Iragarkia
182. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ANTSOAIN
Lursailen eta orubeen garbiketa eta orubeen hesitzea arautzen dituen Ordenantzaren behin betiko onespena
Antsoaingo Udalak, 2023ko apirilaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen bide publikoari buruzko ordenantzaren aldaketa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoa betez, espedientea jendaurrean egon zen 30 egun baliodunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita (2023ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 16koa), interes legitimodunek azter zezaten, eta egoki jotzen ahal zituzten erreklamazio, eragozpen edo oharrak aurkez zitzaten, jarritako epearen barnean.
Erreklamazio, eragozpen edo oharrik egin ez denez, egokia da lursailen eta orubeen garbiketa eta orubeen hesitzea arautzen dituen Ordenantza argitaratzea.
Antsoainen, 2023ko abuztuaren 3an.–Alkatea, Marta Díez Napal.
Lursailen eta orubeen garbiketa eta orubeen hesitzea arautzen dituen Udal Ordenantza
ZIOEN AZALPENA
Udal mugarteko orubeen eta lursailen garbitasuna eta itxiturak egoera txarrean izateak ondorio negatiboak eragiten ahal ditu, bai osasungarritasun eta higiene publikoaren ikuspegitik, bai ikuspegi estetikotik ere.
Azaldu diren ikuspegiak aintzat hartuta, beharrezkoa da Udalak esku hartzea, hirigintza arloaren esparruan, udalerri guztian aplikatuko den tresna juridiko arin eta eraginkor bat sortuz, aipatutako lursailen apaindura eta garbiketa mailan hobekuntza nabarmena lortzeko baliagarria izanen dena.
Ordenantza honek jaso eta garatzen du lursailen jabeen betebeharra, horiek egoera onean izateko, segurtasunaren, osasungarritasunaren, apaindura publikoaren eta bizitzeko baldintzen aldetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1 b) artikuluan ezarritakoa betez, horixe baita lege oinarria.
Ordenantza honen bidez arautzen dira orubeak garbitu eta hesitzeko betebehar material eta formalak, eta orobat, zehapena, horiek kontserbatzeko legezko betebeharra ezinbestez betearazteko, baita betearazpen subsidiarioa ere, jabe batzuek ezer egiten ez badute Udalak emanen duen erantzun gisa.
Gainera, Udalak egin beharreko lanak erraztu nahi dira, aldez aurretik behar den aurrekontu-zuzkidura jarrita, horrek sortu dituen gastuak itzultzeko bermearekin, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 102.3 eta 4 artikuluan xedatutakoarekin.
Ordenantza honen bitartez, eta Toki Araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearekin, Kode Zibilarekin eta aplikatu beharreko beste zeinahi araudirekin bat etorriz, Antsoaingo Udalak ingurumenarekin lotura duten jarduerak eta jokabideak erregulatzeko asmoa du, lursailak eta eraikinak garbi egon daitezen eta, horrenbestez, ez dadin gertatu ez suterik ez izurririk.
Ordenantza hau nahitaez bete behar dute Antsoaingo Udalaren udal mugartean lursailak edo eraikinak dituzten pertsona fisiko nahiz juridiko guztiek.
I. KAPITULUA.–ARAU OROKORRAK
1. artikulua. Mantendu eta kontserbatzeko funtsezko betebeharra.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1.b) artikuluaren arabera, lursail eta eraikin mota guztietako jabeek egoera egokian mantendu behar dituzte, segurtasunari, osasungarritasunari, apaindura publikoari eta bizitzeko baldintzei dagokienez, kasuan kasuko erabileraren arabera, behar diren lanak eginez haien egoera kontserbatu edo konpontzeko, eta beharrezkoak edo eskatzen ahal diren zerbitzuez hornitzeko, betiere ondasunaren erabilera eta ezaugarriak kontuan harturik.
