156. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGANTZI

Lorategi moduko teilatuen eraikuntza arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena.

Igantziko Udalak, 2023ko maiatzaren 19an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen lorategi moduko teilatuen eraikuntza arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunez, 2023ko ekainaren 6an 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, bai eta Igantziko Udalaren iragarki-taulan ere. Jendaurreko epean ez dira erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Horrela bada, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluarekin bat etorriz, behin betiko onetsi da lorategi moduko teilatuen eraikuntza arautzen duen ordenantza.

Eta argitaratu egin da.

Igantzin, 2023ko uztailaren 20an.–Alkatea, Juankar Unanua Navarro.

LORATEGI MODUKO TEILATUEN ERAIKUNTZA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen helburua da lorategi moduko teilatuak jarri eta eraikitzeko baldintzak arautzea.

Arautegia gune natural hauek ingurumenean sortzen dituzten onuretan oinarritzen da, airearen kalitatean, euritako uraren irristatzean, tenperaturaren leunketan eta energiaren eraginkortasunean.

Ordenantza honek indarrean dauden ordenantza eta arautegia osatzen ditu.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Lorategi moduko teilatuak ondorengo kasuetan erabiliko dira:

–Lur ez urbanizagarriko oin bakarreko eraikuntza osagarrietan: eraikin nagusiko erabilerari loturiko eranskinak, hau da, 38. artikuluan xedaturiko 1. eta 2. puntuetakoak.

–Hiri lurzoruko oin bakarreko eraikuntza osagarrietan: katalogatu gabekoak, garaje gisa erabiliak, etxeko biltegiak, oro har, eraikuntzari buruzko ordenantzaren 95. artikuluan xedaturikoak.

3. artikulua. Terminologia.

a) Lorategi moduko teilatua.

Lorategi moduko teilatua edo sabai edo kasko berdea da eraikin baten estalkia, erabat edo zati batean landarediaz estalita dagoena, laborantzako ingurune egoki batean, ondoko lurraren jarraian (eraikina lurperatua badago edo erdi lurperatua) edo lurra baino gorago. Ez dagokio teilatu lauak estaltzeko koloreari, ezta loreontziak edo jardinerak jartzeari ere. Funtzio ekologikoa daukaten teknologia eta/edo eraikuntza sisteman integratutako eraikuntzak dira.

b) Lorategi moduko teilatuen elementuak.

Landare teilatu bat ondorengo geruzek osa dezakete (baina ez dira denak derrigorrezkoak).

1. Landare maila: azaleran landatuko diren landare, belar eta loreez osatua.

2. Substratua: landareak handitzeko materiala, hau da, mintegiko lurraz edo beste konposatu organiko batzuez osatutako nahaste nutritiboa.

3. Filtrazioko geruza edo oihala, lurrari eta sustraiei eusten diena, baina ura pasatzen uzten duena, horrela drainatzeko.

4. Drainatzeko eta euri ura biltzeko geruza, hondarrez edo ura pasatzen uzten duten ale handiko bertzelako material batzuez osatua, baina ez bertzelako konposatu solido batzuez, ura biltegiratzen edo kanalizatzen delarik gero erabiltzeko.

5. Sustraietatik babesteko geruza edo hesia.

6. Teilatuko egiturako zatira ura eta hezetasuna pasatzen uzten ez duen mintz iragazgaitza.

7. Teilatuaren euskarria edo egitura, honako hauek eratua: habexkez osatu forjatua, hormigoizko lauzak, egurra etab.

4. artikulua. Euskarria.

Egiturak edo euskarriak behar bezalako neurriak izan beharko ditu, teknikari eskudunaren aginduari jarraikiz, geruzen, oinarriaren eta landareen pisuari eusteko.

Laua edo maldaduna izan daiteke; hori bai, gehienez ere %40ko malda izanen du.

5. artikulua. Landare maila.

Landareak bertako espezie estaltzaileak izanen dira, zola desberdinekin eta landare apaingarriekin edo baratze moduan, jatekoekin nahasirik.

Zolak zonaldeko harrizkoak, egurrezkoak edo teilazkoak izanen dira (inoiz ez plastikozkoak) eta ez dute lorategi moduko teilatuaren azaleraren %10 baino gehiago hartuko.

Teilatuak lurrarekin jarraipenik ez duen guneetan eta 55 cm baino gehiagoko desnibela dagoenean, eusteko elementua jarriko da, landareekin eta/edo CTE-DB-SUA-1.3.ko zehaztapenak betetzen dituzten baimendutako materialekin (metala, egurra etab.) egindako baranda bat.

6. artikulua. Uraren ebakuazioa.

Teilatuko euri ura eta ureztatzekoa behar bezala ebakuatuko dira, lurzati barrura botaz edo kanpoko aldera, hau da, euritakoen sarera.

7. artikulua. Ingurumeneko egokitzapena.

Jabeak arduratuko dira lorategi moduko teilatuak mantentzeaz, inguruan edo mugako eraikinetan kalterik sortu gabe, ingurumenaren alorrean, estetikan edo bertzelako alderdi batean.

Begi-inpaktu negatibo bat atzemanez gero, Udalak hori zuzentzeko neurriak ezarraraz ditzake.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira ordenantza honen aurka dauden maila bereko edo beheragoko udal-arau guztiak edo ordenantza honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2310937