Iragarkia
182. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
562E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, "Enpresa nazioartekotze-plana gauzatuko duten pertsonen kontrataziorako ETEentzako laguntzak" izeneko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena 2023rako. DDBN identifikazioa: 712293.
ETEei enpresa nazioartekotzeko plana gauzatuko duten pertsonen kontrataziorako laguntzak emateko 2023ko deialdiaren helburua da Nafarroako enpresa txiki eta ertainen nazioartekotze-gaitasuna garatzea eta haien esportazioak areagotzea, bai eta, horren ondorioz, Nafarroako ETE esportatzaile erregularren kopurua handitzea ere.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkit 32. artikuluan martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak,
EBAZTEN DUT:
1. Enpresaren nazioartekotze-plana gauzatuko duten pertsonen kontrataziorako ETEentzako laguntzen deialdia onestea 2023rako.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira, indarrean dagoen 2023ko gastuen aurrekontuko "Enpresentzako kanpo-sustapenerako dirulaguntzak" izeneko 810003-81400-4709-431300 partidaren baliokide izateko, 2024ko eta 2025eko aurrekontuetan gaitzen diren partiden kargura, aipatutako ekitaldietan kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende betiere:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
810003-81400-4709-431300: enpresentzako kanpo-sustapenerako dirulaguntzak | 2024 | 120.000 euro |
810003-81400-4709-431300: enpresentzako kanpo-sustapenerako dirulaguntzak | 2025 | 120.000 euro |
Halaber, 48.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.
Zenbateko gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 8an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEI ENPRESA NAZIOARTEKOTZEKO PLANA GAUZATUKO DUTEN PERTSONEN KONTRATAZIORAKO LAGUNTZAK EMATEKO
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da enpresaren nazioartekotze plana gauzatuko duten pertsonen kontratazioa sustatzea, horrela, Nafarroako enpresa txiki eta ertainek nazioartekotzeko gaitasuna gara dezaten eta haien esportazioak areagotu ditzaten, eta, ondorioz, Nafarroako ETE esportatzaile erregularren kopurua handitu dadin.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
a) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz.
b) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea Nafarroan.
c) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.
d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu kasuan kasuko egiaztatze-ziurtagiriak.
3. ETE izatearen betekizuna egiaztatzeko, ETEaren izaerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da laguntza eskatzean (4.5.a oinarria). Oinarri honen lehen ataleko c), d) eta e) letretan adierazitako betekizunak online eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.
3. oinarria.–Kontratazio diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.
1. Dirulaguntzaren xedea izanen da onuradunek kontrata ditzatela enpresaren nazioartekotze plana gauzatuko duten pertsonak, dela enpresaren Nafarroako lantoki batean, nahiz kanpoko batean. Azken kasu horretan, enpresa onuradunaren filial batek destinoko herrialdean kontratatzea ere onartuko da. Kontratazioaren gastuak diruz lagungarriak izateko, enpresa onuradunak ordaindu beharko ditu, edo destinoko herrialdeko filialak, baldin eta horrek egiten badu kontratazioa.
2. Kontratatzen diren unean, kontratatutako pertsonek honako baldintza hau bete beharko dute: enpresaren jabetza edo kontrola dutenen, enpresan zuzendaritza-karguak dituztenen edo enpresako administrazio-organoetako kideak direnen ezkontide edo antzeko afektibitate-harreman baten bidez lotutako pertsona ez izatea, ezta odol bidezko laugarren mailara arteko ahaide edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaide ere.
3. Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Gutxienez hamabi hilabete irautea eta lanaldi osokoa izatea.
b) Kontratua mugagabea edo aldi baterakoa izan daiteke; ez, ordea, praktiketakoa edo ikaskuntza eta prestakuntzakoa. Ez dira baliozkoak izanen autonomo gisa aritzen diren langileekin sinatutako kontratuak.
c) Jasotzea kontratatutako pertsonak bere zerbitzuak emanen dituela enpresaren nazioartekotze-plana gauzatzearekin bat datozen zereginetarako, eta zeregin horiekin bat datorren talde profesionala esleitzea.
d) Kontratuak sinatuko dira deialdi hau argitaratzen den egunetik hasita dirulaguntza eman dela jakinarazi eta bi hilabete igaro bitarte.
