Iragarkia
182. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
548/2023 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki-erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena 2023. urtean lagun egiteko animalien babeserako jarduketak egin ditzaten Nafarroan. DDBN identifikazioa: 711512.
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, oinarrizko xede ditu animalien babes- eta ongizate-maila ahalik eta handiena lortzea, animalientzako tratu egokia bermatzea eta animalien edukitze arduratsua sustatzea abandonuari aurre egiteko, eta orobat, animalien babesari buruzko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak sustatzea.
2019ko uztailaren 11n indarra hartzearekin batera, indargabetuta gelditu zen animalien babeserako aurreko legea, 1994koa. Denbora asko igaro bada ere, gure lurraldean zakurren eta katuen abandonua arazo larria da oraindik. Egiaztatuta dago Nafarroako udalerri askotan aske baina giza-ingurune baten menpe bizi diren katuen populazioak gero eta ugariagoak direla; gainera ez da populazio horien tamainaren eta osasun egoeraren gaineko inolako kontrolik egiten, eta horrek, sarritan, gatazkak eragiten ditu bizilagunen artean. Gizarteak gertaera hauen gaineko gero eta kontzientzia handiagoa du eta jarduketa zehatzak eskatzen ditu arloko erakunde eskudunen aldetik.
Horri loturik, foru legearen atarikoan funtsezko bi estrategia aipatzen dira lagun egiteko animalien abandonua prebenitu eta murrizteko bide gisa: esterilizazioa eta identifikazioa. Legearen V. tituluan, abandonatutzat edo galdutzat jo diren lagun egiteko animalien arloan jarduteko eskumenak ezartzen dira, eta harrera-zentroak eta katu-koloniak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako biderik egokientzat. Zehazki, lege honen 15., 17. eta 22. artikuluetan xedatzen da udalei, udalez gaindiko erakundeei edo eskualdeei dagokiela abandonatutako edo galdutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak egitea, bai eta katu-koloniak ezarri eta kudeatzea ere, eta gainera, aurreikusten da animaliak jasotzeko edo haiei harrera egiteko zentrorik ez badute kanpoko beste erakunde batzuekin hitzartzen ahalko dutela zerbitzu horiek egitea.
Urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuak, azaroaren 30ean indarra hartu zuenak, aipatutako legea garatzeko erregelamendua onetsi zuen, eta zenbait alderdi garrantzitsu zehaztu zituen toki-erakundeek garatu ditzaten foru legeak eman dizkien eskumenak, hala nola lagun egiteko animalien zentroek bete beharreko baldintzak eta betekizunak edo katu-koloniek bete beharreko betekizunak. Toki-erakundeek kontuan hartu behar dituzten beste alderdi batzuk ere araututa daude, hala nola zakurrak eta katuak, katu-kolonia batekoak barne, identifikatzeko prozedura eta betebeharra.
Toki-erakunde gehienek ez dute oraindik eginbehar horiek betetzeko beharko luketen azpiegiturarik edo bitarteko materialik, eta dituztenek beteta izaten dute beti zentroen edukiera. Zailtasunak zailtasun, udal batzuk alternatiba bila dabiltza beren gain hartzeko lagun egiteko animaliak babesteko duten erantzukizuna. Hori horrela, Abeltzaintzako Zerbitzuaren ustez funtsezkoa da toki-erakundeek ildo horretan lanean jarraitzea, horrela arreta egokia ematen ahalko baitzaie bai abandonatutako animaliei, bai haien udalerrietan aske bizi diren katuei, hori bai, ahaztu gabe harrera-zentroetako zakur eta katuen identifikazioak eta esterilizazioak, eta katu-kolonien ezarpenak berebiziko garrantzia dutela populazioen kontrolerako, abandonuaren prebentziorako eta animalien arteko bizikidetza errazteko neurri eraginkor gisa.
Arazo honi erantzun bat eman beharrez, eta arestian zehaztutako jarduketak gauzatze aldera, ezinbestekotzat jotzen da zuzeneko laguntzen lerroa ezartzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren 2023rako gastuen aurrekontuetan, toki-erakundeentzako dirulaguntzen bi partida aurreikusi dira, guztira 390.000 eurokoak, animaliak babesteko ekintzak sustatzeko. Horrela bada, administrazioak laguntzak emanen dizkie toki-erakundeei abandonatutako eta galdutako animaliak jaso eta mantentzeari buruz 19/2019 Foru Legeak eta hura garatzen duen araudiak ezarritako betebeharrak betetzen laguntzeko xedez, eta haien udalerrietan aske bizi diren katuen kudeaketari begira ezartzen dizkien betebeharrak bete ditzaten, lege horrek berak animalien babesaren eta ongizatearen arloan ematen dizkien eskumenak baliatuz.
Ebazpen honen xedea da laguntza zehatz batzuen oinarri arautzaileak ezartzea, lagun egiteko animalien babesa sustatzera bideratzeko Nafarroan. Horretarako, toki-erakundeei laguntza emateko zenbait laguntza lerro ezarri dira: lagun egiteko animalien harrera-zentroetan ostatatuta dauden zakur eta katuen esterilizazio, identifikazio, amorruaren aurkako txerto eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako laguntzak batetik, eta bestetik, haien udalerrietan aske bizi diren katu-populazioen babes eta kontrol jardueretarako laguntzak. Bestalde, harrera-zentroak dituzten toki-erakundeek inbertsio etengabeak egin behar dituzte bertan dauden animalien ongizatea hobetzeko edo plaza kopurua handitzeko, zentro horiek bete ez daitezen. Hori dela eta, beste laguntza-ildo bat ezarri da horrelako jardueretarako. Azkenik, beharrezkoa da toki-erakundeek espazio batzuk izatea urgentziaz hartzeko abandonatutako animaliak, galdutakoak, babesgabezia-egoeran daudenak, konfiskatuak edo katu-kolonietako kumeak. Espazio horiek bide ematen dute aldi baterako zaintzeko, beste leku batzuetan kokatu arte, eta beharrezkoa da gune horiek sortzea edo hobetzea, lehendik daudenen kasuan. Hori horrela, xede horretarako berariazko laguntzen lerroa ere ezarri da.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako eskumena du, Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren arabera. 25. artikuluak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumen materialen esparruan sartzen du animalien ongizatea. Zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuaren mende dagoen Animalien Ongizatearen Atalari dagozkio aipatu foru dekretuan lagun egiteko animalien ongizateari eta babesari buruz aurreikusten diren eskudantziak.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,
EBAZTEN DUT:
1. Toki-erakundeentzako dirulaguntzen deialdi bat onestea, 2023. urtean lagun egiteko animalien babeserako jarduketak gauzatu ditzaten Nafarroan.
2. Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, bai eta II. eranskina ere, ebazpen honetan jasotzen den moduan.
3. 190.000 euroko gastua baimentzea, 710004-71300-4609-412202 partidaren kargura ("Toki-erakundeentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako"), eta 200.000 euroko gastua, 710004-71300-7609-412200 partidaren kargura ("Toki-erakundeentzako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako"), 2023ko Aurrekontu Orokorretakoak bi partidak, deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko.
4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia dirulaguntzen datu-base nazionalari (DDBN) jakinaraztea.
5. Ebazpen honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 2an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–LAGUN EGITEKO ANIMALIEN BABESA SUSTATZEKO EKINTZAK GAUZATZEKO NAFARROAKO TOKI-ERAKUNDEETARA 2023. URTEAN BIDERATUTAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea eta helburua.
1.1. Deialdi honen xedea da, Nafarroako toki-erakundeei 2023. urtean dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko arauak ezartzea, lagun egiteko animalien harrera-zentroetan ostatatuta dauden zakur eta katuen identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduen gastuetarako, lagun egiteko animaliak hartzeko zentroak sortu eta/edo hobetzeko instalazio eta ekipamenduetan egindako inbertsio-gastuetarako, eta aske baina giza-ingurune baten mende bizi diren katuen populazioa babestu eta kontrolatzera bideratutako jarduketetarako.
1.2. Diruz lagunduko diren jarduera horiek onura publikoko helburua dute; izan ere, abandonatutako zakur eta katuen inpaktua ahalik eta txikiena izatea dute xede eta lagun egiteko animalien babesa sustatzea, horretarako haien udalerrietan bizi diren katu-populazioaren gaineko kontrola gauzatuz. Jarduketa horiek guztiak toki-erakundeen eskumenekoak dira izan, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa apirilaren 4ko 19/2019 Foru legearen arabera.
2. oinarria.–Erakunde onuradunak.
Toki-erakundeak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.
3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.
Hiru dirulaguntza modalitate ezartzen dira eta horietako bakoitzerako jarduketa diruz lagungarriak.
3.1. 1. modalitatea: toki-erakunde baten titulartasuneko lagun egiteko animaliak hartzeko zentroetan egindako jarduketak (zentrook baimenduta eta Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan lagun egiteko animalien zentro gisa erregistratuta egon behar dute laguntzen deialdi hau argitaratzen den egunean). Hauek izanen dira jarduketak:
a) Inbertsioak: obra zibileko gastuak edo beharrezko ekipamendua erosteko gastuak, instalazioak hobetzeko eta/edo handitzeko.
b) Animalien zaintzarekin eta ongizatearekin zuzenean lotutako ekipamendu-ondasunak eskuratzea, eta baimendutako harrera-zentroetan sartzen diren lagun egiteko animaliak identifikatzeko, esterilizatzeko, amorruaren aurkako txertoa jartzeko eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduak egiteko jarduketak egitea.
3.2. 2. modalitatea: toki-erakundeek gauzatutako jarduketak, haiek zerbitzu propioa edo itundua dutenean, dirulaguntzen eskaera aurkezteko egunean, lagun egiteko animalia abandonatuak, konfiskatuak, babesgabezia-egoeran daudenak edo galduak aldi baterako hartzeko, animalia horiek jabeari edo lagun egiteko animalientzako harrera-zentro baimendu eta erregistratu batean entregatu bitartean. Hauek izanen dira jarduketak:
a) Inbertsioak: obra zibileko gastuak edo beharrezko ekipamendua erosteko gastuak, lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko instalazioak sortu, hobetu eta/edo handitzeko.
b) Animalien aldi baterako bilketa- eta mantentze-zerbitzua kudeatzeko beharrezkoak diren ekipamendu-ondasunak eskuratzea, animalien zaintzarekin eta ongizatearekin zuzenean lotuta daudenak, eta abandonatutako, galdutako edo konfiskatutako animaliak edo babesgabezia-egoeran daudenak identifikatzeko, esterilizatzeko, amorruaren aurkako txertoak jartzeko eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduak egiteko jarduketak.
3.3. 3. modalitatea, katu-koloniak: toki-erakundeek katu-koloniak ezarri eta mantentzeko egiten dituzten jarduketak, zerbitzu propioa edo itundua dutenean, dirulaguntzen eskaera aurkezteko egunean, haien udalerrietan aske bizi diren katu populazioen babeserako eta kontrolerako. Honako hauek dira jarduketak:
a) Inbertsioak: obra zibileko gastuak edo beharrezko ekipamendua eskuratzeko gastuak katu-koloniekin zuzenean lotutako instalazioak edo katu-kolonietako katuak aldi baterako (koloniara itzuli arte edo adopzioan entregatu arte) hartzeko instalazioak sortzeko, hobetzeko edo handitzeko.
b) Beharrezkoak diren ekipamendu ondasunak eskuratzea koloniako katuen zaintzarako eta ongizaterako, katuen identifikaziorako, esterilizaziorako, amorruaren aurkako txertorako, albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako, eta pentsu lehorra eta harea erosteko.
