Iragarkia
182. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
153C/2023 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabakitzen da Martzillako Udaleko funtzionario, langile administrazio-kontratudun eta langile lan-kontratudunei buruzko Akordio edo Itun Mistoa erregistratu, gordailatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Martzillako Udaleko funtzionario, langile administrazio-kontratudun eta langile lan-kontratudunei buruzko Akordio edo Itun Mistoa aztertu da (kode zenbakia 31100052142023); 2023ko maiatzaren 25ean sinatu zuten udalaren ordezkariek eta udal langileen sindikatu ordezkariek, eta Erregistro honetan sartu zen 2023ko ekainaren 2an.
Langile funtzionarioen eta administrazio kontratua duten langileen gaineko laneko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du betetzen, egiaztatzeko Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboentzat ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela.
Esandakoa hala delarik ere, ohartarazi behar da toki erakundeak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren aplikazio eremuari atxikiak direla; haren bidez onetsi ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan ari diren Langileen Estatutua eta haren garapenerako erregelamenduak. Han jasotzen diren arauak bete beharrekoak dira, eta ez minimoetakoak.
Honako hauetan xedaturikoari jarraiki: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikulua, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatiak eta Hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistratze eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, jendaurrean egon dadin.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Iruñean, 2023ko uztailaren 29an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Martzillako alkate-udalburua, Mario Fabo Calero.
Eta beste aldetik, Patxi Repáraz Pérez (CCOO), Rafael Garrido Toledo (UGT) eta José María Garrido Sánchez eta María Soledad Ayensa Méndez (AFAPNA), haiek osatzen baitute akordio hau sinatzen duen sindikatu ordezkaritza.
HONAKO HAU ERABAKI DUTE:
Lehenbizikoa.–Bertaratutako guztiek izenpetzea, orri guztietan sinatuz, Martzillako Udaleko langileentzako Akordioaren testua. Martzillako Udalaren Osoko Bilkuran aztertuko da Akordioa, eta haren onespena beharko du behin betiko onetsirik geratzeko.
Bigarrena.–Udalbatzarrak onetsi ondoren, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikuluan ezarritakoaren arabera jokatzea, akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
MARTZILLAKO UDALEKO LANGILEENTZAKO AKORDIOA
1. artikulua. Aplikazio eremua eta indarraldia.
Akordio honen xedea honako hau da: Martzillako Udalaren, hango funtzionarioen (aplikatu beharreko araudiak haien araubidearekin zerikusia duten gaietan xedatzen duena bete beharrekoa dela kontuan hartuta), langile administrazio-kontratudunen eta lan-kontratudunen lan baldintzak arautzea.
Akordio hau honako hauek sinatzen dute: alde batetik, Martzillako Udalak (aurrerantzean, "Udala"); beste aldetik, Martzillako Udaleko administrazio-araubidean kontratatutako funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen ordezkariek (aurrerantzean, "ordezkariak").
Indarraldia.
Akordio honek 2023ko urtarrilaren 1etik 2027ko urtarrilaren 1era arteko indarraldia izanen du, eta atzera eragina izanen du, onartzen den unetik, egun horretara arte.
Salaketa.
Hitzarmen hau desegiteko, alderdietako batek desegin nahi duela jakinarazi beharko du, indarraldia edo urteko edozein luzapen amaitu baino hiru hilabete lehenago beranduenez; akordio berriaren negoziazioak hilabeteko epean hasi beharko dira, gehienez, jakinarazpena jasotzen denetik. Alderdietako edozeinek akordioa salatzen ez badu, haren indarraldia ondoz ondoko urtebeteko aldietan luzatuko da automatikoki.
Aurerraeragina.
Berariaz adostu da ezen, akordio kolektibo hau salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren, indarrean jarraituko duela, harik eta bi alderdiek ordezko bat izenpetzen duten arte.
Ez aplikatzea.
1. Halaber, bai hartutako erabakiak bai negoziazio eremua defendatze aldera, ez da onartuko kanpotik eskua sartzerik, eta hitzarmen hau ez da alde bakarretik aldatzen ahalko.
2. Hitzarmen honek jasotzen ez duen guztian, honako hauetan ezarritakoak bete beharko dira: Langileen Estatutua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua eta toki erakundeei aplikatzekoak zaizkien bestelako araudiak, horien garapenerako legezko xedapenak eta gainerako araudiak, Nafarroako Poliziei buruzko Legea eta Nafarroako Gobernuak bere langileekin sinatutako akordioak.