4. Kontratatzen den pertsona Gizarte Segurantzan afiliatuko da 1., 2. edo 3. kotizazio taldean, bere lanbide kategoriari dagokionaren arabera, edo filiala dagoen herrialdean kotizazio talde horien baliokidea den batean.
5. Laguntzaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izanen da kontratu bakoitzeko.
4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 15ean bukatuko da.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-pymes-para-la-contratacion-de-personas-para-la-ejecucion-del-plan-de-internacionalizacion-de-la-empresa-2023 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
3. Laguntza eskatzen bada kontratu baterako baino gehiagotarako, horietako bakoitzerako eskaera bat aurkeztuko da.
4. Laguntzen eskaera egiteko prozesuan, eskatzaileek online inprimakia bete beharko dute. Bertan, enpresaren datuak eta onuradun izateko baldintzak, 2.1 oinarriko c), d) eta e) ataletan ezarritakoak, betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena jasoko dira.
5. Eskaera-orri telematikoarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:
a) ETE izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
b) Nazioartekotze plana, kontratatuko den pertsonaren laguntzarekin bultzatu nahi dena.
c) Kontratazio plana: kontratatu beharra justifikatzea, kontuan izanik planteatutako nazioartekotze estrategia eta kontratazio horrek konpontzen lagunduko lituzkeen zailtasunak, eta kontratatuko den pertsonak egin beharreko lanak.
d) Eskaera 5. oinarriko 3., 4., 5. eta 6. irizpideen arabera baloratzeko bidea ematen duen dokumentazioa (3. irizpidea: "Nafarroan enplegua handitzea"; 4. irizpidea: "Enpresak Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa"; 5. irizpidea: "Enpresak genero-berdintasunarekin duen konpromisoa"; eta 6. irizpidea: "Enpresak jasangarritasunarekin duen konpromisoa").
e) Urteko kontu erregistratuak (baita ikuskatuak ere, horretara derrigortuak badaude), itxita dauden azkeneko 2 zerga ekitaldietakoak (laguntzak eskatzen diren egunean itxita daudenak). Eskatzailearen kontuak eta hari elkartutako eta lotutako enpresenak aurkeztuko dira, halakorik bada.
6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Oinarri honen 5. ataleko b), c) eta d) letretan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, hori ezin izanen da inondik inora zuzendu.
5. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 3.5 oinarrian ezarritako laguntza zenbatekoa aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
2. Enpresa batek eskaera egiten badu kontratu bat baino gehiago egiteko, eta horietako batean oinarri honen laugarren atalean adierazitako puntuazioa baino handiagoa eskuratzen badu, dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen ahalko du baldin eta kreditu nahikoa badago gutxienekotik gorako puntuazioa eskuratzen duten gainerako eskatzaileei erantzuteko.
3. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:
–1. irizpidea: nazioartekotze planaren kalitatea xedeko merkatuan, gehienez 65 puntu.
Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan proposamenaren kalitatea aztertzeko irizpide honetan:
ATALA | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | GEHIENEKO PUNTUAZIOA |
1.1. Barne analisi estrategikoa | Enpresaren barne baliabideen analisi zehatza, xedeko merkatuari eta enpresa nazioartekotzeko proiektuari dagokienez. Alderdi hauek baloratuko dira: –Langileak. Baloratuko da nola aztertu den zer neurritan dauden enpresako langileak motibaturik nazioartekotze proiektuarekin, nola egokitzen diren esportazioan inplikatutako langileen profilak egin beharreko lanetara, tamaina egokia, langileen antolakuntza (1 puntu). –Nazioartekotu behar den produktu edo zerbitzua. Baloratuko da behar bezala deskribatuta egotea haren ezaugarriak eta lehiakortasun faktoreak (teknologia, diseinua, marka, prezioa, etab.) (3 puntu). –Nazioartekotze planaren bideragarritasunaren azterketa (5 puntu). –Enpresak bere prozesuetan duen digitalizazio maila (3 puntu). | 12 |
1.2. Kanpoko analisi estrategikoa | Baloratuko da honako alderdi hauen analisia, kontuan izanik sakontasuna eta enpresa nazioartekotzeko proiektuarekin duen lotura: –Ingurune politikoa (1 puntu). –Ingurune legala (2 puntu). –Ingurune sozioekonomikoa (2 puntu). –Sektorearen egoera xede-merkatuan (2 puntu). –Xede-taldearen profila (3 puntu). –Lehiakideen analisia (zer enpresa diren, zer estrategia duten, zer produktu edo zerbitzurekin lehiatzen den) (3 puntu). | 13 |
1.3. AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak) | Barneko eta kanpoko analisia oinarritzat harturik, baloratuko da zer analisi egin den xede-merkatuan nazioartekotzeko enpresak dituen indarrez eta ahuleziez, baita mehatxuez eta aukerez ere. | 12 |
1.4. Planifikazioa | Helburuak. Baloratuko da zer neurritan diren helburu horiek berariazkoak, neurgarriak, errealistak, garrantzitsuak eta diruz lagundutako kontratazioaren bukaera-epera mugatuak (10 puntu). Xede-merkaturako ekintza plana, diruz lagundutako ekintzaren aldirako. Baloratuko da behar bezala garatzea, egutegia, balorazio ekonomikoa (aurrekontua) eta, batez ere, justifikazioa, aurreko atalean planteatutako helburuak lortzeko (10 puntu). | 20 |
1.5. Orokorra | Planaren koherentzia. | 8 |
–2. irizpidea: kontratazio planaren justifikazioa eta koherentzia, gehienez ere 15 puntu.
BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | PUNTUAK |
2.1. Kontratazioaren beharraren justifikazioa, aurreko puntuetan planteatutako nazioartekotze estrategiarekin loturik, eta, orobat, azalduko da zer zailtasun konpontzen lagunduko lukeen kontratazioak. | 7,5 |
2.2. Kontratatutako pertsonaren zereginak. Baloratuko da proposatutako zereginak enpresaren nazioartekotze-plana gauzatzeari dagozkionekin bat datozen. | 7,5 |
–3. irizpidea: Nafarroan enplegua handitzea, gehienez 6 puntu.
NAFARROAN ENPLEGUA HANDITZEA | PUNTUAK |
(2022an enplegatuen batez besteko kopurua-2021ean enplegatuen batez besteko kopurua)/2021ean enplegatuen batez besteko kopurua | 0,25 puntu, handitzen den ehuneko puntu bakoitzeko (gehienez ere 6 puntu) |
Irizpide hau baloratzeko, enpresak Nafarroan duen Gizarte Segurantzako kotizazio-kontuaren kode bakoitzerako 2021eko eta 2022ko "Alta-egoeran dauden langileen urteko batez besteko kopuruari buruzko txostenak" aurkeztu beharko dira.
–4. irizpidea: enpresak Nafarroako Nazioartekotze Planaren (NNP) talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa, gehienez 4 puntu.
Honako hauek baloratuko dira:
a) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak kudeatzen dituen beken azken hiru deialdien onuradunak hartu izana Nafarroako enpresak atzerrian duen filial edo sukurtsal batean aritzeko.
b) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak kudeatzen dituen beken azken hiru deialdien onuradunak kontratatu izana. Irizpide hau baloratzeko, laguntza eskaerarekin batera kontratuak aurkeztu beharko dira.
KONTRATATUTAKO EDO/ETA PRAKTIKETAN HARTUTAKO PERTSONA KOPURUA | PUNTUAK |
Pertsona bat | 2 |
Bi pertsona edo gehiago | 4 |
–5. irizpidea: enpresak genero-berdintasunarekin duen konpromisoa, gehienez 5 puntu.