4. oinarria.–Baldintzak.
4.1. Nafarroako toki-erakundeek honako betebehar espezifiko hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko unean:
1. 1. modalitatea:
1. Lagun egiteko animaliak hartzeko zentro bat izatea, baimenduta eta Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan erregistratuta dagoena lagun egiteko animalien zentro gisa.
2. 2. modalitatea:
1. Bere zerbitzu propioa edo itundua izatea abandonatutako, konfiskatutako edo galdutako lagun egiteko animaliak edo babesgabezia-egoeran daudenak jaso eta haiei aldi batean mantenua emateko.
3. 3. modalitatea:
1. Katu-kolonien ezarpenerako eta/edo mantentzeko zerbitzu propioa edo itundua izatea, haien udalerrietan aske bizi diren katuen babes eta kontrolerako neurri gisa.
4.2. Toki-erakundeek diruz lagungarriak diren jarduera horietako edozein zeharkako kudeaketa bidez eta/edo lankidetza hitzarmen edo akordioen bidez gauzatzen badute, modu sinesgarrian egiaztatu beharko dute aldeen artean dagoen harremana eta iraupena, baita dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak gauzatzeko epean izanen duen indarraldia ere.
5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.
5.1. Diruz lagungarriak dira 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte gauzatu eta ordaindutako jarduketak.
5.2. Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:
5.2.1. 1. modalitatea, jarduketak egitea lagun egiteko animaliak hartzeko zentroetan, baimenduta eta erregistratuta baldin badaude Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan lagun egiteko animalien zentro gisa.
a) Inbertsioak:
–Obra zibila, azpiegiturak eta instalazioak egiteko gastuak, zentroaren edukiera handitzeko edo hartutako animalien ongizatea handitzeko beharrezkoak direnak.
–Instalazioak mantentzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta ekipamenduak erosteko gastuak.
b) Beste jarduketa diruz lagungarri batzuk:
–Animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen ekipamendua eskuratzeko gastuak.
–Harrera-zentroan hartutako animalien identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako gastuak, baldin eta galdutako animaliak direlako horiek ordaintzea haien jabeei ez badagokie, edo ez bazaizkie adoptatzen dituztenei ordainarazten.
5.2.2. 2. modalitatea: toki-erakundeen jarduketak, zerbitzu propio edo itundu bat dutenean, laguntzaren eskaera aurkezten den egunean, abandonatutako, konfiskatutako, edo galdutako lagun egiteko animaliak edo babesgabezia-egoeran daudenak biltzeko eta aldi baterako ostatu emateko.
a) Inbertsioak:
–Lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko instalazioak sortu, hobetu eta/edo handitzeko beharrezkoak diren obra zibilak, azpiegiturak eta instalazioak egiteko gastuak.
Ondoriozko instalazioek urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren III. tituluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
–Instalazioak mantentzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta ekipamenduak erosteko gastuak.
b) Beste jarduketa diruz lagungarri batzuk:
–Animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen ekipamendua eskuratzeko gastuak.
–Abandonatutako, galdutako edo konfiskatutako animalien identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txertoaren gastuak, hala nola albaitaritzako larrialdiko tratamenduek eragindakoak, baldin eta galdutako animaliak direlako horiek ordaintzea haien jabeei ez badagokie, edo ez bazaizkie adoptatzen dituztenei ordainarazten.
5.2.3. 3. modalitatea, katu-koloniak ezartzea eta/edo mantentzea, baliabide propioekin edo zerbitzua hirugarren batekin hitzartuta:
a) Inbertsioak:
–Katu-koloniekin zuzenean lotutako instalazioak edo aldi baterako katu-kolonietako katuak hartzeko instalazioak sortu, hobetu edo handitzeko beharrezkoak diren obra zibilak, azpiegiturak eta instalazioak egiteko gastuak.
Ondoriozko instalazioek urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren III. tituluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
–Instalazioak mantentzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta ekipamenduak erosteko gastuak.
b) Beste jarduketa diruz lagungarri batzuk:
–Ekipamendu-ondasunak erosteko gastuak, beharrezkoak baldin badira katu-kolonia batean edo lehendik dauden katu-kolonietako katuak edo horietatik datozenak aldi baterako hartzen dituzten instalazioetan, eta lotura zuzena badute animalien zaintzarekin.
–Ezarri edo mantendu gogo den koloniako katuen identifikazioak, esterilizazioak, amorruaren aurkako txertoak eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduek eragindako gastuak.
–Pentsu lehorra eta harea erosteko gastuak.
5.2.4. Honako hauek izanen dira diruz lagungarriak diren inbertsioetako gastuak:
–Igeltserotza-, iturgintza-, elektrizitate-, klimatizazio-, argiztapen-, isolamendu-, energia hobekuntza- eta lorezaintza-obrak, zentroaren handitzearekin, instalazioen hobekuntzarekin edo horien egokitzapenarekin zuzenean lotutakoak, zentroan ostatu hartzen duten animalien ongizatea areagotzeko, bai eta animalien aldi baterako bilketa- eta mantentze-zerbitzua kudeatzeko instalazioak sortzearekin, hobetzearekin edo egokitzearekin edo katu-koloniekin lotutakoak ere.
–Boxak, etxolak edo antzekoak eraikitzea, erostea eta instalatzea.
–Instalazioak garbitzeko, desinfektatzeko edo mantentzeko ekipoak eskuratzea, hala nola hidrogarbigailua, belarra mozteko makina, sasi-garbitzeko makina edo antzekoak.
–Zentroko animaliak artatzeko beharrezkoa den ekipamendu espezifikoa eskuratzea, hala nola hilotzak mantentzeko izozkailua edo ekipo ondastunak eta ebakuntza-gelako tresneria. Ez dira hemen sartzen atzemandako animaliak garraiatzeko erabilitako ibilgailuak.
