182. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERA

Berako Udalarentzako kudeaketa esleipena "Komunitatea Ehunduz Tokiko Merkataritzatik" proiekturako

Berako Udalak, 2023ko ekainaren 26an egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

"Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan eta aplikagarria den gainerako araudian ezarritakoa aintzat hartuta, aho batez (legez eskatutako gehiengo osoaren quoruma),

HONAKO HAU ERABAKI DA:

1.–"Komunitatea Ehunduz Tokiko Merkataritzatik" proiektuaren lizitazio, kontratazio eta egikaritze jardueretarako kudeaketa esleipena onartzea (proiektua prestatzeko ordainsari teknikoak barne) eta, horretarako, proiektu horretarako laguntzen deialdiekin lotutako izapide administratibo guztiak egitea, bai eta proiektua garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren lanak, hornidurak eta obrak kontratatzea ere, esleipena eman duten erakundeen izenean eta ordezkaritzan.

2.–Arantza, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Eratsun, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lesaka, Oiz, Saldias, Urrotz eta Zubieta udalerrien arteko lankidetzarako administrazio arteko hitzarmena onestea.

3.–Alkateari ahala ematea erabaki hau aplikatu eta garatzeko behar diren agiri guztiak sina ditzan. Horretarako, aurrekontuetan behar adinako kreditua egon beharko da, hitzarmen honen ondoriozko konpromiso ekonomikoei aurre egiteko.

4.–Erabaki hau eta hitzarmenaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea".

Beran, 2023eko uztailaren 10ean.–Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña.

KUDEAKETA ESLEIPENA FORMALIZATZEKO TRESNA, HERRI ARTEKO LANKIDETZARAKO ADMINISTRAZIO ARTEKO HITZARMENAREN BIDEZ, ARANTZA, BAZTAN, BEINTZA-LABAIEN, BERA, BERTIZARANA, DONEZTEBE, DONEZTEBE, ERATSUN, ETXALAR, EZKURRA IGANTZI, ITUREN, LESAKA, OITZ, SALDIAS, URROTZ ETA ZUBIETA UDALERRIEN ARTEAN

Beran, 2023ko maiatzaren 25ean.

Bildurik:

David Iturria Almandoz, Arantzako Udaleko alkate udalburua.

Joseba Xabier Otondo Bikondoa, Baztango Udaleko alkate udalburua.

Jon Telletxea Juanena, Beintza-Labaiengo Udaleko alkate udalburua.

Aitor Elexpuru Egaña, Berako Udaleko alkate udalburua.

Andres Etxenike Iriarte, Bertizaranako Udaleko alkate udalburua.

Natalia Rekarte Oteiza, Donamariako Udaleko alkate udalburua.

Leire Ortuoste Ibarra, Doneztebeko Udaleko alkate udalburua.

Ignacio Estanga Mitxelena, Eratsungo Udaleko alkate udalburua.

Miguel M. Irigoien Sanzberro, Etxalarko Udaleko alkate udalburua.

Miren Jaione Zabalo Juanotena, Ezkurrako Udaleko alkate udalburua.

Juankar Unanua Navarro, Igantziko Udaleko alkate udalburua.

Javier Bereau Mikelarena, Iturengo Udaleko alkate udalburua.

Ladis Satrustegi Altzugarai, Lesakako Udaleko alkate udalburua.

Jaime Urroz Telletxea, Oizko Udaleko alkate udalburua.

Jacinto Dominguez San Nazario, Saldiasko Udaleko alkate udalburua.

Josu Zozaia Ubiria, Urrozko Udaleko alkate udalburua.

Ernesto Dominguez Olea, Zubietako Udaleko alkate udalburua.

Esku hartzen dute:

Honako udal hauen izenean eta ordezkaritzan, hurrenez hurren: Arantza, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Eratsun, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lesaka, Oiz, Saldias, Urrotz eta Zubieta, eta elkarri aitortzen diote, norberak duen ordezkaritzaren arabera, hitzarmen hau esleitzeko adinako legezko gaitasuna.

