156. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Berdintasuneko eta Dibertsitateko zinegotzi ordezkari nagusia izendatzea. 10/2023 Dekretua, ekainaren 29koa

Jarraikiz Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduari, zeina onetsi baitzen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez, Alkatetzak eskuordetzan ematen ahal dizkie eskudantzia batzuk Tokiko Gobernu Batzarreko kideei, besteak beste behar diren zerbitzuak gidatzea, zerbitzuak oro har kudeatzea eta baita hirugarrenei eragiten dieten egintza administratiboak ebazteko ahalmena ere. Eskuordetze orokorrak arlo zehatz bati edo batzuei lotuta daude.

Egin berri den lanpostuen azterketan, zeina aurreko Alkatetzak eskatu eta jaso baitzuen, deskribatzen dira Udalaren antolamenduaren egitura funtzionala, eskumen-arloetan banatua.

Zerbitzu Orokorretako Arloak oso eskumen esparru zehatza eta berezitua du, eta bertan daude, besteak beste, honako hauek: berdintasuna, dibertsitatea eta genero-indarkeriaren arloko prebentzioa eta jarduketa.

Gizarteak azken hamarkadetan izan duen eraldaketa nagusietako bat da emakumeek eta gizonek gure gizartean duten tokiari eta mailari lotuta dagoena. Eta gai honetan asko egin denez aurrera, botere publikoen ekintza areagotu egin da, emakumeek eta gizonek egunero bizi duten errealitateari eragiteko. Nolanahi ere, egindako azterketek erakusten dute oraindik ere asko falta dela emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko; horregatik, gizarte berdinagoa lortzeko neurriak indartu behar dituzte tokiko botereek.

Halaber, botere publikoei dagokie behar diren neurriak hartzea bermatu daitezen LGTBI+ pertsonen egiazko berdintasun eraginkorra eta eskubideak; horretarako, prebentzioa eginen da, zuzenketak eginen dira, eta osoki ezabatuko dira era guztietako bazterketak sexu orientazioa dela-eta, genero espresioa dela-eta eta sexu edo genero identitatea dela-eta, toki-erakundeen eskumenen barnean.

Alde horretatik, ezinbestekoa da estrategia gisa, ez bakarrik eskubideak aitortzeko, baizik baita egiazko berdintasun eraginkorra sendotzeko ere.

Horregatik jarri behar da arreta berezia eremu horietan, eta, ondorioz, zinegotzitza espezifikoa ezarri behar da.

Eskuordetzeak berekin dakar arlo horretako eskumeneko jarduerak gidatzea, antolatzea eta kudeatzea, barnean dela hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena. Halaber, eskuordetzeak berekin dakar aurrekontuak kudeatzea (gastuen baimentze- eta xedatze-faseak), barnean dela dirulaguntzak ematea. Kudeaketa horrek eragiten die aurrekontuaren honako kode funtzional hauei:

2391: Berdintasuna sustatzea.

Jasota gelditu da Goizeder Juango Lizarbek onartu egin duela eskuordetze proposamena.

Erabiliz ematen zaizkidan eskudantziak, honako hauen bidez eman ere: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 artikulua (lege horrek arautzen ditu toki araubidearen oinarriak) eta Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43.3, 44. eta 45. artikuluak (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez);

DEKRETATZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berdintasuneko eta Dibertsitateko eskuordetze orokorra egitea, Tafallako Udaleko zinegotzi den Goizeder Juango Lizarberen alde, dekretu honetan ezarritako baldintzetan.

Bigarrena.–Aditzera ematea dekretu honen bidez eginiko eskuordetzea loturik dagoela honako araubide juridiko honi:

a) Ematen diren ebazpenetan, agertu beharko da eskumen eskuordetuak erabiltzen ari direla, jarraikiz urriaren 9ko 40/2015 Legearen 9. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

b) Jarraikiz azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuari, Alkatetzak segitzen du ahalmena izaten informazio zehatza jasotzeko eskuordetzan emandako eskumenen kudeaketari buruz eta eskuordetzaren ondorioz emandako egintzei eta xedapenei buruz. Era berean, ahalmena du erabaki inportanteak hartu aitzin jakinaren gainean egoteko.

c) Zinegotzi eskuordetuak egintzak ematen dituenean eskuordetzan emandako eskudantziak erabiliz, ulertuko da organo eskuordetzaileak eman dituela (Alkatetzak), eta, horrenbestez, azken horri dagokio jartzen diren errekurtso administratiboak ebaztea.

d) Alkatetzak noiznahi berreskuratzen ahalko ditu eskuordetzan emandako eskumenak, edo eskuordetza errebokatu dezake. Azken kasu horretan, Alkatetzak berrikus ditzake eskuordetutako zinegotziak hartutako ebazpenak, egintza administratiboak ofizioz berrikusteko ezarritako kasu eta baldintza berberetan.

Hirugarrena.–Eskuordetze hau jakinaraztea eskuordetzea jaso duen zinegotziari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.–Aipatutako eskuordetzearen iragarkia igortzea Nafarroako Aldizkari Ofizialera, argitara dadin, eta, orobat, Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzea.

Bosgarrena.–Dekretu hau igortzea Tafallako Udaleko Zerbitzu Orokorretako Arlora, Udalaren Idazkaritzara eta Aholkularitza Juridikora, jakinaren gainean egon daitezen.

Seigarrena.–Udalbatzari dekretu honen berri ematea egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

Zazpigarrena.–Ezartzea eskuordetze honen eraginkortasuna sortuko dela dekretu honen datan, betiere aurretik jasotzen bada zinegotzi eskuordetuak kargua onartu duela; bestalde, eskuordetzea mugagabetzat hartu behar da, errebokatzen den arte.

Tafallan, 2023ko ekainaren 29an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

Iragarkiaren kodea: L2310335