–Toki-erakundeek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.
5.2.5. Honako hauek hartuko dira animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen ekipamendua eskuratzeko gastu diruz lagungarritzat:
–Mikrotxip irakurgailuak.
–Animaliak harrapatzeko lakioak edo kaiola moduko tranpak.
–Animaliak garraiatzeko behar den materiala, hala nola garraiatzaileak, arnesak edo sareak.
–Katu-kolonien ezarpenaren kasuan, janlekuak, edanlekuak, etxolak, oheak, katuentzako plataforma edo kutxa goratuak, gorotzetarako erretiluak edo harea ontziak, atzamarka egiteko objektuak, animaliari erosotasuna eta aterpea emanen dioten elementuak.
–Jolasa bultzatzeko materialak, hala nola, sokak, pilotak, arrapalak, eta abar.
–Uhalak edo arnesak.
–Animaliak zaintzeko edo mantentzeko box eramangarriak erostea.
–Toki-erakundeek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.
5.2.6. Identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, honako hauek:
–Mikrotxip homologatuak erosi eta jartzea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.
–Amorruaren aurkako txertoak erosi eta ematea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.
–Animalia bat esterilizatzea edo hari albaitaritzako larrialdiko arreta ematea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.
Gastu horiek animalia jakin bati lotuta egon beharko dute, eta albaitari batek ziurtatu beharko du hori, animaliaren banakako identifikazio-zenbakia eta animaliaren inguruan egindako jarduketak adierazita. Betebehar horretatik salbuetsita daude identifikatu gabeko animaliei egiten zaizkien larrialdiko albaitaritza ebakuntzak; kasu horretan, albaitariaren ziurtagiriak animalia indibidualizatzeko datuak jaso beharko ditu.
Albaitaritzako larrialdiko tratamendutzat hartuko da lagun egiteko animalia abandonatu, galdu edo konfiskatu bati ematen zaion tratamendua, zaurituta egoteagatik, istripua izan duelako edo beste edozein arrazoi larrirengatik, alde batera utzita gaixotasun kronikoen tratamenduak.
5.3. Gastu-kontzeptu bakoitzean diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da:
a) Gastuaren %70 lagunduko da diruz gehienez ere inbertsioak egitean, instalazioetarako ekipamendu ondasunak erostean edo pentsu lehorra, harea eta animalien zaintzarekin eta ongizatearekin zuzenean lotutako ekipamendu ondasunak erostean.
b) Gehieneko zenbateko hauen arabera (BEZa barne) lagunduko da diruz esterilizazioaren gastua, identifikazioarena, amorruaren aurkako txertoarena eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduena:
–Zakurrak esterilizatzea: 120 euro eme bakoitzeko eta 80 euro ar bakoitzeko.
–Katuak esterilizatzea: 85 euro eme bakoitzeko eta 35 euro ar bakoitzeko.
–Identifikazioa 25 euro.
–Amorruaren aurkako txertoa 15 euro.
–Albaitaritzako larrialdiko tratamenduak: 300 euro gehienez ere.
5.4. Balio erantsiaren gaineko zerga gastu diruz lagungarritzat hartuko da, bakar-bakarrik, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzerik ez duenean.
5.5. Toki-erakundeak zerbitzuak baldin baditu abandonatutako, galdutako eta/edo konfiskatutako lagun egiteko animaliak biltzeko, artatzeko eta ostatu emateko, eta/edo katu-koloniak kudeatzeko, hirugarren batekin hitzartutako itun baten bidez, jarduera bakoitzeko dirulaguntza ezin izanen da handiagoa izan toki-erakundeak dirulaguntzaren xede diren jarduketak egiteko erakunde kudeatzaileari ordaindutako zenbatekoa baino.
5.6. Toki-erakundeak edo hark zerbitzuak kudeatzeko kontratatutako erakundeak plantillako albaitariak baditu, 5.3.b) atalean aurreikusitako jarduketa bakoitzeko ezarritako gehieneko zenbatekoak ordainduko dira.
6. oinarria.–Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
6.1. 1. modalitatean laguntzak emateko aurreikusitako zenbatekoak honako hauek dira:
6.1.1. 1. modalitatea, a apartatua, Inbertsioak: 120.000 euro.
6.1.2. 1. modalitatea, b apartatua, Beste jarduketa diruz lagungarri batzuk: 30.000 euro.
6.2. 2. modalitatean laguntzak emateko aurreikusitako zenbatekoak honako hauek dira:
6.2.1. 2. modalitatea, a apartatua, Inbertsioak: 40.000 euro.
6.2.2. 2. modalitatea, b apartatua, Beste jarduketa diruz lagungarri batzuk: 50.000 euro.
6.3. 3. modalitatean laguntzak emateko aurreikusitako zenbatekoak honako hauek dira:
6.3.1. 3. modalitatea, a apartatua, Inbertsioak: 40.000 euro.
6.3.2. 3. modalitatea, b apartatua, Beste jarduketa diruz lagungarri batzuk: 110.000 euro.
6.4. Inbertsioei dagozkien zenbatekoak 2023ko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-7609-412200 partidaren kontura ordainduko dira ("Animaliak babesteko ekintzetarako toki-erakundeentzako laguntzak"). 200.000 euroko zuzkidura dauka partidak.
6.5. Beste jarduketa diruz lagungarri batzuei dagozkien zenbatekoak 2023ko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-4609-412200 partidaren kontura ordainduko dira ("Animaliak babesteko ekintzetarako toki-erakundeentzako laguntzak"). 190.000 euroko zuzkidura dauka partidak.
6.6. Modalitate eta jarduketa diruz lagungarri bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.
Aurrekontuko partida dirulaguntzaren xedeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe agortzen bada, 9. oinarrian ezarri bezala, modalitate eta jarduketa diruz lagungarri mota bakoitzera bideratutako zenbateko osoa aurkeztutako eskaeren artean eta eskatutako proportzioaren arabera hainbanatuko da.