3. Aurrekoa gorabehera, akordio honetan jasotako alderdi partzial eta zehatzak berariaz negoziatzen ahalko dira alderdi batek hala eskatzen duenean eta udalez gaindiko arauak aplikatu behar diren guztietan, arau-hierarkiaren printzipioa aplikatuz.
4. Hitzarmen hauen iraunaldi eta indarraldian Nafarroako Gobernuak bere langileentzat hobekuntzarik onesten badu, automatikoki aplikatuko zaie udal honetako langileei.
2. artikulua. Lanaldia.
1. Lanaldia Nafarroako Gobernuak bere funtzionarioentzat edo administrazio-kontratudunentzat zehazten duen bera izanen da.
- Goiz, arratsalde eta gaueko txandak: 1.457 ordu urteko.
- Goizeko eta arratsaldeko txandak: 1.554 ordu urteko.
- Lanaldi zatitua: 1.520 ordu urteko.
- Goizeko txanda: 1.592 ordu urteko.
2. Zerbitzuko beharrak direla-eta, lanaldi berezia duten langileen kasuan, nor bere lan egutegiari lotuko zaio, edonola ere.
3. Zerbitzu bakoitzari dagokion lan egutegia urtea bukatu baino lehen aurkeztuko da. Egutegia prestatzerakoan kontuan hartuko dira bai Nafarroako Gobernuak ezarritako jaiegunak, bai tokiko jaiegunak, Martzillako Udalak ezartzen ahal dituenak.
4. Lanaldian eta lan ordutegian aldaketa orokorrik egin nahi izanez gero, aurretik sindikatuen ordezkariekin negoziatuko da.
3. artikulua. Lan ordutegia, lanaldi malgua.
1. Udaleko langile guztien eguneko lanaldia, oro har, astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, 7:00etatik 14:30etara.
2. Ekainetik irailera bitarteko hilabeteetan, biak barne, udal bulegoetan sartzeko ordua 7:30etan izanen da, eta irteera ordua 14:30etan, betiere urterako ezarritako ordutegia betetzen bada.
3. Udaltzaingoko zerbitzuak, oro har, 7:30 orduko txandetan emanen dira, eta nola banaka hala binomioan egitekoak izanen dira, zerbitzuak eskatzen duen moduan. Zerbitzuaren nahiz antolamenduaren beharrengatik, betiere langileen eta arduradunen artean adostuta, bestelako zerbitzu sistema bat ezartzen ahalko da.
4. Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Etenaldi horrek ez dio eragin beharko eman beharreko zerbitzuari.
5. Martzillako Udaleko langileek eskubidea dute lanaldia edo lan ordutegia egokitzeko, bizitza pertsonala eta familiarra eta laneko bizitza bateragarri egin ahal izateko. Hori dela helburu, langileei laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, eta zerbitzu publikoa egokiro ematea galarazi gabe, lan ordutegia malgutzeko neurri sail bat ezarriko dira zerbitzuetan, adierazitako eginkizunen kontziliazioa errazteko, betiere aginduzko orduak betez. Legeak ematen dituen neurriei kalterik egin gabe.
Lan ordutegiaren zati finkoa, langile guztiak lanpostuan nahitaez egotea eskatzen duena, 09:00etatik 14:30era bitartekoa izanen da, astelehenetik ostiralera. Eguneko lanaldia osatu arteko gainerako denbora langileak erabakitakoaren arabera finkatuko da, modu malguan betiere.
Ordutegia malgutzeko neurri zehatz gisa honako hau ezartzen da: beren ardurapean adineko pertsonak, hamabi urtetik beherako seme-alabak (edo adin hori betetzen duten Lehen Hezkuntzako ikasturtea bukatu arte), desgaitasunen bat duten pertsonak edo eritasun larria duten bigarren gradurainoko ahaideak (odolekoak edo ezkontzakoak) dituzten enplegatuek lanpostura sartzeko ordutegia ordu erdi bat atzeratzeko eskatzen ahalko dute, hau da, 09:30era arte.
Lana antolatu eta zuzentzeari dagokien ahala udal organo eskudunei dagokie. Horretarako, lana baloratzeko eta arrazionalizatzeko, lan egiteko metodoak eta prozesuak hobetzeko eta lana errazteko sistemak ezartzen ahalko dituzte, baita zerbitzuak ezarri ere.