Honakoa adierazten dute:

1.–Arantza, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Eratsun, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lesaka, Oiz, Saldias, Urrotz eta Zubieta udalerrien artean lankidetzarako administrazio arteko hitzarmena sinatu zuten 2020ko urriaren 26an, eskualde mailako Merkataritza Erakartzeko eta Antolatzeko Plana (aurrerantzean eskualdeko MEAP) lizitatu, kontratatu, garatu eta onesteko, udalerri sinatzaileen lurralderako, helburua izanik Nafarroako merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoa betetzea, eta ondoren eramatea udalerri horietako bakoitzaren Udal Plan Orokorrera. Hitzarmenak azalpenen atalean, honako hau dio:

"Lehenengoa.–Nafarroako Gobernuaren Hurbileko Txikizkako Merkataritza Sustatzeko Planak (2018-2020), "Merkataritza-sektorearen gobernantza publikoa" izeneko I. Programaren barruan, "Merkataritza planen diseinua" izeneko 1.2.1 neurria garatzen du, eta arreta berezia jartzen dio toki erakundeek beren udalerrietako merkataritza jardueraren antolamenduan, plangintzan eta dinamizazioan duten funtsezko zeregin estrategikoari.

Neurri horrek jasotzen duenez, Nafarroako merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 18. artikuluaren arabera, toki entitateen udal plan orokorrek nahitaez eduki behar dituzte Merkataritza Erakartzeko eta Antolatzeko Planak (MEAP).

Bigarrena.–Nafarroako Gobernuak garatu eta onartu duen Hurbileko Txikizkako Merkataritza Sustatzeko Plan Estrategikoak (2017-2020) ondorio hau atera du: "hiriguneetako merkataritza desertizazioa", neurri handi batean, "hiriguneetatik urrun dauden merkataritza instalazioak ugaritzearen ondorio izan da", eta adierazten du, halaber, "Nafarroako ipar-mendebaldeko txikizkako merkataritzaren egoerak ahulezia eta mehatxu handiak erakusten ditu, zuzendu edo arindu beharko liratekeenak, jarduketa horietan inplikatuz, bai merkatariak, bai tokiko administrazioak eta bai Nafarroako Gobernua ere. Planteatzen diren ahulezien artean, hurbileko merkataritzan ere ageri direnak, zera dago, "kontsumitzaileek beste merkataritza gune batzuetara jotzea", baina aipatzen da, orobat, "jarduerarik gabeko lokal ugari" daudela, eta "kontzientziazio eskasa dagoela biztanleen nahiz toki administrazioen aldetik, hurbileko txikizkako merkataritzaren garrantziaz".

Hurbileko Txikizkako Merkataritza Sustatzeko Plan Estrategiko (2017-2020) horren diagnostikotik ere, ondorio hauek azpimarra daitezke:

a) Hurbileko txikizkako merkataritzaren garrantzia eta eginkizun soziala.

b) Administrazio publikoek lege eta arau arloko neurriak eta sustapen neurriak eman beharra.

c) Lerro estrategiko eta jarduketa horien inguruko partaidetza zabaldu beharra, toki entitateetara eta Nafarroako Gobernuko lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloan eskumena duen departamentura.

Hirugarrena.–Txikizkako, tokiko eta hurbileko merkataritza elementu sozioekonomiko garrantzitsua da bizitasuna mantentzeko, eta, gehienetan, Baztan-Bidasoa eskualdeko eta Malerrekako udalerrietako herriguneak suspertzeko, gizarte bizitza dinamizatzeko eta saltokiak kokatzen diren inguruneko eraikinak eta espazioak kontserbatzeko. Halaber, Baztan-Bidasoa eskualdeko eta Malerrekako udalerrien aurrerapen ekonomiko eta sozial orekatu eta jasangarriari zuzeneko eta funtsezko ekarpena egiten dion sektore sozioekonomikoa da, eta, bereziki, udalerrien kohesioari eta gizarte orekari ekarpenak egiteko eragile garrantzitsua da, baita hirigintza, arkitektura, historia eta kultura ondarea babesteko ere.

Eskualdeko udalerriak dinamizatzeko elementuak dira, udalerrietako gizartearen aberasgarriak, herriguneak desertizatzea eragozten dute, gizartea dinamizatzeko jarduerak antolatzen dituzte hainbat ekitaldiren bidez, eta udalerri horien garapenerako elementu sozioekonomiko garrantzitsuak dira.