6.7. Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiliko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan. Horretarako, kontuan hartuko da modalitateak eta jarduketa diruz lagungarri mota zein aurrekontu-partidari esleituta dauden; hala, honako hauek bateragarriak izanen dira:
a) 1. modalitatea, a apartatua, 2. modalitatea, a apartatua, eta 3. modalitatea, a apartatua, elkarren artean.
b) 1. modalitatea, b apartatua, 2. modalitatea, b apartatua, eta 3 modalitatea, b apartatua, elkarren artean.
6.8. Laguntza modalitatearen arabera, honako gehieneko zenbateko hauek ezartzen dira eskatzaile bakoitzeko:
a) 1. modalitatea:
–a apartatua: 90.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.
–b apartatua: 20.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.
b) 2. modalitatea:
–a apartatua: 15.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.
–b apartatua: 15.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.
c) 3. modalitatea:
–a apartatua: 15.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.
–b apartatua: 20.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.
6.3. 9. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau.
7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua eta epea, eskatzen diren agiriak eta baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak.
7.1. Epea:
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.2. Aurkezteko modua:
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua), edo Nafarroako Gobernuaren Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) deialdi honi buruzko fitxan dagoen esteka erabiliz (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
Eskaerak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Abere Ekoizpenaren Atalera bideratuko dira.
7.3. Aurkeztu beharreko agiriak:
Laguntzaren eskaera erakundearen ordezkariak behar bezala sinatuta aurkeztuko da, laguntzaren eskaera izapidetzeko laguntzen fitxaren bidez eskura daitekeen eskaera-orri telematikoaren arabera. Laguntza modalitatearen arabera, honako agiri hauek erantsiko dira:
7.3.1. 1. modalitatea:
a) Animalien harrerarako zentro baimenduaren identifikazio datuak.
b) 3.1.a) oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarrien justifikatzeko memoria, eta horiekin batera, eskuratu nahi den ekipamenduaren zerrenda xehatua, horietako bakoitzaren banakako kostua, eta ase nahi diren beharren azalpena. Memoriarekin batera, aurreikusitako jardueren aurrekontu xehatua aurkeztuko da, deialdiaren fitxan eskura dagoen txantiloiaren arabera.
c) Laguntza eskatuz gero 3.1.b) oinarrian zehaztutako kontzeptuengatik, aurreikusitako jarduerak justifikatzeko memoria aurkeztu beharko da. Zakurren eta katuen identifikazioari, esterilizazioari, amorruaren aurkako txertoari eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduei dagokienez, memoriak adieraziko du zenbat zakur eta katu aurreikusten den identifikatu, esterilizatu, amorruaren aurkako txertoa jarri eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduak eginen zaizkiela diruz lagundutako aldian, bai eta kalkulua egiteko erabilitako irizpidea ere, aurreko bi urteetako jarduketak aipatuta. Memoriarekin batera, eskuratu nahi diren ondasunen aurrekontu xehatua aurkeztuko da, bai eta animaliekin egin beharreko jarduerena ere, kostuak zehaztuta aurreikusitako kategorien arabera, kontzeptuka diruz lagundu beharreko gehieneko zenbatekoekin, deialdiaren fitxan eskura dagoen txantiloiari jarraituz.
7.3.2. 2. modalitatea:
d) 3.2.a) oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarrien justifikatzeko memoria eta aurrekontu xehatua, eta horiekin batera, eskuratu nahi den ekipamenduaren zerrenda xehatua, horietako bakoitzaren banakako kostua, eta ase nahi diren beharren azalpena. Memoriarekin batera, aurreikusitako jardueren aurrekontu xehatua aurkeztuko da, deialdiaren fitxan eskura dagoen txantiloiaren arabera.
a) Laguntza eskatuz gero 3.2.b) oinarrian zehaztutako kontzeptuengatik, aurreikusitako jarduerak justifikatzeko memoria aurkeztu beharko da. Zakurren eta katuen identifikazioari, esterilizazioari, amorruaren aurkako txertoari eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduei dagokienez, memoriak adieraziko du zenbat zakur eta katu aurreikusten den udalerrian biltzea identifikatu, esterilizatu, amorruaren aurkako txertoa jarri eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduak egiteko diruz lagundutako aldian, bai eta kalkulua egiteko erabilitako irizpidea ere, aurreko bi urteetako jarduketak aipatuta. Memoriarekin batera, eskuratu nahi diren ondasunen aurrekontu xehatua aurkeztuko da, bai eta animaliekin egin beharreko jarduerena ere, kostuak zehaztuta aurreikusitako kategorien arabera, kontzeptuka diruz lagundu beharreko gehieneko zenbatekoekin, deialdiaren fitxan eskura dagoen txantiloiari jarraituz.
7.3.3. 3. modalitatea:
a) 3.3.a) oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarrien justifikatzeko memoria eta aurrekontu xehatua, eta horiekin batera, eskuratu nahi den ekipamenduaren zerrenda xehatua, horietako bakoitzaren banakako kostua, eta ase nahi diren beharren azalpena. Memoriarekin batera, aurreikusitako jardueren aurrekontu xehatua aurkeztuko da, deialdiaren fitxan eskura dagoen txantiloiaren arabera.
b) Laguntza eskatuz gero 3.3.b) oinarrian zehaztutako kontzeptuengatik, aurreikusitako jarduerak justifikatzeko memoria aurkeztu beharko da. Katu-kolonietako animalien identifikazioari, esterilizazioari, amorruaren aurkako txertoari eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduei dagokienez, memoriak honako eduki hau adieraziko du gutxienez: ezarritako katu-kolonia bakoitzeko edo dagoen katu multzoetako zenbat katu aurreikusten diren identifikatu, esterilizatu (arren eta emeen arabera banakatuta), amorruaren aurkako txertoa jarri eta larrialdiko albaitaritza tratamenduak eginen zaizkiela diruz lagundutako aldian, bai eta kalkulua egiteko erabilitako irizpidea ere, aurreko bi urteetako jarduerak aipatuta. Memoriarekin batera, eskuratu nahi diren ondasunen eta erosi gogo diren pentsu lehorraren eta harearen aurrekontu xehatua aurkeztuko da, bai eta animaliekin egin beharreko jarduerena ere, kostuak zehaztuta aurreikusitako kategorien arabera, kontzeptuka diruz lagundu beharreko gehieneko zenbatekoekin, deialdiaren fitxan eskura dagoen txantiloiari jarraituz.