Aurrekoa gorabehera, ordezkariek eskubidea izanen dute lan baldintzak ezartzeko erabiltzen diren prozeduretan parte hartzeko, indarra duten xedapenetan ezarritakoaren arabera, eta legezko araudiak langileen ordezkariei edo haien antzekoei aitortzen dizkien eskumenak errespetatuz.
6. Lana antolatu eta zuzentzeari dagokien ahala udal organo eskudunei dagokie. Horretarako, lana baloratzeko eta arrazionalizatzeko, lan egiteko metodoak eta prozesuak hobetzeko eta lana errazteko sistemak ezartzen ahalko dituzte, baita zerbitzuak ezarri ere.
Aurrekoa gorabehera, ordezkariek eskubidea izanen dute lan baldintzak ezartzeko erabiltzen diren prozeduretan parte hartzeko, indarra duten xedapenetan ezarritakoaren arabera, eta legezko araudiak langileen ordezkariei edo haien antzekoei aitortzen dizkien eskumenak errespetatuz.
4. artikulua. Larunbatetan eta programatutako ekitaldietan eginiko lanengatiko konpentsazioa.
1. Martzillako zaindariaren Festak, Festa Txikiak, Azokak eta Gazteriaren Festak, eta Udalak programatutako beste ekitaldi batzuk: jaieguneko lanaldiari dagokion ordaina emanen da jai/ekitaldiko lehen eguneko 07:00etatik azken egunaren biharamuneko 07:00ak arteko orduetarako. Orobat, herriko festa izanen da Udalak markatzen duena, salbuespen hauekin:
- Gazteriaren Festak: Jaiegunen konpentsazioa ordainduko da jaiak hasten diren ostiraleko 14:30etatik.
- Festa Txikiak: Abuztuaren 4a laneguna bada, jaiegunen konpentsazioa ordainduko da eguerdiko 14:30etatik aitzina.
2. Festen egunak eta jaiegun finkoak (Aste Santua, Kabalgata, Inauteriak eta programatutako gainerako ekitaldi finkoak) urteko egutegian jasoko dira.
3. Jaiegun gisa adierazi gabeko larunbatetan zerbitzua ematen duten Martzillako Udaleko langileentzako konpentsazioa jaiegunetarako aurreikusitakoaren baliokidea izanen da.
5. artikulua. Gauekoak.
Gaueko lanaldian ematen diren zerbitzuak 22:00ak eta 06:00ak bitartekoak izanen dira.
6. artikulua. Oporrak eta baimen ordainduak.
1. Urteko oporraldia eta opor egunak hartzeko modua Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez ezartzen dituenak izanen dira, eta aukera dago zerbitzu bakoitzera egokitzeko, langileek proposatuta. Arau gisa, oporrak urtearen barnean hartuko dira.
2. Lan urte bakoitzari dagozkion oporrak gehienez ere hurrengo urteko martxoaren 15era arte luzatzen ahalko dira, baldin eta, zerbitzuaren inguruabarrak direla-eta, ezin izan badira lan urtean hartu.
3. Alkatetzak baimena ematen ahalko du, ukitutako langilearen baimenarekin, hemen zehaztutako egunak ez diren beste batzuk hartzeko, baldin eta, ezinbesteko arrazoiren bat dela medio, oporrak ezin izan badira aldi horretan hartu.
4. Oro har, udal langile guztiek eskubidea dute erregelamenduz zor zaizkien oporren erdiak udan hartzeko, zehazki, ekainaren 1etik irailaren 30era. Zerbitzuaren beharren arabera finkatuko da udako zer egunetan hartuko den sasoi horri dagokion opor zatia. Gainerakoa urtean zehar hartuko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
5. Ikastetxeetan lan egiten dutenek opor ordainduak ikastetxean jarduerarik ez den denboran hartuko dituzte, non ez den zerbitzu beharrengatik besterik erabakitzen.
