182. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

550/2023 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Betizu behi-arrazaren hazkuntza-programa onesten duena, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 8ko 2016/1012 (EB) Erregelamenduarekin eta eta otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuarekin.

Betizu-hazleen Federazioa (BEFE) arraza horren liburu genealogikoa kudeatzen duen erakundea da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 444/2014 Foru Aginduaren bidez horretarako ofizialki aitortua. Arraza horren hobekuntza-programa Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 9ko 843/2016 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

BEFEk Betizu behi-arrazaren hazkuntza-programaren egokitzapena onesteko eskaera aurkeztu du, otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz. Errege dekretu horren bidez, arraza garbiko animalia ugaltzaileei, ugalketarako zerri hibridoei eta haien ugalketa-materialari aplikatu beharreko arau zooteknikoak ezartzen dira, abere arrazak kontserbatzeko eta sustatzeko programa nazionala eguneratzen da eta maiatzaren 25eko 558/2001 Errege Dekretua, urriaren 30eko 1316/1992 Errege Dekretua, azaroaren 27ko 1438/1992 Errege Dekretua eta azaroaren 14ko 1625/2011 Errege Dekretua aldatzen dira. BEFEk eskatu du, halaber, hazkuntza-programa egokitu dadila Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Animalien Hazkuntzari buruz 2016ko ekainaren 8an emandako 2016/1012 (EB) Erregelamenduan xedatutakora.

Era berean, BEFEk atal osagarriko animaliak sekzio nagusira pasatzeko salbuespena eskatu du, Betizu behi-arraza arraza mehatxatua delako. Salbuespen hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko ekainaren 8ko 2016/1012 (EB) Erregelamenduaren 17.b artikuluan eta II. eranskineko 1. zatiko III. kapituluaren 2. puntuan jasota dago. Eskaera hori justifikatzen du ugalketarako arraza garbiko animaliarik ez dagoelako. Era berean, hazkuntza-programan hiru atal erantsi ezartzen ditu, bai eta liburu genealogikoaren ataletan izena emateko arauak ere, bi baldintza horiek ezinbestekoak baitira salbuespen hori emateko.

Bestalde, aipatutako 2016/1012 (EB) Erregelamenduaren 21. artikuluko 3. puntuan ezarritako salbuespenaz baliatzea eskatzen du. Horren bidez, arraza mehatxatuen kasuan, arraza garbiko animalia ugaltzaile baten eta haren ugalketa-materialaren erabilera mugatzea edo debekatzea baimentzen da, erabilera horrek arrazaren kontserbazioa edo dibertsitate genetikoa arriskuan jartzen badu.

Betizu behi-arrazaren hazkuntza-programak onesteko eskumena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari dagokio, 45/2019 Errege Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Betizu behi-arrazaren hazkuntza-programa onestea, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 8ko 2016/1012 (EB) Erregelamenduarekin eta otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuarekin. Programa hori ebazpen honi erantsi zaio, eta haren barruan bildu dira liburu genealogikoaren araudia, kontserbazio-programa eta hedatze-programa.

2. Programaren edukia, bai eta etorkizunean egiten zaizkion aldaketak ere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren webgunean argitaratuko dira, ARCA atalean.

3. Indarrik gabe uztea Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 9ko 843/2016 Ebazpena, Betizu-hazleen Federazioaren (BEFE) hobekuntza programa onetsi zuena.

4. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko ekainaren 8ko 2016/1012 (EB) Erregelamenduaren 17.b artikuluan eta II. eranskinaren 1. zatiko III. kapituluaren 2. puntuan eta 21. artikuluko 3. puntuan jasotako salbuespenak onartzea, Betizu behi-arraza arraza mehatxatua delako.

5. Ebazpen hau Animalien Ekoizpenaren Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen hau Betizu-hazleen Federazioari (BEFE) jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Ingurumeneko eta Landa Garapeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 2an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2311558