2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkari nagusia izendatzea. 9/2023 Dekretua, ekainaren 29koa
Jarraikiz Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduari, zeina onetsi baitzen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez, Alkatetzak eskuordetzan ematen ahal dizkie eskudantzia batzuk Tokiko Gobernu Batzarreko kideei, besteak beste behar diren zerbitzuak gidatzea, zerbitzuak oro har kudeatzea eta baita hirugarrenei eragiten dieten egintza administratiboak ebazteko ahalmena ere. Eskuordetze orokorrak arlo zehatz bati edo batzuei lotuta daude.
Egin berri den lanpostuen azterketan, zeina aurreko Alkatetzak eskatu eta jaso baitzuen, deskribatzen dira Udalaren antolamenduaren egitura funtzionala, eskumen-arloetan banatua.
Batetik, Zerbitzu Ekonomikoetako eta Toki Garapeneko Arloak bere eskumenen artean ditu merkataritzako sektorea garatzea eta hura ekonomikoki sustatzea. Bestetik, Zerbitzu Soziokulturalen eta Kirol Zerbitzuen Arloak bere barnean ditu, besteak beste, turismoa eta zehazki, baina mugatu nahi izan gabe, turismo-jarduerako informazioa ematea eta sustapena egitea, eta behar diren ekimenak garatzea interes turistikoko elementuak hobetzeko, babesteko eta sustatzeko, eta, horretaz gain, tokiko turismoa sustatzeko planak eta ekimenak egitea.
Bi arloak elkarri oso loturik egoten dira maiz, eta behar dituzte bulkada eta arreta bereziak, duten dinamikarengatik eta herrian sustraiturik egoteagatik, eta horrek justifikatzen du zinegotzitza berezi bat ezartzea.
Eskuordetzeak berekin dakar arlo horien eskumeneko jarduerak gidatzea, antolatzea eta kudeatzea, barnean dela hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena. Halaber, eskuordetzeak berekin dakar aurrekontuak kudeatzea (gastuen baimentze- eta xedatze-faseak), barnean dela dirulaguntzak ematea. Kudeaketa horrek eragiten die aurrekontuaren honako kode funtzional hauei:
4300: Merkataritza eta turismoa sustatzea.
Jasota gelditu da Carlos Montoya Iñurrietak onartu egin duela eskuordetze proposamena.
Erabiliz ematen zaizkidan eskudantziak, honako hauen bidez eman ere: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 artikulua (lege horrek arautzen ditu toki araubidearen oinarriak) eta Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43.3 eta 44. artikuluak (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez);
DEKRETATZEN DUT:
Lehenbizikoa.–Merkataritza eta Turismoko Arloaren eskuordetze orokorra egitea, Tafallako Udaleko zinegotzi den Carlos Montoya Iñurrietaren alde, dekretu honetan ezarritako baldintzetan.
Bigarrena.–Aditzera ematea dekretu honen bidez eginiko eskuordetzea loturik dagoela honako araubide juridiko honi:
a) Ematen diren ebazpenetan, agertu beharko da eskumen eskuordetuak erabiltzen ari direla, jarraikiz urriaren 9ko 40/2015 Legearen 9. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
b) Jarraikiz azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuari, Alkatetzak segitzen du ahalmena izaten informazio zehatza jasotzeko eskuordetzan emandako eskumenen kudeaketari buruz eta eskuordetzaren ondorioz emandako egintzei eta xedapenei buruz. Era berean, ahalmena du erabaki inportanteak hartu aitzin jakinaren gainean egoteko.
c) Zinegotzi eskuordetuak egintzak ematen dituenean eskuordetzan emandako eskudantziak erabiliz, ulertuko da organo eskuordetzaileak eman dituela (Alkatetzak), eta, horrenbestez, azken horri dagokio jartzen diren errekurtso administratiboak ebaztea.
d) Alkatetzak noiznahi berreskuratzen ahalko ditu eskuordetzan emandako eskumenak, edo eskuordetza errebokatu dezake. Azken kasu horretan, Alkatetzak berrikus ditzake eskuordetutako zinegotziak hartutako ebazpenak, egintza administratiboak ofizioz berrikusteko ezarritako kasu eta baldintza berberetan.
Hirugarrena.–Eskuordetze hau jakinaraztea eskuordetzea jaso duen zinegotziari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Laugarrena.–Aipatu eskuordetzearen iragarkia igortzea Nafarroako Aldizkari Ofizialera, argitara dadin, eta, orobat, Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzea.
Bosgarrena.–Dekretu hau igortzea Zerbitzu Ekonomikoetako eta Tokiko Garapeneko Arlora eta Zerbitzu Soziokulturalen eta Kiroleko Zerbitzuen Arlora, Udal Idazkaritzara eta Aholkularitza Juridikora, jakinaren gainean egon daitezen.
Seigarrena.–Udalbatzari dekretu honen berri ematea egiten duen hurrengo osoko bilkuran.
Zazpigarrena.–Ezartzea eskuordetze honen eraginkortasuna sortuko dela dekretu honen datan, betiere aurretik jasotzen bada zinegotzi eskuordetuak kargua onartu duela; bestalde, eskuordetzea mugagabetzat hartu behar da, errebokatzen den arte.
Tafallan, 2023ko ekainaren 29an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.
Iragarkiaren kodea: L2310334