Neurri hauetako baten bidez genero-berdintasunarekiko konpromisoa egiaztatzen duten enpresek 5 puntu lortzen ahalko dituzte:
a) Zuzendaritza-postuetan %40, gutxienez, emakumeak izatea. Hori egiaztatzeko, laguntzak eskatzen diren egunean, itxitako azken ekitaldi fiskalean erregistratutako (eta horretara behartuta egonez gero ikuskatutako) urteko kontuetan sexuaren arabera bereizita ageri den zuzendaritza-kideen kopuruari buruzko informazioa eman beharko da. Modu horretan justifikatu ezin denean, enpresak sinatutako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan, enpresako zuzendaritza-kideen kopurua jasoko da, sexuaren arabera bereizita eta kargua zehaztuta, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
b) Azken bost urtean aitorpen edo bereizgarri bat lortu izana tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatik (adibidez, Berdintasun Ministerioaren "Berdintasuna Enpresan" bereizgarria, eta abar), berdintasun-plan bat izatera behartuta egonez gero, plan hori REGCON erregistroan erregistratu bada.
c) Emakumeen eta gizonen berdintasun-plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua, horretara nahitaez beharturik ez badago.
d) Azken hiru urteetan lege-esparrua gainditzen duten kontziliazio-neurriak aplikatu izana. Hori egiaztatzeko, neurriak zehazten dituen ziurtagiria aurkeztu beharko da, enpresak eta langileen ordezkariek sinatua.
Deialdia kudeatzen duen organoak aholku eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, laguntza eskatzen duen enpresak aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.
–6. irizpidea: enpresak jasangarritasunarekin duen konpromisoa, gehienez 6 puntu.
5 puntu lortzen ahalko dituzte garapen jasangarriarekiko konpromisoa egiaztatzen duten enpresek, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera lortutako ziurtagiri hauetakoren bat aurkeztuta, ziurtagiri horiek indarrean daudela egiaztatzen badute:
a) Ingurumenaren kudeaketa: EMAS egiaztapena, ISO 14001 eta parekoak (ISO 14006, ekodiseinuaren kudeaketari buruzkoa, edo ISO 14040, produktuaren bizi-zikloaren analisiari buruzkoa), produktuaren ingurumen adierazpena (PIA, ISO 14025 arauaren arabera), aztarna hidrikoa edo karbono-aztarna murrizteko estrategiak.
b) Energia-efizientziaren kudeaketa: ISO 50001.
c) Ekonomia zirkularraren kudeaketa: ekonomia zirkularraren estrategiak, Zero Hondakin.
d) Gizarte-erantzukizunaren kudeaketa eta jasangarritasun globala: InnovaRSE sistema, IQNet SR10, ISO 26000, garapen jasangarrirako helburuei egindako ekarpena, Bcorp.
e) Erakundeak jasangarritasuna hobetzearekin duen konpromisoa erakuts dezaketen beste ziurtagiri batzuk.
4. Enpresek ez dute dirulaguntzarik jasoko baldin eta ez badituzte lortzen, 1. eta 2. irizpideak batuta, gutxienez ere 42 puntu.
5. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, 1. eta 2. Irizpideetan, hurrenez hurren, lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.
6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
2. Ebazpena gehienez lau hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaitu bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.
3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko, kontratazioa ezarritako epeetan egiten bada. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.
7. oinarria.–Kontratazioaren justifikazioa.
Onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki laguntzen fitxaren bitartez, hemen azaltzen diren epeetan:
1. Laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez bi hilabetera:
a) Kontratuaren kopia bat.
b) Kontratazioa atzerriko filial baten bidez egiten bada, filialaren eraketa-eskrituren kopia.
c) Ordainsariak hitzarmenaren araberakoak badira, hitzarmenaren kopia.
d) Zinpeko aitorpena, 3. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.
e) Kontratatutako pertsonaren nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
f) Lan bizitzaren txostena, enpresaren kotizazio kontuaren kodeari dagokiona, non kontratatutako pertsona agertuko den, edo agiri horren baliokidea dena filiala kokatuta dagoen herrialdean.