Txikizkako, tokiko eta hurbileko merkataritza txikiaren eredua, eskaintzen duen hurbiltasun, prestasun eta kalitateko zerbitzuarekin, eta gizarte bizitzarako eta ezartzen den inguruko espazio publikoak dinamizatu, mantendu eta kontserbatzeko dituen ondorio positiboekin, bereziki hiriguneak desertizatzea eragotziz, eta horiek mantenduz eta dinamizatuz, zaindu beharreko eredua da, eta, horretarako, hirigintza plangintza eta haietan sartuta Merkataritza Erakartzeko eta Antolatzeko Planak, administrazio publiko eskudunek eskura dituzten tresna garrantzitsuenetakoak dira, batez ere udal eta toki erakunde eskudunek, udalerriaren hirigintza plangintzaren gaineko eskumena eta ahala gauzatzeko, eta, kasua bada, lurralde plangintza egiteko."

2.–2023ko urtarrilaren 18an, jendaurrean egoteko aldia amaitu ondoren, Eskualdeko MEAParen Jarraipen Batzordeak behin betiko onetsi zuen tresna hori.

3.–2023ko otsailaren 22an, herrien arteko administrazio arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen Arantza, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Eratsun, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lesaka, Oiz, Saldias, Urrotz eta Zubietako udalen artean, Baztan-Bidasoa Malerreka eskualdeko merkataritzaren mahaia eratzeko; haren helburu nagusia da lanerako esparru bateratu bat finkatzea merkataritzaren sektorean, udalen eta merkataritzaren sektoreko erakunde ordezkarien artean, tresna bat ezarri ahal izateko, haren bidez antolatzeko elkarrizketa, solaskidetza, informazioa eta jarduerak komunean jartzea, eta merkataritza sustatu, erakarri eta antolatzeko jarduketak definitzeko eskualdean, eta aldi berean, eskualde mailako MEAPen xedatutakoa egiaz ezarri ahal izateko.

Aipatu Merkataritza Mahaia udal horien organo osagarri gisa eratzen da, sektoreen partaidetza errazteko eta izaera aholku emailearekin eta berezko nortasun juridikorik gabea. Tokiko Erakundeen Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoaren Erregelamenduari buruzko azaroaren 26ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 119.1 d), 130 eta 131. artikuluekin bat etorriz sortu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 70. artikuluarekin lotua, bere jarduketa eremuan merkataritzaren sektorea ukitzen duten politika eta ekimenak aurrera eramateko informazioa, proposamenak, kontsulta eta aholkularitza emateko helburuarekin.

4.–Berriki onartu den MEAPean ezarritako orientabideak eta xedeak lortzeko bidea egiten asteko helburuarekin, "Komunitatea Ehunduz Tokiko Merkataritzatik" proiektua Baztan-Bidasoa - Malerreka eskualdeko txikizkako tokiko merkataritzak eraldaketa jasangarria eta lehiakorra lortzeko abiarazitako estrategia indartuko duen trakzioko palanka eta bulkada izan dadin sortu da. Proiektu hori landa eremuetako merkataritza jarduera sustatzeko laguntzen deialdira aurkeztu da, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak martxoaren 28an emandako 73E/2023 Ebazpenaren bidez deitutako deialdira ere aurkeztuko da: toki erakundeentzako dirulaguntzak, merkataritzaren arloko planak prestatzeko; azken deialdi honetara, proiektua prestatzeko kostuei dagokien zatia aurkeztuko da.

Landa eremuetako dirulaguntzen lerroari dagokionez, baliteke udalerri batek laguntza eskaera bat aurkeztea hurbil dauden beste udalerri batzuetako lurralde eremuan gauzatuko den proiektu baterako (5.000 biztanle baino gutxiago, batez beste), baldin eta proiektua gauzatzeko behar diren baimenak baditu, eta kasu horretan, udalerri bakar hori izanen da proiektua gauzatzeko eta justifikatzeko arduraduna.