6. Zerbitzuarekin loturiko arrazoiengatik oporrak ezin badira dagokion urtean hartu, langileari galera ekonomikoa eragiten badio Udalak ezarritako oporraldi edo txanda aldaketak (bidaia txartelak, egonaldien erreserbak eta abar ezin berreskuratzea), langileari kalte-ordaina emanen zaio, langileak agiri bidez galera frogatuz gero. Gastu horiek oporrak eskatu ondoren lotutakoak izanen dira, eta nolanahi ere, zerbitzuaren arrazoia programatuta ez bazegoen, oporrak eskatu aurretik.
7. Lan-kontratudun bat bere oporraldian gaixotzen denean, oporraldia eten eginen da eta dagokion agiri medikoen bidez egiaztatu beharko da; halako kasuetan, etenak lehen ospitaleratze edo gaixotasun egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.
8. Zerbitzuko arduradunari oporrak hartzeko eskaera aurkezten zaionetik bost egun natural igaro eta interesdunari ukapenaren jakinarazpena egiten ez bazaio, baimena emandakotzat joko da. Ebazpena, dena den, arrazoitua izanen da.
9. Ordaindutako eta ordaindu gabeko baimenak Nafarroako Gobernuak bere plantillarako zehazten dituenak (11/2009 Foru Dekretua) eta haiei eransten zaizkien hobekuntzak izanen dira.
10. Oporrak Alkatetzari eskatu behar zaizkio 15 eguneko aurrerapenez, eta departamentu bereko langileen artean adostu beharko dituzte, zerbitzu egokia bermatzeko. Denbora tarte bera oporretarako hartu nahi eta adostasunik ez bada, lehentasuna izanen du antzinatasun handiena duen langileak, eta kasua bada, antzinatasun hurrenkeraren araberako errotazioa eginen da.
Hurrengo urterako, adostasuna iristen ez bada, lehentasuna izanen du antzinatasunean bigarrena denak, eta hurrengo kasuetan errotazioa eginen da, hurrengo urteetan ere.
11. Sindikatuek deitutako batzarretan parte hartzeko aukera izanen dute langileek, edo dagokien ordezkaritza esparruan, ordezkaritza bateratuko organoek deitutako batzarretan, ondoren azaltzen diren baldintzetan:
a) Batzarrak lanalditik kanpo egin beharko dira. Salbuespenez, Alkatetzak aurrez baimena emanda, batzarrak lanaldiaren beste tarte batean egiten ahalko dira, kalterik egiten ez bazaio zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.
b) Batzarrak, nolanahi ere, Alkatetzak baimendu beharko ditu, aurrez eskatuta, gutxienez hiru egun lehenago, eskaeran adieraziz batzarrak ukitzen dituen langileak, lekua eta ordua.
c) Batzarra Udalaren lokal batean egin nahi bada, dagokion eskaera aurkeztu beharko da, eta erabiltzeko baimena lortu beharko da.
7. artikulua. Ordutegi eta txanden aldaketa.
1. Gaur egun ezarrita dauden ordutegi eta txandetan edozein aldaketa egiteko, baita atsedenaldietan, oporretan eta onartutako egutegietan ere, aurretik ordezkariekin negoziatuko da.
2. Interesdunei programatutako zerbitzu berezien berri emanen zaie 30 egun lehenago, ahal den guztietan eta udalak horren berri badu; hona hemen zerbitzu berezien zenbait adibide: (prozesioak, desfileak, kirol edo kultura ekitaldiak, etab.).
3. Txanda aldaketak egiteko, 72 ordu lehenago adieraziko zaie dagokien langileei, urgentziazko kasu behar bezala justifikatuetan izan ezik, eta betiere gutxienez 12 orduko tartea egonen da txanden artean.
8. artikulua. Laneko egutegiaren eta oporren araudia. Aplikatu beharreko irizpideak eta arauak.
1. Egutegia urtekoa izanen da.
2. Lan egutegia eta hura aplikatzeko irizpideak eta arauak ordezkari sindikalen eta gobernu taldearen artean negoziatuko dira.
3. Akordiorik lortu ezean, irailaren 28ko 79/2016 Foru Dekretuaren II. Kapituluko aurreikuspenak, edo hura ordezten duen araudiarenak, aplikatuko dira.
9. artikulua. Aparteko orduak.
1. Aparteko orduaren balioa urtero kalkulatu eta eguneratuko da, eta Nafarroako Gobernuak ezarritakoa izanen da.
10. artikulua. Erretena.