Ordenantza honek osasunari eta segurtasunari lotutako alderdiak eta alderdi tekniko huts zenbait lantzen dituenez, hiri poliziaren arloko ordenantza da, loturarik gabea planeamendu zehatz baten jarraibideekin, eta bere bidea egiten ahal du, plangintzetatik kanpo ere.
2. artikulua. Definizioak.
Ordenantza honi dagokionez, hona zenbait hitzen esanahia:
a) Orubetzat hartuko dira eraikitzeko egokiak diren hiri lurzoruko lurrak, LAHFLTBren 91. artikuluko baldintzak betetzen badituzte.
b) Hiri lurzorua (hiri lurzoru finkatua eta hiri lurzoru finkatugabea kategoriak sartzen dira): Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 90. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituen lurzorua.
c) Lurzoru urbanizaezina: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 92. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituen lurzorua.
d) Lurzoru urbanizagarria: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 93. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituen lurzorua.
e) Orubea hesitzea: eraikuntza berriko kanpoko obra, aldi baterakoa, orubea fisikoki ixteko beste xederik ez duena.
3. artikulua. Aplikazio eremua.
Ordenantza hau aplikatuko da hiri lurzoruko eremu urbanizagarrietan nahiz urbanizaezinetan.
Hiru eremu bereizten dira Antsoaingo hiri lurzoruan. 1. zonan nahitaezkoa izanen da garbitzea eta hesiak jartzea; 2. zonan eta 3. zonan, berriz, garbiketa bakarrik izanen da nahitaezkoa.
4. artikulua. Behartuta dauden subjektuak.
Ordenantza honetan zehazten diren garbiketa eta hesitze betebeharrak lursailen eta eraikinen jabeei dagozkie.
Oraindik zatitu eta esleitu gabeko jaraunspenak dituzten orube eta lursailen kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen komunitatearen ordezkaritzat hartuko baita ondorio horietarako. Arau horiek pertsona juridikoei ere aplikatuko zaizkie.
5. artikulua. Udalaren ikuskapena.
Hirigintza zerbitzuen arloak eta arlo horretako teknikariek, eta orobat Udaltzaingoak ere, ahalmena izanen dute udal mugarteko orubeak eta lursailak ikuskatzeko, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.
6. artikulua. Zonifikazioa.
Ordenantza honen aplikazio eremuak ezarri dira, eta grafikoki azaldu dira II. eranskineko planoan.
1. zona izanen da II. eranskineko planoan INDUSTRIA, HIRUGARREN SEKTORE ETA MERKATARITZA ERABILERAKO HIRI LURZORU FINKATUA izenez ageri dena grafikoan.
2. zona izanen da II. eranskineko planoan BIZITEGIRAKO HIRI LURZORU FINKATUA, HIRIGUNE KONPLEXUA izenez ageri dena grafikoan.
3. zona izanen da II. eranskineko planoan BIZITEGITARAKO HIRI LURZORU FINKATUA, LANDA NUKLEO TRINKOA izenez ageri dena grafikoan.
4. zona izanen da II. eranskineko planoan LURZORU URBANIZAGARRIA izenez ageri dena grafikoan.
5. zona Antsoaingo GORDE BEHARREKO LURZORU URBANIZAEZINA da, bere azpikategoria guztietan, Udal Plan Orokorrean jasotzen diren bezala.
6. zona izanen da Antsoaingo BABESTU BEHARREKO LURZORU URBANIZAEZINA, bere azpikategoria guztietan, Udal Plan Orokorrean jasotzen diren bezala.
II. KAPITULUA.–LURSAILEN ETA ORUBEEN GARBITASUNA
7. artikulua. Garbitzeko betebeharra.
Eraikinetan eta lursailetan zaborrak edo hondakinak botatzen dituen pertsonaren erantzukizuna ukatu gabe, eraikin eta lursailen jabeak horiek garbi izateko betebeharra du.