Nafarroako Gobernuaren laguntzaren kasuan, proiektu osoaren gauzapena bere gain hartzen duen toki entitateak aurkez dezake eskaera.

5.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera:

"1. Administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko entitate bati esleitzen ahalko zaizkio, jarduera horiek haien eskumenen barnean badaude, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badute erakunde horiek [...]".

"2. Kudeaketa esleipenak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen hori baliatzeko funtsezko elementuen lagapena; horrelakoetan, kudeatzeko esleipena ematen duen organoaren ardura izanen da esleipenean emandako jarduera material zehatzari oinarria emanen dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea [...]".

Aipaturiko laguntzen deialdietara aurkeztuko den "Komunitatea Ehunduz Tokiko Merkataritzatik" proiektua behar bezala eta efikaziaz kudeatzeko, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan araututakoarekin bat etorriz, egokia da, efikazia arrazoiak direla eta, Berako Udalari agintzea aurkeztutako proiektuarentzako laguntzen eskaerak aurkezteko beharrezkoak diren jarduerak egin ditzan, harekin lotutako jarduketen tramitazioa egin dezan, eta halaber, proiektua garatu eta gauzatzeko behar diren lanak, hornidurak eta obrak kontratatu eta gauzatu ditzan, esku hartzen duten eta esleipena ematen duten udalen izenean eta haien ordezkaritza baliatuz.

6.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3 b) artikuluan ezarritakoaren arabera, "b) Kudeaketa esleipena Administrazio ezberdinetako Zuzenbide Publikoko Organo eta Erakundeen artean egiten denean, horien arteko hitzarmena sinatuz formalizatuko da, eta hitzarmen hori Estatuko Aldizkari Ofizialean, Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialean edo Probintziako aldizkari ofizialean argitaratuko da, esleipena ematen duen erakundeari dagokion administrazioaren arabera, salbu eta autonomia erkidegoen zerbitzuen kudeaketa arrunta diputazio probintzialek egiten dutenean, edo, kasua bada, uharteetako kabildoek edo kontseiluek, orduan Toki Araubideko legedia bete behar baita".

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 7.1. artikuluko i) eta h) idatz-zatien arabera, haren esparrutik kanpo daude: "Industriaz kanpoko edo merkataritzaz kanpoko jarduerei dagokien eskumenaren kudeaketa batera egiteko lankidetza horizontala, hitzarmen bidez eratu beharko dena" eta "Botere esleitzaile publikoek beren artean edo beste administrazio, erakunde eta entitate publiko batzuekin lotzen ahal dituzten lankidetza hitzarmenak" ere bai.

Era berean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak, uztailaren 2koak, Nafarroako toki entitateen arteko lankidetzaren araubidea arautzen du, eta 70. artikuluan hau ezartzen du:

1. Nafarroako toki entitateek hitzarmenen edo akordioen bidez gauzatzen ahalko dute beren arteko lankidetza, horrela obrak elkarrekin egiteko, zerbitzu komunak emateko edo ondasun eta instalazioak batera erabiltzeko.

2. Hitzarmen edo akordio horietan jasoko dira alderdi sinatzaileen eskubideak eta betebeharrak eta haien iraupenari eta desegiteari buruzko zehaztapenak, eta jarduketa bateratuak egiteko eta sor daitezkeen gatazkak konpontzeko erabili beharreko mekanismoak zehaztuko dira.

Izan ere, Foru Lege horren beraren 59. artikuluaren arabera, toki entitateek lankidetza eta elkarlan teknikak erabiliko dituzte beren arteko harremanak antolatu eta bultzatzeko, kudeaketan eraginkortasun eta errentagarritasun handiagoa lortzeko.

Ildo beretik, 40/2015 Legearen 140.1 artikuluaren arabera, administrazio publikoak beste administrazio batzuekin aritzen dira lanean, eta harremanak dituzte haiekin, besteak beste, printzipio hauek atxikiz:

–Elkarlana, helburu komunak lortzeko gainerako administrazio publikoekin aritzeko betebeharra dela ulertuta.

–Lankidetza, bi administrazio publikok edo gehiagok, beren borondatez eta beren eskumenak erabiliz, berariazko konpromisoak hartzen dituztenean, ekintza komun baten alde.