1. Zerbitzuaren beharrengatik lantokira bertaratu gabe baina aurkitzeko moduan egon behar duten erreteneko langileek soldataren osagarri bat jasoko dute: 30 euro erreten arrunteko egun bakoitzeko eta 50 euro jaieguneko erreten egun bakoitzeko.
2. Erretenean zehar beharrezkoa bada langile horien presentzia, aparteko orduak ordainduko dira, hitzarmen bidez adosturikoari jarraiki.
3. Erreteneko langilea prest eta aurkitzeko moduan egon beharko da. Ordubete izanen du, gehienez, erreakzionatzeko.
4. Aparteko ordu horien ordainsaria ordu osokoa izanen da.
5. Erreteneko langilearen figura hori Alkatetzak proposatuko du beti, egoki jotzen dituen langileentzat. Eta beti izanen da borondatezkoa.
6. Erretenaren jarduketa beharrezkoa bada eta ezin izan bada lokalizatu, langileari egozten ahal zaion arrazoi batengatik, ez du jasoko artikulu honen 1. puntuan ezarritako osagarria.
11. artikulua. Langileak hautatzea.
1. Administrazioen zerbitzuko langile finkoak hautatzerakoan, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren II. tituluko I. kapituluan eta xedapen osagarrietan xedaturikoari jarraituko zaio.
2. Alabaina, probetan onartua izateko baldintza bat, adinez nagusi izan beharra, alegia, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak –Langileen Estatutuari buruzko Legea onesten duenak– 6. artikuluan ezarritakoaz ordeztuko da.
3. Halaber, lanpostu hutsen %5 gorde eginen da %33ko ezgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat, betiere hautapen probak gainditzen badituzte eta, dagokion unean, aipatutako ezgaitasun gradua eta bete beharreko lan eta eginkizunekin bateragarria dela frogatzen badute.
4. Udaleko lan-kontratudunen ordezkariei kontratazio horien egoeraren berri emanen zaie une oro.
12. artikulua. Goragoko edo beheragoko kategoriako lanak.
1. Kategoria handiagoko lanak egitearen arrazoiak salbuespeneko premia larriak izanen dira, eta ezinbesteko denbora baino ez dute iraunen, inola ere ez bost hilabete baino gehiago urtebetean edo zazpi hilabete baino gehiago bi urtean.
2. Lanpostu berriak ordainsari handiagoa badu, langileak lanpostu berriari dagokion ordainsaria jasotzeko eskubidea izanen du. Kategoria handiagoko lan batean aritze hutsak ez du inoiz soldata finkatuko, ezta goragoko kategoria ere.
3. Premia larriak edo aurreikusi ezin direnak direla eta, Administrazioak langile bati bere kategoria baino beheragokoaren zereginak esleitu beharra izaten badu, zilegi izanen du hala egitea, gehienez ere urtebetez, eta mantendu eginen dira haren jatorrizko taldeari eta lanpostuari dagozkien ordainsaria eta hortik datozen bestelako eskubideak. Gainera, langileen ordezkariei jakinarazi beharko zaie, Langileen Estatutuaren 41. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.
13. artikulua. Prestakuntza plana.
1. Udalak prestakuntza ikastaroetara joatea erraztuko die bere langileei. Langile guztiek eskubidea izanen dute lanbide prestakuntza eta hobekuntzarako ikastaroetara joateko, haien edukia zuzenean lanpostuari edo enplegatuaren lanbide-karrerari lotua bada.
2. Benetako lantzat hartuko da langileak aldaketa teknikoetara egokitzeko ikastaroetan ematen duen denbora, hala nola lanbideko birmoldaketako eta prestakuntzarako nahiz lanbidean irautea bermatzeko ikastaroetan emandako denbora, unitate administratiboen eraldatze edo funtzio aldatzeak gertatzen direnean.
3. Nafarroako Funtzio Publikoaren Eskolak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroak egiteko erraztasunak emanen dira.
4. Lanbide prestakuntza, eraberritze eta gaikuntzako ikastaroen gastuak (matrikula, egonaldia eta kilometrajea) diruz lagunduko dira, ikastaroak Udalaren irizpideen eta beharrizanen arabera gauzatu baldin badira.
5. Alkatetzatik proposatzen bazaio langile bati ikastaro batera joatea, haren lanpostuarekin lotura duelako, langileak ez dio uko egiten ahalko ikastaro hori egiteari, arrazoi justifikaturik ez bada tartean.