Orubeak garbi egonen dira beti, batere hondakinik edo berezko landarerik gabe, inolako hondakin organiko edo mineralik gabe, janaririk edo babeslekurik aurkitu ez dezaten ez landareek ez animaliek ere, eritasunak eraman eta kutsatzen ahal baitituzte, eta kiratsik ere sor ez dadin.
Lursailek garbi egon behar dute beti, batere hondakinik edo berezko landarerik gabe, inolako hondakin organiko edo mineralik gabe, janaririk edo babeslekurik aurkitu ez dezaten ez landareek ez animaliek ere, eritasunak eraman eta kutsatzen ahal baitituzte, eta kiratsik ere sor ez dadin. Era berean, lursailetan dauden putzuak edo desnibelak babestu edo ezabatu behar dira, istripurik ez egoteko.
8. artikulua. Sastraka kendu eta garbitzea.
1. Jabeek lursailak eta orubeak sastrakarik gabe mantendu beharko dituzte, landare geruza, material sukoiak edo suteak eragin ditzaketen materialak kenduta. Gainera, jabeen ardura da material horiek biltzea eta ezabatzea, baita beren lursail eta orubeetan uzten den beste edozein material ere.
2. Aurreko puntuan aipatzen diren betebeharrak nahitaezkoak dira hiri lurzoruetan urte osoan (1., 2. eta 3. zonak).
3. Udalak aitzineko apartatuan zehazten den betebeharra betetzen den egiaztatzen ahal du, eta betetzen ez bada, modu subsidiarioan egiten ahal du sastrakak kendu eta garbitzeko lana, ordenantza honetan ezartzen denarekin bat etorriz.
9. artikulua. Zaborrak eta beste hondakin batzuk botatzeko debekua.
Debeku da era guztietako lursailetan eta eraikinetan zaborra, obra hondakinak, altzariak, etxetresnak, hondakin materialak eta, oro har, edozein motatako hondakinak botatzea.
Horiek guztiak, zuzenbidearen arabera orubeen jabe izan eta arauak betetzen ez dituzten pertsonei dagokienez abiatzen ahal diren ekintzak galarazi gabe, izan ere, horrez gain, zorrotz zigortuko ditu horretarako eskumena duen udal erakundeak.
10. artikulua. Alkatetzari jakinaraztea.
Dela Antsoaingo Udalak aldez aurretik ohartarazita izan, dela orubearen jabearen borondatez izan, orubeen garbiketak Udalari jakinarazi behar zaizkio, besterik gabe, egiten hasi aitzinetik, idazki baten bidez, garbiketa lanak hasteko eta bukatzeko aurreikusten diren egunak adierazita. Garbiketa lan horiek ez dute eraikinen, instalazioen eta obren gaineko zergarik izanen.
III. KAPITULUA.–ORUBEAK HESITZEA
11. artikulua. Behin-behinean hesitzeko betebeharra.
Zaborrak, altzariak, materialak eta bestelako hondakinak botatzea eragozteko, eta gure herria apainago egon dadin, herritarrak, bisitariak eta turistak gustura ibil daitezen, nahitaezkoa izanen da 1. zonan dauden orubeak behin-behinean hesitzea.
Hiri-lurzoruan dagoen eraikin bat eraitsi ondoren soildu diren orubeen kasuan, eraitsi eta 12 hilabeteko epean orubean eraikin berririk eraikitzen hasten ez bada, nahitaez egin beharko da behin-behineko hesia.
Betebehar horrek ez du alde batera uzten eraikuntza berriko obrak edo eraispenekoak egiten direnean segurtasun neurri gisa jarri beharreko babes hesia, zeinak obra bakoitzaren araberako ezaugarriak izanen baititu; Udalak baimenduko ditu, egitekoak diren obren aurretik edo aldi berean.
Orubeak eta ekipamenduetarako lurzatiak hesitu betebeharretik salbuetsita geratzen dira.
II. eranskinean zehaztutako 2. zonan kokatutako orubeek behin-behineko hesia egiten ahalko dute, higiene irizpideak aintzat hartuta, baldin eta udal baimena eskatzen eta lortzen badute, eta Udal Plan Orokorrean eta indarrean dagoen gainerako araudian ezarritakoaren arabera.