–Efizientzia, baliabide publikoen kudeaketan, baliabide komunen erabilera partekatuz, salbu eta ezin bada, edo aprobetxamendu hobearen arabera justifikatzen bada.

–Erantzukizuna, Administrazio publiko bakoitzaren aldetik, bere betebeharrak eta konpromisoak betetzeko.

Era berean, 40/2015 Legearen 47.1 artikuluari jarraiki, herri administrazioek ondorio juridikoak dituzten akordioak hartzen ahalko dituzte, eta lankidetza hitzarmentzat hartuko dira, helburu hauek dituztenean: kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetzea, baliabide eta zerbitzu publikoen erabilera bateratua erraztea, onura publikoko jarduerak egiten laguntzea eta aurrekontuen egonkortasunari eta finantzen jasangarritasunari buruzko legeria betetzea. Ildo beretik, 40/2015 Legearen 144. artikuluak administrazio publikoen arteko lankidetza teknikak arautzen ditu, izan ere, lankidetza printzipioa betetzeko era desberdinetako teknikak baliatzen ahal dira, esaterako, beste administrazio publiko batzuei bitarteko materialak, ekonomikoak edo pertsonalak ematea, edo administrazioen arteko lankidetza, gai zehatz bati buruzko araudia modu koordinatuan aplikatzeko, eta kasu horretan, dagokion lankidetza hitzarmenaren bidez formalizatu behar da.

7.–Azaldutakoa oinarri hartuta, eta kudeaketa publikoaren efikazia, efizientzia eta errentagarritasun printzipioak aplikatuz, eta orobat lankidetza eta elkarlan ekonomiko eta teknikoari dagozkionak, aldeek hitzartu dute KUDEAKETA AGINDU hau ematea, eta hori gauzatzea edo tresna bihurtzea Herriarteko Lankidetzarako Administrazio arteko Hitzarmen baten bidez, eta, hartan ezartzea "Komunitatea Ehunduz Tokiko Merkataritzatik" proiektuaren lizitazio, kontratazio eta egikaritzeko terminoak eta baldintzak (ordainsari teknikoak barne), landa eremuko merkataritza jarduera sustatzeko laguntzen deialdiekin lotutako izapide administratibo guztiak egiteko, bai eta proiektua garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren lanak, hornidurak eta obrak kontratatzeko ere, erakunde mandatarien izenean eta haien ordezkaritza egikarituz.

Horretarako, alderdiek, egintza honetan esku hartzeko elkarri gaitasun eta eskumen nahikoa aitorturik, KUDEATZEKO AGINDU hau ematea erabaki dute, eta, hori gauzatzeko, Herri arteko Lankidetzarako Administrazio arteko Hitzarmen hau sinatu dute, klausula hauei jarraiki:

Xedapenak:

Lehena.–Agindutako jarduera.

Parte hartzen duten udalek Berako Udalari esleitzen dizkiote "Komunitatea Ehunduz Tokiko Merkataritzatik" izeneko proiektuaren lizitazio, kontratazio eta gauzatzeko jarduerak (hura prestatzeko ordainsari teknikoak barne), eta, horretarako, aipatutako laguntzen deialdiekin lotutako izapide administratibo guztiak egitea, bai eta proiektua garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren lanak, hornidurak eta obrak kontratatzea ere, esku hartzen duten udalen izenean eta haien ordezkaritza egikarituz.

Jarduera material horren barnean sartuko da, proiektua gauzatzeko edo garatzeko fasean, proiektuan parte hartzen duen udalerri bakoitzaren lurralde eremuan, proiektuaren jarduketa zehatzak han egitekoak direnean, eman, entregatu eta gauzatu behar diren zerbitzuak, hornidurak eta obrak kontratatzea. Horrek ez du esan nahi udal bakoitzak bere lurraldean zerbitzu, hornidura eta obra horiei buruz dituen eskumenen titulartasunaren lagapenik egin behar duenik, ez eta titulartasuna egikaritzeko funtsezko elementuena ere. Beraz, Berako Udalari dagokio zerbitzu, hornidura eta obra horiek lizitatu eta kontratatzea, baina Udal bakoitzari dagokio, bere lurraldean, horien gauzapena eta emaitza hartu, gainbegiratu eta zuzentzeko ardura, eta harena izanen da, orobat, horien ondoriozko elementuen titulartasuna ere.

