185. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

790E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena oilaskoak gizentzeko instalazio bat handitzeko proiektuari buruz (64.000 toki izatetik 128.000 izatera pasatzeko), Zarrakaztelun. Sustatzailea Sergio Monasterio León da.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. taldeko a) 2 epigrafean sartzen direnetakoa da. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Proiektua, halaber, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 9.3.a) kategorian sartzen direnetakoa da, eta, beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.

Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena.

2022ko ekainaren 15ean, titularrak ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta, horrekin batera, ingurumen inpaktuaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa.

2022ko uztailaren 19an (143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta), Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen ingurumen inpaktuaren azterketa eta ingurumen baimen bateraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa eta kontsulta-izapidea ireki zuen ukitutako administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, 30 egunez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publiko gisa, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atala, Lurralde Antolamenduaren Atala eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala, Abeltzaintza Zerbitzua, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia eta Zarrakazteluko Udala. Espedientean daude kontsulta egin zitzaien lehenbiziko bost erakundeen erantzunak. Horrez gain, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso.

Ingurumen inpaktuaren adierazpen honen eranskinetan jaso da ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioaren tramiteen emaitzen laburpena.

2022ko irailaren 28an, Ekonomia Zirkularreko eta Klima Aldaketako Zerbitzuak komunikazio bat igorri zion titularrari, eta espedienteari erantsi zizkion kontsulten izapidearen ondoriozko erantzunak, eta adierazi zion proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskatzen ahal zuela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

2022ko azaroaren 3an, titularrak espediente osoa aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren zerbitzuan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazioa arruntari hasiera emateko.

2022ko azaroaren 17an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

Dokumentazioaren eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren azterketa teknikoa.

Esku-hartzearen eremua nekazaritza-lurzati izandako batean dago, malda leuneko mendi-hegal batean, zeina Castilliscar errekaren ibilgura drainatzen baita. Bardeako ubideko grabitate bidezko ureztapen-terrazen eremu gisa identifikatzen da, Larrateko ordokiaren hego-ekialdeko maldan.

Naturaren ikuspegitik, elementu garrantzitsuenen artean, Larrateko ordokiari jarraipena ematen dioten larre eta zuhaiztiak daude, instalazioraino iristen direnak, barreiatuta, mugakide den lurzatian. Era berean, aipagarriak dira larre-korridoreak eta belardi, ihitoki, lezkadi eta milazkadi egiturak, Mediterraneoko aldizkako erreken ibilguekin lotuta.

Inpaktuaren azterketa eta eremuko natura-balioak eta aldez aurreko ezarpen-jarduketak zehazten dituen informazioa aztertu ondoren, ondorioztatzen da inpaktuak esanguratsuak direla instalazioa jartzeko mendi-hegalean egindako zelaitzearekin lotuta eta okupatutako eremuaren mugekin lotutako habitaten babesari dagokionez. Alderdi horiek proiektuan jasota daude, eta ingurumen inpaktuaren txostenaren baldintzetan berrikusten dira. Eraikuntza-ekintzen ondorioetarako, kontuan izan behar da lehendik dagoen instalazio bat dela, handitu eginen dena; hortaz, jarduerak baditu bere funtzionamendua ahalbidetzen duten zerbitzuak, eta handituko den zatira zabalduko dira.

Eremua abifaunaren babes-eremu baten alboan dago, 1432/2008 Errege Dekretua aplikatuta (1432/2008 Errege Dekretua, fauna-talde horren gaineko eragina minimizatzeko neurriak ezartzen dituena). Halaber, eremu horren ekotono-kokapena dela eta, alorren eta habitat naturalen artean baitago, harraparientzako gune erakargarria da, eta arrano beltza eta mirotzak daude 2 km-ra mendebalderantz dagoen El Sasoko (Zarrakaztelu) estepako abifaunaren kontserbaziorako intereseko eremuan. Instalazioak abifaunaren gainean inpaktu-arrisku esanguratsurik ez duela uste da, jarduera intentsiboa delako, nabeen barrualdera mugatua, eta neurri zuzentzaileak hartu direlako hornidura-linean hegazti-faunaren elektrokuzioa eta talka prebenitzeko.