Obra zibila edo instalazioak diren jarduketekin batera, inbertsioa gauzatzeko aurrekontua egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera arlo horretan eskumena duten teknikariek idatzi eta sinatuak, bai eta memoria bat ere. Memoria horretan, laguntza eskaeraren xede diren jarduketak deskribatu beharko dira, jarduketaren aurrekari eta helburu batzuekin.
Edozein modutan, dirulaguntzaren 3. modalitateetako zeinahi aukeratzen dela ere, toki-erakundeek transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehenbiziko aldiz eskatzen badizkiote.
7.4. Toki-erakundeak zerbitzua hirugarrenekin itundua badu, entitate horrekin izenpetutako hitzarmenaren edo kontratuaren kopia erantsi beharko du, bertan zehazturik itundutako jardueraren nondik norakoa, izenpetutako hitzarmenaren edo kontratuaren indarraldia eta hirugarrenen bidez emandako zerbitzuaren kudeaketa arautzen duten baldintza ekonomikoak.
7.5. Eskaerak emateko 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak zehazte aldera, erakunde eskatzaileak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) 1. modalitatea: toki-erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:
–Badagoela harrera-zentroko inbertsioak finantzatzera bideratutako partida edo aurrekontuko diru-izendapen erabilgarririk 2023. urterako.
–Animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta lagun egiteko animalien abandonuari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak, tokia, data eta iraupena adierazita.
–Azken bi urteetan instalazioak handitzeko, hobekuntzak egiteko edo moldatzeko eginiko obrak, honako hauek adierazita: noiz egin diren, egindako jarduketen azalpena, jardueraren kostua, gauzatzeaz arduratu den entitatea.
–Azken bi urteetan adopzioan eman diren animalien kopurua, urteka bilduta.
b) 2. modalitatea: toki-erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:
–Badagoela lagun egiteko animaliak babesteko inbertsioak eta/edo jarduerak finantzatzera bideratutako partida edo aurrekontuko diru-izendapen erabilgarririk 2023. urterako.
–Badituela udal instalazioak animalien harrerarako eta aldi baterako ostatu emateko.
–Animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta lagun egiteko animalien abandonuari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak, zehaztuz, tokia, data eta iraupena, zein entitatek egin dituen eta jardueraren deskribapena.
–Azken bi urteetan jasotako eta animalien harrera-zentroetara bideratutako animalien kopurua, urteka bilduta.
–Toki-erakunde eskatzaileko biztanle kopurua.
c) 3. modalitatea: toki-erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:
–Badagoela lagun egiteko animaliak babesteko jarduerak finantzatzera bideratutako partida edo aurrekontuko diru-izendapen erabilgarririk 2023. urterako.
–Toki-erakunde eskatzailean aske bizi diren katu multzoen kopurua.
–Azken bi urteetan animalien defentsarako elkarteekin katu-kolonien ezarpenerako edo aske baina giza-ingurune baten menpe bizi diren katuen kudeaketarako eginiko lankidetza hitzarmenak: sinatutako hitzarmenen kopurua, data, indarraldia eta zein elkarterekin izenpetu diren.
–Giza-ingurune baten menpe bizi diren katu populazioen babes eta kontrolari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak, zehaztuz, tokia, data eta iraupena, zein entitatek gauzatu duen eta jardueraren deskribapena.
–Toki-erakunde eskatzaileko biztanle kopurua.
7.6. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ez da beharrezkoa izanen edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztea, baldin eta interesduna haiek kontsultatzearen aurka agertu ez bada.
7.7. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duen organoa.
8.1. Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalari esleitu zaizkio.
8.2. Prozedura ebazteko eskumena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio.
9. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
9.1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.
9.2. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira.
9.3. Laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak honako puntuazioa lortu beharko du gutxienez modalitatearen arabera:
9.3.1. 1. modalitatea: 4 puntu.
9.3.2. 2. modalitatea: 3 puntu.
9.3.3. 3. modalitatea: 4 puntu.
9.4. Modalitate eta jarduketa diruz lagungarri mota bateko aurrekontua ez bada aski gutxieneko puntuazioa lortu duten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.
9.5. Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiliko da gerakina, 6. oinarriko 7. puntuan adierazitakoaren arabera.
10. oinarria.–Ebazpena.
10.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpen hori erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
10.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta gainerako eskaeren ezespena, kasua bada.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
11. oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
11.1. Dirulaguntza ordainduko da dirulaguntzaren xede den jarduera bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.
11.2. Dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2023ko azaroaren 15ean, beranduenez:
11.2.1. Jarduketak justifikatzeko memoria; eskatutako modalitatearen eta egindako jarduketen arabera, honako informazio hau eman beharko du:
a) 1 modalitatea: obra-zuzendariak sinatutako obra-amaierako ziurtagiria, hala badagokio, eta diruz lagundu daitekeen epean egindako jardueren justifikatzeko memoria, honako alderdi hauek zehaztuta, egindako jarduketen arabera:
a. Instalazioetan gehitutako plazak eta/edo egindako hobekuntzak, horien erabilgarritasuna eta lortu nahi den animalia-ongizatearen helburua berariaz adierazita.
b. Egindako obrak, instalazioak eta zentrorako erositako ekipamendua, bai instalazioei dagokienez, bai animalien ongizatea hobetzeko.
c. Harrera-zentroan aldi horretan identifikatu, esterilizatu (arren eta emeen arabera multzokatuta), amorruaren aurkako txertoa jarri edo albaitaritzako larrialdiko tratamenduak jaso dituzten zakurren eta katuen kopurua, espeziearen eta jarduketa diruz lagungarri motaren arabera banakatuta.