Bigarrena.–Alderdien eskubideak eta betebeharrak.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute interes komuneko jarduketa hauek egiteko:

1. Kudeaketa esleipenaren xede diren jarduera materialak gauzatzea:

1.1. Berako Udalak agindutako jarduera materialak eginen ditu eta, horretan oinarrituta, honako hauek:

a) Laguntzak eskatu, kudeatu eta justifikatzeko jarduera materialak egitea, proiektuak beharrezkoak dituen jarduketetarako zerbitzuak, hornidurak eta obrak kontratatzearen ondoriozko gastuei dagokien dirulaguntza lortzeko, fase bakoitzean (prestaketa eta gauzapena), deialdi hauetan: dirulaguntzak landa eremuetako merkataritza jarduerari laguntzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan; dirulaguntzak toki erakundeentzat, merkataritza arloko planak prestatzeko.

Horretarako, Udalak bere baliabideak erabiltzen ahalko ditu, eta toki erakundeek partekatzen dituzten baliabide teknikoak ere bai, hala nola CEDERNA-GARALUR eta udal bakoitzak haren eskura jartzen ahal dituen bitartekoak, bereziki udalerri bakoitzeko lurraldean gauzatu beharreko jarduketei dagokienez.

b) Unean uneko espedienteak prestatu eta onesteko jarduera materiala egitea, bai eta lizitazioa eta esleipena ere, proiektua gauzatu eta garatzeko beharrezkoak diren zerbitzu, hornidura eta obrak kontratatzeko. Horretarako, udal bakoitzeko udal zerbitzuen laguntza izanen du, kasuan kasuko administrazio kontratazioaren agirien zirriborroak prestatzeko, udalerri bakoitzean gauzatu beharreko jarduketei dagokienez.

c) Proiektuarekin zerikusia duten edo hortik eratortzen diren kontratu eta jarduera bakoitzari dagozkion zenbatekoak ordaintzea, udal bakoitzak udalerri bakoitzean egin behar diren jarduketei buruz oniritzia eman ondoren.

1.2. Parte hartzen duten gainerako toki entitateek konpromiso hauek hartzen dituzte:

a) Bakoitzak, bere udal mugapeko lurraldean gauzatu beharreko zerbitzu, hornidura eta obrei dagokienez, haien gauzapena eta emaitza gainbegiratu, zuzendu eta jasotzea.

b) Dokumentu honetan adierazten diren konpromiso ekonomikoak betetzea.

c) Berako Udalaren eskura jartzea proiektua gauzatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak, hornidurak eta obrak kontratatzeko administrazio kontratazioaren agirien zirriborroak prestatzeko beharrezkoak diren eta udal bakoitzak eskaintzen ahal dituen zerbitzuak eta baliabideak, udalerri bakoitzeko lurraldean egin beharreko jarduketei dagokienez.

2. Konpromiso ekonomikoak.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan landa eremuetako merkataritza jarduera sustatzeko dirulaguntzen deialdiak jarduketen %100ean finantzatzen ditu aurkezten diren eta laguntza lortzen duten jarduerak eta proiektuak, prestakuntza jarduerak izan ezik, horien finantzaketa %80koa izaten baita.

Merkataritzaren arloko planak egiteko laguntzei dagokienez, %60ko dirulaguntza lortzen ahal da, gehienez ere 2.000 euroko zenbatekoarekin, Europako funtsen laguntza jasotzen ahal duten proiektuak zehaztu eta prestatzeko aholkularitza teknikoa finantzatzeko.