Ingurumen inpaktuaren azterketaren berrikuspenaren laburpena ingurumen inpaktuaren adierazpen honen III. eranskinean dago. Azterketa horren arabera, honako hauek dira kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, giza erabileretan, pertzepzio-ingurunean, lurrazaleko uretan eta habitatetan inpaktuak eragin baititzakete: ingurumen-balio nabarmenak dituzten eremuetatik isolatu samar mantentzea, sortzen diren usainek eragindako ukipenak, abere hilen kudeaketa, gaueko argi-emisioak zeru aldera eta paisaiaren gaineko inpaktua.

Ingurumen inpaktuaren azterketak berariaz ebaluatu ditu sortzen diren usainen ondorioak eta instalazioaren ingurumen-integrazioarenak, eta, eskura dauden jardunbide onenen artean, neurri egokiak ezarri ditu usainak sortzea prebenitzeko eta instalazioa paisaian integratzen laguntzeko, hura mimetizatzeko landaketak eginda. Proiektuak ekoizpen plana aurkeztu du, eta bertan ez da inpakturik gehitzen sortutako simaurra ateratzeari dagokionez, zeina kudeatzaile bati entregatzen baitzaio. Era berean, jarduerari berari dagozkion neurriak jasotzen ditu, emisioak eta lurzoruaren eta uren kalitatearen gaineko inpaktu metagarriak murrizteko.

Espedientearen ingurumen inpaktuaren azterketa teknikoa egin ondoren, bertan proiektuaren ingurumen-ondorioak ebaluatuta, Ingurumen Eraginaren Atalak ondorioztatu du ingurumen inpaktuaren ebaluazio-prozedura behar bezala egin dela, eta proiektuak ez duela inpaktu esanguratsurik izanen ingurumenean, azterketan jasotako neurri zuzentzaileak eta, osagarri gisa, ingurumen inpaktuaren adierazpenekoak aplikatu ondoren.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea oilaskoak gizentzeko instalazio bat handitzeko proiektuari buruz (64.000 toki izatetik 128.000 izatera pasatzeko), Zarrakaztelun. Sustatzailea Sergio Monasterio León da.

2. Ezartzea jarduera egin beharko dela goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzei jarraikiz, baita ebazpen honetan aipatzen diren hauek betez ere:

–Ustiategia gobernatzeko eta abere hilak kudeatzeko sisteman zainduko da inguruan animalia oportunistak edo sarraskijaleak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzeko aukerarik ez sortzea. Abere hilak edukiontzi espezifikoetan biltegiratuko dira, eraikin itxietan edo teilapeetan, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak ez erakartzeko eta horiek abereen hondarretara iristea saihesteko.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:

  • Goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak, argi puntuek emandakoak, %5ekoak edo apalagoak izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietan (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 atala. Argi emisioen mugak).
  • Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LEDak, esate baterako, anbar koloreko LEDak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo anbar koloreko LEDak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea.
  • Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da lanorduetan edo lanetan behar denean, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

–Nabea muntatzeko eraikitze-lanak, makinen mugimenduak eta lur-pilaketak eta -isuriak lurzatiaren barrualdera mugatu beharko dira, landaredi naturalari eta kanpoko berroneratze-eremuei eragin gabe.

–Lurzatiaren mugatik kanpo ukitutako landaredia lehengoratzeko baldintza egokiak ahalbidetzeko, baso-lurrei eragiten dieten isuriak kenduko dira, eta lurra berriro profilatuko da, eremu horretan makinak sartu gabe, ukipen gehigarriak saihesteko. Era berean, jatorrizko topografia lehengoratuko da zelaitutako eremuaren ipar-mendebaldean lurra erauzi den tokian, lurrarekin betez, eta itxituraren posizioa zuzenduko da, lurzatiaren katastroko muga gaindi ez dezan.

–Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, lurra prestatu eta landaketak egin beharko dira, milazka (Tamarix gallica/T.canariensis) zuhaixkenak eta Alepo pinuenak, azken hauek bi multzotan, unadak sortzeko lurzatiaren ertz batean eta ekialdeko sarreran.

Era berean, landare-lurra zabalduko da eta landa-ereintza eginen da ukitutako baso-azalera guztian. Landaketa horiek ureztatu eta zaindu beharko dira, ustiategiaren jardun osoan iraun dezaten bermatzeko.

–Obrak amaitutakoan, hondakin guztiak kenduko dira eta lurzatia garbituko da, lur-hondarrik eta obra-materialik gabe uzteko. Eraikuntza- eta eraispen-hondakin guztiak indarrean dagoen araudiaren arabera kudeatuko dira.

–Handitutako eremua abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak erreseina bat aurkeztu beharko du, zuzendu nahi diren eremuetan ingurumena lehengoratzeko jarduketak eta sartutako landaketak zehazten dituen dokumentazioarekin. Dokumentazio horrek abere hilak biltegiratzeko hartutako soluzioaren dokumentazio grafikoa ere jasoko du.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari jakinaraztea (Tuterako barrutia), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Gizentzeko oilaskoen hegazti-ustiategi bat handitzea proiektatu da, 64.000 toki izatetik 128.000 toki izatera pasatzeko, Zarrakazteluko 4. poligonoko 264. lurzatian. Horretarako, kota baxuagoan dagoen zabalgune batean, bi nabe berri eraikiko dira, lehendik dauden biekin paraleloan, eta itxitura, hornidura-zerbitzuak eta hornidura elektrikokoak zabalduko dira, eta berokuntzarako gas-biltegi berri bat jarriko da zati berrirako.

Jarduera martxan jarri ondoren, 4 nabe izanen ditu, 120 x 14 metroko oinplanoko tunel motakoak, eta 5,32 metroko altuera olana plastifikatuzko estalkiaren goiko aldean. Sandwich panelez egindako itxitura izanen du. Lau nabeek beren lokal tekniko propioa izanen dute, egituran txertatuta. Horrez gain, ustiategiak eraikin bat izanen du instalatuta dauden nabeen artean, biltegi eta simaurtegitarako, nahiz eta simaurra biltegiratzea ez egon aurreikusita jardueraren egungo funtzionamenduan.

Nabeek halako instalazioei dagokien ekipamendu teknologikoa izanen dute: aireztapen behartua, fatxadako lurruntze-panelen bidezko klimatizazioa, gas naturaleko erregailuak, argiztapena eta pentsu zein ur hornidura automatizatuta. Instalazioak badu hornidura elektrikoa, lurzatiaren barruan linearen deribazio- eta bukaera-euskarriekin, eta transformadorerako etxola bat, aurreragoko baimen baten bidez ezarri zena. Ur hornidura ureztatze saretik dator, eta lotuta dago, batetik 4. poligonoko 1618 lurzatian, instalaziotik gertu, dagoen metatze-idoi batekin eta, bestetik, instalazioaren 2.000 litroko biltegi batekin. Ustiategiak sarbidea du iparraldetik mugatzen duen eta NA-128 errepidearekin (Azkoien-Zarrakaztelu Zaragozako muga) lotzen duen zoru trinkotuko pista batetik. Errepide hori ustiategitik nahiko gertu dago hegoaldetik.