14. artikulua. Plantilla organikoa.
1. Martzillako Udalak onetsi beharreko plantilla organikoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 19. artikuluan ezarritakoari jarraiki, Martzillako Udalak onetsi aurretik, urte bakoitzeko langileen plantilla organikoa eta enplegu publikoaren eskaintza sindikatuetako ordezkariekin negoziatuko dira. Plantilla organikoari buruzko negoziazioa hartan jasotako lanpostu guztiei buruzkoa izanen da.
2. Martzillako Udalak urtero prestatuko du bere zerbitzuko lan-kontratudun finko guztien zerrenda, eta urteroko abenduaren 31n itxiko du.
3. Plantilla organikoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4. Nafarroako Gobernuak beste epe bat irekitzen badu Nafarroako toki entitateetako lan kontratu finkoa duten langileak funtzionario bihurtzeko, Martzillako Udalak aukera horretaz baliatzeko erraztasunak emanen dizkie beren langileei.
5. Maila aldaketa erraztuko die Udalak langile kontratudun finkoei eta funtzionarioei, Funtzio Publikoaren Estatutuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
15. artikulua. Ordainsariak.
Ordainsariak Nafarroako Gobernuak kategoria bakoitzean ezarritakoak izanen dira.
1. Nafarroako Gobernuak, edozein inguruabar dela medio, funtzionarioen soldatak izoztea edo ordainsariari edo soldata kondizioei eragiten dieten beste neurri batzuk hartzea erabakitzen badu, Legeari jarraiki nahitaez ezabatu behar izan diren kondizio horiek eztabaidatu eginen dira langileen ordezkarien eta gobernu taldearen artean.
2. Kasuan kasuko departamentuko langile finkoen eginkizun berberak betetzen dituzten aldi baterako langile guztiak parekatu eginen dira ekonomikoki, Udalarekin zein kontratu mota edo lan harreman duten kontuan hartu gabe.
3. Lokomozio gastu gisa ordainduko dira langileak bere ibilgailuan egiten dituen joan-etorri guztiak, betiere, dagokion arloko arduradunek joan-etorriak beharrezkotzat jotzen badituzte eta horietarako baimena eman badute. Nafarroako Gobernuan langile publikoentzat onetsitako prezioa aplikatuko da kilometroko.
4. Maila edo taldeen oinarrizko ordainsariak, akordio honek indarra duen bitartean, Nafarroako aurrekontu orokorren legeetan Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioentzat ezartzen direnak izanen dira.
5. Ordainsariei dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko foru legeetan Administrazio Publikoetako funtzionarioentzat zehazten den igoera aplikatuko da.
16. artikulua. Ordainsariak ezintasun iragankorretan.
1. Lanerako ezintasun iragankorretatik edozein, baliaezintasun profesionala, aldi baterako ezgaitasuna, edo amatasun baja gertatuz gero, soldataren %100 jasoko da, kontratuak irauten duen bitartean.
17. artikulua. Kalte pertsonalak konpontzeko gastuak.
1. Martzillako Udalak langileek lanerako behar dituzten objektu pertsonalak konpontzeko gastu guztiak ordainduko ditu, erabileraren erabileraz eta Udaleko eremuan hondatu badira, istripuen mutualitateak ordaintzen dituenak salbuetsita.
2. Beren eginkizunen ondorioz mendeku, liskar edo bestelako arrazoi batzuengatik ibilgailuetan kalte materialak izanez gero, kalte horiek Udalak ordainduko ditu osorik, adierazitako arrazoiengatik gertatu direla frogatzen bada, betiere.
3. Nahiz eta langileei eragindako kalteen erantzulea identifikatu eta horiengatik zigorra jaso, Udalak kalte horiek ordainduko ditu erantzuleak kaudimengabea dela deklaratzen badu eta ezinezkoa bada beste bide batetik kobratzea.
4. Udalak edo bere organo laguntzaileek (aseguru etxeek eta abarrek) lan ordutegian edo "in itinere" istripua izan duten langileei ordainduko diete ondoko elementu edo osagarriak konpondu edo ordezteko egin dituen gastuen %100: medikuak aginduta erabili behar dituenak, edo lan egiteko ezinbestez erabili behar dituen objektu pertsonalak (edonolako protesiak, betaurrekoak, lentillak, etab.). Horretarako, "in itinere" lan istriputzat hartuko da lantokira edo prestakuntza ikastaroetara egindako joan-etorrietan izandakoa. Kalte horiek lan istripuan gertatu direla modu frogagarrian eta zalantzarik gabe egiaztatzen bada betiere. Aurrekotik kanpo daude mutualitateak ordaindutako kaltetuak.
