19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

143/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, "Aseguru primen gaineko zerga. Urteko laburpen-aitorpena" izeneko 480 eredua onesten duena.

Aseguru primen gaineko zerga Neurri Fiskalei, Administratiboei eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legearen 12. artikuluaren bidez dago arautua. Lurralde erkideko arau hori Nafarroan aplikatzekoa da Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren laugarren xedapen gehigarria aplikatuz.

Estatuaren 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legeak 13/1996 Legearen 12. artikuluaren Bat atala aldatu zuen, zergaren karga-tasa ehuneko seitik ehuneko zortzira igotzeko.

Aldaketa horri epeari, formari, baldintza orokorrei eta eredua aurkezteko prozedurari buruzko beste batzuk gehitu zaizkio, eta horrek eredua eguneratzea eskatzen du, aurkezpenari loturiko informazio-betebeharrak betetzea errazteko. Epeari dagokionez, urtarril osora zabaltzen da, haren bukaera-data bat etor ez dadin aseguru primen gaineko zergaren hileko aitorpen-likidazioari buruzko 430 ereduaren bukaera-datarekin, eta, horrela, bi eredu horietako aitortzaileei zerga-betebeharrak behar bezala betetzea errazteko.

Foru agindu honen xedea da, beraz, "Aseguru primen gaineko zerga. Urteko laburpen-aitorpena" izeneko 480 eredu berri bat onestea.

13/1996 Legearen 12.Hiru.2) artikuluak Ekonomia eta Ogasun Ministerioari ahalmena ematen dio zergaren subjektu pasiboek aurkeztu behar duten urteko laburpen-aitorpena egiteko epeak, betebeharrak eta baldintzak zehazteko. Gaikuntza hori Nafarroako Gobernuko zerga arloko departamentu eskudunaren titularrari eman zaiola ulertu behar da, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6.1 artikuluaren arabera.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 480 eredua onestea.

"Aseguru primen gaineko zerga. Urteko laburpen-aitorpena" izeneko 480 eredua onesten da, zeinaren edukia I. eranskinean agertzen baita.

2. artikulua. 480 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

480 eredua aurkeztera behartuak daude aseguru-entitateak, baldin eta ekitaldian Neurri Fiskalei, Administratiboei eta Arlo Sozialekoei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legearen 12. artikuluan aurreikusitako aseguru primen gaineko zergak kargatutako eragiketak egin badituzte, eta horiek ordainaraztea Nafarroako Foru Ogasunari badagokio, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 37. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. artikulua. 480 eredua aurkezteko epea.

480 eredua urte bakoitzeko urtarrilean aurkeztuko da, aurre-aurreko urte naturalari dagozkion eragiketei dagokienez.

4. artikulua. 480 eredua aurkezteko modua.

Aipatutako eredua soilik formatu elektronikoan izanen da eskuragarri eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

5. artikulua. 480 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 480 eredua modu elektronikoz, Internet bidez:

1. Zergapekoek edo, hala dagokionean, haien legezko ordezkariek.

2. Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa).

6. artikulua. 480 eredua aurkezteko baldintza orokorrak.

480 eredua elektronikoki aurkezteko, bete beharko dira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

7. artikulua. 480 eredua elektronikoki aurkezteko prozedura.

Aitorpenak Internet bidez aurkezteko, prozedura hau erabiliko da:

1. 480 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren webgunean, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Webguneko datu-orriak eskatzen dituen datuak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.

Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotu eginen du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da, "Aseguru primen gaineko zergaren urteko laburpen-aitorpena" 480 ereduari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 9ko 278/2001 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitziren eredu hauek, eurotan: F-67, F-69, J-10, J-20, J-30, CAT-06, CAT-08, FR-2, 038, 181, 182, 190, 199, 211, 212, 213, 214, 308, 309, 318, 319, 345, 480, 565, 600, 605, 610, 620 eta 630 ereduak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenei aplikatuko zaie lehenbizikoz, 2022ko informazioari dagokionez.

Iruñean, 2022ko abenduaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2217558