1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
192/2023 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Irulegiko eskua, ondasun higigarri gisa, kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari.
Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, hasiera emateko Irulegiko eskua, ondasun higigarri gisa, kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari. Pieza Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunekoa da.
Proposamen-txostenak honako hau dio:
"Pieza 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, Irulegiko aztarnategian (Aranguren ibarra, Nafarroa) programatutako indusketa arkeologikoen baitan. Toki hori Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogatuta dago, eta 09310230019 identifikazio kodea du. Indusketa eremua Irulegiko kastro baskoia da, eta, zehazki, hormen barruko bizitokia. Nafarroako Gobernuaren 2023ko apirilaren 26ko Erabakiaren bidez, interes kulturaleko ondasun deklaratu zen "Irulegiko multzoa" deritzon eremu arkeologikoa (Aranguren ibarra, Nafarroa). Erabaki hori 2023ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 12koan.
Pieza brontzezko xafla irabiatu, tenkatu, lisatu eta ebaki bat da. Neurri hauek ditu: 143,1 mm-ko altuera x 127,9 mm-ko zabalera eta 1,09 mm-ko lodiera. Eta pisu hau: 35,9 gr. Ahurra laua da, baina gaineko aldean azazkalak markatuta dauzka. Dena den, azazkalen forma galdu da hiru hatzetan (erakuslean, luzean eta eraztun-hatzean). Piezak ildaska hondoratua du perimetroan. Eskumuturretik gertuko aldean 6,5 mm-ko zuloa du. Eskua euskarri bigun batean iltzatzeko balio zuen. Eskugainean inskripzio bat du, lau lerro eta 40 zeinu dituena. Hatzak beherantz jarrita irakurri behar da.
–Irulegiko eskuaren inskripzioa eta esanahia.
Piezak duen lehenbiziko berezitasunetako bat da, hain zuzen, nola egina dagoen inskripzioa. Idazketa errazteko, lehendabizi, pautarako hiru lerro markatu ziren grafioz. Ondoren, zeinuak marra lerrozuzenetan grabatuta ageri dira, eta, azkenik, zeinu horiek markatu ziren punteatu inprimatuaren teknikaren bidez.
Orain arte ikusi gabea zen inskripzio paleohispanikoetan ziztada-esgrafiatua eta punteatua konbinatuta agertzea. Izan ere, kasu bakarra jaso da Erromatar Inperio osoko epigrafia latindarrean. Testua idazteko erabili den signarioa silabaerdi paleohispanikoen familiakoa da, baina ezaugarri berezi batzuk dauzka.
- Adibidez, T zeinua ageri da, eta orain arte zeinu hori ikusia zen soilik baskoien eremuko txanponetan ageri diren testuetan (oTikes eta uTanbaate). Irulegiko eskua aurkitu denetik, bada, transkribatzen duen hizkuntza horren zeinu espezifiko gisa har daiteke T.
- Bestetik, kontsonante dardarkariak adierazteko bi zeinu ageri dira, eta horrek esan nahi du erabilitako hizkuntza ezin dela zeltiberiarra izan.
Hizkuntzari lotutako arrazoi horiek eta beste batzuk direla medio, bada, adituek uste dute eskuko testua azpisistema berezi batean idatzita dagoela ("signario baskoia" delakoa).
Ikonografiaren ikuspegitik ere berebiziko garrantzia du, eta antzeko piezarik ez dago kasik. Antzekoena Alcubierre herriko Puy de Alcalá herrixkan (Huesca) aurkitutako eskua da. Berunezkoa da, eta Irulegikoa baino estilizatuagoa eta errealistagoa, baina, hala ere, biek dute zulo bat toki berean. Eskuen irudiak ere ageri dira La Vispesa (Tamarite de Litera, Huesca) eta El Palao (Alcañiz, Teruel) herrixka iberiarretako esteletan.
Esan bezala, antzeko piezak oso gutxi dira, eta guztiak aurkitu dira Ebro ibarreko eremu iberiarrean. Bestalde, kontuan hartuta eskuan idatzita dagoen "sorioneku" hitza eta pieza non aurkitu den (eraikin baten sarreran), litekeena da Irulegiko eskuak funtzio apotropaikoa izatea; alegia, zoriona erakarri edo opatzeko balio izatea.
Orain arte hizkuntza baskonikoan idatzita aurkitu den idazkunik zahar, luze eta osoena da, eta horretan datza gehienbat haren interes historikoa. K.a. I. mendearen hasieran datatu da, eta horrek baieztatzen du antzinako baskoiak ez zirela herri guztiz anepigrafoa. Aitzitik, idazketa ezagutu eta erabili zuten; ez, agian, modu estentsiboan, baina bai ez gutxiesteko moduan.
Orain arte lekukotza sendo gutxi aurkitu direnez inguru horretako mapa linguistikoa eta euskararen protohistoria taxutu ahal izateko, Irulegiko eskua ezinbesteko abiapuntua da hain garrantzitsua den gai historiko horri buruzko edozein eztabaidatarako.
Izan ere, Irulegiko eskua paregabea da, bai euskarriaren beraren tipologiari eta morfologiari dagokionez (eskegitako esku bat, hatzak beherantz dituela), bai inskripziorako erabilitako teknikari dagokionez (ordinatio esgrafiatu baten gainean egindako punteatua), bai eta inskripzioko idazkunaren ezaugarri linguistikoei dagokienez ere. Hortaz, Nafarroako historian parekorik ez duen pieza da.
Irulegiko eskuari lege babesa eman behar zaio modu indibidualean, badirelako zenbait arrisku. Horietako bat da, esaterako, pieza hauskorra dela. Horregatik baldintza zehatz eta iraunkorretan kontserbatu behar da, eta etengabeko mantentze-lanak egin, behar bezala gorde ahal izateko. Prebentzio neurrietako bat izanen da, hain zuzen, mugak jartzea aldi baterako erakusketetarako uzteari, horrek haren babesa arriskuan jar dezake eta.
Horrenbestez, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren iritziz behar bezala justifikatua dago piezaren garrantzia eta berezitasuna, eta, bat etorriz Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin, proposatzen du espedientea hastea Irulegiko eskua, ondasun higigarri gisa, kultur intereseko ondasun deklaratzeko. Pieza Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunekoa da".
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Espedientea hastea, Irulegiko eskua, ondasun higigarri gisa, kultur intereseko ondasun deklaratzeko. Piezaren deskribapena eta ezaugarriak espedientean jasota daude.
2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.
3. Ebazpen hau igortzea Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Arangurengo Udalari, Kultur Intereseko Ondasunen Erregistro Orokorrari, zeina atxikia baitago Kultura eta Kirol Ministerioko Ondare Historikoaren Erregistroen eta Dokumentazioaren Zuzendariordetza Nagusiari, ondasunaren prebentziozko idatzoharra egin dadin, bai eta ukitutakoei ere, espedientean agertzen denarekin bat.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 17an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.
Iragarkiaren kodea: F2312073