Parte hartzen duten alderdiek onartzen dute finantzaketaren %100 dirulaguntzen bidez lortzen ez duten jarduketen zenbatekoak, eta BEZaren zenbatekoa, laguntzarik gabekoa bada, eta orobat, deialdi honen edo beste baten dirulaguntzarik lortzen ez duten ordainsarien ehunekoak, portzentaje edo zenbateko hauen arabera finantzatzea:

–Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren laguntzak eskuratzeko proiektua idaztea (udalerri bakoitzeko biztanle kopurua eta merkataritza jardueren kopurua kontuan hartzen dituen formula adostuaren arabera). Horren kostua merkataritzaren arloko planak egiteko laguntzen deialdian aurkeztuko da:

UDALERRIA

ZENBATEKOA
(eurotan)

Arantza

219,85

Beintza-Labaien

200,00

Bera

2586,40

Bertizarana

238,71

Donamaria

200,00

Doneztebe

1411,41

Eratsun

200,00

Etxalar

348,77

Ezkurra

200,00

Igantzi

251,37

Ituren

200,00

Lesaka

1517,04

Oiz

200,00

Saldias

200,00

Urrotz

200,00

Zubieta

200,00

Baztan

3623,60

Guztira

11997,15

–Proiektuaren jarduketen gainerako zerbitzuak, hornidurak eta obrak, horien kostua aurkeztuko baita landa eremuetako merkataritza jarduera sustatzeko laguntzen deialdian, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan: Laguntza horrek finantzatuko ez duen zatia toki erakunde parte-hartzaileek hartuko dute beren gain, udalerri bakoitzeko saltoki kopuruaren arabera eta jarduketaren esparrua kontuan hartuta. Jarduketa komunen kasuan, zenbateko osotik udalerri bakoitzak bere gain hartu beharreko ehunekoa kalkulatuko da, udalerri bakoitzeko saltokien arabera, guztizkoarekiko (ikus hurrengo taula), eta udalerri guztiak hartzen ez dituzten jarduketen kasuan, haietan inplikatuta dauden udalerrietako saltokien ehunekoaren arabera kalkulatuko da.

UDALERRIA

DENDA KOP.

PORTZENTAJEA

Arantza

3

0,92

Beintza-Labaien

0

0,00

Bera

61

18,77

Bertizarana

5

1,54

Donamaria

0

0,00

Doneztebe

65

20,00

Eratsun

0

0,00

Etxalar

8

2,46

Ezkurra

0

0,00

Igantzi

5

1,54

Ituren

2

0,62

Lesaka

57

17,54

Oiz

0

0,00

Saldias

0

0,00

Urrotz

1

0,31

Zubieta

1

0,31

Baztan

117

36,00

GUZTIRA

325

100

Alde horretatik, parte-hartzaileek konpromiso hauek hartzen dituzte:

a) Proiektuko jarduketen zerbitzuak, hornidurak eta obrak kontratatzearen ondoriozko gastuak ordaintzeko ekarpen ekonomikoak egitea, aipatutako portzentajeen eta zenbatekoen arabera, lortutako laguntza aldez aurretik jasotzea ezinezkoa bada.

b) Udal aurrekontuetan behar diren kontu sailak prestatzea, eta dagozkien ekarpenak egitea Berako Udalari, Udalak eskaera egiten dien unean, proiektuaren jarduketetako zerbitzuak, hornidurak eta obrak kontratatzearen ondoriozko gastuei aurre egin ahal izateko.

c) Berako Udalaren kasuan, haren ardura izanen da:

–Udal bakoitzari dagozkion ekarpenak eskatzea, proiektuak eragindako gastuak ordaindu ahal izateko. Ekarpen horiek aldez aurretik eskatzen ahalko dira, dagokion justifikazioa aurkeztuta;

–Eragindako gastu horiek ordaintzea;

–Gastuen justifikazioak aurkeztea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruaren barruan landa eremuetako merkataritza jarduera sustatzeko laguntzen deialdirako, eta ahal izanez gero, zerbitzu, hornidura eta obrak egiteari dagozkien zenbatekoak aldez aurretik ordaintzeko eskatzea;

–Proiektuaren gastuak justifikatzea Baztan-Bidasoa - Malerreka Merkataritza Mahaiaren aurrean, hura eratu baita Kudeaketa Agindu honen Jarraipen Batzordearen eginkizunak betetzeko;

–Udal bakoitzak funtsak aurreratzea beharrezkoa bada, proiektuaren ondoriozko gastuak ordaintzeko, jasotako laguntzen edo diru-laguntzen zenbateko proportzionala edo guztizko zenbatekoa udal bakoitzari ordaintzea, %100 finantzatzen direnen kasuan.