Memoriarekin batera, bilketa-zentrorako zerbitzuak ematen dituzten albaitarien ziurtagiria aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen txantiloiaren araberakoa. Ziurtagiri horretan, animalien espeziea, arraza, sexua eta mikrotxip-zenbakia adierazten dituen zerrenda jaso beharko da, 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean hauek egin zaizkien animaliei dagokienez:
- Esterilizazio kirurgikoa egin.
- Identifikaziorako mikrotxipa ezarri.
- Amorruaren aurkako txertoa jarri.
- Albaitaritzako larrialdiko tratamendua egin.
b) 2 modalitatea: obra-zuzendariak sinatutako obra-amaierako ziurtagiria, hala badagokio, eta diruz lagundu daitekeen epean egindako jardueren justifikatzeko memoria, honako alderdi hauek zehaztuta, egindako jarduketen arabera:
a. Instalazioetan sortu eta gehitutako plazak eta/edo egindako hobekuntzak, horien erabilgarritasuna eta lortu nahi den animalia-ongizatearen helburua berariaz adierazita.
b. Egindako obrak, instalazioak eta erositako ekipamendua, bai instalazioei dagokienez, bai animalien ongizatea hobetzeko.
c. Identifikatu, esterilizatu (arren eta emeen arabera multzokatuta), amorruaren aurkako txertoa jarri edo albaitaritzako larrialdiko tratamenduak jaso dituzten zakurren eta katuen kopurua, espeziearen eta egindako jarduketa motaren arabera banakatuta.
Memoriarekin batera, toki-erakundearentzat edo, kasua bada, zerbitzua kudeatzen duen erakunderako zerbitzuak ematen dituzten albaitarien ziurtagiria aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen txantiloiaren araberakoa. Ziurtagiri horretan, animalien espeziea, arraza, sexua eta mikrotxip-zenbakia adierazten dituen zerrenda jaso beharko da udal bakoitzeko, 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean hauek egin zaizkien animaliei dagokienez:
- Esterilizazio kirurgikoa egin.
- Identifikaziorako mikrotxipa ezarri.
- Amorruaren aurkako txertoa jarri.
- Albaitaritzako larrialdiko tratamendua egin.
c) 3 modalitatea: obra-zuzendariak sinatutako obra-amaierako ziurtagiria, hala badagokio, eta diruz lagundu daitekeen epean egindako jardueren justifikatzeko memoria, honako alderdi hauek zehaztuta, egindako jarduketen arabera:
a. Instalazioetan sortu eta gehitutako plazak eta/edo egindako hobekuntzak, horien erabilgarritasuna eta lortu nahi den animalia-ongizatearen helburua berariaz adierazita.
b. Egindako obrak, instalazioak eta erositako ekipamendua, katu-kolonia edo multzo bakoitzerako, bai instalazioei dagokienez, bai animalien ongizatea hobetzeko.
c. Identifikatu, esterilizatu (arren eta emeen arabera banakatuta), amorruaren aurkako txertoa jarri edo albaitaritzako larrialdiko tratamenduak jaso dituzten katuen kopurua, egindako jarduketa motaren arabera banakatuta.
Memoria horrekin batera, katu-kolonia kudeatzen duen erakundearentzat lan egiten duten albaitarien ziurtagiria aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan horretarako dagoen txantiloiaren araberakoa, eta honako alderdi hauek jaso beharko ditu:
2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean kolonia bakoitzean identifikatutako katu-kopurua, sexua adierazita, toki-erakunde bakoitzeko, hauek egin zaizkien animaliei dagokienez:
- Esterilizazio kirurgikoa egin.
- Identifikaziorako mikrotxipa ezarri.
- Amorruaren aurkako txertoa jarri.
- Albaitaritzako larrialdiko tratamendua egin.
11.2.2. Jarduketa diruz lagungarriak erreferentziako aldian egiteko beharrezkoak izan diren gastuen fakturak, eta horien ordainagiriak. Faktura elektronikoen bidez frogatzen ahalko dira gastuak, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.
Diruz lagundutako jarduketen gastu osoaren justifikazioa toki entitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria aurkeztuta egiten ahalko da; bertan, diruz lagundutako jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, eta haiek garatzean izan diren gastuak zehaztuko dira. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du.
Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
Ziurtagiriarekin batera, zerrenda bat aurkeztuko da, non jasoko baita kontzeptu diruz lagungarrien arabera taldekatutako fakturen zerrenda xehatua, dataren arabera ordenatuta eta zenbakituta, eta honako hauek adierazita: hornitzailea, IFK, faktura-zenbakia, jaulkipen-data, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa, ordainketa-data eta ordaintzeko modua, laguntzen fitxan horretarako dagoen Excel txantiloiari jarraituz.
Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, edo 30.000 eurotik gorakoa obrak egiteagatik, toki-erakundeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
11.2.3. Jarduketa diruz lagungarriak zerbitzua hirugarren batekin hitzartuta egiten badira, eta, sinatutako hitzarmenaren arabera, hirugarren horri hilero zenbateko bat ordaintzen bazaio, eta kudeaketatik eratorritako gastuak erakunde kudeatzailearen kontura eta kargura badira, hark apartatuan aurreikusitako jarduketen memoria egiten ahalko du.
