182. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

760E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Añorbeko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz, helburu duena hiri lurzorua handitzea, kirol ekipamendu gisa erabiltzeko. Sustatzailea Añorbeko Udala da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Añorbeko Udalak 2023ko apirilaren 14an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2023ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 11koan. Aldaketaren helburua da lurzoru urbanizaezineko 92 m²-ko lursail bat hiri-lurzoruen kategorian sartzea, kirol ekipamendu gisa, padel pista estali bat egiteko.

Aldaketaren eremua Añorbeko herrigunearen iparraldean dago. Inguru hori goratua dago herrigunearekin konparatuta. Hantxe daude herriko kirol instalazioak (SG-5), parke publiko bat (SG-7 sistema orokorra) eta zuzkidura-eraikin bat. Antolamenduak aurreikusten du padel pista frontoiaren iparraldeko horman bermatzea, eta lur hauek hartuko ditu: 1. poligonoko 373. lurzatiaren 92 metro koadroak, lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuak daudenak, eta parke publikoaren 196 m², kirol ekipamendurako sistema orokor gisa sailkatuko direnak. Beraz, aldaketan bi sistema orokor horien mugaketa berria sartu da, baita frontoiaren egungo lerrokaduren doikuntza ere.

Lurzoru urbanizaezin hori nahiko laua den lursail bati dagokio, frontoitik hurbil, eta haren malda pinudi aldera handitzen da. Eraginpeko eremuak altzifreen lerrokadura bat du, parke publikoa mugatzen dutenak eta haren parte direnak, bai eta basoberritzetik sortutako Alepo pinuren bat ere. Eraginpeko eremua txikia denez, ez da aurreikusten ingurumen ukipen nabarmenik, baina, Basoak Kudeatzeko Atalaren txostena kontuan hartuta, baldintza-agiriaren parte diren neurriak hartuko dira.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Añorbeko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz, helburu duena hiri lurzorua handitzea, kirol ekipamendu gisa erabiltzeko, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Sustatzailea Añorbeko Udala da.

2. Sistema orokorra gauzatzeko eta garatzeko orduan, honako neurri hauek hartuko dira:

–Eskatutako jarduketa gauzatzeko beharrezkoak diren zuhaitz oinak botako dira, ez besterik.

–Jarduketak iraun bitartean, ahalegina eginen da inguruko zuhaitz eta berezko landareei inongo kalterik ez eragiteko.

–Zuhaitzak moztu ondoren sortzen diren hondarrak legez ezarritako metodoen bidez ezabatuko dira. Ez dira inolaz ere baso lurretan utziko.

–Lanak hasi baino 48 ordu lehenago, Iruñeko barrutiko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari abisatuko zaio, gmapamplona@navarra.es helbide elektronikora mezu bat bidaliz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Añorbeko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2312052