Jarduera oilaskoak 50 gramotik 2,5 kg-ra gizentzean datza; sartu eta hiltegira ateratzen dira bide beretik, eta 45 eguneko gizentze ziklo bakoitzaren ondoren, nabeen huste sanitarioa eta garbiketa egiten da. Orduan, ohantzea eta simaurra kudeatzaile baimendu batek kentzen ditu. Urtean 5,5 ziklo inguru daude. Abere hilak kudeatzaile baimendu batek kudeatzen ditu.

II. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN ETA INFORMAZIO PUBLIKOAREN IZAPIDEAREN LABURPENA

Hona hemen tramite horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda:

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala.

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

X

Zarrakazteluko Udala

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

Ekologistak Martxan - Landazuria

Ekologistak Martxan

Sustrai Erakuntza fundazioa

SEO-Birdlife

Gurelur

Greenpeace España

Ingurumen Eraginaren Atalak eremuan dauden ingurumen-balioak azaltzen ditu, eta aipatzen instalazioen ondoko landaredi naturalak Larrateko ordokiaren magaletan dauden habitat naturalekin ematen duen konektibitatea; era berean, aipatzen du egindako obrak izan duen ukipenean desbideratzea egon dela, instalazioa ezartzeko formulatutako ingurumen inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzei dagokienez, instalazioaren mugen gaineko ukipenean.

Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenak adierazten duenez, ingurumen inpaktuaren azterketan neurri zuzentzaile gisa sartu beharko dira zelaitzea egitean gertatu diren desbideratzeak lehengoratzera bideratutakoak; izan ere, aurreikusita dago nabe berriak ere jartzea bertan. Horretarako, gutxienez, jatorrizko topografia berreskuratu beharko da, okupatutako eremua gainditzen duen tokian betelana eginda, eta isuriak kendu eta baso-lurzatiarekin mugakide den eremua birprofilatu beharko da.

Gainera, ezartzen du dokumentu horrek ebaluatu beharko dituela neurri zuzentzaileen ezarpen-egoera eta eraginkortasuna, eta, haizeen erregimenaren eta orientazioaren azterketa ikusita beharrezkotzat jotzen bada, usainak kontrolatzeko neurri espezifikoak jaso beharko dituela, baita instalazioak garbitzeari, izurriteak kontrolatzeari eta basa-espezieengan eragina izan dezaketen abere hilak kudeatzeko neurriak ere, instalazioa El Sasoko estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremutik gertu dagoelako. Eskatzen du, halaber, paisaiari buruzko kapituluan zehaztu daitezela proiektuaren paisaia-integrazioa bermatuko duten neurriak.

Azkenik, jakinarazten du ingurumenaren arloko xehetasunezko kartografia berria aurkeztu beharko dela, azalera finkatuak beren azken erabileraren arabera identifikatuko dituena (eraikinak, zelaiguneak, bideak, ezpondak, lorategiak eta ingurumen integraziorako tratamendua duten azalerak eta abar), baita euri urak husteko soluzioa eta landaketen diseinua ere; horien aurrekontua proiektuaren aurrekontu orokorrean sartuko da.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du proiektuak betetzen dituela Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan abeltzaintzako instalazioen ingurumen-baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako kokapen-baldintzak, eta baliozkotzat jotzen ditu hartutako TEOak, Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiarekin bat etorriz, zeinaren bidez teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen baitira oilategiko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiboari dagokionez.

Adierazten du ezen, Hegazti-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituen uztailaren 27ko 637/2021 Errege Dekretua betez, ustiategitik orotara isurtzen den nitrogeno kopurua murriztu beharko duela, nutrizio-estrategia bat aplikatuz eta pentsuak formulatuz, elikaduraren proteina gordinaren edukia murrizteko, ekoizpen-etapetako nutrizio-eskakizunetara egokituta (fase anitzeko elikadura). Era berean, amoniako-isuriak murrizteko teknika edo tekniken konbinazio bat erabili beharko du, zehazki %30eko murrizketa lortzeko eraikitako nabeetan eta %60koa nabe berrietan, erreferentziako teknikarekin alderatuta.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak lurralde eta hirigintza planeamenduari buruzko zenbait ohar plazaratu ditu, informazio modura, "Ebroko Ardatza" 5. LAPak (Lurralde Antolamenduko Plana) –hor kokatuta baitago udalerria– horiei buruzko bateraezintasuna edo debekuak ezartzen ahal dituelako. LAPen jasotako lurzoru-sailkapenaren arabera, jarduketak 5. LAPen Interes Bereziko Landaredi gisa identifikatutako eremu batekin egiten du muga. Eremu horretan, eraikuntza-jarduerak debekatuta egonen lirateke, meatze-ustiapenak eta azpiegiturak izan ezik, halako besterik ez dagoenean.

