko beste erakunde onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuentzako zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Dirulaguntza-eskaera.

III. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu I. eta III. eranskinak (DOC).

II. ERANSKINA

Adierazleen kalkulua

Adierazle hauen kalkulua banaka eginen da eskatzaile bakoitzarentzat, etxeko hondakinei buruzko txostenaren 2021eko datuekin ("Hondakinen fluxuen araberako txostenak" apartatuan), zeinak web-orri honetan argitaratuta baitaude: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Residuos/Inventarios+de+residuos.htm

Proiektuaren onuraduna Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa bada, d) - h) bitarteko apartatuak baloratzeko kide guztien puntuazioen batez besteko haztatua kalkulatuko da.

1.–Prebentzio adierazlea:

Adierazle honen bidez, hondakinen sorrera murrizten ari denari puntuak ematen zaizkio.

Honela kalkulatzen da: per capita sorkuntzak (kilogramoak biztanleko eta urteko) izandako murriztapen portzentajea kalkulatzen da, inbentario baliozkotuak dituzten aurreko bi urteetan.

2.–Errefusen murrizketaren adierazlea:

Honen arabera puntuak ematen zaizkie errefusen kopurua murrizten dutenei. Per capita sortutako errefusen murrizketaren portzentajea kalkulatzen da (kilogramoak biztanleko eta urteko), inbentario baliozkotuak dauden aurreko bi urteak erreferentzia hartuta.

3.–Bilketa adierazleak:

3.1. Hondakin organikoen bilketa garbia:

Adierazle honen bidez, puntuazio bat ematen zaio mankomunitate bakoitzaren bilketa portzentajeari.

Kalkulua honela egiten da:

a) Bilketaren pisu garbi baliokidea, GUZTIRA, kalkulatzen da, autokonpostajearen eta gaika bildutako gai organikoen (GBGO) pisu garbi baliokideen batuketa eginez.

Pisu garbi baliokidea kalkulatzeko, desegokien faktorea aplikatzen zaie bilketa gordinaren tonei, kontuan harturik autokonpostajeak ustez ez duela desegokirik.

b) BENETAKO GBGO kalkulatzeko, %38,53ko ehunekoa aplikatzen da, sorkuntza balio global gisa.

c) Aurreko bi balioen zatiketaren bidez lortzen da mankomunitate bakoitzaren bilketa portzentajea.

3.2. Materia organikoaren kalitatea:

Adierazle honen bidez, puntuazio bat ematen da, gai organikoen kalitate faktorearen balio normalizatua auzokideen arteko hedapenaren portzentajeaz biderkatuta kalkulatzen dena.

Kalkulua honela egiten da:

a) Desegoki baliokideen zenbatekoa honela kalkulatzen da: gaika bildutako gai organikoen (GBGO) ehunekoa, gai organikoen bilketa gordin (autokonpostajea eta GBGO) guztiarekin konparatuta (ulertzen da autokonpostajeak ez duela desegokirik).

b) Kalitate faktorea desegoki baliokideen balio-tarteen normalizazioa da, %25 zero delarik (txarrena baita, 25etik aurrera ulertzen delako gai nagusiak jada ez dira organikoak, eta beraz, ez direla zenbatzen), eta %0, berriz, bata (onena baita, ez daukalako desegokirik).

c) Kalitate faktore baliokidea, portzentajean, honela kalkulatzen da: aurreko kalitate faktorea bider mankomunitateko biztanleen artean gai organikoen bilketak duen hedapena.

3.3. Guztira gaika bildutakoa:

Adierazle honen bidez puntuazio jakin bat ematen da guztirako gaika bildutakoaren ehunekoaren arabera, etxeko hondakin guztiak erreferentetzat harturik.

Kalkulua honela egiten da:

Guztirako gaika bildutako tonen ehunekoa kalkulatzen da, erreferentziatzat hartuta etxeetan guztira sortutako hondakin guztiak.

IV. ERANSKINA

Karakterizazioaren fitxa

Iragarkiaren kodea: F2300309