12. artikulua. Hesia berriz jartzea.
Jabearen betebeharra da, halaber, hesia berriz jartzea, edozein arrazoirengatik kalteak izan baditu edo hondatu bada edo erabat edo hein batean eraitsi bada. Ordenantza honetan ezarritako zehaztapenak betez jarriko da berriz.
13. artikulua. Hesien ezaugarriak.
Orube bat hesitutzat jo dadin, ordenantza honen ondorioetarako, honako ezaugarri hauek bete beharko ditu hesiak:
a) Lerrokadura ofizialaren luzera osoa hartuko du, eta errespetatuko ditu udal plangintzak lurzoru publikoa handitzeko aurreikusten dituen atzeraemanguneak eta lagapenak, halakorik balego.
b) Hesiak egonkorra izan behar du eta oinezkoen segurtasuna bermatu behar du.
Mugakideen artean behin-behineko itxiturak egiten ahalko dira, segurtasun eta garbiketa irizpideak soilik kontuan hartuta.
Behin betiko itxiturak plangintzan zona homogeneo bakoitzerako egindako aurreikuspenera egokituko dira.
Ordenantza honetan definitzen diren behin-behineko itxiturak honelakoak izanen dira:
1. 1. zonako espazio publikoaren ondoko itxiturak:
–Bihurdura bakuneko edo elektro soldatuko sare edo burdin hesi metalikoak izanen dira, akabera galbanizatuan edo kolore ilunetan. Garaiera 2 metrokoa izanen da.
2. Mugakideen arteko itxiturak:
–Bihurdura bakuneko edo elektro soldatuko sare edo burdin hesi metalikoak izanen dira, akabera galbanizatuan edo kolore ilunetan. Garaiera 2 metrokoa izanen da.
3. Kasu guztietan, orubera sartzeko ate bat jarriko da, behar bezalako erresistentzia eta segurtasun baldintzekin, izan daitezkeen hondakinak garbitu eta kentzeko moduko neurrikoa, ibilgailu bat sartzeko adinakoa, gutxienez 2,5 metroko zabalerarekin.
4. Kasu guztietan, hesia eraikitzeko materialek bete beharreko ezaugarriek egokiak izan behar dute haren egonkortasuna eta egoera onean kontserbatzea bermatzeko.
Behin-behineko itxiturak eraitsi egin beharko dira eta/edo plangintzaren aurreikuspenetara egokitu, hura garatzen edo gauzatzen denean.
14. artikulua. Hesiaren lerrokadura.
Hesiaren lerrokadura ez dago eraikuntzarako lerrokadura ofizialaren mende eta ez dio horri eragiten. Horrenbestez, jabeak ezin du aitzakiatzat hartu orubearen eraikuntzarako lerrokadura, udal lizentzia ematean edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztean berariazko ohartarazpenik egiten ez denean ere ez.
15. artikulua. Hesitzeko lizentzia.
Orubeen jabeek hesia jartzeko udal lizentzia eskatu behar diote Udalari, nahita ez, edo kasua bada, erantzukizun adierazpena aurkeztu.
Lizentzia eskaerarekin batera aurkeztu beharreko gutxienekoak: orubea identifikatzeko datuak, haren kokalekuaren planoa, erabiliko diren materialen deskribapena eta obrarako kalkulatu den aurrekontua.
IV. KAPITULUA.–UDALAREN ETA ORUBEEN ARTEKO HITZARMENAK ORUBEAK ALDI BATERAKO ERABILTZEKO
16. artikulua. Orubeen behin-behineko erabilera.
