1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
763E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen adierazpen estrategikoa egiten baita Xulapaingo Udalaren hirigintza-planari buruz, Xulapaingo Udalak sustaturik.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publiko batek hartzen edo onesten dituen planei ingurumen ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, eta haien ingurumen adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onetsi aurretik edo aldi berean.
Xulapaingo udal plan orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikoa Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak udalerri horretako Lurraldea Antolatzeko Estrategia eta Ereduari buruz 2006ko apirilaren 19an egindako txostenarekin hasi zen, non udalerri horretako ingurumen alderdi garrantzitsuenak adierazten baitziren.
2013ko abuztuaren 30ean, hasiera batean onetsi zen udalaren hirigintza-plana, eta jendaurrean egoteko aldiari hasiera eman zitzaion, 2013ko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 1ekoan, argitaratutako iragarkiaren bidez. 2014ko urtarrilaren 17ko txostenaren bidez, Ingurumen Kalitatearen Atalak ingurumen eraginaren azterketa edo ingurumen azterketa estrategikoa osatzeko eskatu zuen, eta, ondoren, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2014ko urriaren 3ko txostena bidali zen, abelbideei buruzkoa.
Lehenengo behin-behineko onespenaren ondoren, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak beste txosten bat egin zuen 2017ko maiatzaren 16an. Bertan, informazio grafikoa erantsi zuen onura publikoko mendiei buruz eta lurraldea konektatzeko espazioei buruz, eta planean aldatu beharreko alderdiak adierazi zituen, landa-lurzoruaren mugaketarekin eta uholde-arriskupean dauden eremuekin lotuak. Hirigintza-planean sartutako aldaketetatik abiatuta, Xulapaingo Udalak bigarrenez onetsi zuen 2021eko maiatzaren 28an, eta jendaurrean jarri zuen berriro (2021eko 140. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 17koa).
Xulapaingo udal plan orokorrak indarrean dagoen hirigintza-dokumentua ordezten du –hau da, Ollakarizketako, Beorburuko eta Untzuko hiri-lurzorua mugatzeko dauden hiru proiektuak–, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren helburuei erantzuten die; izan ere, bermatuta gelditzen da hiri-ehunak mantentzea eta hobetzea eta kultur ondarea babestea, bizitegietarako lurzoru beharrak konpontzen dira eta sistema orokorrak aurreikusten dira.
Planeamenduan egindako analisi, diagnostiko eta proposamenek udal mugarte osoari eragiten diote, 31,6 km²-ko eremuari, hain zuzen, herri hauetan: Aristregi, Beltzuntze, Beorburu, Gartziriain, Larraiotz, Markalain, Nabatz, Nuin, Ollakarizketa, Osakar, Osinaga, Untzu eta Usi.
Planak gaur egungo biziguneen eredua finkatzen du, eta hirigintza-proposamen berrietan irisgarritasun-, eguzki- eta malda-irizpideak aplikatzen ditu, herriguneen paisaia-interesa arriskuan jar ez dadin. Ildo horretan, landaguneen ondoko inguruneetan, paisaia-balioa duten eta garapen eredua zaintzen duten eremuak ezartzen dira.
Udalerriaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat da hornidura eta saneamendu azpiegiturak indartu eta handitu beharra dagoela, eta horrek hirigintza-planaren garapena baldintzatzen du.
Hirigintza-proposamen guztiak bizitegi-erabileretarako dira, eta herriguneen ondoko inguruneetan kokatzen dira, ingurumen balio nabarmenik ez duten lurretan; beraz, ez da aurreikusten ingurumen eragin nabarmenik nabarmenik. Markalaingo EU-MA 4 exekuzio-unitatea da salbuespena (NA-4100 errepidearen iparraldean), zeina malda handia eta ikusmen-esposizio handia duten lurretan kokatzen baita. Unitate horrek eragin nabarmena izan dezake paisaiaren gainean, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak hori baloratu beharko du.
Ingurumen helburuen artean, ibai-ibilguak eta haien uholde-eremuak kontserbatzea dago, bai eta Batasunaren intereseko habitatak eta onura publikoko mendiak ere. Ildo horretan, landa-lurzorua antolatzen da natur eta ingurumen balio aipagarrienak identifikatuta, hots, Xulapain ibaiaren eta Zugasti errekaren ibai-sareak mugatzen dituen lurraldea konektatzeko espazioak, eta inguru horretako pagadiak, uren banalerroko hariztiak, sastrakak eta larreak. Natura aldetik ustiatzeko balioa duten lurzoruak nekazaritza-lurretan eta abeltzaintza-erabilera duten lurretan daude. Planak tokiko landabideak aurreikusten ditu, herrien arteko komunikazioa osatzeko. Kultur elementuen artean honako hauek jaso dira: aztarnategi arkeologikoak, ondare arkitektonikoa eta Probintzietako errege altxonbidea.
Dokumentazioa ikusita, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala egin dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskumenak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen adierazpen estrategikoa egitea, aldekoa, Xulapaingo Udalaren hirigintza-planari buruz, Xulapaingo Udalak sustaturik.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Hirigintza Atalari eta Xulapaingo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
Iragarkiaren kodea: F2312049