Txostenak Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak adierazten ditu: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea, eraikuntzaren gehieneko altuera eta bide publikoetarako distantziak. Txostenak dio, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko duela udalez gaindiko plan edo/eta proiektu sektorialekin bat egiten duen. Alde horretatik, lehendik dagoen instalazioaren eta handitutako zatiaren eta Zarrakazteluko herrigunearen arteko distantziak adierazten dira, eta ohartarazten da proiektatutakoak, Bardeako Ubidearen ureztapenaren II. jarduketa-eremuaren barruan dagoenez, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren txostena beharko duela.

Zarrakazteluko udal hirigintza-plangintzari dagokionez, adierazten da lurzatia produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela. Kategoria horretan, abeltzaintza intentsiborako eraikuntza eta instalazio isolatuak eta etxaldeak baimendu daitezke, eta, beraz, baimena ematen ahal zaio eskatutakoari. Txostenak azaltzen ditu udal-plangintzara egokitzeko okupazio- eta urbanizazio-baldintzak, eta planak eraikinen artean ezartzen duen gutxieneko 6 metroko tartea adierazten du. Eraikita dauden biltegiak eta simaurtegiak ez lukete beteko tarte hori.

Azkenik, proiektuak hirigintzako izapidetzean bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari lotuak; eta adierazten da titularrak egoki diren txostenak eskatu beharko dituela ukipen sektorialak direla eta.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion araudi sektorialaren berri eman dio titularrari, eta kontsulta ezarri den izapidetze fasean aldeko txostena eman du. Adierazten du baimen hori jasotzeko, metro koadroko 33 kg-ko dentsitateari eutsi beharko litzaiokeela abere bizietan, eta Hegazti-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituen uztailaren 27ko 637/2021 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoa bete beharko litzatekeela. Halaber, sustatzaileak baimen-fasean aurkeztu beharreko dokumentazioa aipatzen du.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak jarduketaren aldeko txostena eman du, ez dagoelako aztarnategi arkeologiko katalogaturik instalazioa handitzea proiektatzen den eremuko lurzatietan.

III. ERANSKINA.–INGURUMEN INPAKTUAREN AZTERKETAREN LABURPENA ETA ZAINTZA PLANA

Izapidetzean ingurumen inpaktuaren azterketa bat egin da, ingurumen baimen integratua lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea dena, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidean aurkeztutako informazioa ere biltzen da bertan.

Azterketan, alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak instalazioaren ezarpenean eta funtzionamenduan izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen dira. Horrez gainera, ingurumen integrazioa bermatzeko behar diren neurriak proposatzen dira. Hauek dira proiektuak jasotako neurriak: obrek proiektuaren eremuan izanen duten ukipena mugatzeko prebentzio-neurriak, gauzatutako obran hautemandako desbideratzeak konpontzeko neurri zuzentzaileak eta beste batzuk, funtzionamenduan zehar ingurumen eragina minimizatzekoak.

Azterketan, halaber, ingurumena zaintzeko plan bat bildu da, eta bertan sartzen dira proiekturako eta jarduerarako aurreikusitako inpaktu nagusien jarraipen eta kontrol betebeharrak.

Iragarkiaren kodea: F2311650