18. artikulua. Gidabaimenak.
1. Martzillako Udalak bere langileei ordainduko dizkie gidabaimena berritzeko gastuak, hura langileari dagozkion funtzioak betetzeko edo lanpostura sartzeko eskatu zaionean. Halaber, diru hori kobratzeko eskubidea izanen dute beren borondatez gidabaimena erabiltzea onartu dutenek eta, orobat, lanpostua lortu ondoren gidabaimena eskatu zaien langileek. Baimena berritzeko tasaren eta azterketa medikoa egiteko tasen zenbatekoak estaliko ditu, ez ordea gestoria eta zehapen errekargua edo beste kontzeptu batzuk.
19. artikulua. Osasun azterketa.
1. Udalak azterketa mediko bat eskainiko die langile guztiei urtean behin. Azterketa horretan hauek eginen dira gutxienez: odol analisi bat (prebentziorako patogeno kantzerigenoen detekzio goiztiarrarekin), ikusmen kontrola, audiometria, espirometria eta azterketa kardiologikoa.
2. Hala nahi duten emakumeei, orobat, azterketa ginekologikoa eginen zaie urtero, baita prostatako antigeno espezifikoaren analisia (PSA) ere 45 urtetik gorako gizonei.
3. Artikulu honetan aurreikusitako osasun azterketa egiten emandako denbora benetako lan denboratzat hartuko da.
20. artikulua. Aholkularitza juridikoa.
1. Martzillako Udaleko langile guztiei aitortzen zaie laguntza juridikorako eskubidea, behar dutenean eta hala eskatzen dutenean, Udalari zerbitzuak emateagatik eratorritako auzien ondorioz, betiere auzia beren eginkizunak oker betetzeagatik edo dituzten mugak gainditzeagatik izan ez bada. Prokuradore eta defentsa kostuak ordainduko dira. Udal agenteen edo edozein langileren aurkako eraso edo atentaturik gertatuz gero, Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da epaitegietan.
2. Halako kasuetan, epaiketetara, deklarazioa hartzera, berrespenak egitera, etab. Epaitegiren batera joan behar duten langileek behar dituzten orduen ordaina jasoko dute, baita dietak eta kilometrajeak ere, non ez den horien kargu Justizia Ministerioa egiten, eta bertaratze horiek gutxieneko lan ordutegitik kanpo egiten badira, benetako laneko hiru ordurekin konpentsatuko dira. Lan ordutegian egiten badira, kilometrajea baino ez da ordainduko.
21. artikulua. Bizi asegurua eta aldi baterako ezintasuna.
1. 2. Udaleko plantillarentzat istripu aseguruko poliza kolektibo bat sortuko da, kapital hauek estaliko dituena:
–Heriotza, lan istripu baten ondorioz: 100.000,00 euro.
–Ezintasun iraunkor absolutua: 100.000,00 euro.
–Ezintasun iraunkor osoa: 100.000,00 euro.
2. Polizaren zenbatekoak urtero eguneratuko dira. Estaldura horiek ezin dira metatu.
22. artikulua. Genero berdintasuna.
1. Emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna da akordio honen printzipio gidarietako bat, funtsezko tresna baita hitzarmena, enpleguan generoa dela-eta diskriminazio zuzena eta zeharkakoa ezabatzeko, sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren kontra ekiteko eta laneko eta familiako bizitza bateragarri egitea errazteko.
23. artikulua. Aurrerakinak eta maileguak.
1. 15.000,00 euroko funtsa ezarri da aurrerakin eta epe luzeko maileguetarako, interesik gabe itzultzeko.
2. Gehienez ere, 3.000 euro eskatuko da.
3. Une bakoitzean zer saldo dagoen, horren arabera eskuratzen ahalko dira aurrerakin eta mailegu hauek; hortaz, itzulketak egin ahala, funts horren parte izanen dira.
4. Lehendik eskatua dagoena itzuli arte, ez da beste mailegu bat eskatzerik izanen.
5. Eskaerak Langileen Departamentuan eginen dira eta eskaerarekin batera beharrezkoak diren frogagiriak aurkeztuko dira nahitaez, Alkatetzak ebazpena ahalik eta lasterren eman dezan.