3. Zerbitzu, hornidura eta obren titulartasuna.

Proiektuaren garapenaren eta gauzapenaren esparruan lizitatzen, kontratatzen eta gauzatzen diren zerbitzuen, horniduren eta obren kasuan kasuko kontratuaren eta horien ondoriozko elementuen emaitzaren gaineko titulartasuna udal bakoitzarena izanen da, udalerri bakoitzean gauzatzen diren jarduketei dagokienez.

4. Datuen tratamendua.

Berako Udalaren ardura izanen da kudeaketa esleipena betetzeko eginkizunetan eskuratzen ahal dituen datu pertsonalen tratamendu egokia, eta beraz, aplikagarria izanen zaio datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoa.

Hirugarrena.–Jarraipen Batzordea.

Kudeaketa esleipenaren betearazpenaren eta hitzarmen honetan parte hartzen duten erakundeek hartutako konpromisoen jarraipen, zaintza eta kontrol egokia egiteko, Baztan-Bidasoa - Malerrekako Merkataritza Mahaiak beteko ditu "Komunitatea Ehunduz Tokiko Merkataritzatik" proiektuaren Jarraipen Batzordearen eginkizunak.

Laugarrena.–Indarraldia.

Kudeaketa esleipena sinatzaileek sinatzen duten egunean jarriko da indarrean, eta indarrean jarraituko du "Komunitatea Ehunduz Tokiko Merkataritzatik" proiektuaren ondoriozko jarduketak erabat amaitu arte, eta erakunde sinatzaileek hartutako betebehar eta konpromiso ekonomikoen dirulaguntzak eta likidazioak kudeatzen, kobratzen eta likidatzen bukatu arte.

Bosgarrena.–Aldaketak eta ez-betetzeak.

5.1.–Kudeaketa esleipenaren eta berau gauzatzen duen Hitzarmenaren aldaketa egiteko, erakunde sinatzaileek berariaz eta idatziz adostu beharko dute.

5.2.–Hitzarmena sinatu duen erakunderen baten finantza eta ekonomia arloko betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez badira, Berako Udalak ahalmena izanen du dagozkion zenbatekoak erreklamatzeko behar diren ekintzak aitzina eramateko, kalte-galeren eta interesen ordaina barne.

Kasu horretan, Berako Udalak errekerimendu bat jakinaraziko dio hitzartutakoa bete ez duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan ez-betetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren betearazpenaren Jarraipen Batzordeari jakinaraziko zaio. Errekerimenduan adierazitako epea igaro eta ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, Berako Udalak ez-betetzaileari jakinaraziko dio, bai eta Jarraipen Batzordeari ere, hitzarmena bertan behera uzteko arrazoia gertatu dela, eta, adierazi den bezala, Berako Udalak ahalmena izanen du dagozkion zenbatekoak erreklamatzeko beharrezkoak diren ekintzak aitzina eramateko, kalte-galeren eta interesen ordaina barne.

Seigarrena.–Publizitatea.

Hitzarmen honen testua, Kudeaketa Esleipenarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Berako Udalaren esku utzita, bai argitaratzea, bai tramitazioa ere.

Zazpigarrena.–Esleitutako kudeaketaren izaera eta irismena.

Hitzarmen hau toki erakundeen arteko kudeaketa esleipen bat formalizatzeko tresna da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluari jarraiki. Izaera eta ezaugarri administratiboak ditu, eta, beraz, lehenik eta behin, bere barnean jasotzen denaren arabera arautuko da, eta bertan arautzen ez den guztian, 40/2015 Legeak, Kudeaketa Aginduei buruzkoan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean administrazioen arteko lankidetza edo elkarlan hitzarmenetarako araututakoaren arabera.

Hitzarmena gauzatzeari edo interpretatzeari buruz sortzen diren eztabaidak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren eskumenekoak izanen dira.

Eta gorago jasotako guztiarekin adostasuna erakusteko, hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goian adierazitako lekuan eta egunean.

Sinadura digitalak.

Iragarkiaren kodea: L2311196