156. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko uztailaren 5ean hartua, "Ormiñengo La Dehesa industrialdeko hondakin urak Fiteroko (Nafarroa) hondakin uren araztegira konektatzeko obren proiektua" gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Navarra de Infraestructuras Locales SA (NILSA) enpresak Fiteroko Udalarekin lankidetza erregimena du, eta hori baliatuz, 2023ko martxoaren 9an, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari eskatu zion jendaurrean jartzea "Ormiñengo La Dehesa industrialdeko hondakin urak Fiteroko (Nafarroa) hondakin uren araztegira konektatzeko obren proiektua", Fiteroko Udalak 2023ko otsailaren 28an egindako bilkuran onetsia, bai eta proiektuak ukitzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Izan ere, tramite hori beharrezkoa da Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak ezarritako desjabetze prozedurari ekiteko. Hori guztia Fiteroko Udalaren mesedetan.

Udal zerbitzu publiko bat denez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, tokiko obra eta zerbitzuen proiektuak onesteak berekin dakar eraginpean gelditzen diren ondasunen onura publikoa eta haiek okupatu beharra deklaratzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Hala, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak martxoaren 20an emandako 59/2023 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Fiteroko Udala deklaratu zen desjabetze espedientearen onuradun.

Jendaurreko aldia bukatuta, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak maiatzaren 19an emandako 166/2023 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespenak berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra.

Ormiñengo La Dehesa industrialdeko hondakin urak Fiteroko (Nafarroa) hondakin uren araztegira konektatzeko obren proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa da, Fiteroko Ormiñén industrialdeko uren arazketa behar bezala egin beharra dagoelako. Izan ere, gaur egun, ur horien isurketak Alhama ibaitik hurbil dagoen hobi batean biltzen dira, eta arro hori oso sentikorra da ingurumenaren ikuspuntutik. Nafarroako geografian, Alhama ibaiaren arroa da sentikorrenetako bat, eta, beraz, jarduketa honen helburua da arroaren arazketa hobetzea, egungo hobia baliogabetuko baita, eta industrialdeko isurketak Fiteroko egungo Hondakin Uren Araztegira (HUA) eramanen baitira, zeinak ahalmen nahikoa baitu haiek arazteko. Proiektuak aurreikusten du sifoi bat izanen duen hustubide bat eraikitzea Alhama ibaia gurutzatzeko, eta HUAra iristen den hustubide orokorrarekin lotzea. Horrela, dagoen hobia kenduko da eta, beraz, arro hartzailean arazketa hobetuko da. Horrez gain, NILSAk presako izaeraren justifikazioan adierazten duenez, "proiektua NILSAren 2022ko Jarduketa Planaren barruan programatu eta onetsi zen. Plan hori oinarrituta dago 2019ko maiatzaren 8an Nafarroako Gobernuak onetsitako "Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo osoaren Plan Zuzentzailea-Goi Saneamendua" izenekoan.

Nafarroako Gobernuak, NILSAk alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. "Ormiñengo La Dehesa industrialdeko hondakin urak Fiteroko (Nafarroa) hondakin uren araztegira konektatzeko obren proiektua" gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau jakinaraztea Navarra de Infraestructuras Locales SAri (NILSA) eta Fiteroko Udalari.

Iruñean, 2023ko uztailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2310383