6. Mailegu eta aurrerakinen itzulketa Udalaren eta langilearen artean negoziatuko dituzte.
7. Aparteko pagak dituzten hilabeteetan hileko soldata arrunt batean dagokiona halako bi deskontatuko da.
8. Arau orokor gisa, Udalaren Erregistro Orokorreko sarrerako ordenak aginduko du. Egun berean eskaera bat baino gehiago erregistratuz gero, soldata maila txikieneko eskatzailea nagusituko da eta, maila bera izatera, ordena hau ezarriko:
–Ezbeharrak: suteak, lapurretak, uholdeak eta abar, ohiko etxebizitzan edo haren ondasun higikorretan kaltea eragiten dutenak.
–Familiaren inguruabar oso larriak, hala nola lehen mailako senideen heriotza, eta abar.
–Ezkontza.
–Seme-alaben jaiotza.
–Ohiko etxebizitza erostea edo hura eskuratzeko banku-kredituak amortizatzea.
–Dibortzioa edo banantzea.
–Enplegatuak edo ondorengoek ikastetxe ofizialetan ikasteko dituzten matrikulazio gastuak.
9. Gobernu taldeak eta plantillaren ordezkaritzak osaturiko batzorde paritarioari egin beharko diote eskabidea behin-behineko langileek, hark ebatz dezan; ebazpen horrek arrazoituta egon beharko du eta kontratuaren iraupena izanen du kontuan.
24. artikulua. Batzorde paritarioa.
1. Batzorde paritario bat sortzen da, administrazioko ordezkariz eta Udalaren ordezkari sindikalez osatua (kopuru berdinaz), akordio hau aplikatu, aztertu, zaindu, garatu eta interpretatzeko ez ezik, akordio honen aplikazioaren ondoriozko gatazkak ebazteko ere bai.
2. Batzordearen eraketak balioa izan dezan, beharrezkoa izanen da batzordea osatzen duten bi ordezkaritzetako bakoitzaren bi herenak gutxienez bertaratzea. Eta aldeek aurretik erabakita edo haietako batek eskatuta batzartuko dira, gehienez ere hamabost eguneko epean. Batzorde paritarioa ordezkaritza bakoitza osatzen duten kideen gutxienez bi herenek eskatuta bilduko da.
3. Akordio hau sinatu ondorengo era guztietako araudia aplikatzeko, haren edukiari eragiten badio, Batzorde Paritarioaren egoitzan negoziatu beharko da. Batzorde paritarioak nahitaez bildu behar du, eta hilabeteko epean, gehienez ere, gatazka konpondu behar du, Udalaren erregistro orokorrean gatazkaren sarrera idatziz jaso den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Batzordearen erabakiek balioa izateko, beti ere, bi ordezkaritzetako bakoitzaren gehiengoaren aldeko botoa beharko da.
25. artikulua. Eskubide sindikalak.
1. Ordezkari sindikalen eskubideak eta bermeak Nafarroako Gobernuak bere langileentzat ezarri gisara arautuko dira.
26. artikulua. Ekipamendua eta jantziak.
1. Udalak arropaz eta ekipamendu egokiz hornituko ditu lanpostuen eginkizunak direla-eta beharra duten lanpostu guztiak. Arropa eta ekipamendu berriak emanen dira aurrekoak hondatuta daudenean, edo langileak eskatzen duenean; betiere, dagokion arloko arduradunaren oniritziarekin. Arlo bakoitzeko arduradunak erabakiko du, langileekin adostuta, zein den lanpostu bakoitzerako ekipamendu egokia.
2. Lanerako betaurrekoak edo begietako lenteak erabiltzen dituzten udal funtzionario, langile administrazio-kontratudun eta langile lan-kontratudunentzat aurrekontu sail bat gaituko da, lau urtez behin, horiek erosi ahal izan ditzaten. Horren aplikazioa 2024ko aurrekontuan hasiko da.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Hitzarmen hau, Martzillako Udalak eta haren sindikatu ordezkariek sinatu aitzinetik, Udalaren Osoko Bilkurak onetsi beharko du, eta akordioa hitzarmen honen eranskin gisa jasoko da.
Iragarkiaren kodea: F2311279
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