Bertan, diruz jarduketa diruz lagungarri bakoitzean izandako gastuak zehaztuko ditu, baita dagozkion fakturak eta ordainagiriak ere, eta, hala badagokio, kontratatutako albaitariei dagozkien nominak ere bai. Toki-erakundeak memoria hori baliozkotu eta onartu beharko du, eta idazkaritzaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko du, aldi diruz lagungarrian toki-erakundeak egin dituen jarduketak eta kudeaketak eragindako gastuak ordaintzeko erabilitako zenbatekoak onartzen dituela jasotzen duena.
Toki-erakundeak egindako ekarpenek gastuaren fakturak zuzenean ordaintzen ez badituzte, hileko kopuru orokor bat baizik, identifikazio, txertaketa, esterilizazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduen gastuetarako dirulaguntza 5.3 oinarriko b) apartatuan ezarritako gehieneko zenbatekoen arabera kalkulatuko da.
Ateratzen den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izaten ahalko, inola ere, toki-erakundeak zerbitzua finantzatzeko egiten dituen ekarpenak baino handiagoa, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.
12. oinarria.–Bateragarritasuna.
Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Gobernuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.
Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa.
13. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) 3.2.a) eta 3.3.a) oinarrietan aurreikusitako jardueretarako laguntza eskatu bada, inskribatzea eta baimena lortzea inbertsioen xedeko lagun egiteko animalien zentro motari dagokion gune zoologikoen erregistroan, bederatzi hilabeteko gehieneko epean, dirulaguntza ordaintzen den egunetik zenbatzen hasita.
b) Ekintzak oinarri hauetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta oinarrietan jasotzen diren konpromisoak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritakoa betetzea.
c) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatzeko.
d) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako jarduketak onartzea.
e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.
f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
g) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.
h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
i) Nafarroako Gobernuak parte hartzen duela dioen testua agertzea dirulaguntza ematen denetik aurrera, diruz lagundutako jarduerei buruz idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan edo diruz lagundutako proiektuko jardueretan.
j) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
14. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.
14.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
14.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
15. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
16. oinarria.–Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA.–ESKAERAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK
Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak, laguntza zein modalitatetan eskatzen den, horren arabera:
1. 1. modalitatea, lagun egiteko animaliak hartzeko zentroak, baimenduta eta erregistratuta daudenak Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan (Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistroaren barnean dago):
1.1. Harrera-zentroko inbertsioak finantzatzera edo lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako diru-partidaren bat edo aurrekontuko diru-izendapenen bat izatea 2023. urterako. 5 puntu.
1.2. Azken bi urteetan animalien babesaren arloan eginiko zabalkunde-, prestakuntza- eta informazio-jarduerak. 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.
1.3. Aurreko bi urteetan instalazioak hobetzeko, handitzeko edo egokitzeko eginiko obrak: 2 puntu eginiko obra bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.
1.4. Urte bakoitzean adopzioan eman diren animaliak, aurreko bi urteetako datuen batezbestekoa hartuta:
- 10 animalia baino gutxiago: 1 puntu.
- 10 edo gehiago eta 20 baino gutxiago: 2 puntu.
- 20 edo gehiago eta 30 baino gutxiago: 3 puntu.
- 30 edo gehiago eta 40 baino gutxiago: 4 puntu.
- 40 edo gehiago eta 50 baino gutxiago: 5 puntu.
- 50 edo gehiago eta 60 baino gutxiago: 6 puntu.
- 60 animalia baino gehiago: 7 puntu.
2. 2. modalitatea: abandonatutako, konfiskatutako edo galdutako animaliekin zerikusia duten jarduketak:
2.1. Lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako partidaren bat edo aurrekontuko diru-izendapenen bat izatea 2023. urterako. 5 puntu.
2.2. Animaliak hartu eta haiei aldi baterako ostatu emateko udal instalazioak izatea. 3 puntu.
2.3. Lagun egiteko animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta abandonuari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.
2.4. Toki-erakunde eskatzailearen udal-mugartean azken bi urteetan harrera-zentro batean sartu diren animalien kopurua, aurreko bi urteetako datuen batezbestekoa hartuta:
- 0 animalia baino gehiago eta 3 baino gutxiago: 1 puntu.
- 3 animalia edo gehiago eta 6 baino gutxiago: 2 puntu.
- 6 animalia edo gehiago eta 10 baino gutxiago: 3 puntu.
- 10 animalia edo gehiago: 4 puntu.
2.5. Eskaera egiten duen toki-erakundean erroldatutako biztanle kopurua:
a) 1.000 biztanle baino gutxiago: 4 puntu.
b) 1.000 biztanle edo gehiago eta 2.500 baino gutxiago: 3 puntu.
c) 2.500 biztanle edo gehiago eta 5.000 baino gutxiago: 2 puntu.
d) 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 1 puntu.
e) 10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu.
3. 3. modalitatea, katu-kolonien ezarpena:
3.1. Lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako partidaren bat edo aurrekontuko diru-izendapenen bat izatea 2023. urterako. 5 puntu.
3.2. Katu-koloniak edo udalerrian aske bizi diren katu multzoak: 1 puntu, kolonia edo multzo bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.
3.3. Animalien defentsarako elkarteekin azken bi urteetan katu-kolonien ezarpenerako eginiko lankidetza hitzarmenak: 1 puntu sinatutako hitzarmen bakoitzeko; gehienez 3 puntu.
3.4. Giza-ingurune baten mende bizi diren katu-populazioen babes eta kontrolerako azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.
3.5. Eskaera egiten duen toki-erakundean erroldatutako biztanle kopurua:
a) 1.000 biztanle baino gutxiago: 4 puntu.
b) 1.000 biztanle edo gehiago eta 2.500 baino gutxiago: 3 puntu.
c) 2.500 biztanle edo gehiago eta 5.000 baino gutxiago: 2 puntu.
d) 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 1 puntu.
e) 10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu.
Iragarkiaren kodea: F2311579
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
