156. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Konpentsazioa osoko bilkuretara joateagatik

Tafallako Udalaren osoko bilkuraren erabakia, 2023ko uztailaren 5ekoa, diru konpentsazioa onesten duena osoko bilkuretara modu egiaztatuan eta eraginkorrean joateagatik.

2023ko maiatzaren 28an egindako hauteskundeen ondoren, 2023ko ekainaren 17an egindako osoko bilkura berezian eratu zen 2023-2027 agintaldirako udalbatza berria.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluaren arabera, dedikazio esklusiborik ez eta dedikazio partzialik ere ez duten udalbatzako kideek jasoko dituzte bilkura-sariak kide anitzeko organoen bilkuretara joateagatik, baldin eta haietako partaide badira. Osoko Bilkurak erabakiko du bilkura-sariaren zenbatekoa.

Bertaratzeagatiko ordainsaria estuki lotuta dago kide anitzeko organoen bileretara benetan joatearekin, eta, beraz, ez da hilean behin edo maiztasun jakin batean ordaintzen den zenbatekoa. Bertaratzea dokumentu bidez egiaztatu beharko da, eta zenbatekoa aldatuko da kasuan kasuko udal-organoaren arabera. Izaera konpentsatzailea duen zuzkidura ekonomikoa da, jorratutako gaiak prestatzeak eta aztertzeak ezinbestean eskatzen duen ahaleginaren, lanaren eta dedikazioaren truke ematen dena.

Horrekin guztiarekin bat, Tafallako Udalaren osoko bilkurak, alkateak hala proposatuta,

ERABAKI DU:

Lehenengoa.–Honako diru konpentsazio hau onestea osoko bilkuretara modu egiaztatuan eta eraginkorrean joateagatik:

Ohiko osoko bilkuretara joateagatik: hilean 350 euro gehienez, hileko osoko bilkura bati dagokiona.

–Hilabete berean bat baino gehiago egiten badira, ez da konpentsazio osagarririk jasoko.

–Kasu berezietan, ezinbesteko arrazoiengatik edozein hilabeteko ohiko osoko bilkura bertan behera uzten bada, eta bilkura hori hurrengo hilabetean egiten bada, baina ohiko osoko bilkura gisa, modu berean ordainduko da diru konpentsazioa.

Bigarrena.–Dedikazio esklusiboagatik edo partzialagatik zuzkidura ekonomikoa esleituta duten zinegotziek ez dituzte zenbateko horiek jasoko.

Hirugarrena.–Xedatzea kopuruok urtero eguneratu beharko direla, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak urte bakoitzean funtzionarioentzat ezartzen duenaren arabera.

Laugarrena.–Erabaki hau helaraztea Zerbitzu Ekonomikoen eta Toki Garapenaren Arloari.

Bosgarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Tafallako Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian eta ediktu-taulan ere.

Tafallan, 2023ko uztailaren 7an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

Iragarkiaren kodea: L2310475