2. Bi hilabeteko epean, diruz lagundutako kontratuaren seigarren hilabetea betetzen denetik hasita:
a) Lan-bizitzaren txostena, enpresaren kotizazio-kontuaren kodea edo kontratuaren lehen 6 hilabeteei dagokien baliokidea.
3. Bi hilabeteko epean, kontratuaren gutxieneko epea (12 hilabete) bukatzen denetik hasita, honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Gutxieneko kontratazio-aldiari (12 hilabete) dagozkion nominak eta ordainagiriak.
b) Enpresaren kotizazio-kontuaren kodearen edo baliokidearen lan-bizitzaren txostena, kontratuaren zazpigarren hilabetetik gutxieneko kontratazio-aldia (12 hilabete) amaitu arte igarotako hilabeteei dagokiena.
c) Diruz lagundutako kontratazioaren finantzabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren araberakoa.
d) Azken memoria, gutxienez honako informazio hau jasoko duena:
i. Aurkeztutako nazioartekotze planaren barrenean kontratatutako pertsonak egindako ekintzen azalpena, eta egindako lanarekin enpresak duen gogobetetasun maila.
ii. Zer mailatan bete diren nazioartekotze planaren helburuak (laguntzen eskaeran adierazitakoaren arabera), eta, nolanahi ere, nola aldatu diren enpresaren esportazioak, bai guztira egindakoak, bai diruz lagundutako nazioartekotze planaren xede-merkatura egindakoak.
e) Agiri bidezko froga bat, egiaztatzen duena bete dela publizitateari buruzko betebeharra, 9,1. oinarriko d) letran ezarritakoa, salbu eta publizitate hori egiten bada enpresaren webgunearen bidez. Kasu horretan, webgunearen helbidea adieraziko da.
f) Eraginkortasun eta ebaluazio inkesta (online inkesta bat da, eta laguntzen fitxan dago eskura).
4. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
2. Dirulaguntza bi unetan ordainduko da:
a) Kontura egindako lehenbiziko ordainketan, emandako dirulaguntzaren %50 ordainduko da. Ordainketa hori 2024an eginen da, 7. oinarriko 1. eta 2. ataletan eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren.
b) Gainerako %50a 2025ean ordainduko da, behin aurkezturik 7. oinarriko 3. atalean adierazitako dokumentazioa.
3. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena lau hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan gaitutako izapidearen bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.
b) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea 7. oinarrian adierazten den moduan.
c) 3 oinarrian kontrataziorako ezartzen diren betebeharrei eustea diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean.
d) Beren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz adieraztea dirulaguntza honen onuradun direla, eta, horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) logoa ikusgai jartzea. Logoa www.planinternacionaldenavarra.es helbidean deskarga daiteke.
e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 10. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
g) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskatzen dizkion eraginkortasun adierazleen galdetegiak betetzea, diruz lagundutako kontratazioa bukatzen den ekitaldiaren ondoko 2 ekitaldietan.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 7.4 oinarrian ezarritako epean egiten bada.
3. Zehazki, deklaratzen ahalko da galdu dela dirulaguntzaren zati bat kobratzeko eskubidea, proportzioan kalkulatua, baldin eta kontratua azkentzen bada urte bat igaro baino lehen –epe hori eskatzen da 3.3.a) oinarrian–, salbu eta enpresak 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen beste norbait kontratatzen badu hurrengo hilabetean, eta horren berri ematen badio Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari, hilabeteko epean, kontratu berria egiten den egunetik hasita.
10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira soilik onuradunek kontratazioa dela-eta lor ditzaketen zerga-kenkariekin eta Gizarte Segurantzako beste hobari batzuekin.
11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Horretarako, eskatzaileek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko online inprimakian.
12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-orrian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, dirulaguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F2311764
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