Orubeen jabeak ordenantza honen araberako betebeharretatik aldi baterako salbuesteko eta orubeen aprobetxamendu publikoari bide emateko, Udalak, jabeekin ados jarrita, orubeen behin-behineko erabilera hauek sustatzen ahalko ditu:
1. Jostalekua.
2. Ibilgailuentzako aparkaleku publikoak.
3. Interes publikoko beste erabilera batzuk.
Horretarako, aldez aurretik lankidetza hitzarmena sinatu beharko da orubearen jabe guztien eta Udalaren artean, eta horren bidez Udalak eta jabeek adostuko dituzte orubea egokitzeko egin behar diren obrak eta sortzen diren gastuen banaketa.
Behin-behineko erabilera horiek bertan behera utziko dira eta dagozkien instalazioak desmuntatu edo eraitsiko dira, Udalak erabakitzen duenean edo jabeak orubeari erabilera pribatua eman nahi dionean.
V. KAPITULUA.–PROZEDURA
17. artikulua. Arauak aplikatzea.
Ordenantza honetan zehazten diren arauak orubea hesitzen bada aplikatuko dira, baita orubeetan eta beste eraikin eta lursailetan ordenantzan erregulatzen diren garbiketa eta sastraka kentzeko lanak egiten direnean ere.
18. artikulua. Espedientea irekitzea.
Orube baten garbiketa, sastraka kentzea eta/edo hesitzea egiteko errekerimendu espedienteak ofizioz edo edozein interesdunek eskaturik has daitezke.
19. artikulua. Errekerimendua eta epeak.
Alkatetzaren dekretu bidez espedientea abiarazten delarik, errekerimendua eginen zaie jabeei, beharrezko lanak edo obrak egin ditzaten, ordenantza honetan ezartzen dena betetzeko.
Ebazpenak adieraziko du zein diren lanak egiteko baldintzak eta epeak, agindu den jarduketaren funtsaren arabera.
Betearazteko aginduak ez du kentzen jabearen betebeharra jarduketa dagokion zuzendaritza teknikoaz hornitzeko, beharrezkoa izanez gero.
20. artikulua. Zehapen espedientea irekitzea.
Agindutako jarduketa gauzatzeko eman den epea amaitu eta errekerimenduari erantzun ez bazaio, eta hurrengo artikuluetan arautzen den betearazpen subsidiariorako ahalmena erabiltzea galarazi gabe, hirigintzako arau-haustearen ondoriozko zehapen espedientea irekitzen ahalko da, bidezko tramiteen ondoren, kasuan kasuko zehapena ezartzeko, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren arabera.
1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 214. artikuluan jasotzen den bezala, higiene, osasun eta estetika baldintzei buruzko arauak eta eraikuntzari buruzko ordenantzen edo urbanizazio proiektuaren beste zehaztapen batzuk ere ez betetzea arau-hauste arina da, eta 300 eta 6.000 euro bitarteko zehapenak ekartzen ahal ditu. Unean-unean indarra duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.
21. artikulua. Betearazte subsidiarioa.
Alkatetzak egindako errekerimendua betetzen ez bada, Udalak nahitaez betearazteko ahalmena erabiltzen ahalko du, orubea garbitzeko eta/edo hesitzeko lanak egiteko.
Ondorioz, Udal Zerbitzu Teknikoek, dagokion txostenaren bidez, nahitaezko betearazpenak ukitzen dituen lursailetan eta eraikinetan zer lan edo obra egin behar diren zehaztuko dute, 7. eta 8. artikuluetan ezartzen diren kasuetarako izan ezik, horietarako ez baita txosten teknikorik egin behar.
Nahitaezko betearazpenaren prozedura abiarazten delarik, interesdunari jakinaraziko zaizkio ahalmen hori erabiltzeko asmoa eta dagokion aurrekontua, eta entzunaldia emanen zaio, hamar eguneko epean, alegazioak egiteko aukera izan dezan.
Aurrekontu horretan, lanei eta obrei dagozkien gastuez gain, EIOZ zergari dagozkion zenbatekoak, Udalari ordaindu ez zaizkionak, hartuko dira kontuan, baldin eta jarduera zerga horri lotuta badago.
22. artikulua. Betearazpenaren ebazpena.
Entzunaldiaren epea amaituta, Alkatetzaren ebazpen bidez ebatziko dira formulatu diren alegazioak eta, kasua delarik, orubean garbiketa, sastraka kendu edo hesitze lanen betearazpen subsidiarioa aginduko da.
Lan horiek Udalak berak eginen ditu edo, bestela, pertsona edo enpresa bat hautatuko du horretarako, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearekin bat etorriz. Esleipen hori udal aurrekontuaren kargura eginen da, hots, dagokion aurrekontu aplikazioaren kargura.
23. artikulua. Garbiketa, sastraka kentzea, garbiketa eta mantentze lanak modu subsidiarioan egiteko sarbidea nahitaez eman beharra.
Mota guztietako lurzoruen jabeek, orubeak garbitzeko, sastraka kentzeko eta/edo hesitzeko lanak subsidiarioki egitea agintzen denean, haietarako sarbidea erraztu beharko dute.
24. artikulua. Gastuak kobratzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 102. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, betearazpen subsidiarioaren ondoriozko gastuak eta kalteak subjektu behartuaren kargura izanen dira, eta administrazio premiamenduaren bidez eskatzen ahalko dira.
Behin betiko likidazioa egiten ez den bitartean, behin-behinean likidatzen ahalko da delako zenbatekoa, eta lanak hasi aitzin egin.
25. artikulua. Errekerimendu orokorra.
Alkatetzak, behar den bandoaren bidez, ordenantza honetako betebeharrak gogorarazteko aukera izanen du.
26. artikulua. Isunak.
Udaltzainek aldez aurretik akta egin edo salaketa jarrita, 9. artikuluan ezarritako debekua hausten dutenek zehapena jasoko dute.
23. artikuluan ezarritako betebeharra betetzen ez dutenek zehapena jasoko dute, akta egin ondoren.
Gai honi dagozkion arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izanen dira, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 140. artikuluarekin. Zehapen ekonomikoen mugak lege beraren 141. artikuluari jarraikiz ezarriko dira. Artikulu horretan arau-hauste oso larrien kasuan 3.000 euroko muga ezartzen da, larrien kasuan 1.500 eurokoa eta arinen kasuan 750 eurokoa.
Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Xedapen iragankorra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, gehienez ere 2 hilabeteko epea egonen da 7. eta 8. artikuluetan zehaztutako betebeharrak betetzeko (orubeak garbitu eta sastraka kentzea), eta gehienez 6 hilabeteko epea, 11. artikulutik 15.era (orubeak hesitzea) zehaztutako betebeharrak betetzeko.
I. ERANSKINA.–Orubeak garbitzeko eta mantentzeko lanen betearazpen subsidiarioaren tasak
1. Orubeen mantentze, garbiketa eta hesitze lanak subsidiarioki egiteko tasak hauek dira:
1.1. Orubeak garbitzeko eta sastraka kentzeko tasak 1,5 euro/m².
Tasa lurzatiaren azalera osoan kobratuko da.
1.2. Ordenantza honen arabera, 2 metroko garaierako behin-behineko hesia jartzeko tasa: 25 euro/metro lineala.
Tasa kobratuko da lurzatiak eremu publikoarekin duen mugaren luzeraren arabera, exekuzio berriko kasuetan.
1.3. Orubean sartzeko atea egiteko tasa, ordenantza honen arabera: 600 euro/unitate osoa.
2. Mantentzeko, sastraka kentzeko, garbitzeko eta hesitzeko lanak subsidiarioki egitea: artikulu honetako 1. atalean azaldutako tasen gainean %40 gehiago.
3. Kudeaketa tasak, betearazpen subsidiarioaren kasuetan: artikulu honetako 1. atalean deskribatutako tasen gainetik %2, gutxienez 56,60 euro.
II. ERANSKINA.–ZONIFIKAZIOAREN PLANOA

Iragarkiaren kodea: L2311491
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
